miércoles, 24 de agosto de 2022

SINOPSIAK

ANTZERKIA: “Hizkuntzalaria”
Luis Villasante Euskaltzainburuaren "Historia de la literatura vasca" (1979) liburuan, 346. orrialdeko argazkian uniforme nazia duen Gerhard Bärh ofiziala ikus daiteke. Antzezlana, nagusiki, berarengan ardazten da. Asturiasko Meategien Konpainiak 1890ean bere aita kontratatu zuen, Friedrich Bärh ingeniari alemaniarra, Gipuzkoako Kataberako meategiak zuzentzeko. Txalet bat eraiki zuen Udanako gainean, eta Johanna von Daacke herrikidearekin ezkondu ondoren, bost seme-alaba izan zituzten, horietatik bigarrena Gerhard, 1900ean jaioa eta euskaltzain bilakatuko zena.

Lehen ekitaldia: 1919ko udaberria.
Lehen Mundu Gerra amaitu eta hilabete gutxira. Gerhard jantokira sartzen denean hasten da agerraldia, bertan mahaia altxatzen ari baita Miren neskamea. Gerhard 1912an bidali zuten Alemaniara batxilergoa egitera, eta 18 urterekin Belgikako fronterako mobilizatu zuten. Batailan zaurituta, armistizioa sinatu ondoren hainbat hilabete eman zituen ospitalean, familiaren etxera itzuli ahal izan zuen arte. Eta ongietorri bazkaria antolatu diote.

Bigarren ekitaldia: 1930eko ekaina.
Bärh familia Alemaniara joan zen 1920an Friedrich hil ondoren, eta urtero bezala, Gerhard Udanara iritsiko da udan. Göttingengo Unibertsitatean Kimika eta Letretako ikasketak egin zituen. Mirenek gaixorik dagoen ama zaintzen du, eta asteburuetan jatetxe batean zerbitzari aritzen da. Bestalde, Joxe Joakinek meategietako arduradun izaten jarraitzen du, nahiz eta euren jarduera asko apaldu.

Hirugarren ekitaldia: 1940ko uda.
Bigarren Mundu Gerra hasita, Gerhard Belgikan mobilizatu zuten berriro, baina orain alemaniar agintarien interprete bezala. Alderdi nazian afiliatu zen, eta Hirugarren Reicheko Interpreteen Eskola Ofizialeko irakaslea da. Alemaniako enbaxadoreak deitu dio Madriletik, armada naziaren alde Leningradora joateko antolatzen ari den Dibisio Urdinaren interpretea izatea proposatzeko. Bidaia aprobetxatuz, Bilbora hurbilduko da doktore-tesiaren kopia bat Euskaltzaindiara eramatera, eta Udanara doa bere lagunak agurtzera.

------------O0O------------

ZINEMA-GIDOIA: “Olagizon maisua

Gipuzkoako herri bat, Erdi aroan 1548. urtean. Gebaratarren konderrian, burdinolak etengabe dihardute lanean, Ameriketarako egiten diren itsasontzientzat iltzeen premiak asetzeko.

BELTRANek (32), herriko semea eta Zubillagako burdinolako olagizon maisua, bere ezagutzengatik eta izaera sendoagatik, Gebaratar kondearen konfiantza osoa du.

Arratsalde baten lanetik bueltan, jendetza ikusten du enparantzan. Jaumendiko zelaian gizon bat urkatzera doaz, kondearen baso baten gaztainak lapurtzeagatik. Zigor eredugarria izatea nahi dute. Jende guztiak deitoratzen du, baina isilik daude, etsipenez urkamendira begira. Atze aldean, urkatuaren seme IÑIGO negarrez dago. BELTRANek zaldiaren bridak eman ondoren, etxeraino jarraitzeko eskatzen dio, burdinolan lana eskainiz.

BELTRANen arreba ezkontzekotan da, eta Gebaratar kondeak perna-eskubidea duela aldarrikatzen dio. Arrebak ez du jasaten egoera, eta bere buruaz beste egiten du. Mendekua hartzea erabaki du, eta jakitun begi onez ikusten duela, KONSTANTZA kondearen emaztea burdinolara gonbidatzen du. Doanean, aldagelan maitasuna egiten dute gogoz, izerditan.

