miércoles, 24 de agosto de 2022

SINOPSIAK

ANTZERKIA: “Hizkuntzalaria”
Luis Villasante Euskaltzainburuaren "Historia de la literatura vasca" (1979) liburuan, 346. orrialdeko argazkian uniforme nazia duen Gerhard Bärh ofiziala ikus daiteke. Antzezlana, nagusiki, berarengan ardazten da. Asturiasko Meategien Konpainiak 1890ean bere aita kontratatu zuen, Friedrich Bärh ingeniari alemaniarra, Gipuzkoako Kataberako meategiak zuzentzeko. Txalet bat eraiki zuen Udanako gainean, eta Johanna von Daacke herrikidearekin ezkondu ondoren, bost seme-alaba izan zituzten, horietatik bigarrena Gerhard, 1900ean jaioa eta euskaltzain bilakatuko zena.

Lehen ekitaldia: 1919ko udaberria.
Lehen Mundu Gerra amaitu eta hilabete gutxira. Gerhard jantokira sartzen denean hasten da agerraldia, bertan mahaia altxatzen ari baita Miren neskamea. Gerhard 1912an bidali zuten Alemaniara batxilergoa egitera, eta 18 urterekin Belgikako fronterako mobilizatu zuten. Batailan zaurituta, armistizioa sinatu ondoren hainbat hilabete eman zituen ospitalean, familiaren etxera itzuli ahal izan zuen arte. Eta ongietorri bazkaria antolatu diote.

Bigarren ekitaldia: 1930eko ekaina.
Bärh familia Alemaniara joan zen 1920an Friedrich hil ondoren, eta urtero bezala, Gerhard Udanara iritsiko da udan. Göttingengo Unibertsitatean Kimika eta Letretako ikasketak egin zituen. Mirenek gaixorik dagoen ama zaintzen du, eta asteburuetan jatetxe batean zerbitzari aritzen da. Bestalde, Joxe Joakinek meategietako arduradun izaten jarraitzen du, nahiz eta euren jarduera asko apaldu.

Hirugarren ekitaldia: 1940ko uda.
Bigarren Mundu Gerra hasita, Gerhard Belgikan mobilizatu zuten berriro, baina orain alemaniar agintarien interprete bezala. Alderdi nazian afiliatu zen, eta Hirugarren Reicheko Interpreteen Eskola Ofizialeko irakaslea da. Alemaniako enbaxadoreak deitu dio Madriletik, armada naziaren alde Leningradora joateko antolatzen ari den Dibisio Urdinaren interpretea izatea proposatzeko. Bidaia aprobetxatuz, Bilbora hurbilduko da doktore-tesiaren kopia bat Euskaltzaindiara eramatera, eta Udanara doa bere lagunak agurtzera.

------------O0O------------

ZINEMA-GIDOIA: “Olagizon maisua

Gipuzkoako herri bat, Erdi aroan 1548. urtean. Gebaratarren konderrian, burdinolak etengabe dihardute lanean, Ameriketarako egiten diren itsasontzientzat iltzeen premiak asetzeko.

BELTRANek (32), herriko semea eta Zubillagako burdinolako olagizon maisua, bere ezagutzengatik eta izaera sendoagatik, Gebaratar kondearen konfiantza osoa du.

Arratsalde baten lanetik bueltan, jendetza ikusten du enparantzan. Jaumendiko zelaian gizon bat urkatzera doaz, kondearen baso baten gaztainak lapurtzeagatik. Zigor eredugarria izatea nahi dute. Jende guztiak deitoratzen du, baina isilik daude, etsipenez urkamendira begira. Atze aldean, urkatuaren seme IÑIGO negarrez dago. BELTRANek zaldiaren bridak eman ondoren, etxeraino jarraitzeko eskatzen dio, burdinolan lana eskainiz.

BELTRANen arreba ezkontzekotan da, eta Gebaratar kondeak perna-eskubidea duela aldarrikatzen dio. Arrebak ez du jasaten egoera, eta bere buruaz beste egiten du. Mendekua hartzea erabaki du, eta jakitun begi onez ikusten duela, KONSTANTZA kondearen emaztea burdinolara gonbidatzen du. Doanean, aldagelan maitasuna egiten dute gogoz, izerditan.

Halaber, kondea tabernara gonbidatzen du afaltzera idazkariarekin batera, burdinolako Sevillako ontzi-armadore bezeroak bisitatzera joatea nahi duelako, itsasontzi berrientzat salmentak ziurtatzeko. Perretxikoen tortillan amanita pozoitsu batzuk sartu ditu, eta afaldu ondoren IÑIGOk prestatu dion edabea hartzen du, botaka egiteko. Kondea hurrengo egunean txarto sentitzen da, baina emaztearen eskutitza irakurri ondoren, kapitainari deitzen dio, BELTRAN eta bere emaztea Sevillarako bidean direla eta biak hiltzeko aginduz. Burgosen aurkitzen ditu, eta dueluan BELTRANek irabazten du.

Sevillan, armadoreekin tratua egiten dute. Biharamunean BELTRAN eta IÑIGO goiz jaiki eta Ameriketara doan galeran ontziratzen dira. KONSTANTZA esnatzen denean bakarrik dagoela ohartuz, portura abiatzen da korrika. Han, urrutiratzen doan itsasontziko popan BELTRAN ikusten du, kapitainarekin hitz egiten.

