domingo, 1 de noviembre de 2020

  

Antzerkia: FOKUEK ITSUTUTA

 



PERTSONAIAK

YOLANDA: Gimnasioko ugazaba, 41 urte.

ENEKO: Yolandaren bikotea, 44 urte.

IRATI: Modeloa, 32 urte.

JUAN MANUEL: Enpresa bateko saltzailea, 54 urte.       

 

Yolanda urduri dabil batetik bestera gimnasioko bulegoan. Pareko horman sukalondora ematen duen atea dago, eta eskuinean gimnasioren sarrerakoa. Bertatik sartzen da urduri Juan Manuel. Astelehen goiza da.

 

JUAN MANUEL: Kaixo, Yolanda. Poliziak etorri dira kale-jantzian enpresara, eta kamuflatutako autoan ekarri naute atxilotuta, arrazoirik eman gabe. Badakizu zerbait gertatu den?

 

YOLANDA: (Musu bat emanaz) Egun on Juan Manuel. Bart gauean zure gimnasioko monitorea zen Garikoitzen gorpua aurkitu zuten ibaian.

 

JUAN MANUEL: (Harrituta) Hara hauek! Eta hemen giltzaperatzen gaituzte, polizia-etxera eraman ordez?

 

YOLANDA: Paraleloan hiru ikerketa desberdinetan ari dira.

 

JUAN MANUEL: Gimnasio bat ez zait iruditzen lekurik aproposena jendea atxilotzeko. 

 

YOLANDA: Horixe bera esan diet. Polizia-etxean ez dagoela lekurik erantzun didate.

 

JUAN MANUEL: Metodo berriak, dirudienez.

 

YOLANDA: “B” mailako susmagarriak gara.

 

JUAN MANUEL: Ostia! Ez nekien susmagarri mailarik zegoenik.

 

YOLANDA: “A” susmagarriak furgoietan eraman omen dituzte, ezuburdinak gogor jarrita. Baina dezente izan behar omen gara, eta badirudi leku desberdinetan atxilotuko gaituztela. 

 

JUAN MANUEL: Jadanik atxilotuak baldin badaude, zer arraio nahi dute gugandik.

 

YOLANDA: Komisarioak esan didanez, protokolo zorrotza jarraitu behar dute hilketa jarraiak daudenean, horrela arrasto desberdin batzuk baztertzen joateko.

 

JUAN MANUEL: (Jesarriz) Harreman ona nuen Garikoitzekin, baina gimnasiokoa bereziki.

 

YOLANDA: Zure monitorea zenez, bere izen-agendan zeunden, gimnasioko beste bezeroak bezalaxe. Baina ez dakit zergatik deitu zaituzten zu, eta ez besteok. Agian susmagarri profil jasoagoa izango duzu.

 

JUAN MANUEL: Bere aita ere apur bat ezagutzen dut, negozioetatik. 

 

YOLANDA: Asko estimatzen genuen.

 

JUAN MANUEL: Aita probintzietako gure bezero zaharrenetakoa da. Zailtasun ekonomiko batzuk pasatzen egon arren, fidatzeko pertsona da.

 

YOLANDA: Garikoitzek bigarren ogibide bat zuen, pintura-akademia bateko modeloa ere bazelako. Esana zidan posatzeari utzi egingo ziola, monitore buru izendatuz gero.

 

JUAN MANUEL: Aditua zen benetan, izendatzeko modukoa. Egia esan lanagatik bidaiatzea egokitzen zait, eta nahi baino gutxiago entrenatzen naiz, baina oso ona zen.

 

YOLANDA: Hemen lau susmagarri elkartuko gaituzte, bakartuta mantenduz.

 

JUAN MANUEL: Ez dakit zer arraiogatik nagoen zerrenda horretan.

 

YOLANDA: Eta ni?

 

JUAN MANUEL: Hara bestea, zure enplegatua zen.

 

YOLANDA: Gimnasioan egiten zuen lan, baina autonomoa zen.

Irati sartzen da, gimnasioko atetik.

 

IRATI: Garikoitzen gorpua aurkitu dutelako bi poliziak atxilotu naute, eta zure gimnasiora ekarri. Sartzerakoan mugikorra kendu didate.

YOLANDA: Guztioi. Hilketa susmagarriekin erabiltzen duten protokoloa da.

IRATI: Ez daukat zerikusirik hilketa horrekin.

YOLANDA: Gauza bera dio Juan Manuelek. (Biak aurkeztuz) Hemengo bezeroa da... Irati ere pintura-akademiako modeloa da.

JUAN MANUEL: (Jaikiz) Urte askotarako.Sekula ez naiz halako egoera baten egon.

 

YOLANDA: Esan poliziari. Garikoitzen gorpua ibaian agertu da, eta ziurrenik hilketa bat izan da.

 

IRATI: Horregatik sartuko ninduten susmagarrien artean? Garikoitz ezagutzen nuen, baina ez larregi, ordutegi desberdinak izaten genituelako. Zenbat atxilotu gara?

 

YOLANDA: (Gimnasioko atea seinalatuz) Pisuen gelan sei polizia daude Eneko galdekatzen. Ez dakit beste norbait ekarriko duten.

 

JUAN MANUEL: Aste honetako enpresako bilera denak, eta bezeroei egiteko aurreikusitako bisita guztiak bertan behera uzteko eskatu didate. Luze joan daitekeen itxura du egoerak.

 

IRATI: Ni biltegira joan behar naiz. Arratsaldeko txandan egiten dut lan, eta bihar hasten dira beherapenak.

 

YOLANDA: Gorpua bart gauean aurkitu zuten, eta uste dut autopsia egiten hasita egongo direla.

 

JUAN MANUEL: Garikoitzen aita gure bezeroa denez, ugazabak neronek abisatzeko eskatu dit. Ahotsik gabe geratu da. Arratsaldean etorriko da, eta herrira hainbat eta agudoen eramatea nahi duela esan dit.

 

YOLANDA: Lehen esan didazunez, ia ez zenuen ezagutzen.

 

JUAN MANUEL: Poliziaren isil-mandataria zara?

 

IRATI: Norbaitek hil zuen. Eta nahi ala ez, susmagarrien artean gaude.

 

JUAN MANUEL: Agian polizia-etxetik deituko dute, hiltzailea aurkitu dutela esanaz.

 

YOLANDA: (Erlojuari begira) Badirudi astiro doala. Enekok ordu erditik gora darama galdeketan. Poliziak esan dit banan-banan galdetuko digutela, eta kafea eta freskagarriak prestatzen joateko. Bestalde, gimnasioko telefonoa eta interneteko konexioa moztu dituzte. Inkomunikatuta gaude.

 

IRATI: Utziko nauzue mesedez hurrengoa sartzen neu izaten? Presa dut, eta biltegian orduka ordaintzen didate. Ez banoa, baliteke ordezko bati deitzea, eta lana galduko dut.

 

JUAN MANUEL: Joder, nik ere presa dut! Ea enpresako ugazaba naizela uste duzun.

 

IRATI: (Txanpon bat aterata) Zozketa egingo dugu.

 

YOLANDA: Hobe duzue alferrik ez eztabaidatzea. Komisario nagusiak nolako aginduak eman didan ikusi ondoren, eta bere ahotsaren tonua…

 

Eneko dator gimnasioko atetik.

 

ENEKO: (Haserre) Kabroi hauek, gaizkile bat bezala hartu naute! Politiko ospetsua eta akats gabea naizela esan diet, eta jaramonik ere ez.

 

YOLANDA: (Irati eta Juan Manuel aurkezten ditu) Eneko nire senarra da, eta ikusi duzuen legez, ez dago esan beharrik zertara dedikatzen den. (Enekori) Irati modeloa da, eta Garikoitzekin egiten zuen lan akademian. Juan Manuel gure bezeroa da gimnasioan, eta bere monitorea zuen. Laurok gara “B” mailako susmagarriak bere hilketan.

 

ENEKO: Susmagarria eta gaizkilea bi gauza desberdinak dira! Gaizkile arrunt bat bezala hartu naute, une oro mespretxatuz.

 

JUAN MANUEL: Abokatuari deitzea lortu behar dut.

 

YOLANDA: Eman dizute egurrik?

 

ENEKO: Horixe bakarrik falta genuen! Tratu txarrak izatea. Hurrengoa zara.

 

IRATI: Presa handia dut, benetan. Lanera ez banaiz joaten, aitzakia bat dela pentsatuko dute (Yolandari)  Utziko didazu zure ordez sartzen? (Yolandak baietz dio buruarekin)

 

ENEKO: Komisarioa ez dago txantxetarako, baina saia zaitez. Sukalondora zerbait hartzera noa.

 

Eneko sukalondora ateratzen da, Irati gimnasiora doan bitartean.

 

JUAN MANUEL: Inoiz ez naiz egon pintura-akademia baten Garikoitzek ez zidan esan han lan egiten zuenik.

 

YOLANDA: Izatez arte galeria da, akademia bat duena bezeroak erakartzeko. Dirudienez galerietara jende gutxi sartzen da, eta jabeak pintatzen ere irakasten du. Ni bere ikasleetako bat naiz, Garikoitzen gomendatua.

 

JUAN MANUEL: Eta gimnasioko negozio hau, dena zurea da?

 

YOLANDA: Aitarengandik jaso nuen. Izatez, lehen gimnasio zaharkitu bat zen, eta erabat berriztu nuen, jende gehiagoren gustukoa izateko. Leporaino zorpetu nintzen, eta apurka ateratzen ari naiz, baina harrokeriarik gabe.

 

JUAN MANUEL: Lokala oso ondo dago. Eta ez da aurrean zaudelako, baina monitoreak oso onak dira.

 

YOLANDA: Hemen ikusten duzunaz gain, zerbitzua etxeetan ere eskaintzen dugu, bereziki jende aberats edo ospetsuari. Batzuk ez dute nahi izaten saioak beste jende batekin partekatzea, edo ordutegi mugak dituzte. Orduan, gure monitoreak beraien etxeetara joaten dira. Baina beste tarifa mota batzuk dira.

 

JUAN MANUEL: (Margolan bat ikustera gerturatzen da) Garikoitz akademian posatzen ari zenean, emakumeak,berotu egiten ziren?

 

YOLANDA: Jakina. Izugarri ondo moldatutako gorputza zuen.

 

JUAN MANUEL: Eta bere zakila maila berean egongo zen.

 

YOLANDA: Ikaragarria zen.

 

JUAN MANUEL: Ziurrenik senar jeloskorren baten erailko zuen.  

 

YOLANDA: Ez zegoen harekin lehiatzeko moduko senarrik.

 

JUAN MANUEL:Badakizu produktu industrialen saltzailea naizela. Ze marjina geratzen zaizu monitore baten ordu baoitzeko?

 

YOLANDA: Erdia.

 

JUAN MANUEL: Arraioa, sekula ez dut lan egin marjina horiekin.

 

YOLANDA: Baina gero gastu asko daude, eta aparatuak ordezkatu egin behar dira, ekipamendu berria erosi...

 

JUAN MANUEL: Marketinarekin lagundu dezaket.

 

YOLANDA: Bezeroak asko gehituko balira, denbora gehiago eskatuko luke, eta pinturako klaseetara joatea utzi beharko nuke.

 

JUAN MANUEL: Orduan, benetan atsegin duzuna pintura da.

 

YOLANDA: Hori ere ez da. Baina giro ona dago geure artean, eta gimnasioarekin osatzea gustatzen zait

 

JUAN MANUEL: Hemen zenbakiak eramaten baino gusturago zaude han.

 

YOLANDA: Bietan nago pozik.

 

JUAN MANUEL: (Kulturista baten plantak eginaz) Eta akademiako ugazabari Garikoitz bezalako gorputz liraindunak eskaini modelo izateko.              

 

YOLANDA: Edertasuna atsegin dut. Gimnasioaren ardura hartu aurretik, hona etortzen zirenak beraien gorputzaz soilik kezkatzen ziren hedonistak zirela uste nuen. Eta baita entrenatzaile pertsonala duten aberatsak ere. Baina gero eta gehiago ulertzen ditut. 

 

JUAN MANUEL: Modeloen edertasuna gustatzen zaizu, jakina… Baina marketinean laguntzeko eskaintza mantentzen dut.

 

YOLANDA: Pentsatuko dut. Hipoteka ordaintzen amaitzeko oraindik sei urte geratzen zaizkit, eta larregi dira eskuak lotuta edukitzeko.

 

JUAN MANUEL: Jende ospetsuarengana zabaldu beharko zinateke.

 

YOLANDA: (Aldizkari bat erakusten dio) Horretarako gimnasioak sona gehiago izan beharko luke. 

 

JUAN MANUEL: Saiatu zara?

 

YOLANDA: (Aspertuta gaiarekin) ... Kafe bat hartzera noa sukalondora...

 

Yolanda badoa, eta berehala Eneko dator.

 

JUAN MANUEL: Ez nekien Yolandaren senarra politikoa zenik.

 

ENEKO: Izatez, Fabry institutuko zientzia irakaslea naiz. Lau urte daramazkit soilik politikagintzan, beti izan dudalako komunitateari laguntzeko joera soziala. Lehen ezezaguna nintzen, baina aspaldian ikus-entzunezkoetan sarri agertzen naiz.

 

JUAN MANUEL:  Barkatu, ez dut giro hori larregi jarraitzen.

 

ENEKO: Une honetan Autonomia-erkidegoko parlamentaria naiz.

 

JUAN MANUEL: Eskuinekoa.

 

ENEKO: Independentea. Eskuineko alderdi bateko zerrendetan aurkeztu nintzen, baina pertsonalki erdikoa sentitzen naiz.

 

JUAN MANUEL: Eta hortik bizi zara, jakina.

 

ENEKO: Parlamentaria izateaz gain, zientzia eta teknologiako komisioko presidentea naiz. Horrek bete-beteko arduraldia eskatzen du, eta konpromiso handia.

 

JUAN MANUEL: Ba dena pikutara joango zaizu Garikoitzen erailketa leporatzen badizute.

 

ENEKO: Errugabea naiz, ez izan zalantzarik.

 

JUAN MANUEL: Azken urteetan ez naiz bozkatzera joan.

 

ENEKO: Zergatik atxilotu zaitu poliziak?

 

JUAN MANUEL: Badakizu? Gehiengoa abstenitu egiten gara.

 

ENEKO: Inhibitzeak ez darama inora. Parlamentuan zuk ez baduzu aulki bat betetzen, beste norbait jesarriko da. Baina beti egongo da beteta, zalantza barik. Ez didazu erantzun.

 

JUAN MANUEL: Garikoitz nire monitorea zen zure emaztearen gimnasioan. Eta bere aita gure enpresako bezeroa da. Urrezko bisa, automobil ofiziala eta hori dena duzu?

 

ENEKO: Agerikoa da ez duzula aintzat hatzen gizarteari ematen diogun zerbitzua.

 

JUAN MANUEL: Nagusiegia naiz gauza horiek baloratzeko. 

 

ENEKO: Orduan, Garikoitzen aita zuen bezeroa da. Ondo ordaintzen du?

 

JUAN MANUEL: (Harrituta). Erdipurdi.

 

ENEKO: Beraz, dirua zor dizuten bezeroaren semea erail du norbaitek.

 

JUAN MANUEL: Aski da! Ez egidazu adarrik jo galdeketarekin. Poliziarekin nahikoa dut.

Yolanda sukalondotik dator, kikara kafe batekin eta platerkada pastekin.

 

YOLANDA: Kafe apur bat prestatu dut. Badirudi eguna luze joango zaigula, eta hobe izango da antolatzen bagara.  Komisarioari janaria ere ekartzeko eskatuko diogu.

 

JUAN MANUEL: Ez nekien zure senarra politikoa zenik.

 

ENEKO: Irakaslea naiz izatez, zientzietakoa.

 

YOLANDA: Institutuan gora ez zuela egingo ohartu zenean, beste aukera batzuk bilatzen saiatu zen. Eta gauzak nola diren, lehen gutxi eta bere gaiei buruz soilik hitz egiten zuen. Orain berriz, mundua konpontzen ari da denbora guztian.

 

ENEKO: Bost urtez oposizioak prestatu nituen katedra baterako. Oso, baina oso gogorra izan zen, eta gauza askori uko egin nien sasoi hartan.