Halaber, kondea tabernara gonbidatzen du afaltzera idazkariarekin batera, burdinolako Sevillako ontzi-armadore bezeroak bisitatzera joatea nahi duelako, itsasontzi berrientzat salmentak ziurtatzeko. Perretxikoen tortillan amanita pozoitsu batzuk sartu ditu, eta afaldu ondoren IÑIGOk prestatu dion edabea hartzen du, botaka egiteko. Kondea hurrengo egunean txarto sentitzen da, baina emaztearen eskutitza irakurri ondoren, kapitainari deitzen dio, BELTRAN eta bere emaztea Sevillarako bidean direla eta biak hiltzeko aginduz. Burgosen aurkitzen ditu, eta dueluan BELTRANek irabazten du.

Sevillan, armadoreekin tratua egiten dute. Biharamunean BELTRAN eta IÑIGO goiz jaiki eta Ameriketara doan galeran ontziratzen dira. KONSTANTZA esnatzen denean bakarrik dagoela ohartuz, portura abiatzen da korrika. Han, urrutiratzen doan itsasontziko popan BELTRAN ikusten du, kapitainarekin hitz egiten.

------------O0O------------

ANTZERKIA: “Lope Agirre
Lope Agirre Hegoamerikako esploratzaile eta konkistatzailea 1561ko urrian hil zen Barquisimeto herrian, gaurko Venezuelan.

Bakarrizketa Lopek hilko dela dakien momentuan aurkezten duen oratorio bat da, eta bere bizitza osoa errepasatzen duen aitorpena egiten du, pertsonaiak bizitasuna eta poza izateko beharra azpimarratuz.

Lope lintxamendu baten menpe egon zen. Heriotzera kondenatu zuten, eta antzerkiak fikzioak espekulatu eta bizitzako gertaera konplexu batetik figura bat sortzeko aukera eman diola azpimarratzen du, horrek "pertsonaia ausart eta berezia, Ameriketako herri indigenen independentzia Espainiaren Koroarekiko, espero zenaren parametro sozialetara egokitzen ez zen pertsonaia bat" erakutsiz.
Kronistek bere aurka hasi zuten zikinkeria kanpaina ikaragarriari aurre egin behar izan zion, zorotzat jo eta Gaztela boteretsuaren aurka bakarrik uzteko. Behin lagunak alde egin ostean, berak bakarrik zaintzen du bere alabaren gorpua azken gauean, historiaren kontakizun ofiziala zalantzan jarriz.

Mendeetan zehar, Lope Agirre deabruaren pare jarri izan dute, odoltsua, hiltzailea, traidorea, ezpata errazekoa, zakarra eta etsitua zelakoan.

Ospe txarra lau soldadu-ohi soilen, “kronisten”, idatzietan oinarritzen da, El Doradoko altxorren bila Amazonas ibaian behera egindako espedizioan berarekin parte hartu zutenak. Lope Agirreren eta gainontzeko marañoien asmoak partekatu zituzten, baina erregeordearen indarrek Lope garaitu zutenean, guztiei heriotza zigorra ezarri zieten. Pedro Mungia, Custodio Hernández, Francisco Vazquez eta Gonzalo Zuñigak, beldurraren ondorioz, kontakizunak beraien buruak salbatzeko frogatzat egin zituzten.

Baina Lope Agirrek soldadu indigena bakarra hil zuen. Bien bitartean, Gorteko kronisten arabera konkistatzaile nagusiak nobleak ziren, ausartak, akatsik gabeko jokabide moralekoak, antolatzaile gorenak... baina Hernan Kortes, Kristobal Kolon, Frantzisko Toledo, Diego Almagro, eta abar luze batek, hainbat milioi soldadu eta zibil indigena hil zituzten.

------------O0O------------

ZINEMA-GIDOIA: “Pasabide ezkutua

Oñatiko Araotz auzo bakartia. Hego aldera, Elgeako mendilerro garaiak Arabarekin muga luzea du. 1936.eko gerraoste urteak, gose urteak. Berrogei baserri inguru ditu.

BALENTIN (59) baserritarrak, familiako tradizioari jarraitzen dio kontrabando lanetan. Astean bi aldiz mandoekin joaten da JOXE semeak lagunduta Arabako lautadara gauez, burdina totxoak eramanez eta ardoa zein garia ekarriz. Itzuleran beti ematen die kontrolean guardia zibilei garrafoi ardo bana, ez salatzeko. Semea, baserrian laguntzeaz gain, Union Cerrajera enpresaren makina-etxe hidraulikoko zaintzailea da.

Egunsenti batez, baserrira ailegatutakoan jakin zuten Oñatiko somaten frankista baten semeak BALENTINEN alaba gaztea, IZASKUN, bortxatu zuela. Duela hilabete beste neska bat bortxatu zuen, gerra zibila irabazteagatik eskubidea zuela esanda. Biharamunean gorpua Jaturabeko urtegiko uretan agertu zen.