------------O0O------------

ANTZERKIA: “Lope Agirre
Lope Agirre Hegoamerikako esploratzaile eta konkistatzailea 1561ko urrian hil zen Barquisimeto herrian, gaurko Venezuelan.

Bakarrizketa Lopek hilko dela dakien momentuan aurkezten duen oratorio bat da, eta bere bizitza osoa errepasatzen duen aitorpena egiten du, pertsonaiak bizitasuna eta poza izateko beharra azpimarratuz.

Lope lintxamendu baten menpe egon zen. Heriotzera kondenatu zuten, eta antzerkiak fikzioak espekulatu eta bizitzako gertaera konplexu batetik figura bat sortzeko aukera eman diola azpimarratzen du, horrek "pertsonaia ausart eta berezia, Ameriketako herri indigenen independentzia Espainiaren Koroarekiko, espero zenaren parametro sozialetara egokitzen ez zen pertsonaia bat" erakutsiz.
Kronistek bere aurka hasi zuten zikinkeria kanpaina ikaragarriari aurre egin behar izan zion, zorotzat jo eta Gaztela boteretsuaren aurka bakarrik uzteko. Behin lagunak alde egin ostean, berak bakarrik zaintzen du bere alabaren gorpua azken gauean, historiaren kontakizun ofiziala zalantzan jarriz.

Mendeetan zehar, Lope Agirre deabruaren pare jarri izan dute, odoltsua, hiltzailea, traidorea, ezpata errazekoa, zakarra eta etsitua zelakoan.

Ospe txarra lau soldadu-ohi soilen, “kronisten”, idatzietan oinarritzen da, El Doradoko altxorren bila Amazonas ibaian behera egindako espedizioan berarekin parte hartu zutenak. Lope Agirreren eta gainontzeko marañoien asmoak partekatu zituzten, baina erregeordearen indarrek Lope garaitu zutenean, guztiei heriotza zigorra ezarri zieten. Pedro Mungia, Custodio Hernández, Francisco Vazquez eta Gonzalo Zuñigak, beldurraren ondorioz, kontakizunak beraien buruak salbatzeko frogatzat egin zituzten.

Baina Lope Agirrek soldadu indigena bakarra hil zuen. Bien bitartean, Gorteko kronisten arabera konkistatzaile nagusiak nobleak ziren, ausartak, akatsik gabeko jokabide moralekoak, antolatzaile gorenak... baina Hernan Kortes, Kristobal Kolon, Frantzisko Toledo, Diego Almagro, eta abar luze batek, hainbat milioi soldadu eta zibil indigena hil zituzten.

------------O0O------------

ZINEMA-GIDOIA: “Pasabide ezkutua

Oñatiko Araotz auzo bakartia. Hego aldera, Elgeako mendilerro garaiak Arabarekin muga luzea du. 1936.eko gerraoste urteak, gose urteak. Berrogei baserri inguru ditu.

BALENTIN (59) baserritarrak, familiako tradizioari jarraitzen dio kontrabando lanetan. Astean bi aldiz mandoekin joaten da JOXE semeak lagunduta Arabako lautadara gauez, burdina totxoak eramanez eta ardoa zein garia ekarriz. Itzuleran beti ematen die kontrolean guardia zibilei garrafoi ardo bana, ez salatzeko. Semea, baserrian laguntzeaz gain, Union Cerrajera enpresaren makina-etxe hidraulikoko zaintzailea da.

Egunsenti batez, baserrira ailegatutakoan jakin zuten Oñatiko somaten frankista baten semeak BALENTINEN alaba gaztea, IZASKUN, bortxatu zuela. Duela hilabete beste neska bat bortxatu zuen, gerra zibila irabazteagatik eskubidea zuela esanda. Biharamunean gorpua Jaturabeko urtegiko uretan agertu zen.

BALENTINEN alabak burua galdu, eta amak hura zaintzea du zeregin bakarra. JOXEk mendekua nahi du, hurrengoa bere neska-laguna izan daitekeelako. Gauean, maitasuna egin ondoren laguntza eskatzen dio.

Igandeko erromerian somatenaren semearen begirada lizunei, eta neska-lagunak erantzun egiten dio, dantzatzea onartuz. Baina, baserrira bueltan laguntzea ukatuz, umiliaziotzat hartzen du, eta bide bazter baten gordetzen da. JOXEk jarraitu egin dio, eta atzetik oratuz kolpe batez konorterik gabe uzten du. Basurdeak harrapatzeko zepoa hanketan ipini, eta saltarazi egiten du. Denbora gutxira odolustuta dago. Hala aurkitzen dute hurrengo egunean guardia zibilek.

Somatena Araotzera doa, pistola eskuan, guardia zibilen lau kotxez babestuta. Errepublikarren baserrietara doaz, erregistroak egitera kontrabandisten bila. BALENTINen semearen susmoz, baserria goitik behera miatzen du, ezer aurkitu gabe. Aitajaunak lurpean zulatutako ukuilutik ibairainoko pasabide ezkutuan dituzte gordeak burdina totxoak eta ardoa.

Handik gutxira, somatena bakarrik agertzen denean Araotzen, lagunek JOXEri ohartarazten diote eta honek, semearekin egindakoa errepikatzen du.