 

YOLANDA: Baina beste hautagai bati eman zioten.

 

ENEKO: Bi deialditan saiatu nintzen jarraian. Interes finkatuak egon ohi dira, eta dirudienez ez nuen aski indar.

 

YOLANDA: Onartu egizu behingoz. Politikan ordainez sartu zinen.

 

JUAN MANUEL: Egia esateko, adeitasunagatik galdetu dut. 

 

ENEKO: Parlamentuan giza-baldintzen hobekuntzan sartuta gaude...

 

YOLANDA: Barkatu, baina “gu” erabiltzen duzu zeu bakarrik zabiltzan proiektu batengatik. Ez nazazu nahastu, behingoz. Eta ez zaitez izan gogaikarria zure diskurtsoekin.

 

ENEKO: Hori ez da egia. Izugarri gustatzen zaizu harrera ofizialetara etortzea, bertan nabarmentzeko.

 

YOLANDA: Gezurra. Zure gerizpea baino ez naiz izaten. Bikotearekin joatea politikoki zuzenagoa denean soilik gonbidatzen nauzu, argazkiak erakargarriagoak izateko boto emaileentzat. Mintzen zaituen gauza bakarra seme-alabarik ez izatea da, beraiek ere eramateko, amandreen eta erretiratuen bihotzetaraino ailegatzeko.

 

JUAN MANUEL: Lehen esan diot desengainatuta nagoela politikaz.

 

ENEKO: Agian iritziz aldatuko duzu, pertsonalki inplikatzen bazaitut.

 

YOLANDA: (Juan Manueli) Zureak egin du! Berari botoa agindu arte ez zaizu isilduko.

 

ENEKO: Datorren astean hasten da hauteskunde kanpaina.

 

YOLANDA: Komisario buruak soilik galdetzen du, ala beste poliziek ere bai? Iratiren galdeketa luze doala iruditzen zait.

 

ENEKO: Hiruzpalauk galdetzen dute.

 

JUAN MANUEL: Agian erruduna dela esan die.

 

YOLANDA: Ez dut uste. “B” susmagarriak gara, esan dizut. Gainera, hasi eta berehala inork ez du aitortuko erailketa bat egin duela, hala izan arren.

 

JUAN MANUEL: Baina norbait salatuko dute, zaude ziur. Polizia oso berekoia da, eta bere profesionaltasuna babesteko, euren trebetasunagatik hiltzailea aurkitu dutela esango dute.

 

YOLANDA: Egia ez bada ere.

 

ENEKO: (Pasta bat hartzen duela) Bost ostia axola zaie. Ezin zara egun osoa ibili porrot egin duzula esaten. Jendea babesgabe sentituko litzateke.

 

YOLANDA: Ezertarako ere ez. Horixe da bertatik bizi zaretenok pentsatzen duzuena. Hor goian jartzea gustatzen zaizue, azkarragoak izango bazinete bezala, eta besteok zer pentsatzen dugun dakizuen moduan. Inozook. 

 

JUAN MANUEL: Komisarian dauden “A” susmagarrien artean norbaitek kantatuko duelakoan nago.

 

ENEKO: Positiboak izan gaitezen. (Juan Manueli) Ni baino hautagai hoberik aurkitzen baduzu, eman botoa berari. Baina aukeratu eta parte hartu. Zu zeu izan behar zara protagonista.

 

YOLANDA: Nahi duzu azken hauteskundeetako zure promesak errepikatzea? Zin egin zenidan etxean eta gimnasioan sekula santan ez genuela politikaz hitz egingo. Beraz, nire aurrealdean ez zaitez politiko pose horrekin jarri berriro. 

 

Eneko haserre doa sukalondora.

 

JUAN MANUEL: Garikoitz monitore ederra zen... Gimnasioko ugazabaren parekoa.

 

YOLANDA: (Pozik lausenguagatik). Garbi dago asko entrenatzen zarela.

 

JUAN MANUEL: Sasoi betean egotea gustatzen zait.

 

YOLANDA: Nahasita nago gertatzen ari zaigunarekin. Inoiz ez nuen sinetsiko erailketa bateko susmagarria izango nintzenik. Garikoitzen lagun ona zinen?

 

JUAN MANUEL: Nahiko ona. Bere aita ezagutzen nuenez, gure harremana bereziagoa zen. Batzuetan konfidentziak egiten zizkidan.

 

YOLANDA: Niri ere egiten zizkidan, baina profesionalak ziren, instalazioak hobetzeko, makina berriak erosteko, eta hori guztia. Kontatu diozu poliziari?  

 

JUAN MANUEL: Oraindik ez naute itaundu. Badirudi garrantzi gutxieneko susmagarria naizela. Baina lasai, ohituta nago garrantzi gutxienekoa izaten noan lekura noala ere.

 

YOLANDA: Ez nizun horregatik esaten. Niretzat gimnasioko bezero guztiok zarete garrantzitsuak. Poliziak bere aita ezagutzen zenuela dakien esan nahi nizun.

 

JUAN MANUEL: Ez dakit...  Zure gimnasioko gela baten, ispiluak gardenak dira eta beste aldekoa ikusten da. Nik baino hobeto dakizu hori, jakina. Inoiz Garikoitzek bertara gonbidatu ninduen.

 

YOLANDA: Joan izan naiz bertara, pintura akademiarako modeloak aukeratzera. Sei hilabetetik behin edo modeloak aldatzen dituzte, eta hautagai berrien bila aritzen dira beti.   

 

JUAN MANUEL: Ispiluen gelan gozatu egiten zuen...

 

YOLANDA: (Harrituta) Ikus dezagun. Gela horretara gonbidatzen zintuenean, berak lanean jarraitzen zuen edo biok egoten zineten?

 

JUAN MANUEL: Beti kulturistekin jarraitzen zuen, eta ni bakarrik egoten nintzen ispilu ostean. Zer ba?

 

YOLANDA: Jakin nahi nuen, besterik gabe.

 

JUAN MANUEL: Gela hori ezagutzen bakarra zinela uste zenuen.

 

YOLANDA: Sekula ez zidan esan bertara gizonak gonbidatzen zituenik. Garikoitzen alderdi berriak ezagutzen ari naiz.

 

JUAN MANUEL: (Apur bat urrunduz) Entzunda daukat bezero gehien zituen monitorea zela.

 

YOLANDA: Une honetan bai, gizonezkoetan eta emakumezkoetan bietan. Eta itxaron zerrenda zuen. Poliziak egin duen lehenengo gauza gimnasioko bezeroen zerrenda guztiak eskatzea izan da, zegozkien monitoreekin.

 

JUAN MANUEL: Ez egidazu adarrik jo. Gure izenak eman dizkiezula?

 

YOLANDA: Epailaren aginduarekin etorri dira. Ba al duzu harremanik beste monitoreren batekin?

 

JUAN MANUEL: (Suminduta) Badirudi poliziarekin elkar hartuta zabiltzala informazioa ateratzeko.

 

YOLANDA: Ez da egia. Soilik bere portaerari buruz gehiago jakiteko galdetzen dizut. Niri sekula ez zidan bezeroen xehetasunik kontatzen. Zuekin oso adeitsua zen.

 

JUAN MANUEL: Larrua jotzen zenutelako diozu.

 

YOLANDA: Nork esan dizu hori? Berak agian?

 

JUAN MANUEL: Nire susmoa zen, besterik gabe.

 

YOLANDA: Izan daiteke susmoa, baita, ispiluen gelan gauza gehiago gertatzen zirela ere. (Sukalondora doala). Kulturistak entrenatzen ikusteaz gain…

 

Yolanda sukalondoan sartzen da. Laster Irati dator gimnasiotik.

 

JUAN MANUEL: Zer moduz poliziarekin?

 

IRATI: Ez da izan hain galdeketa gogorra. Esan diet errugabea naizela. Eta dena filmatu dute. Bost minutu barru zu sartzeko eskatu didate. (Aulkian jesarri ondoren, ura edaten du). Zure enpresan, badago lanik ni bezalako pertsona batentzat? Zerbait soldata arrunt batekin? Egonkortzea behar dut.

 

JUAN MANUEL: Zenbat da soldata arrunta zuretzat?

 

IRATI: Momentu honetan bi lan ditut orduka, pintura-akademiakoa eta biltegikoa. Baina aldi baterako lanak dira biak, bereziki modeloarena... Mileurista izatea kontratu egonkor batekin ondo legoke.

 

JUAN MANUEL: Galdetuko dut. Badakit injineru baten premia dagoela.

 

IRATI: Tituludun lanpostuetarako ez dut gaitasunik. Baina gauza errazagoetan, ekarpen ona egin dezaket. Erreferentziak baditut, eta zuen ordutegietara moldatuko nintzateke.

 

JUAN MANUEL: Nire esku dagoen guztia egingo dut. Hain gorputz liraina izanda, modelo bezala probatu duzu?

 

IRATI: Pintura-akademian modelo lanetan nabil.

 

JUAN MANUEL: Arropena esan nahi nuen, pasarelatako desfileetan eta hori guztia.

 

IRATI: Casting batzuetara aurkeztu nintzen, eta ezer ez. Dirudienez nire aurpegia oso arrunta iruditu zitzaien.

 

JUAN MANUEL: Aita pontekoak izan beharko dira.

 

IRATI: Ziurrenik. Gertuen iaz egon nintzen, Erkidegoko miss lehiaketa baten finalera ailegatu nintzenean.

 

JUAN MANUEL: Arraioa!

 

IRATI: Finalista izatera iritsi nintzen. Baina irabazlea ere ez zuten desfileetako castingetan hartu.

 

JUAN MANUEL: Agian atzerriko aurpegiak nahiago dituzte.

 

IRATI: Ez dakit.

 

JUAN MANUEL: Behintzat akademia duzu.

 

IRATI: Horrekin ez da ailegatzen- Soilik lau ordu dira astean, bi taldetan. Garikoitzek ordu gehiago eta talde gehiago zituen.

 

 JUAN MANUEL: (Dabilela) Nire garaian, sei hilabetera kontratu finkoa zenuen. Aldaketa hau potroetakoa da.

 

IRATI: Ez dit lehengoak balio.

 

JUAN MANUEL: Sasoi hartan, nire baliabideen gainetik bizi nintzen. Oso gainetik.

 

IRATI: Inoiz ez dut aukera hori izan.

 

JUAN MANUEL: Zertaz galdetu dizu poliziak?

 

IRATI: Berarekin nuen harreman pertsonala interesatzen zitzaien bereziki. Bikotea ginen ala ez. Juergak, eta hori guztia.

 

JUAN MANUEL: Eta bart gauean egin zenuenaz.

 

IRATI: Jakina.

 

JUAN MANUEL: Koartada ona izango duzu, ziur.

 

IRATI: Ez dakit nigandik zer espero zuten entzutea. Baina atzo ez nintzen atera. Apartamentuan geratu nintzen neu bakarrik, atsedena hartzen. Lan askoko astea izan nuen, eta bestalde, hilaren amaieran gaude eta ez da denerako ailegatzen.

 

JUAN MANUEL: Sinetsi egingo dizute, noski.

 

IRATI: Ez dut uste. Bart zenbat argindar kontsumitu nuen aztertzera joango dira. Nire aurrean deitu diote argindar konpainiaren tekniko bati. Urduri jarriko nintzela uste zutela suposatzen dut, eta arreta ipini dute ea deiaren denboran ze aurpegi jartzen nuen.

 

JUAN MANUEL: Oso interesgarria. Badira multinazionalak on-line salmentetarako langileak hartzen dabiltzanak. Besterik gabe esaten dizut, komentatzearren.

 

IRATI: Horietako baten lan egin nuen.

 

JUAN MANUEL: Eta ez zen zure gustukoa izan.

 

IRATI: Ehunetik ehuneko hogei eman nuen. Finkoa egingo nindutela agindu zidaten, baina lana apur bat jaitsi zenean, kalera berehala. Eta badakizu zerk egin zidan min gehien? Arratsalde baten arduradunak whatsapp bat bidali zidan, hurrengo egunean ez joateko esanaz.

 

JUAN MANUEL: Eta ez duzu berriz hasteko asmorik.

 

IRATI: Ezta erotuta ere. Gogorarazten dizut poliziak hurrengoa zarela esan didala.

 

Juan Manuel atera egiten da. Irati sukalondora doa, eta datozen Yolanda eta Enekorekin gurutzatzen da.

 

ENEKO: Lehen poliziak zuek hirurongandik galdetu dit, ustezko hiltzailetzat hartuta.

 

YOLANDA: Niri berriz, Garikoitzen lagunengandik galdetu dit, eta berarekin nuen harremanaz. Atzo zer egin nuen interesatzen zitzaien gehien. 

 

ENEKO: Uste dut Juan Manuelekin ez direla batere fidatzen. Diruz nola dabilen jakin nahi dute.

 

YOLANDA: Bere enpresak arazoak ditu krisiarengatik, baina inoiz ez dio gimnasioko hileroko kuota ordaintzeari utzi.

 

ENEKO: Langileak kaleratzen dabiltzala esan dit poliziak.

 

YOLANDA: Ez dut larregi sinesten poliziak galdeketan emango digun informazioan. Kontraesanetan harrapatzeko egiten dute, eta zenbat eta berba gehiago egin, okerrago.

 

ENEKO: Uko egin diote hornitzaileei ordaintzeari.

 

YOLANDA: Badakizu Garikoitzen aita Juan Manuelen bezeroa dela? Batzuetan berari eskatu zion aitaren ordez ordaintzeko.

 

ENEKO: Hor egon daiteke giltzarria.

 

YOLANDA: Kantitate garrantzitsuak ziren ala ez jakin beharko genuke. Inor ez dabil pertsonak hiltzen diru apur batengatik.  

 

ENEKO: Enpresarekin zuen zorra ordaintzeko aitak dirua eman ziola uste dute, eta norbaitek lapurtu egin ziola.

 

YOLANDA: Gorpuak ez du indarkeria seinalerik.

 

ENEKO: Sikario profesional bat izan zitekeen.

 

YOLANDA: (Atea seinalatuz). Juan Manuel gimnasioko bezero beteranoetako bat da, eta urte guzti hauetako ezagutzatik esan dezaket saltzaile arrunt bat dela, besterik gabe. Gauzak nahasten ari zara.

 

ENEKO: Ez nago ziur hain apala denik. Itxurak faltsuak izan daitezke.

 

YOLANDA: Gaurko autopsiak argituko du. Gorpua ibaian aurkitu zuten, biolentzia aztarnarik gabe, eta inguruetan ez zegoen odolik. Profesionalak izan balira, tiro bat emango zioten.

 

ENEKO: Agian plutonioa bezalako isotopo batekin pozoituko zuten, antzemateko ezinezkoa dena.

 

YOLANDA: A ze fantasiatsua zaren.

 

ENEKO: Zientzietako irakasle guztiek dakizkigu gauza horiek.

 

YOLANDA: Bere bankuko kontu korrontearen mugimendu guztiak aztertzen dabiltza, baita mugikorreko deiak eta zituen kontaktuak ere.

 

ENEKO: Nire telefonoaren zenbakia ere bere agendan zegoela esan dit poliziak. Ez dut ulertzen nondik nora.

 

YOLANDA: Neuk eman nion, badaezpada. Gimnasioan zerbait gertatuta ere, ni lokalizatu ezean, zeu zinen ordezkoa. 

 

ENEKO: Ohartarazi egin behar ninduzun. Ez duzu imajinatzen jarri dudan ergel aurpegia poliziak horri buruz galdetu didanean. Ni hilketarekin nahasteak pikutara bota dezake nire etorkizun osoa.

 

YOLANDA: Politikarekin obsesionatuta zaude. Garikoitzi atzo gertatu zitzaionaz kezkatu beharrean, errudunak aurkitu nahi dituzu kasua lehenbailehen ixteko, eta komunikabideek ez jakiteko susmagarrien artean zaudela.

 

Juan Manuel gimnasiotik dator.

 

JUAN MANUEL: Poliziak berriro Iratirekin egon nahi du.

 

YOLANDA: Sukalondora joan da. Nola joan zaizu galdeketaren lehen txanda hau? Zure zenbakia bazegoen Garikoitzen mugikorrean?