BALENTINEN alabak burua galdu, eta amak hura zaintzea du zeregin bakarra. JOXEk mendekua nahi du, hurrengoa bere neska-laguna izan daitekeelako. Gauean, maitasuna egin ondoren laguntza eskatzen dio.

Igandeko erromerian somatenaren semearen begirada lizunei, eta neska-lagunak erantzun egiten dio, dantzatzea onartuz. Baina, baserrira bueltan laguntzea ukatuz, umiliaziotzat hartzen du, eta bide bazter baten gordetzen da. JOXEk jarraitu egin dio, eta atzetik oratuz kolpe batez konorterik gabe uzten du. Basurdeak harrapatzeko zepoa hanketan ipini, eta saltarazi egiten du. Denbora gutxira odolustuta dago. Hala aurkitzen dute hurrengo egunean guardia zibilek.

Somatena Araotzera doa, pistola eskuan, guardia zibilen lau kotxez babestuta. Errepublikarren baserrietara doaz, erregistroak egitera kontrabandisten bila. BALENTINen semearen susmoz, baserria goitik behera miatzen du, ezer aurkitu gabe. Aitajaunak lurpean zulatutako ukuilutik ibairainoko pasabide ezkutuan dituzte gordeak burdina totxoak eta ardoa.

Handik gutxira, somatena bakarrik agertzen denean Araotzen, lagunek JOXEri ohartarazten diote eta honek, semearekin egindakoa errepikatzen du.

------------O0O------------

ANTZERKIA: “Eman Gabe

JON (29) historia irakaslea da lanbidez, eta idazlea zaletasunez. Izaera zalantzatia du. MIREIA (32) bikotekidea alderantzizkoa da, eta argitaletxe feminista baten dabil lanean. JONen helburua idaztetik bizitzea da. Bi eleberri idatzi ondoren, argitaletxeen onarpenik gabe, zinemarako eta telebistarako gidoiak egitea erabaki du.

Lehen ekitaldia
JON eta MIREIAren etxeko egongelara SEBATIAN (41) ekoizlea sartzen da. Aurreko astean Zinemaldiko liburu baten aurkezpenean MIREIAk gonbidatu zuen etxera, JONen lanak ezagutzeko. Elizanburu kapitain eta olerkaria aktore nagusia duen zinemarako gidoi bat duela azaltzen dio.

SEBASTIAnek gai unibertsalak nahiago ditu. Irakurri gabe ere, ez zaizkio gustatzen ez izena, luzeegia, ez militarra izatea. JONek ez du onartzen aldaketarik gidoian, bereziki esaldietan, baina SEBASTIANek zuzendariei eta aktoreei askatasuna uzten die egokitzapenak egiteko. Erdibidean, MIREIAk gidoia ematen dio irakurtzeko, gehituz aurreko gidoia lehiaketa batera aurkeztu zutela, saririk lortu gabe. JONek susmoa du gidoia irakurtzea baino, SEBASTIANek beste zerbait nahi duela.

Bigarren ekitaldia
SEBASTIANek azken pelikularen estreinaldira gonbidatu ditu. Dotore daude bera zein MIREIA. JONek ez du etiketaz jantzi nahi. SEBASTIANek Galindez politikoaren nobela irakurri berri du, eta hortik ez dagoela nazioartean saltzeko pelikula bat. Estreinaldira badoa, marketing-eko adituak aurkeztuko dio. Halaber, gidoian bi eszena erotiko gehitzeko eskatzen dio.

Hirugarren ekitaldia
MIREIAk, bananduta, etxetik alde du. JONek gidoia lehiaketara aurkeztu du. MIREIA eta SEBASTIAN bisitan joan dira. JON urduri dago, laster jakingo delako lehiaketako irabazlea. SEBASTIANek dio Europan mila eta bostehun pelikula estreinatzen direla urtero. Urduri, JON gelara doa. Laster, tiro hotsa entzuten da. MIREIA gelara doa. Berehala dator, negarrez. Irratiak dio lehiaketako saria eman gabe geratu dela.

------------O0O------------

ANTZERKIA: “Indianoa

Komedia honetako protagonista XABIER (42), kostaldeko herri garrantzitsu bateko semea, duela bi hamarkada sukaldari joan zen Bostonera, MacLeod milioidunaren etxera lanera. Euskal Herrian Mitxelin izardunen hiru jatetxe ospetsuetan laguntzaile bezala ikasitako esperientziarekin.