------------O0O------------

ANTZERKIA: “Eman Gabe

JON (29) historia irakaslea da lanbidez, eta idazlea zaletasunez. Izaera zalantzatia du. MIREIA (32) bikotekidea alderantzizkoa da, eta argitaletxe feminista baten dabil lanean. JONen helburua idaztetik bizitzea da. Bi eleberri idatzi ondoren, argitaletxeen onarpenik gabe, zinemarako eta telebistarako gidoiak egitea erabaki du.

Lehen ekitaldia
JON eta MIREIAren etxeko egongelara SEBATIAN (41) ekoizlea sartzen da. Aurreko astean Zinemaldiko liburu baten aurkezpenean MIREIAk gonbidatu zuen etxera, JONen lanak ezagutzeko. Elizanburu kapitain eta olerkaria aktore nagusia duen zinemarako gidoi bat duela azaltzen dio.

SEBASTIAnek gai unibertsalak nahiago ditu. Irakurri gabe ere, ez zaizkio gustatzen ez izena, luzeegia, ez militarra izatea. JONek ez du onartzen aldaketarik gidoian, bereziki esaldietan, baina SEBASTIANek zuzendariei eta aktoreei askatasuna uzten die egokitzapenak egiteko. Erdibidean, MIREIAk gidoia ematen dio irakurtzeko, gehituz aurreko gidoia lehiaketa batera aurkeztu zutela, saririk lortu gabe. JONek susmoa du gidoia irakurtzea baino, SEBASTIANek beste zerbait nahi duela.

Bigarren ekitaldia
SEBASTIANek azken pelikularen estreinaldira gonbidatu ditu. Dotore daude bera zein MIREIA. JONek ez du etiketaz jantzi nahi. SEBASTIANek Galindez politikoaren nobela irakurri berri du, eta hortik ez dagoela nazioartean saltzeko pelikula bat. Estreinaldira badoa, marketing-eko adituak aurkeztuko dio. Halaber, gidoian bi eszena erotiko gehitzeko eskatzen dio.

Hirugarren ekitaldia
MIREIAk, bananduta, etxetik alde du. JONek gidoia lehiaketara aurkeztu du. MIREIA eta SEBASTIAN bisitan joan dira. JON urduri dago, laster jakingo delako lehiaketako irabazlea. SEBASTIANek dio Europan mila eta bostehun pelikula estreinatzen direla urtero. Urduri, JON gelara doa. Laster, tiro hotsa entzuten da. MIREIA gelara doa. Berehala dator, negarrez. Irratiak dio lehiaketako saria eman gabe geratu dela.

------------O0O------------

ANTZERKIA: “Indianoa

Komedia honetako protagonista XABIER (42), kostaldeko herri garrantzitsu bateko semea, duela bi hamarkada sukaldari joan zen Bostonera, MacLeod milioidunaren etxera lanera. Euskal Herrian Mitxelin izardunen hiru jatetxe ospetsuetan laguntzaile bezala ikasitako esperientziarekin.

Hamabi urtez etxe hartako sukaldean aritu ondoren, bere jardueraz oso pozik zegoen ugazabak hirian goi mailako jatetxe pare batetan inbertitzea erabaki zuen, XABIER arduradun eta bazkide jarriz. Lana senper eginaz, eta MacLeod-en kudeaketari esker, Massachusetts estatu osoan kate bat garatzea lortu zuten. Bostoneko Kennedy familia luzearen neska batekin ezkondu ondoren, urte pare batera banandu eta Euskal Herrira begira hasi zen, bakardadeari amaiera emateko. Lan-utzialdi bat hartuz, Euskal Herrira itzultzen da, Bostonera lagunduta itzultzeko.

Lehen ekitaldia
ANAk (29) modako arropa denda bat du, eta IZASKUN (32) erizainarekin partekatzen du itsasora ematen duen apartamentua. Bart abeslari ezagun baten kontzertuan ezagutu zuen XABIER, garagardo pare bat hartu ondoren afaltzera gonbidatuz. Honek harridura azaltzen du, egongelako mahaian hiru plater daudelako. Arratsaldeko guardia amaitutakoan ailegatzen da IZASKUN, nekatuta, besteak kafea hartzen daudela. JABIER Detroiteko bizitzaren maila ona goraipatzen saiatzen da. ANA New Yorken egonda dago oporretan, baina IZASKUNentzat arrotzak dira hango kontuak.

Bigarren ekitaldia
Igandea. Urtero bezala ANA eta IZASKUN prestatzen dabiltza, egun pasa Lasarteko hipodromora joatekotan dira. XABIER gonbidatu dute, baina honek zalantzak ditu, ez baita inoiz egon. ANA kanpoan gelan prestatzen dagoen bitartean, IZASKUN animatzen du Detroitera berarekin joateko. Eta alderantziz, IZASKUN falta denean.

Hirugarren ekitaldia
XABIER biekin dago maiteminduta. ANAk nahiko luke joan, baina negozioa uztea pena ematen dio. IZASKUN ere prest legoke, baina Osakidetzan lanpostu ona du.