 

JUAN MANUEL: Kabroi horiek informazio asko dute. Eta potroak ukitzen dizkidate foku bat aurpegian jartzean, mafioso hiltzaile bat banintz bezala.

 

ENEKO: Hobeto filmatzeko egiten dute, ez kezkatu horretaz (Gerturatuz) Pozoiei edo antzeko zerbaitez galdetu dizute?

 

JUAN MANUEL: Ez. Nire enpresaren inguruan zuten interes gehien, kobrantzekin eta ordainketekin ditugun arazoez. (Jesarri egiten da)  

 

YOLANDA: Ohizkoa izango da. Niri ere gimnasioko egoera ekonomikoaz galdetu didate, Garikoitzek hilero zenbat kobratzen zuen, aurrerapenik eskatzen zidan, eta ea azken aldian materialik desagertu den.

 

JUAN MANUEL: Berarekin nuen harremanez galdetu didate.

 

YOLANDA: Eta niri bere adiskideei buruz, gimnasiokoak eta akademiakoak. Baina ez diet zure izenik eman.

 

ENEKO: Zerrenda horretan ez egotea espero dut. Izan ere, ia ez nuen pertsonalki ezagutzen.

 

JUAN MANUEL: Agian kaleko bandaren baten sartuta zegoela esan didate, besoetan zituen tatuajeengatik. Harro erakusten omen zituen Facebookeko bere kontuan.

 

YOLANDA: Ez egidazu adarrik jo. Hori hitz eginarazteko esango zizuten. Futbolari ospetsu guztiek daramate tatuajea, eta inork ez ditu kaleko bandekin lotzen, 

 

ENEKO: Nola demonio dakizu hainbeste berari buruz?

 

YOLANDA: (Ziurtasunez) Badakit. Eta puntu.

 

JUAN MANUEL: Gorpuak buruan kolpe bat zuela esan didate.

 

ENEKO: Ibaira erortzean egingo zuen.

 

JUAN MANUEL: Gakoa zera da, erori egin zen ala bota egin zuten. Eta dirudienez, urte osoan inor ez da erori ustekabean ibaira eremu horretan.

 

YOLANDA: Inozokeria iruditzen zait. Nola eroriko da Garikoitz bezalako mutil mardul bat ibaira igande gau baten, astelehenean gimnasioan lana izanda?    

 

ENEKO: Noizean behin parrandak egingo zituen!

 

YOLANDA: Berak bi lan duin zituen prestua eta argia zelako. Aurretik jatetxe bateko zerbitzaria izana zen, hirira ailegatu berritan. Berezko klasea zuen, zuen inbidiarako.

 

JUAN MANUEL: Bere aita arratsaldean ailegatuko da, gorpua eramatera.

 

Irati sartzen da.

 

IRATI: (Juan Manueli) Nola joan da galdeketa?

 

JUAN MANUEL: Nire enpresari eta bere adiskideei buruz galdetu didate. Eta aurrerantzean mugikorraren bidez ohartaraziko digutela  nor den hurrengoa sartzeko.

 

YOLANDA: (Mugikorrari begira) Hemen dago. Zu gimnasiora itzultzea nahi dute.

 

JUAN MANUEL: Ni berriro? Ze ostia nahi dute orain! Oraintxe deklaratu dut. (Aterantz doala) Kontraesanetan harrapatu nahi gaituzte...

 

Juan Manuel badoa, haserre.

 

YOLANDA: Batzuetan Garikoitz hilda non erori ez zuen paria bat zela ematen du, berari entzutean.

 

ENEKO: Gero eta kezka handiagoa dut guztiarekin. Datorren astean sartzen gara kanpainan, eta hilketa batekin nahastuta egotea hautagai bati gerta dakiokeen gauzarik okerrena da.

 

IRATI: Zerrendaren baten zoaz?

 

YOLANDA: Ez zaitez hasi, Irati, mesedez. Politikaren gaia ez atera gimnasio honetan. Kanpaina hasten denean, guztiz eraldatzen da. Eta ziur nago zuri botoa eskatzen amaituko duela

 

IRATI: Ez nekien politiko profesionala zinenik. Bueno, zuek hirurongatik YOLANDA bakarrik ezagutzen dut, pintura-akademian gurutzatu izan garelako. Baina soilik gurutzatu eta “kaixo, zer moduz” esateagatik.  

 

ENEKO: Zientzia irakaslea nintzen institutuan, eszedentzia eskatu nuen eta lau urte daramatzat erabat politikari emanda, Erkidegoko parlamentuan.

 

YOLANDA: Zerrendan hirugarren doa.

 

IRATI: Beti izan dut gogoa politikari profesional bat ezagutzeko, lan finkorik ez dugunoi buruz lau gauza esateko. Baina zurea ez nekien, ez zaitut inoiz ikusi argazkietan edo telebistan. 

 

ENEKO: Kabinete burua dut. Astero ematen dugu prentsaurreko bat.

 

YOLANDA: Medioetan nahiko ateratzen da, ez pentsa. Kanpaina garaian, kazetariak dira bere konpainiarik gogokoena. 

 

ENEKO: Hori gezur puta bat da. (Yolanda seinalatuz, Iratiri) Berak badaki niri konpainiarik maitatuena dela. Baina lana beste gauza bat da.

 

IRATI: Beraz, zu puteatzeko oposizioko kazetariren batek Garikoitzen hilketaz galde dezake prentsaurrekoren baten, diskurtsoa zapuztuz. 

 

ENEKO: Horrek ematen dit min.

 

YOLANDA: Ez kezkatu beragatik. Politiko hauek diskurtsoa edozein momentutan aldatzen dute, iritzi-azterketen arabera.

 

IRATI: Alderdi txikiei bozkatu dizkiet beti.

 

ENEKO: Alferrikakoa da galtzaileen alde egotea.

 

YOLANDA: Utz egiozu bera izaten. Zuek asko agintzen duzue kanpainan, baina gero eta gazte gehiago dago langabezian, atzerrira joan beharrean.

 

IRATI: Sekula ez diot botorik eman agintean jarri daitekeen bati. Iritzi-azterketak galtzaile ematen badizute, nire botoa izango duzu.

 

ENEKO: Alferrikako botoa.

 

YOLANDA: Batzuk jatorrak dira, baina alderdiaren aparatuak ezereztu egiten ditu.

 

IRATI: Garikoitz ere pertsona jatorra zen, baina ikusi nola bukatu duen. Hilda ibaiaren zubipe baten.

 

ENEKO: Axola ez bazaizu, zu konbentzitzen saiatu behar naiz. Boto bila ari naiz abstentzionisten eta beste alderdietako desengainatuen artean.

 

YOLANDA: Zaude lasai. Kanpaina datorren astean hasiko da.

 

IRATI: Gaur arratsaldean bai edo bai joan behar naiz lanera, eta ez dakit nola azaldu poliziari errugabea naizela.

 

ENEKO: Zure botoa oso garrantzitsua da. Eta boto baliagarria izan behar da.

YOLANDA: (Esku biak jasoz) Aski da. Gimnasioan ez da politikaz eztabaidatzen. Iragarki-taulatan idatzita dago.

IRATI: Mesede bat eska dezaket?

 

YOLANDA: Esan.

 

IRATI: Zu gimnasioaren ugazaba zara, eta nolabait esateko, Garikoitzen nagusia zinen. Esaiozu mesedez poliziari ni joaten uzteko. Beti egongo naiz lokalizagarri, zin egiten dizut.  

YOLANDA: Neurriz kanpo baloratzen nauzu. Poliziak ez dit batere jaramonik egingo, neu ere susmagarria naizelako. Biok elkar hartuta gaudela pentsatuko dute, eta hanka egingo duzula.

 

IRATI: (Lur jota). Zerbait hartzera noa.

 

Irati sukalondora doa.

 

ENEKO: Hauteskundeak oso lehiatuak izango dira. Zure laguntzaren premian nago.

 

YOLANDA: Zure karrera politikoa soilik axola zaizu. Hemen gaude hilketa baten susmagarri garelako atxilotuta, eta zure buruan ez dago kanpaina nazkagarria besterik.

 

ENEKO: Zure gimnasioko bezeroen eta beraien bikotekideen boto gehienak lortzea komeni zait. 

 

YOLANDA: Ez eta pentsatu ere!

 

ENEKO: (Besoetatik oratuz) Ez nazazu izorratu. Zure laguntza barik ez dut lortuko.

 

YOLANDA: Ahaztu. Ez dizut nire negozioan bazterrak nahasten utziko . Inoiz ez diet galdetu, baina iruditzen zait bezeroen artean kolore eta ideologia guztietakoak egongo direla.

 

ENEKO: Igo egin nahi dut. Orain erdipurdiko kontseilaritza bateko presidentea besterik ez naiz.

 

YOLANDA: Begira nola hitz egiten duzun. Maila baxuko kontseilaritza baten zaude, eta hala ere karguaren zamak gaina hartzen dizu.

 

ENEKO: Oraingoan hirugarren noa zerrendan, baina zure laguntzarekin, hurrengoan lehena izan naiteke.

 

YOLANDA: (Serio) Eta horrela jarraitzen baduzu, nire ondotik botako zaitut, beste pertsona arruntago batekin bizitza partekatzeko. Momentu honetan, besteok zure dekoratuko partaide izatera igarotzen gara. Botereak itsutu egiten zaitu, eta zure pentsaera beti bera da: onena naiz, eta emadazu botoa!

 

ENEKO: Egunen baten lehendakariaren emaztea  izatera ailegatuko zara.

 

YOLANDA: Ziur ezetz.

 

ENEKO: Behar zaitut. Nire igoera soilik bikote izaten jarraitzen badugu emango da.

 

YOLANDA: Politiko baten emazte laguntzailearen bizitza oso goibela da.

 

ENEKO: Eman gimnasioko bezeroen zerrenda..

 

YOLANDA: Ez. (Mugikorrean begiratzen du, eta sukalondora doa)

 

Yolanda badoa, eta Irati dator.

 

ENEKO: Banekien pintura-akademietako modeloak edertasunagatik nabarmentzen zirela.

 

IRATI: Piropo bat da? Ala nire botoaren bila zabiltza?

 

ENEKO: Pena ematen dit margotzen ez jakiteak, akademian posatzen zaudenean zu miresteko bertan ez egon ahal izateak.

 

IRATI: (Urrunduz) Akademiako ikasle denak afizionatuak dira. Oharkabean pasatuko zinen.

 

ENEKO: Eta biluzik posatzen duzue.

 

IRATI: Jakina! Yolandak ez dizkizu gauza horiek kontatzen? Bera akademiako ikaslerik zintzoenetakoa da. Garikoitzen posatuetara joaten zen.  

 

ENEKO: Ziurrenik posatu partikularrak ere egingo dituzue.

 

IRATI: Noizean behin. Badira ikasle gizonezkoak eta emakumezkoak nahiko bereziak. Bere koadroetan ukituak egin nahi dituztela esaten dizute, baina egia esanda ez zaie gustatzen konpartitzea. Edo emakume batzuk bere etxera joateko eskatzen dizute, margotzen zaituenean senarra begira egoteko. Iruditzen zait gau horretan beraiek saio estra bat izango dutela.

 

ENEKO: Eta Garikoitzek, bakarkako eskaera asko izaten zituen?

 

IRATI: Ez dakit. Baina egia da akademian ikasle gehienak emakumeak direla.

 

ENEKO: Agian norbaiten senarra jeloskor jarriko zen eta erail egingo zuen.

 

IRATI: Asko harrituko ninduen. Baina, bueno, zure bikotearengatik burua galtzen duzunean eta txorakeriak egiten hasi, edozer gauza espero daiteke.

 

ENEKO: Agian emakume bat izan da, Garikoitzek posatzeari uko egin ondoren.

 

IRATI: Kosta ala kosta errudun bat aurkitu behar duzu, komunikabideak ez jabetzeko poliziak hemen atxilotuta gauzkatela.

 

ENEKO: Gaur bertan argitzea espero dut. Honelako berri batek, egun bakarrean bota dezake pikutara hainbeste urtetan kostata eraiki dudan izen ona.

 

IRATI: Soilik esan dezaket Garikoitzek ez zuela lehenengoan baietza ematen. Katxet ona zuen.

 

ENEKO: Jakin al daiteke zenbat kobratzen zuen saio partikular batengatik?

 

IRATI: Ideiarik ere ez. Baina dezente izango zen.

 

ENEKO: Poliziari akademiako ikasle dirudunen artean ikertzeko eskatuko diot.

 

IRATI: Gehienak dira. Nahiko goi mailako akademia da.

 

ENEKO: Bertako beste modeloak ikertzeko ere eskatuko diot. Norbait jeloskor egon zitekeen Garikoitzekin, saio partikular asko zituelako. Edo ikasleren bat kendu ziolako.

 

IRATI: (Deseroso) Niri ez begiratu. Betidanik neskok eskari gutxiago izan dugu.

 

ENEKO: Zenbat modelo dira gizonezkoak?

 

IRATI: Galdetu poliziari, horretarako dago eta.

Enekori ez zaio erantzuna gustatu, eta sukalondora doa. Laster Yolanda dator.

 

IRATI: Lanari buruz hitz egitea gustatuko litzaidake zurekin, une egokiena ez izan arren. Garikoitzen hutsunea betetzeko, gimnasioan monitore baten beharrik baduzun jakin nahiko nuke.

 

YOLANDA: Baduzu eskarmenturik gimnasiako pilates metodoan? Bera hasita zegoen, eta bi talde zituen.

 

IRATI: Saia ninteke.

 

YOLANDA: Goizeko taldea emakumezkoena da, eta zaila ikusten dut. Baina arratsaldekoa mistoa da, egokia zuretzako.

 

IRATI: Egiten zituen saio partikularrak modelo bezala?

 

YOLANDA: Ziurrenik. Baina sekula ez nuen kontrolatu lan orduetatik kanpo.

 

IRATI: Zure senarrak esaten zidanez, hiltzailea posatu partikularretako senar jeloskorren bat izan zitekeen.

 

YOLANDA: Agian bai. Bazenuten harremanik lanetik kanpo?              

 

IRATI: Noizbehinka. Elkarrekin egiteko proiektuei buruz hitz egiten genuen.

 

YOLANDA: (Enpatiaz) Beste harreman mota bat esan nahi nuen.

 

IRATI: Badakizu oso lanpetuta zebilela.

 

YOLANDA: Batzuetan larregi. Dena den, ez dut zure bizitza pribatuan sartu nahi, nirean sartzea gustatzen ez zaidan bezalaxe.

 

IRATI: (Sukalondora doala). Beste proposamen bat dut, egin baldin badezaket. Badakit astean behin Garikoitzek zuretzat posatzen zuela partikularki.Nahi baduzu, ordezka dezaket. 

 

YOLANDA: Eskertzen dizut, baina momentuz nahiago dut gizonezkoen biluziak margotu.

 

IRATI: Ados. Baina kontuan izan.

 

YOLANDA: Bueltak ematen aritu naiz, gimnasioko beste monitoreren batek edo akademiako modeloren batek berarenganako zeloak izan zitzakeen. Zer uste duzu?

 

IRATI: Baliteke. Bakarkako lan hauetan oso berekoia izan behar zara, aldamenean duzuna zure lehiakidea delako eta ez dizulako ezertan lagunduko.

 

YOLANDA: Eta gainera elkarri oztopoak jarriko diezue zeuen artean.           

 

IRATI: Lana izatea da kontua. Baina hortik hiltzaile bilakatzera, tarte handia dago.

 

YOLANDA: Jakina. Esaiozu gero hori bera poliziari, susmagarrien zerrenda murrizteko.

 

IRATI: Galdetzen badidate soilik.

 

YOLANDA: Lehen gimnasioan Garikoitzek entrenatzen zituen bezeroen zerrenda begiratzen aritu naiz. Baten batekin ez nintzateke larregi fidatuko, egia esanda. Lortu ditzakezu berak posatzen zuen akademiako taldeen zerrendak?

 

IRATI: Oso zaila dut hori lortzea. Gainera, harrapatzen banaute, agur lana. Ziur nago datu konfidentzialak lapurtzeagatik kaleratua izango nintzela.