Hamabi urtez etxe hartako sukaldean aritu ondoren, bere jardueraz oso pozik zegoen ugazabak hirian goi mailako jatetxe pare batetan inbertitzea erabaki zuen, XABIER arduradun eta bazkide jarriz. Lana senper eginaz, eta MacLeod-en kudeaketari esker, Massachusetts estatu osoan kate bat garatzea lortu zuten. Bostoneko Kennedy familia luzearen neska batekin ezkondu ondoren, urte pare batera banandu eta Euskal Herrira begira hasi zen, bakardadeari amaiera emateko. Lan-utzialdi bat hartuz, Euskal Herrira itzultzen da, Bostonera lagunduta itzultzeko.

Lehen ekitaldia
ANAk (29) modako arropa denda bat du, eta IZASKUN (32) erizainarekin partekatzen du itsasora ematen duen apartamentua. Bart abeslari ezagun baten kontzertuan ezagutu zuen XABIER, garagardo pare bat hartu ondoren afaltzera gonbidatuz. Honek harridura azaltzen du, egongelako mahaian hiru plater daudelako. Arratsaldeko guardia amaitutakoan ailegatzen da IZASKUN, nekatuta, besteak kafea hartzen daudela. JABIER Detroiteko bizitzaren maila ona goraipatzen saiatzen da. ANA New Yorken egonda dago oporretan, baina IZASKUNentzat arrotzak dira hango kontuak.

Bigarren ekitaldia
Igandea. Urtero bezala ANA eta IZASKUN prestatzen dabiltza, egun pasa Lasarteko hipodromora joatekotan dira. XABIER gonbidatu dute, baina honek zalantzak ditu, ez baita inoiz egon. ANA kanpoan gelan prestatzen dagoen bitartean, IZASKUN animatzen du Detroitera berarekin joateko. Eta alderantziz, IZASKUN falta denean.

Hirugarren ekitaldia
XABIER biekin dago maiteminduta. ANAk nahiko luke joan, baina negozioa uztea pena ematen dio. IZASKUN ere prest legoke, baina Osakidetzan lanpostu ona du.

------------O0O------------

ANTZERKIA: “Omenaldia

Donostiako Barriola familiaren egongela. TXOMIN (29) lanbidez gimnasio bateko monitore da, puntista profesional bezala lesionatu zenetik. JON ANDER bere pilotako bikotea duela urtebete zendu zen, eta familiaren etxera doa omenaldi bat prestatzen dabilela esateko, eta beraien parte-hartzea eskatzeko.

JON ANDER zenaren ANE MIREN (56) amak zinez eskertzen dio omenaldia antolatzea, eta bere semearen txapel eta garaipenek merezi zutela uste du, pertsona jatorra izateaz gain txapeldun handia izan zelako.

Lehen ekitaldia
TXOMINek JON ANDER zenaren ANE MIREN (56) amari eskatzen dio omenaldian kantxa erdira atera dadin besteekin batera, oroimenezko plaka jasotzera. Ezezko borobila ematen dio, pentsatuta soilik urduri jartzen delako. IDOIA alaba kontserbatoriotik dator bibolinarekin, eta ama ez badoa bera ere ez doala. TXOMINek esaten dio ohorezko sakea egin beharko lukeela. IDOIAk berriro ezetz. Jadanik ez dela anaiaren arrebatxo gaztea. TXOMIN ezustekoan harrapatu du, baina ohartuz doa.

Bigarren ekitaldia
Omenaldi aurreko larunbata, pilota partiduak ikustera doaz. Etxeko giroa urduria da, eta TXOMIN ekitaldiaren nondik norakoak azaltzen dabil. IDOIAk ezkerreko besoa igeltsatuta dauka, eta beldurrez dago ohorezko sakerako txistera hartzeko. AGURTZANE, JON ANDERen alarguna, Iruñeako ospital batera doa lanera omenaldia pasatu ondoren, bizitza berri bati ekiteko asmoz. ANE MIRENek penaz, baina animatu egiten du. Eta eskerrak ematen dizkio JON ANDER zoriontsu egin zuelako.TXOMINek bere ezkutuko sentimenduak azaltzen dizkio AGURTZANEri.

Hirugarren ekitaldia
Omenaldian dena ondo joan da, eta AGURTZANEk ez du beretzat onartu nahi batutako dirua. Nahiago du anonimatuan Gurutze Gorriari ematea, istripuaren ondoren JON ANDERi emandako laguntzagatik. IDOIAk amari azaltzen dio bere semea txapelduna bazen, TXOMINi esker izan zela, ez alderantziz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

SINOPSIAK ANTZERKIA: “Hizkuntzalaria” Luis Villasante Euskaltzainburu aren " Historia de la literatura vasca " (1979) liburua...