------------O0O------------

ANTZERKIA: “Omenaldia

Donostiako Barriola familiaren egongela. TXOMIN (29) lanbidez gimnasio bateko monitore da, puntista profesional bezala lesionatu zenetik. JON ANDER bere pilotako bikotea duela urtebete zendu zen, eta familiaren etxera doa omenaldi bat prestatzen dabilela esateko, eta beraien parte-hartzea eskatzeko.

JON ANDER zenaren ANE MIREN (56) amak zinez eskertzen dio omenaldia antolatzea, eta bere semearen txapel eta garaipenek merezi zutela uste du, pertsona jatorra izateaz gain txapeldun handia izan zelako.

Lehen ekitaldia
TXOMINek JON ANDER zenaren ANE MIREN (56) amari eskatzen dio omenaldian kantxa erdira atera dadin besteekin batera, oroimenezko plaka jasotzera. Ezezko borobila ematen dio, pentsatuta soilik urduri jartzen delako. IDOIA alaba kontserbatoriotik dator bibolinarekin, eta ama ez badoa bera ere ez doala. TXOMINek esaten dio ohorezko sakea egin beharko lukeela. IDOIAk berriro ezetz. Jadanik ez dela anaiaren arrebatxo gaztea. TXOMIN ezustekoan harrapatu du, baina ohartuz doa.

Bigarren ekitaldia
Omenaldi aurreko larunbata, pilota partiduak ikustera doaz. Etxeko giroa urduria da, eta TXOMIN ekitaldiaren nondik norakoak azaltzen dabil. IDOIAk ezkerreko besoa igeltsatuta dauka, eta beldurrez dago ohorezko sakerako txistera hartzeko. AGURTZANE, JON ANDERen alarguna, Iruñeako ospital batera doa lanera omenaldia pasatu ondoren, bizitza berri bati ekiteko asmoz. ANE MIRENek penaz, baina animatu egiten du. Eta eskerrak ematen dizkio JON ANDER zoriontsu egin zuelako.TXOMINek bere ezkutuko sentimenduak azaltzen dizkio AGURTZANEri.

Hirugarren ekitaldia
Omenaldian dena ondo joan da, eta AGURTZANEk ez du beretzat onartu nahi batutako dirua. Nahiago du anonimatuan Gurutze Gorriari ematea, istripuaren ondoren JON ANDERi emandako laguntzagatik. IDOIAk amari azaltzen dio bere semea txapelduna bazen, TXOMINi esker izan zela, ez alderantziz.

jueves, 5 de noviembre de 2020

ESALDIAK

"Aurrera,
beti aurrera
." On Jose Mª Arizmendiarrieta

"The National Theatre,
is a place of satisfaction for the old,
and revelation for the young,
not to mention those in between."
Alan Bennett
National Theatre, London

"Dabilen harriari,
ez zaio goroldiorik lotzen."
Axular

"Auzolana da gure iraganaren ondarea,
orainaren lanabesa,
eta etorkizunaren giltza."
Amaiur

"We can determine what people's values are,
by observing how they act in their daily lives.
If an idea is not somehow manifested in action,
then it is not a value.
"
Greg MacLeod

martes, 3 de noviembre de 2020

 

Antzerkia: K U N S H A N

 



Parte-hartzaileak

-  Juan Antonio Andueza, aurre-jubilatua, berrogeita hemeretzi urte. 

-  Mireia, alaba, hogeita zazpi urte.

 

Tokia: Edozein hiriko auzo popularreko laugarren solairuko etxebizitza.

Garaia: Gaur egun.              

 

Agertokia

Anduezatarren etxeko egongela. Erdi maila apal bateko dekorazioa du. Agertokiaren erdian urte batzuk dituen sofa zabala, eta aurrean telebista pantaila handia. Albo baten mahaia aulkiekin, eta lorontzi batzuk.

 

Akzioa hasten denean, Juan Antonio futbol partidu bat ikusten dago telebistan, bakean, eskuinean garagardo bat duela. Pasilloko atetik Mireia sartzen da, eta berehala kentzen ditu eskularrua eta maskara.

MIREIA: Aita, aspaldiko partez, berri onak dituk gaurkoan.

 

JUAN ANTONIO: (Begiak telebistatik kendu gabe, isiltzeko keinua egiten dio, eta ukondoarekin agurtu alaba) Bost minutu falta dira partidua bukatzeko. Itxaroterik bai?

MIREIA: Nor doa irabazten?

JUAN ANTONIO: Joder, ba gureak. Kopako finala da!

Buelta eman eta Mireia barne aldeko atetik doa, lasai. Ohituta dago horrelako egoeratara.

JUAN ANTONIO: (Laster, deiadarka) Mireia! Mireia!

Astiro agertuko da, etxeko arropak janzten.

MIREIA: Irabazi azkenean?

JUAN ANTONIO: (Garagardo tragoa hartu ondoren) Kopa geuretzat! Aupa gu!

MIREIA: Zenbat aldiz ikusi duzu nire gaztetako kopako final hori?

JUAN ANTONIO: Irabazi dugun azkena. Eta merezita gainera!

MIREIA: Aita, berriak ditut.

JUAN ANTONIO: Nik ostera, koronabirusagatik konfinamendua hasi zenetik, zero. Ez dut inolako berririk. Ez atzo nituen, ez bihar izango ditut.

 

MIREIA: Badakizu duela hilabete gobernuak beka eman zidala enpresan praktikak egiteko.