 

YOLANDA: Ados. Ez dugu ezer aurreratzen bezero partikularren izenak jakin gabe.

 

IRATI: Gimnasioan ere, badakit pertsonaia ospetsu batzuen entrenatzaile pertsonala zela. Baina izenak isilean gordetzen zituen.

 

YOLANDA: Neuk ere ez dakit... Enekori ere erlaxazio taula bat egin zion hauteskunde kanpainan.

 

IRATI: Eta agian Juan Manueli ere bai?

 

YOLANDA: Zer ari zara adierazten?

 

IRATI: Laurok gara susmagarriak, eta poliziak zerbait jakingo du. Ez dut uste ausaz aukeratu gaituztenik.

 

Juan Manuel gimnasiotik dator.

 

JUAN MANUEL: Kategoriaz igo gaituzte. Orain “A” motako susmagarriak gara (Yolandari). Zure txanda.

 

Yolanda gimnasiora doa, eta Irati sukalondora, Eneko datorren bitartean.

 

JUAN MANUEL: Oraintxe esan diet mailaz igo gaituztela, eta hemendik aurrera “A” susmagarriak garela. Ordu betean etorriko da poliziaren furgoia, eta komisariara eramango gaituzte eskuburdinekin lotuta.

 

ENEKO: Kaka zaharra! Politiko bat ezin daiteke egon hilketa bateko susmagarrien artean. Komunikabideek horren berri izaten badute eta filmatzen banaute eskuburdinekin furgoira igotzen, agur nire ibilbide politikoa, ondoren errugabetasuna frogatu arren.

 

JUAN MANUEL: (Jesarri egiten da) Ziurrenik prentsak oraindik ez du jakingo.

 

ENEKO: Proiektu handiak ditut.

 

JUAN MANUEL: Ameslari bat zara.

 

ENEKO: Zure laguntza behar dut.

 

JUAN MANUEL: Nire botoa esan nahiko duzu.

 

ENEKO: (Gerturatuz) Zein enpresatan zabiltzala esan didazu?

 

JUAN MANUEL: Ez dizut esan.

 

ENEKO: Autonomia Erkidegoko zientzia eta teknologiako kontseilaritzako presidentea naiz. Ikerkuntza eta Garapenerako hainbat diru-laguntza programa ditugu.

 

JUAN MANUEL: Ahaztu zaitez.  

 

ENEKO: Ez naiz besteen parekoa. Orain politikan banago, gizarteari zerbitzatzeko da. Nire premisetako bat herritarrei entzutea da. Beti egin ahal izango dizkidazu proposamenak.

 

JUAN MANUEL: Ezagutzen dut diskurtso hori. Abstenitu egiten den gehiengo sozialaren partaidea naiz. Eta asko izorratzen nau!

 

ENEKO: Izan konfiantza nigan. Hobe da botoa ezagun bati ematea, zeren edozein modutan ere, parlamentuko jarleku guztiak bete egingo dira. Ni ez banago, beste norbait egongo da. Baina une honetan, beste laguntza bat eskatzen ari natzaizu.

 

JUAN MANUEL: Botoaz gain?

 

ENEKO: Esan poliziari. Esan zeu zarela hiltzailea.

 

JUAN MANUEL: Baita zere ere!

 

ENEKO: Ezin naiz inondik inora eskuburdinekin lotuta irten hemendik, komunikabideen aurrera.

 

JUAN MANUEL: Eta ordainetan zure departamentuak diru-laguntzak emango lizkioke lanean nabilen enpresari. Oso ona, zu. Pena zera da, enpresak bost axola didala, eta diru horretatik ez nukeela euro bakar bat ere ikusiko.

 

ENEKO: Enpresan gora egiten lagunduko nizuke.

 

JUAN MANUEL: Nire adinarekin?

 

ENEKO: Ados. Konponduko naiz diru hori zuri zuzenean iritsarazzteko, inor jabetu gabe. Izendapen askeko nire kanpoko aholkulari bilakatuko zaitut.

 

JUAN MANUEL: (Gimnasiora hurbilduz) Poliziari gela desberdinetan jartzeko eskatzera noa. Potroetaraino nago..

 

ENEKO: Itxaron! 

 

JUAN MANUEL: Beraz, errudun aitortzea nahi duzu, kartzelan sartzeko.

 

ENEKO: Ondo konpentsatuko zaitut. Eta behin barruan, abokatuari esan errugabea zarela. Poliziaren aurrean tentsio jaitsiera bat izan zenuela nerbioengatik, eta ez zenekiela zer esaten zenuen ere.

 

JUAN MANUEL: Eta horrela zu poliziaren furgoitik libratzen zara...

 

Irati dator.  

 

IRATI: Kanape batzuk prestatu ditut.

 

JUAN MANUEL: Berriro politika gogaikarriarekin dabil.

 

ENEKO: Pertsona tinkoa naiz, aurrerapenaren balioak defendatzen duena. Ondo dabiltzan nazioak, instituzioak egoki funtzionatzen dutelako da.

 

JUAN MANUEL: Utz nazazu bakean.

 

IRATI: Zure alderdian dena estaltzen duzue.

 

ENEKO: Egunen baten lehendakaritzara ailegatzen banaiz, aldaketa sakonak bultzatuko ditut.

 

IRATI: Nik botoa oposizioari ematen jarraituko dut.

 

JUAN MANUEL: Eta ni abstenitu egingo naiz.

 

ENEKO: Botatzen banauzu, lana aurkitzen lagunduko dizut.

 

IRATI: Hauteskundetan denok esaten duzue berdin.

 

JUAN MANUEL: Agian aholkulari pertsonal izendatuko zaitu.   

 

ENEKO: Badut hori egiteko aukera.

 

IRATI: Zenbati eskaini diozu jadanik gauza bera?

 

JUAN MANUEL: Denbora galtzen ari zara…

 

Yolanda dator.

 

YOLANDA: (Juan Manueli) Berriro sartzeko. Badirudi kontraesanak ditugula.

 

Juan Manuel badoa, haserre.

 

ENEKO: (Koadro baten ostean begiratuz). Agian mikrofonoak daude ezkutatuta.

 

YOLANDA: Orain berriz “A” mailako susmagarriak izatera pasatu gara, eta eskuburdinekin eramango gaituzte komisariara. Uste dut polizia geure arteko salaketen bila dabilela.

 

IRATI: Juan Manuelek lehen aipatu dit seriean ari den hiltzaile bat egon daitekeela.

 

YOLANDA: Eta gu galdekatzen gaituzte?

 

ENEKO: Hau lehenbailehen konpondu behar da. Ezin naute eskuburdinekin eraman!

 

IRATI: Dirudienez, auzo gorrietan hilketa boladak ematen dira. 

 

YOLANDA: Ez dut ulertzen bera bezalako pertsona batek zer egiten zuen auzo horretan.

 

IRATI: Urteko bosgarren hildakoa izan da.

 

ENEKO: Besteak etxegabeko eskaleak ziren.

 

YOLANDA: Dirua lapurtu zioten.

 

IRATI: Nahasteko, ziurrenik.

 

YOLANDA: Kasu guztietan lapurreta indarkeriaz egin zen, Garikoitzenean salbu. Oso arraroa da, bera defendatu egingo baitzen.

 

IRATI: Dirudienez hilketa guztiak asteburutan izan ziren.

 

ENEKO: Juan Manuelen enpresa arazoekin dabil. 

 

YOLANDA: Bera oso akziodun txikia da.

 

IRATI: Baina bere aita bezeroa zen!

 

ENEKO: Agian enpresak ez du kobratu Juan Manuel geratu delako diruarekin.

 

YOLANDA: Eta Garikoitzi egotzi kulpa?

 

ENEKO: Aukera bat da. Bere adinean, zertara doa gimnasiora? Zegatik nahi zuen bera izatea monitorea?

 

YOLANDA: Dena nahasten ari zara! Gero eta berrogeita hamar urteko pertsona gehiago dira euren burua zaintzen dutenak.

 

IRATI: Bere monitore gustukoena zela esan dit.

 

ENEKO: Aitaren zorra zela bitarteko sartu zen, eta hil egin zuen.

 

YOLANDA: Ez dut gai ikusten. Juan Manuel aldapan behera arituko da enpresan eta diruz larri ibiliko da, baina ez du hiltzaile profila. Duela urte dezentetik da gimnasioko bezeroa, eta inoiz ez dugu arazorik izan berarekin.

 

IRATI: Arrasto faltsuak sortzen zabiltza.

 

ENEKO: Ez dut esan berak pertsonalki egingo zuenik. Badira hortik bizi diren sikarioak.

 

IRATI: Garikoitz mehatxatuta sentitu bazen, esan egingo zidan.

 

ENEKO: Ez zuen zergatik. Gazte indartsua zen.

 

YOLANDA: (Esku biak zabalduz) Lasaitu egingo gara denok, ados?

 

IRATI: Poliziak gero eta gehiago jazarriko gaitu.

 

ENEKO: Berak ezagutzen zuen Juan Manuel, eta beldurra zion.

 

YOLANDA: Nola demontre dakizu! Isildu zaitez behingoz.

 

ENEKO: Joan zen astean Garikoitzek aitortu zidan Juan Manuelek aitaren zorrak kitatzeko eskatu ziola, hilero zati bat ordainduz, gimnasioan irabazten zuenarekin.

 

YOLANDA: Ez zenidan ezer esan.

 

IRATI: Ez nion garrantzirik eman…

 

Juan Manuel gimnasiotik dator.

 

JUAN MANUEL: (Iratiri)  Zeu sartzeko. Diru kontuak jakin nahi dituzte…

 

Irati gimnasiora doa, eta Eneko sukalondora.

 

JUAN MANUEL: Negoziorako interesatzen bazaizu, “kostu baxuko” gimnasio berri bateko propaganda etxera bidaltzen hasi dira.

 

YOLANDA: Jakin baldin badaiteke, batez besteko ze prezio dituzte?

 

JUAN MANUEL: Hogeita bost eurotik hasita.

 

YOLANDA: Merke benetan. Zenbakiak ez zitzaizkidan aterako. Baldin eta ez badugu masifikatu nahi.

 

JUAN MANUEL: Instalazioak ordu gehiago erabili ditzakezu, asteburuetan ere zabalduz.

 

YOLANDA: Zer nolako monitoreak ditu?

 

JUAN MANUEL: Inor ez Garikoitzen mailakorik, jakina.

 

YOLANDA: Hogeita bosteko kupoa zuen jarrita taldeko, eta beti betetzen zuen. Itxaron zerrenda zuen. Bakarra zen, egia esanda. Inoiz taldeak handitzeko eskatu zidaten, baina nahiago dut kalitatea.

 

JUAN MANUEL: Entrenamenduko makinekin ere gauza bera gertatzen zen.

 

YOLANDA: Baina hor taldeak txikiagoak dira.

 

JUAN MANUEL: Beraien arauak dituzte. (Besoko muskuluak ukituz) Nik ez dut hor parte hartzen, baina trebatzen ikusten ditut.   

 

YOLANDA: Izerditan ikustea gustatzen zaizkit. Berak abisatzen zidan, kulturista jakin batzuk zeudenean.  

 

JUAN MANUEL: Sekula ez zaitut gimnasio barruan ikusi.

 

YOLANDA: Ispiluen gelara joaten nintzen…               

 

JUAN MANUEL: Ia ez zuten hitz egiten, baina asko errespetatzen zuten.

 

YOLANDA: Garikoitzek berezko gaitasunak zituen lidergorako.

 

JUAN MANUEL: Beste monitoreek izen gutxiago dute.

 

YOLANDA: Ikusten baduzu norbait maila onekoa, esaiozu hutsune bat dudala bera ordezkatzeko. Ondo irabazi eta autonomia izango du.

 

JUAN MANUEL: “Kostu baxu”ko gimnasioan proba bat egitekotan nago. Eliptikoen saioa dago, eta monitoreak itxura interesgarria du …

 

Yolanda sukalondora doa, eta bertatik dator Eneko.

 

JUAN MANUEL: Gaur ezagutu zaitut, baina, nola daramatzazu bikote-harremanen gai horiek?

 

ENEKO: Yolandarekin daramadan bizitza sexualaz ari zara?

 

JUAN MANUEL: Ezkondu nintzenean enpresako saltzailerik dinamikoena nintzen, eta astea kanpoan ematen nuen.  Badakizu, ordu asko bakarrik, tentazioak, dieten dirua…

 

ENEKO: Eta zuen ezkontzako bizitza pikutara joan zen.

 

JUAN MANUEL: Gazteago batekin ordezkatu ninduen.

 

ENEKO: Eta zu, astero aldatzen.

 

JUAN MANUEL: Nirea iragana da, baina zuena…

 

ENEKO: (Lasai) Politikak denbora guztia hartzen dit. Harrerak, koktelak, sari banaketak, jardunaldi profesionalak. Gauero leher eginda ailegatzen naiz etxera.

 

JUAN MANUEL: Martxa horrekin, ez da harritzekoa.

 

ENEKO: Aste barruan berak askatasun osoa du. Eskatzen diodan gauza bakarra, nire ibilbide politikoan eragin dezaken eskandalurik ez izatea da.

 

JUAN MANUEL: Beraz, gimnasioan edo akademian gertatutakoak ez zaitu jeloskor jartzen.

 

ENEKO: Bera oso azkarra da. Ondo aukeratzen du.

 

JUAN MANUEL: Garikoitz zerrendan egongo zen.

 

ENEKO: Kezkatu egiten nauela uste duzu?

 

JUAN MANUEL: Ez, jakina.

 

ENEKO: Erkidegoan ekitaldi ofizialen bat dagoenean eta ahal badu etorri, beti ederrena da.

 

JUAN MANUEL: Zalantza barik.

 

ENEKO: Eta larunbat arratsaldetan eta igandetan, primeran konpontzen gara!

 

JUAN MANUEL: Orduan, aste barruan hor konpon.

 

ENEKO: Esan dizut, berarengan konfiantza handia dudala...

 

Eneko sukalondora doa, Yolanda datorren bitartean.

 

YOLANDA: Ez didazu ezer kontatu zure lanari buruz enpresan. Asko bidaiatzen duzu?

 

JUAN MANUEL: Lehenago bezero printzipalak bisitatzen nituen, baina orain probintzietakoak soilik. Desfasatuta geratu naizela dio zuzendariak.

 

YOLANDA: Gimnasiora etortzeko duzun zaletasunagatik galdetu dizut.

 

JUAN MANUEL: Baretu egiten nau.

 

YOLANDA: Itxura sanoa duzu.

 

JUAN MANUEL: Utzi diplomazia alde batera. Saltzaileon bizitza oso estresagarria da.

 

YOLANDA: Ordu asko, ziur. Eta bezeroa beti zain.

 

JUAN MANUEL: Sasoi baten, zazpi bisitatzen nituen egunean.

 

YOLANDA: Eta emaztea?

 

JUAN MANUEL: Urte bete soilik aguantatu zidan.

 

YOLANDA: Adarrak ipintzen zeniolako, ziur.

 

JUAN MANUEL: Saltzailearen lana oso bakartia da.

 

YOLANDA: Eta gimnasioak baretzen zaitu.

 

JUAN MANUEL: Milioika euroko salmentak lortu nituen.  Eta badakizu ordaina?

 

YOLANDA: Akziodun egin zintuzten.

 

JUAN MANUEL: Erdi mailako enplegatu guztiak. Engainu bat izan zen, lan gehiago egiteko.

 

YOLANDA: Saltzaile jarraitzen duzu behintzat.

 

JUAN MANUEL: Probintzietakoa.  

 

YOLANDA: Lasaiago. 

 

JUAN MANUEL: Traba gutxien egiten nuen lekura bidali ninduten. Berrogeita hamarretik gora, irudi txarra ematen omen duzu.

 

YOLANDA: Gimnasioko monitoreekin berdin gertatzen da.

 

JUAN MANUEL: Garikoitzek iraungo zuen.

 

YOLANDA: Berezia zelako.

 

JUAN MANUEL: Monitore guztiek ez dute hori esaten.

 

YOLANDA: Norbaiten susmoa duzu?

 

JUAN MANUEL: Zeuk ere jakin beharko zenuke. 

 

YOLANDA: Norena?