JUAN ANTONIO: Oso ondo gogoratzen naiz. Egunero gogoratzen gainera.


MIREIA: Eta orain dela bi aste hemengo enpresa baten Txinako filialera joateko onartu nindutela.

 

JUAN ANTONIO: Buruarina naizela uzte duzu? Ez dizut ezer galdetzen, presiorik ez sartzeko.

MIREIA: Bihar eguerdian hartu behar dut hegazkina.

JUAN ANTONIO: (Jauzi batekin zutituz, harrituta) Hostia! Bihar!

MIREIA: Ez dut beste aukerarik.

JUAN ANTONIO: Baina bihar… bihar da! Bertan dago!

MIREIA: Bazenekien zain nengoela.

JUAN ANTONIO: Baina gauzak ez dira horrela egiten. Bihar!

MIREIA: Hogeita lau ordu eskas ditut maleta prestatzeko.

JUAN ANTONIO: Lagunduko dizut.

MIREIA: Orduan auskalo zenbat ordu beharko nituzke.

JUAN ANTONIO: Ados. Ez dizut lagunduko.

MIREIA: Beti moldatu naiz bakarrik.

JUAN ANTONIO: Ama biziko balitz ez zenioke laguntza ukatuko.

 

MIREIA: Ama biziko balitz ez zinateke egun osoa besaulkian garagardoak edaten egongo. (Lau eskutitz ematen dizkio) Hemen berrogeialdia ondo eramateko izkribua dago, zazpi gomendiorekin.

 

JUAN ANTONIO: Joder, zazpi gomendio. (Eskutitzak mahai gainean uzten ditu, jaramon larregi egin gabe) Telebistan ere egun osoan sasijakintsu piloa dabil gomendioak ematen!

 

MIREIA: Idazpuru urdindun biak enpresakoak dira, eta beste hori sindikatukoa. Noiz arte ordaindu behar duzu kuota?

JUAN ANTONIO: Jubilatuontzat herena da soilik.

MIREIA: Noiz arte baina?

 

JUAN ANTONIO: Bizi naizen bitartean ordainduko dut. Ze hostia, hori ere utzi egin behar dut? Zertan geratzen naiz? Etxean konfinatutako kaka zaharra bakartia?

 

MIREIA: Atzerrira joateak gastu berriak dakar, badakizu, apartamentua alokatu behar, bidaiak, etab.

JUAN ANTONIO: Zenbatekoa da?

MIREIA: Beka?

JUAN ANTONIO: Eurotan da?

MIREIA: Erdia gobernuak ordaintzen dit, eta beste hainbeste enpresak.

JUAN ANTONIO: Inoiz ez duzu bekarik izan!

MIREIA: Supermerkatuko kutxan baino gehiago irabaziko dut!

JUAN ANTONIO: Ez da zaila.

MIREIA: Hara bestea! Zenbatekoa zen zure azken soldata.

JUAN ANTONIO: Gaztetan alproja samarra nintzen eta ez nuen ikasi.

MIREIA: Bi mila euro inguru izango dira guztira.

JUAN ANTONIO: Eta aseguru soziala?

MIREIA: (Barne aldeko ate aldera doala) Enpresaren kontura.

 

JUAN ANTONIO: Ez dago gaizki, zure adinerako. (Hormara gerturatzen da. Esekita dagoen bikotearen argazkiari hitz egingo dio) Ene bihotzeko Lurdes… Maitea, zure azken egunetan ohe ertzean alabarekin ondo konpontzen saiatuko nintzela agindu nizun. Baina zurekin alderatzen nau beti. Eta jakina, galtzen ateratzen naiz. Hainbeste amets, hainbeste proiektu genituen, eta zendu zinenetik dena popatik hartzera joanda. Bueno, aurretik ere gehiagotan joan zaizkit gauzak oker zuzen baino… Zurekin ezkontzea izan zen hartu nuen erabakirik zentzuzkoena. Agian bizitzan ez nizun nahiko eskertu, hori egia izango da, ziur. Mireiak esaten dit alferrik nabilela orain zuri hitz egiten, aukera izan nuenean tabernan egoten nintzela, eta etxera konturik ez nituela ekartzen. Baina bazenekien zurea nintzela, eta ez nizula inoiz adarrik ipini, ez eta intentziorik ere. Zuk ere ez zenuen ikasi, baina ez zitzaizun gustatzen poliziaren aurrean korrika egitea, ez iraultza aldarrikatzea, ez hippie kaletarren martxa. Nahiko zenuen Mireia eskolara bidaltzeko lain irabazi, eta auzoan bizitza hobea eskaintzea.

Alaba sartzen da, maleta handi batekin.

MIREIA: Berriro hormari hitz egiten?

 

JUAN ANTONIO: Zure amari kontatzera nindoan bihartik aurrera bakar bakarrik geratuko naizela etxean.

MIREIA: Eta, zer dio?

JUAN ANTONIO: (Moztuta) Afaria prestatu dizut. Berotu besterik ez.

 

MIREIA: Bihar goizean arropak erostera joango naiz. Txinako filialean lehen inpresio ona eman nahi dut.

JUAN ANTONIO: Nik kotxea garbituko dut, aireportura eramateko.

MIREIA: Bila etorriko zaizkit.

JUAN ANTONIO: Ez da hobe aitarekin kotxean joatea, eta han despeditzea?