 

JUAN MANUEL: Poliziari soilik esango diot, komeni bada...

 

Irati gimnasiotik dator.

 

IRATI: Eta Eneko? Hurrena da. (Sukalondokora gerturatuz) Eneko, zure txanda!

 

Eneko azkar dator, gimnasiora sartzeko.

 

IRATI: … Hogeita hamar bider errepikatu diet errugabea naizela.

 

YOLANDA: Garikoitzen aita datorrenean, agurtzea gustatuko litzaidake.


JUAN MANUEL: Sikario puta bat kontratatzea 1.000 euro kostatzen da. 

 

IRATI: Jakinaren gainean zaudela ikusten da.

 

YOLANDA: Bera ez zegoen bizigarrien legez kontrako negozioetan sartuta. Eta kontu-garbiketak hor ematen dira. Eskua sutan jarriko nuke Garikoitzen zintzotasunagatik.

 

JUAN MANUEL: Agian sartuta zebilen jendea ezagutzen zuen gimnasioan. Behin baino gehiagotan jaso zituen mehatxuak ez salatzeko. Bazekien arriskuan zebilela.

 

IRATI: Zeu libratzeko diozu hori. 

 

YOLANDA: Ongi bizitzeko lain irabazten zuen.

 

JUAN MANUEL: Kulturisten lehiaketetan, masa muskularra indartzen duten anabolizanteen merkatu ezkutua egoten da.

 

IRATI: Esaiozu poliziari.

 

JUAN MANUEL: Hobe nago isilik, berari gertatutakoa ikusita.

 

YOLANDA: Ezin dut sinetsi bizitza bikoitza zeramanik, merkatu horretan nahastuta egoteko.

 

IRATI: Nik ere ez.

 

JUAN MANUEL: Batzuetan kezkatuta egoten zen, lehiaketa berean parte hartu behar zuten kulturistak batera entrenatzen zirenean.

 

IRATI: Poliziak erabiltzen zuen diruagatik galdetu dit. Etxean 5.000 euro aurkitu dituzte dirutan. Asko da.

 

YOLANDA: Galdeketa baten esaten dizutenarekin ez naiz fidatzen. Ikusi duzu dirua? Amuak jartzen dizkigute, kontraesanetan erortzeko.

 

JUAN MANUEL: Hau guztia muntaketa puta bat da. Ziur nago norbaitek pozoitu egin zuela.

 

YOLANDA: Berak zerbait susmatuko zuen.

 

JUAN MANUEL: Hainbeste diru erabiltzen denean, beti geratzen dira argitu gabeko kontu ilunak.

 

IRATI: (Juan Manueli, serio) Beti errudun jotzen duzu.

 

YOLANDA: Poliziak gu bezalako susmagarri errazak bilatzen ditu, inork ikertu ez dezan benetako auzian.

 

JUAN MANUEL: Ziur nago ez dutela ur handiko arrainik nahastuko.

 

IRATI: Eneko egotzi dezakete.

 

YOLANDA: Bere profila bigarren mailakoa da, eta horregatik dago “B” mailakoen susmagarrien artean. Arrain handia izan balitz,  norbaitek deituko zion komisarioari askatzeko eskatzeko.

 

JUAN MANUEL: Gorpuaren ondoan okada bat zegoen, eta poliziak eskopolaminaren arrastoak aurkitu zituen. Susmagarriren batekin afaldu zuela uste dute, eta edariari bota ziotela.

 

YOLANDA: Gutxiesten ari zarete. Ez zen hain ergela.

 

JUAN MANUEL: Edozeinek egin dezakeen droga da. Horretarako behar diren landareak oso ohikoak dira.

 

IRATI: Gorpuan arrastoak aurkitzen badituzte, garbi geratuko da gu ez garela izan hiltzaileak.

 

YOLANDA: Hau guztia poliziak asmatu du. Bera ez zebilen drogetan.

 

JUAN MANUEL: Sukalondora noa zerbait hartzera (Juan Manuel badoa.)

 

IRATI: Inoiz etzuna zenuen substantzia hori?

 

YOLANDA: Eskopolamina?

 

IRATI: Egiteko erraza omen da.

 

YOLANDA: (Mugikorrera begira) Zer esan nahi duzu?

 

IRATI: Intuizio bat izan daiteke, ez dakit.

 

YOLANDA: Juan Manuelek harreman ona zuen Garikoitzekin.

 

IRATI: Norbaitek erail du.

 

YOLANDA: Poliziarentzat, susmagarri nagusienak kirolarientzako produktu horien trafikatzaileak dira (Mugikorrean irakurtzen) Hemen dago. Bigarren sarreran, zure entrenamenduak nola hobetu dio. Zerorrek egin dezakezu, farmazian legezko produktu erosiz.

 

IRATI: Hori sinestea nahi dute.

 

YOLANDA: Ez dakit berak egingo zuen... Juan Manueli lanpostua aldatu eta urrezko bisa kendu diote.

 

IRATI: Soldata ere jaitsiko zioten, ziur.

 

YOLANDA: Merkatu txarrenak eman dizkiote, erdipurdiko bezeroekin. Baina diru premia izango du, lehengo statusa mantentzeko.

 

IRATI: Kulturisten lehiaketa horietan, sari onak emango dituzte...

 

Eneko dator gimnasiotik, kezkatuta.

 

ENEKO: Irati, sartzeko berriro.

 

IRATI: Baina ze arraioko ordena jarraitzen dute polizia horiek. Oraintxe bertan atera naiz! (

Irati badoa, haserre.)

 

ENEKO: Orain akademian zure modelo fetitxea falta zaizunez...

 

YOLANDA: (Azkar mozten dio) Berari buruz errespetuz hitz egiteko erregutzen dizut.           

 

ENEKO: Pintura utzi eta gimnasioa errentagarriagoa bilakatzea gomendatuko nizuke.

 

YOLANDA: Zeure gauzetan sartu.

 

ENEKO: Lekuz aldatu beharko zenuke, eta auzo dotore batean kokatu.

 

YOLANDA: Ez dut dirurik. Ahaztu. 

 

ENEKO: Eta bereziki mentalitatea aldatu beharko zenuke. Kirolari ospetsuekin ere lan egin, lehiaketen finalak babestu, eta Londresera eta New Yorkera bidaiatu nazioarteko bezeroen artean izena sustatzeko.

 

YOLANDA: Lehendik ere bota didazu diskurtso hori. Utz nazazu bakean.

 

ENEKO: (Erlojuari begira). Mesede bat eskatu behar dizut. Ordu bete baino gutxiago falta da eskuburdinekin lotuta polizia-furgoietan eramateko, eta hori izan daiteke nire ibilbide politikoaren amaiera. Juan Manuel konbentzitzen lagundu behar didazu, poliziaren aurrean bere burua errudun deklaratzeko, beste guztiok aske utziz.

 

YOLANDA: Zer erre duzu?

 

ENEKO: Egun pare bat soilik egongo litzateke komisarian atxilotuta, eta gero askatu egingo lukete hiltzailea bera ez dela jakitean.

 

YOLANDA: Nola nahastuko dut horretan gimnasioko bezero bat egia jakin gabe, zure ibilbidea salbatzeko. Hipokrita nazkagarria.             

 

ENEKO: Hobekuntza proposamenak egiten dizudan guztietan, ni iraintzen amaitzen duzu.

 

YOLANDA: Ez noa zurekin traturik egitera nire negozioaren kalterako.

 

ENEKO: Ez al zara ohartzen nire amaiera politikoaren mugan nagoela?

 

YOLANDA: Baliteke komunikabideak oraindik ezer ez jakitea.

 

ENEKO: Juan Manueli ez dio axolako. Enpresan duen egoera ikusita, ez du ezer galtzekorik.

 

YOLANDA: Imajinatzen gimnasioko beste bezeroak traizioaren berri jasotzen dutela?

 

ENEKO: Ez dizut traizioa egiteko eskatu, baizik eta konbentzitzeko. (Urduri) Nik departamenduko aholkulari pertsonala egingo nuela agindu diot.

 

YOLANDA: Beraz, ahalegindu zara.

 

ENEKO: Zalantzan dago, eta zugan duen konfiantza erabakigarria izango da.

 

YOLANDA: Pentsatu ere ez. Nahi baduzu, neronek aitortuko dut neure burua errudun, eta behin polizia-etxean, ukatu egingo dut lehen esandakoa. Zu bitartean atzeko atetik irten, furgoitik urrun, eta abokatu on baten bila joan.

 

ENEKO: Baina zer diozu! Komunikabideetan ezin gara atera, ez zu eta ez ni.

 

YOLANDA:Ados.

 

ENEKO: Zu erailketarekin nahastuz gero, oposizioak berdin erasoko nau.

 

YOLANDA: Ahaztu. Nire negozioa ere kaltetuta aterako litzateke.

 

ENEKO: Irteera egokiena behin-behineko inputatua Juan Manuel izatea da.

 

YOLANDA: Pentsatuko dut...

 

Juan Manuel dator sukalondotik.

 

JUAN MANUEL: (Itzuli erdi ematen du) Barkatu traban banago.

 

ENEKO: Geratu! Une aproposean ailegatu zara.

 

YOLANDA: Diskurtsoak prestatzen dabil, Makiavelo izango balitz bezala. 

 

JUAN MANUEL: (Esku biak jasoz) Abstentzionista naiz. Ados? Abs-ten-tzio-nis-ta.

 

ENEKO: Laster aholkulari pertsonalen premian izango naiz.

 

YOLANDA: Niri ez sartu zuen nahaspiletan.

 

JUAN MANUEL: Garikoitzen erailketaren erruduna naizela aitortzea nahi du, kamerak bera ez filmatzeko polizia-furgoira igotzen eskuburdinekin.

 

ENEKO: Milaka kilometro egiten dituen bigarren mailako saltzaile baino erosoago biziko zara aholkulari. Eta komisarian ez duzu pare bat gau baino gehiago egingo.

 

YOLANDA:  Berea mitinak eta prentsaurrekoak ematea da. Primeran aritzen da, eta gustuko ditu mikrofonoak eta kamerak. Baina egia da bere aholkulariak oso ondo bizi direla.

 

JUAN MANUEL: Ez naiz ezertan aditua.

 

ENEKO: Zure eskarmentu komertziala ondo etorriko litzaiguke gure marketina hobetzeko.

 

YOLANDA: Ni ez nahastu zure erabakian. Gimnasioko bezeroa zara, eta horrela jarraitzea nahiko nuke.

 

JUAN MANUEL: Eta berriz, ni sakrifikatzea nahi duzu, promesa soil bategatik. Politikoen anbizioak ez du mugarik!

 

ENEKO: Ahaztu egiten zaizu jasaten dudan presioa, pairatzen dugun estresa. Urrats hori ematen baduzu poliziarekin, biok izango gara irabazle.

 

YOLANDA: Biok irabazten baduzue, niretzat ere onuragarria da.

 

ENEKO: Hauteskunde kanpaina gogorra izango da.

 

JUAN MANUEL: Parte hartu beharko nuke?

 

ENEKO: Ez.

 

YOLANDA: Nahikoa da bera bakarrik, ez kezkatu. Bere obsesio nagusia kanpaina amaitu arte, berriz aukeratua izatea da.

 

JUAN MANUEL: Ez dut garbi ikusten.

 

ENEKO: Nire aholkularien atean ondoen ordaindutakoa izango zara, jakina.

 

YOLANDA: (Mugikorrean begiratzen du.) Poliziak biok batera sartzeko eskatzen digu.

 

IRATI dator, Yolanda eta Juan Manuel doazen bitartean. 

 

IRATI: Gaur goizen gertatzen ari zaidanarekin oso minduta nago.

 

ENEKO: Sekula ez dut ezagutu zu baino emakume... ederragorik.

 

IRATI: Gaur ez nago kalamatrika horietarako.

 

ENEKO: Lanpostu on bat aurkitzen lagunduko nizuke korapilo honetatik ateratzen laguntzeagatik.

 

IRATI: Ez zait okurritzen nola lagundu hain politiko garrantzitsuari!

 

ENEKO: Hain zuzen, hau guztia pikutara joan daiteke ni eskuburdinekin lotuta furgoira igotzen agertzen banaiz argazki soil baten.

 

IRATI: Une honetan furgoia da gutxien axola zaidana.

 

ENEKO: Berdin zaizu komisariara atxilotuta eramatea?

 

IRATI: Argazkiagatik esan dizut.  

 

ENEKO: Orduan nire planteamenduarekin bat egin dezakezu. Ez dut komunikabideetan agertu nahi, nire ibilbide politikoa pikutara joango litzatekeelako. Eta hori saihesteko, edozein konponketa negoziatzeko prest nago. Garestia izan arren, beti izango da bulegoa galtzea baino merkeagoa.

 

IRATI: Ez zaitut ulertzen.

 

ENEKO: Zeure burua errudun aitortzea eskatzen dizut, furgoia ailegatu aurretik. Ordu batzuk soilik egongo zara atxilotua, dena argitu arte.

 

IRATI: Zeren truke?

 

ENEKO: Marjina dut aholkulari pertsonalak kontratatzeko.

 

IRATI: Lan finkoa izango litzateke?

 

ENEKO: Bulego horretan nagoen bitartean iraungo du. Gutxienez lau urte. Eta oso ondo ordainduta egongo da.

 

IRATI: Beraz, nahi duzuna da nik poliziari esatea Garikoitz erail nuela arrazoi bereziren batengatik.

 

ENEKO: Jeloskor zeundelako burua galdu zenuela esaten badiezu, ziur sinetsiko zaituztela.

 

IRATI: Jeloskor nengoela akademiako neskazaharrak gauero nire mutila eramaten zutelako.

 

ENEKO: Oso azalpen zentzuzkoa da.

 

IRATI: Baina gezurra. Ez ginelako bikotea.

 

ENEKO: Inoiz izango zenuten harremanik.

 

IRATI: Horrek ez du zerikusirik.  

 

ENEKO: Poliziak ezingo du baieztatu. Zuk esandakoa sinetsiko dute.

 

IRATI: Eta gezur-detektagailu bat ipintzen badidate?

 

ENEKO: Hona ez dute ekarri. Ziur.

 

Yolanda gimnasiotik dator.

 

YOLANDA: Ezer berririk ez. Ordu erdi barru ailegatuko dela komisariara eramango gaituen furgoia.

 

ENEKO: Izendapen askeko aholkulari postua eskaini diot.

 

YOLANDA: Bera ere errudun aitortzea nahi duzu, medioetatik libratzeko?

 

IRATI: Oraindik ez dut ezer erabaki.

 

ENEKO: Agudo izan beharko da.

 

YOLANDA: Agian ez zaio interesatzen boterean dagoen politikari baten aholkulari izatea. Utz egizu bakean. Gainera, aurrerantzean ordu gehiago izango ditu akademian, Garikoitz ordezkatzen.

 

IRATI: Aste gutxi batzuetan bakarrik. Ikasleak aspertu egiten dira modelo berarekin.

 

ENEKO: Ni ere nekatu egin nintzen zientzietako klaseak ematen. Potroetaraino bukatu nuen klaseekin, apunteekin,  suspenditzen zuten ikasleen ebaluazioekin, guztiarekin.

 

IRATI: Ni ere ez nintzen ikasle ona izan.

 

ENEKO: Klase erdiak piper egin zuen egun baten, neure buruari galdetu nion: ze ostia egiten duk hemen? Eta politikan sartu nintzen, bizitzari zentzuren bat emateko.

 

YOLANDA: (Iratiri) Ez sinetsi guztia. Soilik eszedentzia eskatu zuen.

 

IRATI: Sekula ez dut izan aukeratzeko zorte hori izan.

 

ENEKO: Oposizioak prestatu nituen, eta irakasle titularra izatera iritsi nintzen.

 

IRATI: Oso garrantzitsua dela ematen du.

 

YOLANDA: Utz egiozu bakean zure egoari, kanpaina hurrengo astean hasiko da eta.

 

ENEKO: Gero katedradun izaten saiatu nintzen, birritan.

 

YOLANDA: Dena ni, ni, ni izan behar da gaur ere?

 

IRATI: Dezepzioa ulertzen dut.

 

YOLANDA: Ez pentsa. Ondo etorri zitzaion apaltasun dosi bat.