 

MIREIA: Etxera etorriko da enpresako txoferra. Eta mesedea eskatzea gustatuko litzaidake.

JUAN ANTONIO: Niri?

MIREIA: Bai, oso garrantzitsua.

 

JUAN ANTONIO: Badut diru apur bat aurreztuta. (Barne aldeko atera mugitzen da) Hiru mila euro, nahiko?

MIREIA: Egon lasai. Beste mota bateko mesedea da.

JUAN ANTONIO: Hostia! Sekula ez didazu eskatu bestelako mesederik!

MIREIA: Dutxatu, bizarra moztu, eta igandeko arropak jantzi, txoferra datorrenerako.

JUAN ANTONIO: Gaizki nago honela?

MIREIA: Bizarra ez duzu egunero egiten.

JUAN ANTONIO: Krema gutxiago gastatzeko.

MIREIA: Biharko agintzen didazu egingo duzula?

JUAN ANTONIO: Berrogeialdian, axola dio bizarra kentzea ala ez etxean egoteko?

MIREIA: Etxeko atariraino behintzat jaitsiko zara.

JUAN ANTONIO: Neuk eramango dizut maleta.

 

MIREIA: (Poltsa txiki bat ematen dio) Tori, jaisten zarenerako. Supermerkatuan eskularruak eta musukuak eskatu ditut.

JUAN ANTONIO: Ez ditut sekula santan erabili.

MIREIA: Txoferra agurtu hitzez, baina ez gerturatu. 

JUAN ANTONIO: Eskua emango diot?

 

MIREIA: Are gutxiago. Zu atarian geratu, irribarrez eta esker onez. Inpresio ona har dezala.

JUAN ANTONIO: Gero agintariei kontatuko die ala?

MIREIA: Nork daki. Baina konfiantzazko bekaria hartu dutela sinestarazi behar diegu.

JUAN ANTONIO: Mekaguen. Isilik egon beharko dut!

MIREIA: Maleta espaloi ertzean utzi, eta berak sartuko du kotxean.

JUAN ANTONIO: Ogitarteko parea prestatuko dizut bidaiarako?

MIREIA: Fruta eramango dut soilik.

 

JUAN ANTONIO: Joder, ze atsegin etorri zaren gaur. Jakin daiteke nora demonio zoazen?

MIREIA: Shangai ondoko Kunshan hirira.

JUAN ANTONIO: Kuxan? Hostia! Inoiz entzun gabe nuen.

MIREIA: Hegazkinean hamalau ordu besterik ez dira.

 

JUAN ANTONIO: Despeditu zara supermerkatuan, lagunekin, ONGan, dantza taldean, auzo-elkartean?

 

MIREIA: Denekin. Asteburuan. Lanean gaur, jakina.

 

JUAN ANTONIO: Eta artaburu hau bakarrik etxean. (Garagardoa hartzera doa) Abandonatuta.

MIREIA: Gizagaixoa. Gauero deituko zaitut whatsappeko bideotik.

 

JUAN ANTONIO: Iaz emaztea galdu nuen. Eta burua jaso ezinda nabilenean, alaba Txinara doala.

MIREIA: Burua ondo jasota duzu, aita.

 

JUAN ANTONIO: Bilobak noiz ekarriko zain hemen, etxea alaitzeko, eta bakarrik uzten nauzu.

MIREIA: Mesedez ez berriro aipatu bilobena. Ados?

 

JUAN ANTONIO: Europan geratzea zenuke. Noruegan edo Findandian, nire ametsa betetzeko.

MIREIA: Neu ere inoiz ez naiz joan fiordoak ikustera.

 

JUAN ANTONIO: Edo Eskoziara edo Ingalaterrara bestela. Agindua diot Josetxo adiskideari ailegatuko dela eguna Liverpooleko futbol partidua ikustera joango garela. Dirua aurrezten hasita gaude. Hilero hamar euro.

 

MIREIA: Jontxo hamar euro! Urte batzuk itxarongo beharko duzue. Ordurako hemen nauzu berriro bueltan.

 

JUAN ANTONIO: Zu Ingalaterrara joan izan bazina, etxea behintzat dohainik izango genuke.

MIREIA: Beste bekadun guztiak jadanik atzerrian daude. Azkena izan naiz.

JUAN ANTONIO: Norbait atzera bota da Txina delako?

MIREIA: Bai.

JUAN ANTONIO: Berdin egin beharko zenuke.

MIREIA: Niretzat beti izan da horrela. Bekadunen zerrendako azken aurrekoa nintzen.

JUAN ANTONIO: Ez dizut horregatik esaten.

MIREIA: Ez nuen unibertsitatean sartzeko notarik lortu.

JUAN ANTONIO: Ospera, kontabilitatea ikasi zenuen.

MIREIA: (Barneko aterantz doala) Ez larregi.

JUAN ANTONIO: Ze demonio! Nik ez nuen balio izan ezer ikasteko.

Mireia atera da, eta Juan Antonio ohiko bakarrizketarekin hasten da.