 

ENEKO: Atsekabe ikaragarria. Ordutik ez naiz berdina berarentzat. Bat batean ibilbide profesional barik geratu nintzen. Eta bera ez zen izango katedradun baten emaztea.

 

IRATI: Esadazu niri, autonoma naiz eta.

 

YOLANDA: Hemen bagaude, gure arteko talentu gehien zuena eraila izan delako da. Gurea huskeria bat da, eta ez ditut zuen kexak onartzen. Oso patetikoak dira.

 

ENEKO: Orduan, zer esaten didazu?

 

IRATI: Eta ematen badiet akademiako nire ikasleren baten senar jeloskorraren izena?

 

YOLANDA: Senarrik ezagutzen duzu?

 

IRATI: (Esandakoaz damutu egiten da) Bueno. Normalena da. 

 

YOLANDA: Batzuk oso interesgarriak dira.

 

ENEKO: Une honetan ez da soluzioa. Ordu erdi besterik ez da falta furgoia ailegatzeko.

 

IRATI: Ez naiz ikusten aholkulari izateko mailarekin.

 

ENEKO: Ez zaitez kezkatu titulu akademikoekin.

 

IRATI: Hilketaren errudun bezala atxilotzen banaute...

 

ENEKO: (Azkar mozten dio) Komisarian gau pare bat soilik mantenduko zaituzte atxilotuta.

 

IRATI: Edo beharbada kartzelara eramango naute, epaileak deitu arte. 

 

YOLANDA: Eta horrek zure curriculuma baliogabetuko luke aholkulari izateko. Oso nabaria da. Beste koartada bat bilatu beharko duzu.

 

ENEKO: Ez nabil koartada bila. Bakarrik komunikabideak saihestu nahi ditut, inor kaltetu gabe.

 

IRATI: Arriskatu egingo naiz. Inoiz ez dut lau urteko kontratutik izan.

 

YOLANDA: Utziozu! Bere lan egoeraz aprobetxatzen ari zara.

 

ENEKO: Inolaz ere ez. Agian gaur arratsaldean hiltzailea harrapatuko dute, eta berea ezerezean geratuko da.

 

IRATI: Kokoteraino nago biltegian paketeak egiten.

 

ENEKO: Zure egoera guztiz hobetuko da.

 

YOLANDA: Agian komunikabideak ez dakite oraindik ezer.

 

ENEKO: Komisario buruarekin hitz egingo dut, eta furgoia garajetik sartzeko eskatuko diot, dena zuhurragoa izan dadin. 

 

YOLANDA: Jaramon egingo dizula uste duzu? Inozoa...

Juan Manuel gimnasiotik dator.

 

JUAN MANUEL: Irati, zure txanda.

 

Irati ateratzen da.

 

ENEKO: Zer moduz joan zaizu poliziarekin?

 

JUAN MANUEL: Bere mugikorra aztertu dute. Hainbat pista omen dituzte hiltzailearen gainean.

 

YOLANDA: Gure izenak agertzen dira?

 

JUAN MANUEL: Deiak erkatzen ari dira.

 

ENEKO: Ez nion sekula mugikorrera deitu. Ziur nago nire izenik ez dela agertuko.

 

YOLANDA: Niri esan didate asko harritu direla zuen ahots mezu batekin “Asko sufritu behar dut zu astebetean ikusi gabe”.

 

JUAN MANUEL: Oso gazte erakargarria zen. Akademiako neskazaharren bat izango zen.

 

YOLANDA: Dirudienez gizakume baten ahotsa zen, gimnasioko bezeroren batena agian, baina ez dakite. Bere argazkiak igotzen zituen Instagram sare sozialera. Eta ehun jarraitzailetik gora zituen.

 

JUAN MANUEL: Bere muskuluak erakusten zituen argazkiak izango ziren.

 

YOLANDA: Jakina.

 

JUAN MANUEL: Gimnasioan bat gehiago zen. Hemen jende gihartsu asko dabil.

 

ENEKO: Poliziari ahots hori entzuteko eskatu behar diozue. Agian ezaguna egingo zaizue, eta nor izan den jakingo da.

 

YOLANDA: Hogei minutu geratzen dira eskuburdinak ipini aurretik. Ez die atxilotzeko denborarik emango.

 

ENEKO: Sartu eta eskatu poliziari ahotsa entzuten uzteko.

 

JUAN MANUEL: Ez dut ezer sinesten hau guztia. Mutilen batek mezua uzten dio (Ahots-tonua aldatuz)  Asko sufritu behar dut zu astebetean ikusi gabe”, eta uste duzu aski dela hiltzailetzat hartzeko.

 

ENEKO: Hori diozu guztia bi ostia axola zaizulako, galtzeko ezer ez duzulako. Sartu eta komisario-buruagatik galdetu. Jaramon egingo dizu.

 

YOLANDA: Eta mezua utzi duena gertuko norbait bada?

 

JUAN MANUEL: Normalena ez identifikatzea litzateke. Bere ahotsa modulatu egingo zuen ezagutezina bihurtzeko.

 

ENEKO: Ni ez naiz izan. Egiaztatuko duzu entzutean.

 

YOLANDA: Eta zu, Juan Manuel?

 

JUAN MANUEL: Nirea dela iruditzen bazaizu, kabroiren batek imitatu egingo ninduen izorratzeko.

 

YOLANDA: Zutaz jeloskor egon daiteke norbait, ispiluen gelara joaten zinelako?

 

JUAN MANUEL: Joan zaitez jakitera.

 

ENEKO: Ez da nahitaez akademiako edo gimnasioko bezeroren bat izan behar. Izango zuen bizitza soziala lanetik kanpo. Izan ere, gorpua ibaiaren zubi baten azpian aurkitu dute, auzo gorritik gertu.

 

YOLANDA: Poliziari esan.

 

JUAN MANUEL: Gure harremana entrenamendu ondorengo garagardoarekin amaitzen zen.

 

ENEKO: Nire harremana berriz, beti zure bitartez izan zen.

 

YOLANDA: Azken hauteskundeetan mitinen ondoren etortzeko eskatu zenion.

 

ENEKO: Erlaxazio monitorea besterik ez zen izan.

 

YOLANDA: Sekula ez nizun galdetu zer egiten zenuten.

 

JUAN MANUEL: Agian bizitza bikoitza ezkutatzen zuen bere irribarre atseginaren atzean.

 

YOLANDA: Ikaragarrizko imajinazioa duzue. Niretzat probintziako mutik jator bat zen soilik, hirian bere esfortzuarekin etorkizun bila zebilena.

 

JUAN MANUEL: Zerbait ezkutatzen zabiltza. Akademian posatzen zuenean, emakume guztiok joaten omen zineten beti.

 

ENEKO: Susmagarria beraien senarren bat izan daiteke, jeloskor bere emazteak biluzik pintatzen zuelako saio partikularretan.

 

YOLANDA: Orduan ezingo dut identifikatu.

 

ENEKO: Eta Irati? Zer ariko da kontatzen poliziari?

 

JUAN MANUEL: Ziurrenik hirurok sartuko gaitu nahaspilan.

 

YOLANDA: Ez duzu ezagutzen.

 

ENEKO:  Egia dena zera da, Garikoitzek norbaiti asko sufriarazten ziola.

 

JUAN MANUEL: Akademiako ikasle gizonezkoren bati agian, emakumeen artean galduta sentituko zelako.

 

ENEKO: Ulertzekoa litzateke.

 

YOLANDA: Norbait ezagutzen dut.

 

JUAN MANUEL: Eman poliziari beraien izenak.  

 

YOLANDA: Ezta pentsatu ere.

 

ENEKO: Ez gabiltza aurreratzen.

 

JUAN MANUEL: Asko izorratzen nau gauzak ezkutatzen ibiltzeak...

 

YOLANDA: (Mugikorrera begiratzen du) Eneko, zure txanda.

 

ENEKO: Eta hirurok sartzen bagara eta komisarioari eskatzen badiogu mezua entzun nahi dugula? (Yolandak buruarekin nabarmenki adieratzen dio ezetz)...

Eneko gimnasiora doa, Irati itzultzen den bitartean.

 

IRATI: Ez dut polizia ulertzen. Lehengo galdera berdinak egin dizkidate.

 

JUAN MANUEL: Gezurretan ari ote zinen frogatu nahiko dute.

 

YOLANDA: Niri ere galderak errepikatu egin dizkidate, ordena aldatuz. Eta bide batez, zeharka zuei buruz galdetu didate, Garikoitzekin zenuten harremanaz.  

 

IRATI: Lehen bere senarrak botoa eskatu dit. Trukean izendapen askeko aholkulari taldean sartuko nauela agindu dit.

 

JUAN MANUEL: Kabroia halakoa, gauza bera eskaini dit.

 

YOLANDA: Eneko ez da boterea asko ukitzen dutenen modukoa. Momentuz, leiala da. 

 

IRATI: Hilketa bateko susmagarriak gara, eta bera boto eske.

 

JUAN MANUEL: Egoa han goian duelako.

 

YOLANDA: Ezagutzen ez duzulako diozu hori. Publikoaren aurrean oso ona da. Karisma eta aura bereziak ditu.

 

IRATI: Emazte maiteminduak esanak.

 

JUAN MANUEL: Elitearen partaide sentitzen da.

 

IRATI: Esango diguzu nahi duzuna, baina bere alderdiko buruzagiek eskuineko usteldu ospea dute.

 

YOLANDA: Berak erdikoa dela dio, baina agian arrazoia duzu. Egia esateko, txiroak ez zaizkio gustatzen.

 

IRATI: Di-da batean antzematen da.

 

YOLANDA: Arrazoia duzunean inongo zalantza barik emango dizut.

 

IRATI: Ziur nago ez dakiela zenbat den gutxieneko soldata.

 

JUAN MANUEL: Baina automobil ofiziala izango du, txofer eta guzti.  

 

YOLANDA: Lehen eskatu diot zuei bakean uzteko eta ez botorik eskatzeko. Baina bere egoera larritzen doa furgoiaren arazoagatik.

 

JUAN MANUEL: Boterean dauden politikoez ez naiz fidatzen.

 

IRATI: Denak berdinak dira.

 

YOLANDA: Aukera bat eman beharko zenioke.

 

IRATI: Bere bitartekoa izateko erregutu dizu?

 

YOLANDA: (Harrituta) Ez. Inolaz ere ez.

 

JUAN MANUEL: Jakin dezazun, urte asko daramatzat gehiengoarekin, abstentzioarekin.

 

IRATI: Eta nik oposizioarekin.

 

YOLANDA: Eneko ondradua da. Eta ez ahaztu agintetik soilik gobernatzen dela.

 

JUAN MANUEL: Aholkulari ikusten zaitut.

 

IRATI: Ezinezkoa da.

 

JUAN MANUEL: Ez zara kexatuko dituzun adiskideekin.

 

YOLANDA: Axola ez bazaizue, neu sartuko naiz ondoren.

 

IRATI: Errudun zarela aitortuko diezu, bera libratzeko?...

 

Eneko gimnasiotik dator.

 

ENEKO: Momentuz inor ez sartzeko esan didate. Informazio guztia komisariarekin alderatu behar dute.

 

Irati eta Juan Manuel sukalondora doaz.

 

ENEKO: Shock egoeran nago. Asko eskertuko nuke zure laguntza.

 

YOLANDA: Zurekin nago.

 

ENEKO: Sekula ez dizkidate eskuburdinak ipini, gaizkile bati bezala.

 

YOLANDA: Monitore onena galdu dut  

 

ENEKO: Bera bezalakoren bat agertuko da, lanerako bikaintasuna eta etika profesionala lehenesten jarraitzen badituzu.

 

YOLANDA: Asmo handiko pertsona zen.

 

ENEKO: Lortu zuen guztia zuk eskainitako plataformatik hasi zuen... Uste duzu Juan Manuelek edo Iratik lagunduko didatela, hain egoera larrian?

 

YOLANDA: (Jesarri eta mugikorrari begira hasten da). Agian lau urte nahiko izan dira.

 

ENEKO: Ez didazu erantzun.

 

YOLANDA: Komisario buruari grabazioa entzuten uzteko eskatzeko da.

 

ENEKO: Sekretua dela erantzungo dizu.

 

YOLANDA: Saia naiteke. Ez dugu ezer galtzen.

 

ENEKO: Juan Manuelena aukera hobea da.

 

YOLANDA: Kontraesanetan murgilduta nago.

 

ENEKO: Denok bezala. (Apal) Joder, begira ni. Zer duzu nahiago, irakasle frustratuaren aldea edo porrot egin duen politikariarena?

 

YOLANDA: Arazoa da grabaketaren ahotsa ezagutzen badut. Zer egingo dut? Poliziari salatu? Zer irabazten dut horrekin, bera ez bada hiltzailea?

 

ENEKO: Ziurrenik polizia nahastu egingo duzu.  

 

YOLANDA: Baina irrikatzen nago jakiteko nork sufritzen zuen hainbeste Garikoitz aste bete ikusi barik egotean.

 

ENEKO: (Mugikorrera begira). Yolanda, sartzeko.

Yolanda atera egiten da. Laster Irati eta Juan Manuel datoz.

 

IRATI: Lan finko baten bila jarraitzen dut, eta zure emazteari eskatu diot ea gimnasioan Garikoitzen ordezkaria izan naitekeen.

 

ENEKO: Berak sen berezia du monitoreak aukeratzeko.

 

JUAN MANUEL: Bezeroen profilarekin bat egiten daki.

 

ENEKO: Negozioetarako ez dut balio. Zientzietakoa naiz.

 

IRATI: Hori lehen zen.  

 

JUAN MANUEL: Orain politiko profesionala zara.

 

ENEKO: (Urduri) Hain zuzen, horretxegatik proposatu nahi dizuet akordio bat.

 

IRATI: Lehen erantzun dizut ideia hori ez dela oso ona. Hilketaren errudun naizela aitortzen badut orain, nire iragana markatuta geratuko da, eta ezingo naiz zure aholkularia izan. Oposizio politikoa gainera etorriko litzateke.

 

JUAN MANUEL: Nirekin ere gauza bera gertatuko litzateke.

 

ENEKO: Momentu berea biok esaten badiozue errudunak zaretela, komisarioak jakin nahi izango du nor ari den egia esaten, eta furgoiaren bidalketa atzeratu egingo du. Horrekin ordu batzuk irabazi ditzakegu! 

 

JUAN MANUEL: Eta galderaz josiko gaituzte Irati eta biok.

 

ENEKO: Ordu batzuk eustea besterik ez da, benetako hiltzailea aurkitu arte.

 

IRATI: Eta aurkitzen ez badute?

 

JUAN MANUEL: Biok goaz kartzelara?

 

ENEKO: Ziur nago aurretik aurkituko dutela. Komisario hau oso trebea da.

 

IRATI: Eta bitartean zu hemen lasai, susmo guztietatik aske.

 

JUAN MANUEL: Kamerak filmatu gabe. Plan bikaina benetan!

 

ENEKO: Gauerako ez badute hiltzailea aurkitu, esan komisarioari urduri zinetelako esan diozuela errudun zinetela. Ezin zenutela galdeketa gehiago jasan.

 

IRATI: Polizia-fitxa bat zabalduko didate dena dela.

 

JUAN MANUEL: Horrek niri ez dit ardura. Enpresan berdin zaie egun baten agertzen ez banaiz. Berdin baja ematen banaiz ere.

 

ENEKO: Dedikazio guztia ekonomikoki konpentsatuko dizuet.

 

IRATI: Baina ezingo da izan aholkulari bezala.

 

ENEKO: Nire abokatuek aholkularitza nola muntatu gomendatuko dizute. Gai batzuei buruz nire kontseilaritzara fakturatu ahal izango du. Azpikontratazio ugari izaten ditugu, eta ez da zuen izenik agertuko.    

 

JUAN MANUEL: Modelo lanarekin uztartu ahal izango duzu.

 

IRATI: Baina zertan zabiltzate? Nik ez dut inongo titulazio akademikorik, eta ezingo nuke sinatu ezer.