 

JUAN ANTONIO: (Hormako argazkiari begira, dagoen tokitik) Egoera ez da erraza Lurdes maitea. Batzuetan gauzak ahaztu egiten zaizkidala, eta bestetan errepikatu, ez dakit nola demonio asmatu zure alabarekin. Alde batetik triste nago urrun doalako, eta errieta egiten didalako eten barik. Baina bestaldetik pozten naiz baita, bake santuan egongo naizelako… Hau da marka hau, Lurdes. Bakar bakarrik, hementxe. Gaurkoari soilik begira, biharkoak ez didalako ezer berezirik ekarriko. Mireia joandakoan, egun denak berdinak… Gogoratzen zara gaztetan zenbat egitasmo amesten genituen? Sindikatuko kideekin mundua aldatzea nahi genuen. Ezkertiarra, anti-nuklearra eta berdea, hori zen nire ametsa. Eta pankarta piloa egin genituela manifatara joateko? Egia esan, zuzendaritzakoak eramaten zituzten lehen lerroan, baina gu pozik geunden probetxugarriak ginelako. Inoiz ez ginen kexatzen lana egiteko eskatzen zigutenean. Ah zelako garai zoriontsuak! Pozik egoten ginen garajean pankarta berriak margotzen, Bob Dylan eta Joan Baezen musika ipinita, kanpokoek zaratarik ez entzuteko (Dylanen “Blowing in the wind” abesten hasten da) “La, la,la la,la,la,la,la,la… erantzuna ene adiskide, erantzuna ene adiskide, erantzuna haizean flotatzen dago”. Edo gogoratzen beste hura? (Oraingoan Baezenarekin hasiko da) “Gracias a la vida, que me ha dado tanto, la, la, la, la, la…” Oroitzen? Bizitzak asko eman dit, baina azken aldean kendu ere bai.

 

MIREIA: Ni supermerkatuan nengoenean, hor egoten zinen denbora guztian? Koadroari matraka ematen?

 

JUAN ANTONIO: Amari kontatzen ari nintzen, zure aitona ze pozik etortzen zen eskolara ni agurtzera. Eta nola gustatzen zitzaion tailerretik bueltatxo bat ematea.

MIREIA: Han hasi zinen eta han jubilatu. Eskerrak berak ez zuela amaiera ikusi.

JUAN ANTONIO: Ez nuen mailarik klase teorikoak emateko.

MIREIA: Promoziorako azterketetara ez zinen inoiz aurkeztu baina?

JUAN ANTONIO: Pentsatzeak soilik, urduri jartzen ninduen.

MIREIA: Dirua aurrezten dudanean, Kunshanera joateko hegazkina ordainduko dizut.

JUAN ANTONIO: Hainbeste ordu hegan? La puñeta!

MIREIA: Lehenengo han egonkortu behar naiz. Bizpahiru hilabete bai.

JUAN ANTONIO: Supermerkatuan pozik zenbiltzala esaten zenidan beti.

MIREIA: Hobetu nahi dut.

JUAN ANTONIO: Kutxazain postuan asko ikasten zenuela, Jendearekin tratatzen eta pazientzia edukitzen.

MIREIA: Sei urte eman ditut bertan. Kunshanera noa, eta kito!

JUAN ANTONIO: Ama bizi balitz hemen geratuko zinateke.

MIREIA: Ziurrenik ez. Berak animatzen ninduen aurrera egiten.

JUAN ANTONIO: Nik ere bai.

MIREIA: Noizbehinka. Ikasi gabe bizitza atera zenuela esaten zenidan.

JUAN ANTONIO: Eta egia da. Etxe honen hipoteka aspaldi ordaindu nuen.

MIREIA: Genuen, aita. Ama eta biok.

 

JUAN ANTONIO: Eta kotxea dugu. Ez oso berria, baina zu aireportura ondo eramango zaitu, hala nahi baduzu.

MIREIA: Ozta ozta pasatu du aurtengo ITVa.

JUAN ANTONIO: Pasatu du koño, ez da gutxi.

MIREIA: Maleta egitera noa.

JUAN ANTONIO: Hirurok gauden argazkiak bilatuko ditut bertan sartzeko.

MIREIA: Gehieneko pisua hogei kilo dira, eta ez dut gain-pisurik ordaindu nahi.

JUAN ANTONIO: Malguak izango dira. Gaur egun ez dabil inor hegazkinetan.

MIREIA: Amari mendian atera zeniona gustatzen zait. Bera bakarrik dagoena.

JUAN ANTONIO: Konturatzen zara?

MIREIA: Ta? Neuk aukeratuko dut, ala?

JUAN ANTONIO: Nirerik ez duzu nahi.

MIREIA: Egunero deituko dizut.

 

JUAN ANTONIO: Beti baztertu nauzu. Amak egiten zituen gauzak ondo, bera bezalako sukaldaririk ez zegoen, eta jostun ezin hobea, eta maitagarria.

MIREIA: Zu lagunekin tabernan zaren modukoa.

 

JUAN ANTONIO: Aspaldian ez dut jaisteko aukerarik izan. Hemezortzi egun jada berrogeialdian, hemezortzi!

MIREIA: Beti garagardo usainarekin etortzen zinen etxera.

JUAN ANTONIO: Baina ondradua izan nintzen.

MIREIA: Ez dut ulertzen zergatik zen hain ona zurekin.

 

JUAN ANTONIO: Inoiz ez naizelako langabezian serio egon. Beti eman dut onena lanean, eta edozein enkargatu izan dudala ere, amak nire soldata osorik jasotzen zuen.