 

ENEKO: Estalgarri bat besterik ez da. Nire abokatuak egingo ditu txostenak, eta irabaziak zuek biokin partekatuko ditu, ados? Baina beti soldata arruntak lortzeko bezain kantitate txikiak izango dira, atentziorik ez deitzeko. Eta soilik ni departamentu buru naizen bitartean, lau urte.

 

IRATI: (Juan Manueli begira, sukalondo aldera doala) Zer deritzozu?

 

JUAN MANUEL: Badirudi denok aterako garela irabazten.

 

IRATI: Berehala nator. (Irati atera egiten da.

 

ENEKO: Nigatik galdetu dizu poliziak?

 

JUAN MANUEL: Noski. Denongatik galdetu dit. Denok gara “A” mailako susmagarriak, eta kontraesanetan harrapatu nahi gaituzte kabroi horiek.

 

ENEKO: Batzuk beste batzuk baino susmagarriagoak izango dira, nire ustez.

 

JUAN MANUEL: Emakumeengatik ari zara?

 

ENEKO: Ez zaitez marikoitzarra izan eta esan barruan duzuna. 

 

JUAN MANUEL: Frogarik ez dut, baina ziurrenik Yolandak beretzat bakarrik nahi zuen Garikoitz.

 

ENEKO: Nire ustez amodio afera soila izan da, bere fisikoaz gozatzeko.

 

JUAN MANUEL: Denak nahi zuten horretarako.

 

ENEKO: Uste duzu maitale bakarra izatea zuela xede?

 

JUAN MANUEL: Ziur baietz. Dena beretzat.

 

ENEKO: Yolanda gutxiesten duzu.

 

JUAN MANUEL: Bere esklabo sexuala izango zen.

 

ENEKO: Pelikula porno gehiegi ikusten dituzu.

 

JUAN MANUEL: Akademiako maitale adinduekin jeloskor egongo zen.

 

ENEKO: Ziur ezetz.

 

JUAN MANUEL: Agian ez zara ezertaz jabetzen.

 

ENEKO: (Haserre) Ez zaitez Yolandarekin gehiago sartu, kabroitzar hori!

 

JUAN MANUEL: Egia esateak izorratu egiten zaitu.

 

ENEKO: Putakume galanta zara.

 

Irati sukalondotik dator.

 

JUAN MANUEL: Poliziari lana aurrezten gabiltza. Ia aurkitu dugu hiltzailea.

 

ENEKO: Akademiako neskazahar aberats bat.

 

IRATI: Ez dut uste. Ondo ezagutzen ditut, eta badute non aukeratu. Beraientzat, Garikoitz ondo zegoen arratsalde pare baterako, baina horraino.

 

JUAN MANUEL: Norbaiten kapritxoa izan zitekeen.

 

ENEKO: Eta sikario bati ordainduko zion, jeloskor.

 

IRATI: Ez dut uste sikarioa gorpua ibaira botatzera joango zenik. Arrisku larregi.

 

JUAN MANUEL: Eta bere buruaz beste egin badu?

 

ENEKO: Ez dut uste.

 

IRATI: Beraz, denok gara susmagarrik.

 

ENEKO: Noski.

 

IRATI: Hori poliziak esaten du.  Baina, zuretzat ere susmagarria naiz?

 

ENEKO: Bueno, nik ez dut hori esan.

 

IRATI: Baina ukatu ere ez duzu egiten. Hemen susmagarri nagusia zeu zara, Yolandaren senarra izateagatik. Ziur nago bere zakil paregabearen inbidia zenuela.

 

JUAN MANUEL: Hori ez da susmagarritzat hartzeko moduko argudioa. Gimnasioko guztiok genion inbidia, eta dutxan adarra jotzen genion.   

 

ENEKO: (Urduri) Hamabost minutu besterik ez dira geratzen hemendik eskuburdinekin ateratzeko. Ea elkar salatzeari uzten diogun, denon mesederako irtenbideren bat aurkitzeko.

 

IRATI: Ni ez noa neure burua errudun aitortzera.

 

JUAN MANUEL: Niri ez zait axola itxurakeria hori egitea, baina oraindik ez dugu zenbakiez hitz egin.

 

ENEKO: Soldata bikoiztuko dizut.

 

JUAN MANUEL: Noiz sinatuko dugu?

 

ENEKO: Ados. (Orri bat hartuz) Esan egidazu zenbat kobratzen duzun orain.

 

JUAN MANUEL: Bost mila eta bostehun, hamalau pagatan.

 

IRATI: Tratutik kanpo geratu behar naiz?

 

ENEKO: Bat errudun ageri bada, aski da.

 

IRATI: Eta zein, bera edo ni?

 

ENEKO: Bueno...

 

Yolanda gimnasiotik dator.

 

YOLANDA: Juan Manuel, azkar sartzeko. Dirudienez, informazio berria ailegatu zaie…

Juan Manuel badoa. Eneko sukalondora doa.

 

YOLANDA: Nekatu samar nago hainbeste galderekin. Nazkarazteko asmorik gabe, Garikoitzekin oheratzen zinen?

 

IRATI: Noizbehinka.   

 

YOLANDA: Eta, maitale ona zen?

 

IRATI: Bai. Eta zurekin?

 

YOLANDA: Erabat betetzen ninduen.

 

IRATI: Egundoko zakila zuen.

 

YOLANDA: Gimnasiokoa agian ez, baina akademiako inbidia zen.

 

IRATI: Eta ikasle batzuena, nik dakidanez.

 

YOLANDA: Emakume denak egoten ziren posea noiz aldatuko zain.

 

IRATI: Ez zaitut ulertzen.

 

YOLANDA: Alde batera etzanda egon ondoren, beste aldera aldatzen zenean, imajinatu mugimendua. (Esku biekin imitatzen du.) Ikuskizuna zen.

 

IRATI: Aparta izango zen!

 

YOLANDA: Pentsa! Emakumeek posea zenbatetan aldatzen zuen kontatzen zuten.

 

IRATI: (Irribarrez) Eta gutxieneko bat eskatuko zioten.

 

YOLANDA: Inoiz ez lau baino gutxiago.

 

IRATI: Ez nau harritzen klasea beti beteta egoteak.

 

YOLANDA: Itxarote-zerrenda zuen. Gainera estimatua zegoen berezkoa zuen gustu onagatik ere, eta gaitasun sozialen dohaina zuen.

 

IRATI: Beste norbaitek duintasunez ordezkatzea zaila ikusten dut.

 

YOLANDA: Ezinezkoa da.

 

IRATI: Nire klasera berriz ez dira beti guztiak etortzen. Badirudi ez ditudala motibatzen.

 

YOLANDA: Ez nizun esan behar zelakoa zen Garikoitz akademian. Jeloskor jarri zara.

 

IRATI: Bai zera. Neure burua ezagutzen dut profesionalki.

 

Eneko sukalondotik dator.

 

ENEKO: Hainbeste gustatzen zaizun infusioa prestatu dizut. Puntu-puntuan dago.

 

YOLANDA: Gero jarraituko dugu. (Yolanda atera egiten da.)

 

ENEKO: Buelta batzuk eman dizkiot Juan Manuel eta zu errudun batera agertzeari.

 

IRATI: Baldintzak mantentzen badituzu, ni prest.

 

ENEKO: Noski, bere horretan.

 

IRATI: Lau mila euroko hamalau ordainsari?

 

ENEKO: Baldintza soldata bikoiztea zen. Zenbat irabazten duzu?

 

IRATI: Berak baino askoz gutxiago. 

 

ENEKO: Baina zenbat.

 

IRATI: Ez dut ulertzen. Berari diru hori ematen badiozu errudun dela esateagatik, eta nik gauza bera egiten badut, gutxiago eman behar didazu?

 

ENEKO: Arrazoizkoena da.

 

IRATI: Kasu horretan ez ezazu nirekin konta.

 

ENEKO: Baina soldata bikoizteko prest nago, zer nahi duzu gehiago. 

 

IRATI: Juan Manuel bezala baloratzea.

 

ENEKO: Ahaztu hori.

 

IRATI: Agian berari ez zaio interesatuko errudun bakarra izatea.

 

ENEKO: (Orri bat erakusten dio) Bere datu pertsonalak eman dizkit, eta akordioa prestatua dut. Ateratzerakoan sinatuko du.

 

IRATI: Beretzat bi errudun egotea hobe da.

 

ENEKO: Begira. Nire aholkulari izateko aukera eman nizun jada, ordainsari onarekin eta lau urteko kontratuarekin, eta ukatu egin zenidan. Zeure aukera izan zenuen. Ez etorri orain dena izorratzera, Juan Manuel eta biok ados gaudenean.   

 

IRATI: Zure ibilbide politikoak diru hori baino gehiago balio du.

 

ENEKO: Askoz gehiago, ez izan zalantzarik.

 

IRATI: Orduan, zein da arazoa?

 

ENEKO: Berak lehenengoan onartu zuen.

 

IRATI: Eta nik orain onartzen dut. Ez al da berdin?

 

ENEKO: Bost minututan iritziz aldatu duzu. Eta agian ondorengo bost minutuetan ere berriz aldatuko duzu. 

 

IRATI: Zeure interesen aurka ari zara, errudun bakarrarekin.

 

ENEKO: Irabazten duzuna bikoiztuko nizula esan dizut.

 

IRATI: Ez dut soldata finkorik Juan Manuelen moduan.

 

ENEKO: Bere erdiarekin, ados?

 

IRATI: Gutxietsi egiten nauzu.

 

ENEKO: Beste erdia kontu baten sartuko dut, lau urte barru jaso dezazun.

 

IRATI: Xantaia dirudi.

 

ENEKO: Horrela ziurtatu egingo dut ez duzula aldatuko...

 

Juan Manuel gimnasiotik dator.

 

JUAN MANUEL: (Yolanda ez ikustean, sukalondora deiadar egiten du) Yolanda, zure txanda!

 

Yolanda sartzen da, urduri.

 

YOLANDA: Berriro ni? Ez dut ulertzen daramaten ordena. Badirudi lauron artean susmagarri nagusiena naizela. (Badoa, haserre.)

 

ENEKO: (Erlojuari begira) Hamar minutu falta dira. Furgoiaren sirena hotsa entzundakoan, sartu biok batera komisarioarengana.

 

JUAN MANUEL: Akordioa prestatua duzu?

 

IRATI: Nirea berdina izan dadila.

 

ENEKO: (Bi paperetan idatziz) Zure izena gehituko dut, biok sinatuko duzue eta konponduta.  

 

JUAN MANUEL: (Sinatuz) Ondo beteko dut nire lana

 

ENEKO: (Erlojuari begira berriro) Bederatzi minutu eta erdi.

 

JUAN MANUEL: Utzi erloju puta hori behingoz.

 

IRATI: (Paperak sinatuz) Ni ere urduri jartzen nauzu.

 

ENEKO: Sartu lasai. Laster harrapatuko dute benetako erruduna eta.

 

IRATI: Ziurtzat ematen duzu ez duela gure susmorik.

 

JUAN MANUEL: Komisario hau ez da inorekin fidatzen.

 

ENEKO: Nitaz ez.

 

JUAN MANUEL: Hara bestea!

 

IRATI: Sarritan galdetu didate Garikoitzek harremanaz zuekin.

 

ENEKO: Dena orokortzen ari zarete era txarrean.

 

JUAN MANUEL: Joder, era txarrean! Norbaiten jeloskortasunagatik izan dela uste dute, zurea barne.

 

ENEKO: Sekula ez naiz Yolandaren jeloskor egon.

 

IRATI: Ez dut uste senar susmagarri baten hitzekin fidatuko direnik.

 

ENEKO: Praktikoak izan gaitezen.

 

JUAN MANUEL: Oraindik zeuk ez duzu sinatu.

 

ENEKO: (Biak sinatzen ditu) Lau urteren ondoren, originala itzuli behar didazu.

 

JUAN MANUEL: Banku bateko kutxan gordetzea hobe, biok giltza dugun batean.

 

ENEKO: Ados. Orain nik gordeko ditut biak, eta poliziak aske utzitakoan, bankura joango gara.

 

IRATI: Ezin dira hiru giltza izan?

 

ENEKO: Jakina.

 

IRATI: Biokin fidatzen naiz, baina hobe horrela. 

 

ENEKO: (Sukalondora doala) Ondo gordetzera noa. (Atera egiten da.)

 

JUAN MANUEL: Arinkeria ez bada, zure bikotekidea zen?

 

IRATI: Ez zehazki. Bera nahiko promiskuoa ze. Asko gustatzen zitzaion larrutan egitea.  

 

JUAN MANUEL: Eta neskazahar milioidunei, kobratu egiten zien?

 

IRATI: Sekula ez nion galdetu.

 

JUAN MANUEL: Gauza bat ez zait burutik joaten.

 

IRATI: Enekoren ibilbide politikoagatik geure burua sakrifikatzen gabiltzala.

 

JUAN MANUEL: Ez da hori.

 

IRATI: Diru gehiago atera behar genioke.

 

JUAN MANUEL: Ziurrenik. Baina hori ere ez da. Kezkatzen nauena da sinatu ditugun akordioaren orriekin zer gertatuko den jakitea. Gu barruan gaudenean desegin egiten baditu?  

 

IRATI: Yolandari eskatuko diogu gordetzeko.

 

JUAN MANUEL: Irtenbiderik onena delakoan zaude?

 

IRATI: Okurritu zaidan lehen gauza izan da.

 

JUAN MANUEL: Beti estaliko du. Maiteminduta dago.

 

IRATI: Gimnasioan salatu dezakezu.

 

JUAN MANUEL: Bere hitza nirearen aurka litzateke. Gimnasioaren jabearen hitza, porrot eginda dagoen saltzaile zahar batenaren aurka.

 

IRATI: Ni ere ez naiz fidatzen politiko batek proposatu ditzakegunaz.

 

JUAN MANUEL: Hauteskunde kanpainan dena agintzen dute, eta aulkia lortu ondoren, beste gauza batera.  

 

IRATI: Zerbait okurritzen zaizu?

 

JUAN MANUEL: Orain geure burua biok batera errudun aitortu ordez, denbora tarte batekin egin dezakegu. Nik orain eta zuk gauean.

 

IRATI: Eta bitartean nik akordioak gordeko ditut.

 

JUAN MANUEL: Hori da. Gauen komisariara joan, eta esan oker dabiltzala ni atxilotuz, zeu zarelako benetako erruduna. Lehen, barruan galdeketan zeundela Enekok hitz-erdika susmagarritzat jo zaitu. Poliziari ere gauza bera esango zion.   

 

IRATI: Zuri buruz ere aritu da.   

 

JUAN MANUEL: Beti ez dagoena salatzen du, hipokrita handi horrek.

 

IRATI: Ezin gara bere hitzarekin fidatu.

 

JUAN MANUEL: Baina eliteko partaide sentitzen da. Eta ziur nago ez zuela ondo onartzen ikasketarik gabeko monitore bat bere emaztearen maitalea izatea.

 

IRATI: Nire zalantzak ditut. Aste barruan politikari petoa zen, eta ez zion axolako bere emazteak egiten zuena.

 

JUAN MANUEL: Baina bere ohorea zikinduta zegoen.

 

IRATI: Larunbatean Garikoitzen dei bat jaso nuen. 

 

JUAN MANUEL: Poliziari esan diozu?

 

IRATI: Ez, jakina. Oso bizitza estresagarria zeramala esan zidan, eta estimulatzaileak hartzen hasita zegoela. Laguntza eskatu zidan.

 

JUAN MANUEL: Eta uste duzu Eneko presioa egiten ari zitzaiola, beldur zelako prentsa ez ote zen jabetuko bere emazteak adarrak ipintzen zizkiola gizagaixo batekin.

 

IRATI: Bikotekide barik, politiko batek ez ditu boto kontserbadoreak jasotzen.

 

JUAN MANUEL: Arraioa, poliziari esan behar zenioke.

 

IRATI: Ez lidakete sinetsiko. Nahiago dut neure burua erruduntzat jo, eta dirua kobratu.

 

JUAN MANUEL: Gauera ate itxaron, ados?

 

Yolanda gimnasiotik dator.

 

YOLANDA: Pintura akademiako ikasle batek poliziari deitu dio. Heriotza hori eragotzi zitekeela esan die, eta badirudi susmagarrien hainbat izen eman diela.

 

IRATI: Denak ezagutzen ditut. Jakin daiteke nor den?

 

YOLANDA: Hori soilik esan didate. Baina egia da azkenaldian Garikoitz begi ilunekin zebilela. Ezin omen zuen lo ondo egin.

 

JUAN MANUEL: Gimnasioan ere egon daitezke susmagarriak.

 

YOLANDA: Agian diru gehiago eskatuko zion neskazaharren bati.

 

JUAN MANUEL: Eta berak ez zion onartu.

 

YOLANDA: Garikoitzek beraien arteko harremanak zabaltzearekin mehatxatuko zuen.

 

IRATI: Bera ez zen horrelakoa. Zalantzan jartzen dut dena.

 

JUAN MANUEL: Ematen du aukera nagusia senar jeloskorrarena dela.

 

YOLANDA: Talde horretan ez sartu Eneko, mesedez.

 

IRATI: Galdetua izaten ari da, guztion moduan. (Mesfidati) Ez da normala bere mailako politiko bat atxikita mantentzea susmorik gabe.

 

YOLANDA: Agian oposizioko alderdiko norbaitek salatu du.

 

IRATI: Ea ulertzen dudan. Akademiako emakume guztiak susmagarriak dira, bereziki dirudunak.

 

JUAN MANUEL: Eta beraien bikoteak, eta gimnasioko bezeroak...

 

IRATI: Eta gu laurok. Hau paranoia hutsa da.

 

YOLANDA: Profesional baten konspirazioa ematen du.

 

IRATI: Enekoren ospea zikintzeko konplot bat, eta gu hori estaltzera goaz?

 

JUAN MANUEL: Gu hemen gaude, eta berak biziarekin ordaindu du.

 

YOLANDA: Inor sekreturen bat kontatzearekin mehatxatu bazuen, ahoberokeria izango zen.

 

IRATI: Baina jaso zuenak agian sinetsi egingo zion.

 

YOLANDA: Erlaxatu gaitezen.

 

JUAN MANUEL: Ez da asko faltako furgoia ailegatzeko.

 

IRATI: (Sukalondorantz doala) Zerbait hartzera noa.

 

YOLANDA: Esan Enekori bere txanda dela.

Irati badoa. Laster Eneko sartzen da, eta zuzen doa gimnasiora.

 

YOLANDA: Bost minututan komisariara atxilotuta eramango gaituzte.

 

JUAN MANUEL: Badakizu Garikoitzek jende gehiago eramaten zuen gimnasioko ispiluen gela ezkutura?

 

YOLANDA: Ez nekien zu ere joaten zinenik. Gaur ustekabe dezente hartzen nabil.

 

JUAN MANUEL: Agian zure senarra joaten zen.

 

YOLANDA: Ez dut uste. Kontatu egingo zidan.

 

JUAN MANUEL: Poliziaren aurrean errudun agertzeko eskatu dit, bera filmatua ez izateko eskuburdinekin lotuta furgoian sartzen denean.

 

YOLANDA: Ezin dut sinetsi.

 

JUAN MANUEL: Irati ere gauza bera eskatu dio. Ikusi, zenbat gauza kontatzen dizun.

 

YOLANDA: Zerbait eskainiko zizun trukean.

 

JUAN MANUEL: Dirua enpresarako, niretzako, izendapen askeko aholkulari postu bat, neuk nahi nuena.

 

YOLANDA: Negoziatzen ohituta dago.

 

JUAN MANUEL: Nik beste modu batera deituko nioke horri. Azkenean dirua onartu dugu.

 

YOLANDA: Ondo eginda. Hirurok irabazten duzue.

 

JUAN MANUEL: Laguntza eskatu behar dizut, nire errudun aitorpena sinesgarria izan dadin.

 

YOLANDA: Esan.

 

JUAN MANUEL: Garikoitzekin ispiluen gelara joaten nintzela esango diot komisarioari. Eta ultimatum bat eman niola hara emakumeekin ez joateko.

 

YOLANDA: Eta nik zerikusirik badut horrekin?

 

JUAN MANUEL: Joder, zure gimnasioa da. Gelako giltza zeuk bakarrik zenuten.

 

YOLANDA: Baina sekula ez nion kontrolatu norekin joaten zen edo ez.

 

JUAN MANUEL: Ni joaten nintzela berretsi behar duzu.

 

YOLANDA: Jakin daiteke zenbat diru eskaini dizun?

 

JUAN MANUEL: Galdetu berari. (Sukalondora doala) Eta esan gainera laguntza eskatu dizudala.

 

Juan Manuel badoa. Laster, Eneko dator.

 

YOLANDA: Lehen agindu didazu bakean utziko zenituela Juan Manuel eta Irati.

 

ENEKO: Zerbait esan dizute?

 

YOLANDA: Dirua eskaini diezu euren burua errudun aitortzeagatik. Jakin daiteke zenbat?

 

ENEKO: Inoiz baino gehiago behar zaitut.

 

YOLANDA: Politikatik kanpora, ez dago ezer zuretzat.

 

ENEKO: Nire alboan nahi zaitut kanpainan. 

 

YOLANDA: Gezurretan zabiltza.  

 

ENEKO: Oreka ematen didazu.

 

YOLANDA: Xakeko pieza bat bezala erabiltzen nauzu, zeure mesederako sakrifikatuz.    

 

ENEKO: Berehala ailegatuko da furgoia. Non da Juan Manuel? (Sukalondora begiratuz) Gimnasiora joan behar da bere burua errudun aitortzera! (Deiadarka) Juan Manuel, ordua da!

 

YOLANDA: Aukeratua ateratzen bazara, hau guztia ahaztu egingo zaizu.

 

ENEKO: Bihar dugu lehen mitina.

 

YOLANDA: Zeuk duzu. Nitaz axola zaizun gauza bakarra dotore joan eta isilik mantentzea da.

 

ENEKO: Oraingo hauteskundeetan berriro hautatua banaiz, hurrengoetan zerrendako lehena izan naiteke. 

 

YOLANDA: Sekula ez didazu galdetzen zer egin dudan egunean zehar. Adiskideekin ez gara ia ateratzen.

 

ENEKO: Lehendakaritzara ailega naiteke, eta lehen dama izango zara!

 

YOLANDA: Aski dut. Zer daki poliziak zu hemen susmagarrien artean egoteko, nik ez dakidana?  

 

ENEKO: Dena kontatzen dizut.

 

YOLANDA: Garikoitzekin zenuen harremanaz, zerbait gordetzen zabiltza. 

 

ENEKO: Ezetz.

 

YOLANDA: Poliziaren atestatuan agertuko da.

 

ENEKO: Nire amodio bakarra zara.

 

YOLANDA: Ez zenidan esan akordioak sinatu behar zenituela Juan Manuel eta Iratirekin.

 

ENEKO: Oso azkarra izan da dena, galdeketan zeundenean. Urte asko daramagu elkarrekin. Beti onartu ditut zure desleialtasunak.

 

YOLANDA: Nahi duzunean utziko dugu gurea.

 

ENEKO: Ez nabil hori esaten.

 

YOLANDA: Zuk inoiz eman didazun baino amodio eta ulermen gehiago behar dut.

 

ENEKO: Amoranteak aukeratzeko erabiltzen duzu gimnasioa.

 

YOLANDA: Zer egiten zenuen Garikoitzekin mitinen ondoren masajeak ematen zizunean?

 

ENEKO: Geure arteko gauza bat zen.

 

YOLANDA: Zeuk hartzen zenuen ekimena, ala berak hartzen zuen?

 

ENEKO: Inoiz ez nizun galdetu astean egiten zenuenaz.

 

YOLANDA: Ondo dakizu nire maitalea zela, esan nizulako.

 

ENEKO: Zure premian nago, sekula baino gehiago.

 

YOLANDA: Engainatu egin nauzu.

 

ENEKO: Ez da egia.

 

YOLANDA: Politiko nazkagarri bat zara, fokuek itsututakoa.

 

ENEKO: Adoratzen zaituen politiko bat.

 

YOLANDA: Itsututa zaude.

 

Irati eta Juan Manuel sartzen dira.

 

IRATI: Juan Manuelek eta biok errudun garela esango diogu poliziari.

 

JUAN MANUEL: Ni izango naiz lehena.

 

IRATI: Eta harridura pasatakoan, neu sartuko naiz.

 

YOLANDA: Enekok esan dit zerbait.

 

ENEKO: (Harrituta eta haserre) Ez al zineten biok elkarrekin sartu behar?

 

IRATI: Elkar hartuta gaudela pentsatuko luke poliziak.

 

JUAN MANUEL: Adinagatik tentsioa jaitsi egin zaidala galdeketaren ondorioz esango diet. Eta uste nuela neu bakarrik joaten nintzela gimnasioko ispiluen gela ezkutura. Eta egia jakiterakoan atzo, burua galdu nuela eta Garikoitzi bultzada bat eman niola zubitik ibaira botaz. 

 

YOLANDA: Eskertuko dizut gelako saltsan sartzen ez banauzu.

 

ENEKO: Ostia! Zure errudun aitorpena asko gustatu zait. Sinesgarria da.

 

IRATI: Ni gauean joango naiz komisariara, pintura akademiako ikasle aberatsen zeloak nituela esanaz. Eta bart burua galdu nuela Garikoitzekin.

 

JUAN MANUEL: Arratsaldean bazatoz hobe.

 

ENEKO: Ados biokin. (Erlojuari begiratu ondoren) Sar zaitez behingoz.

 

JUAN MANUEL: Sartu aurretik akordioaren paperak Iratiri ematea hobe izango da. Zuk baino hobeto gordeko ditu.

 

ENEKO: Sukalondoan daude, Iratik badaki non. Sartu, joder!

 

YOLANDA: Galdeketako hau dena amaitzen denean. (Mugikorrari begira) Juan Manuel, sartzeko.

 

Juan Manuel badoa. Eta Irati, sukalondora doa, prestu.

 

YOLANDA: Oraingoan ere ez zara fidatu nirekin, akordioak nire atzean sinatuta.

 

ENEKO: Ez nuen beste irtenbiderik.

 

YOLANDA: Agian bai.Ez naiz fidatzen akordioak soilik diruagatik egiten dituztenekin. Eta hori izan da argumentu bakarra Juan Manuel eta Iratirentzat.

 

ENEKO: Muturreko egoera izan da.

 

YOLANDA: Datorren astean zu estortsionatzeko aukera dute, diru gehiago eskatuz.

 

ENEKO: Gaurko arazo honi konponbidea emateak kezkatzen nau. Bihar biharkoak.    

 

YOLANDA: Baldintza berriak negoziatu beharko dituzu beraiekin.

 

ENEKO: Akordioen originalak giltzapean daude sukalondoan, ez kezkatu.

 

YOLANDA: Poliziak ez du sinetsiko Juan Manuelen erruduntasun aitortza. Zertarako egin behar zuen? Berarekin traturen bat egin duzula pentsatuko dute.

 

ENEKO: Ez dut uste.

 

YOLANDA: Gero eta argiago dago hilketaren arrazoia zeloak direla. Eta hemen bikote bakarra gu gara. Iratik noren zeloak izan behar zituen Garikoitz hiltzeko, hainbeste miresten zuten akademiako ikasle bakoitzarena, guztiena? Sinestezina da hain zergati orokorra izatea. Eta berdina diotsut Juan Manueli buruz.  

 

ENEKO: Bere aitak dirua zor diola ahazten duzu.

 

YOLANDA: Gauzak nahasten zabiltza. Imajinatu komisario burua zarela, eta orain Irati ere sartu egiten dela erruduna bera dela esanez. Ez zenuke susmatuko zerbait gordetzen ari garela? 

 

ENEKO: Ez duzu ezer ulertzen. Segundo batzuk falta dira furgoia ailegatzeko! Berdin zait zer pentsatzen duen komisario buruak. Kontua dena atzeratzea da, eta gu eskuburdinekin filmatuak ez izatea.

 

YOLANDA: Filmazioak soilik kezkatzen zaitu.

 

ENEKO: Garikoitz hilda dago, eta guk ez dugu bizitzara itzuliko. Zertaz nahi duzu kezkatzea?    

 

YOLANDA: Komisarioak Juan Manueli ordaindu diozula susmatuko du, jeloskortasunagatik hil zenuela ezkutatu nahi duzulako. Ezin duzulako ibilbidea arriskatu zure emaztea maitalearekin agertzen den argazki batzuengatik.   

 

ENEKO: Harreman horiek ez daude gaizki ikusita politikoen artean. Adibide asko daude. 

 

YOLANDA: Txerri matxista hutsa zara.

 

ENEKO: Eta zu obsesioak jota zaude.

 

YOLANDA: Utz dezagun hor. Eta orain, zer egingo dugu?

 

ENEKO: Juan Manuel komisariara eramango dute.

 

YOLANDA: Eta uste duzu aske geratuko garela, besterik gabe.

 

Juan Manuel gimnasiotik dator, eta Irati ez dagoela ikustean sukalondo aldera doa.

 

JUAN MANUEL: Irati, etorri mesedez!

 

ENEKO: Esan zeozer, joder!

 

JUAN MANUEL: Erabaki dute.

 

ENEKO: Ez duzu zeure burua erruduntzat jo?

 

Irati sartzen da.

 

JUAN MANUEL: Hiltzailea aurkitu dute. Gutxi gora behera.

 

YOLANDA: Gutxi gora behera, zer? Garbi hitz egin, mesedez!

 

IRATI: Ezaguna?

 

ENEKO: Gutako norbait?

 

JUAN MANUEL: Autopsiaren emaitzak ailegatu dira.  

 

IRATI: Pozoi-arrastoak badaude?

 

ENEKO: Drogenak?

 

YOLANDA: Argitu egizu.

 

JUAN MANUEL: (Esku bat lepora eramanaz) Honaino zegoen anabolizatzaile eta esteroideekin, muskulazio-entrenamenduak eramangarriagoak egiten laguntzeko.

 

YOLANDA: Gimnasioan debekatuta daude.

 

ENEKO: Inor ez da anabolizatzaileekin hiltzen.

 

JUAN MANUEL: Kantitatearen arabera. Bihotza gelditu zaio. Ohikoa da kulturista eta borroka libreko kirolari gihartsuenen artean. 

 

IRATI:  Sareetara argazkiak igotzen hasi zenetik hartzen zituen. 

 

JUAN MANUEL: Dirudienez etxean ere entrenatzen zen.

 

IRATI: (Atsekabetuta) Analgesiko larregi hartzen zituen minak arintzeko. Uzteko eskatua nion.

 

YOLANDA: Onena izan nahi zuen.

 

JUAN MANUEL: Urteak zeramatzan muturreko entrenamenduarekin.

 

ENEKO: Zure gimnasioko negozioari ez zaio komeni berria zabaltzea.

 

YOLANDA: Zeure gauzetan sartu. Eta buruko zauria?

 

JUAN MANUEL: Bihotza gelditzean ibaira erori zen, ertza joz.

 

IRATI: Ze era iluna bizitza galtzeko. Beste zerbait merezi zuen.

 

JUAN MANUEL: (Mugikorrak itzuliz) Ordu batzuetan isilik egoteko eskatu dit poliziak, beraien bertsioa argitaratu arte. (Gimnasiorantz doala) Bere aitari deitzera noa. (Juan Manuel badoa.)

 

IRATI: Biltegian jai eskatuko dut. Gorputegira noa. (Yolandari) Dei egidazu hau dena igaro ondoren.(Irati atera egiten da.)

 

YOLANDA: Garikoitz onena zen.

 

ENEKO: Adore handia izan zuen gora egiteko. Baina egoa gailendu zitzaion.

 

YOLANDA: Begira nork hitz egiten duen egoaz! Zelako zinismoa!

 

ENEKO: Beti errespetatu nuen, zuena gorabehera.

 

YOLANDA: Mila esker horregatik.  Bizitza eman zuen onena izateko. Duintasun handiarekin borrokatu zen.

 

ENEKO: Ikustera lagunduko zaitut.

 

YOLANDA: Goazen…(Biak kanpora doaz.)

 

ILUNA

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

SINOPSIAK ANTZERKIA: “Hizkuntzalaria” Luis Villasante Euskaltzainburu aren " Historia de la literatura vasca " (1979) liburua...