MIREIA: Gero eta txikiagoa, dena esan behar bada.

JUAN ANTONIO: Ez zen nire errua izan soldatzaile nenbilela enpresak porrot egitea.

MIREIA: Ezer ez da zure errua izaten.

JUAN ANTONIO: Mantenuan izan nintzenean irabazten nuen gehien.

MIREIA: Enpresa hura itxi egin zen.

 

JUAN ANTONIO: Nire patua omen da. Baina gero eskolatik deitu zidaten, tailerreko praktikak emateko. Soldatzen eta mekanikan eskarmentu ona nuen. La hostia baloratu zuten hori.

 

MIREIA: Hasieran izango zen. Bizi osoa praktikak ematen pasa duzu.

 

JUAN ANTONIO: Ados. Ezer ikasi gabekoarentzat, eskola baten praktikak ematea ez al zen ohorea?

MIREIA: Maleta egitera noa.

JUAN ANTONIO: Amaren argazkia sartu, ahaztu gabe.

MIREIA: Jeloskor zaude?

JUAN ANTONIO: Ta?

 

MIREIA: (Barnerako ate aldera doa) Bi garagardo pack ekarri dizkizut supermerkatutik. Irakurri dituzu konfinamendurako aholkuak?

JUAN ANTONIO: Zu aitaren aldamenean geratzea izango litzateke gomendiorik onena.

MIREIA: Bai ala ez?

JUAN ANTONIO: Hasi naiz. Laugarrenean noa.

Mireia atera egiten da. eta Juan Antonio besaulkian jesartzera doa. Apur baten bertan egon ondoren, astiro zutitzen da.

 

JUAN ANTONIO: (Lehengo hormara gerturatzen da, argazkiari hitz egitera) Mireia plantxatzera joan da. Badakit esaten zenidala ikasi egin behar nuela, baina… Etxea garbitzen ez nintzen oso iaioa. Eta garbigailuarekin, zer esango dizut. Eskerrak zuri, maite. Zurekin pelota haundi samarra izan nintzela aitortzen dizut, bihotzez… Beranduegi konturatu naiz. Kuadrillako lagunak zirela, edo sindikatuko kideak, beti zegoen norbait tabernan garagardo bat hartzeko prest. Beti gizonezkoak, egin kasu. Inoiz ez nizun adarrik jarri, aukera edukitzeko zoria zegoenean ihes egiten nuelako. Eskolako urteurreneko afarian ere, tentatu ninduten dantza egiteko. Hain zuzen, Arantxak tentatu ninduen, eta nik bueno, bakarra eh? Gero bi izan ziren, edo ez dakit. Kontua da kotxean etxera ekarriko ninduela esan zidan… Gogoratzen duzu zuen kotxe granatea? Jendeak ez ikusteko parke ostetik ekarri ninduen, eta amaieran, badakizu… Baina ez zen gehiagorik egon, behin baino gehiagotan kontatua dizut… Praktiketako maisu bezala aurre-jubilatzea ez zen nire gaztetako ametsa, baina lan bizitza horrela amaitzea egokitu zitzaidan, senar-emaztegaiak ginenean beste maila jasoagoa agindu banizun ere. Onena nahi nuen zuretzat, nire erregina izango zinela. Ametsetan egitea bidezkoa zen orduan, eta baita norberaren burua goraipatzea. Gaztetan eskola-graduatua lortu nuen behintzat. Baina gero lanean…. Sentitzen dut eman nizun hitza ez betetzea. Gehiago merezi zenuelakoan nago.

 

MIREIA: (Barruko arropak dakar maletan sartzeko) Aurkitu dituzu eraman behar ditudan argazkiak?

JUAN ANTONIO: Joder, bihar goiz osoa dut horretarako.

MIREIA: Hobe bihar goizean, garagardorik gabe zaudenean.

JUAN ANTONIO: Argi, orain bezala.

MIREIA: Horman dagoena izan daiteke, biok zaudete.

JUAN ANTONIO: Ez hori ez. Ezinezkoa da.

MIREIA: Badituzu gehiago.

JUAN ANTONIO: Hau berezia da. Egunero mintzatzen naiz berarekin.

MIREIA: Ama bizi zenean ez zenuen etxean ia hitz egiten.

JUAN ANTONIO: Zeuek biok nahiko zineten.

MIREIA: Bere eraztuna utzi behar didazu. Aldean eramango dut.

JUAN ANTONIO: Han orain zer da, uda ala negua?

MIREIA: Orain denboraldi lehorra da.

JUAN ANTONIO: Beraien erruz nago etxean konfinatuta.

MIREIA: Hori ez daki inork.

JUAN ANTONIO: Wuxan edo Wujan edo hiri horretan sortu zela diote denak.

MIREIA: Han sortu ala ez, kontrolatuta dute dagoeneko.

JUAN ANTONIO: Eta gu etxetik ezin irtenda.

MIREIA: Tabernara lagunekin edo sindikatukoekin ezin joanda, hobeto esateko.

JUAN ANTONIO: Horretan bera bezalakoa zara.

MIREIA: Kartazaleko gomendioak irakurri dituzu?

JUAN ANTONIO: Berriro?

MIREIA: Amak beti esaten zidan neure bizitza egiteko.

JUAN ANTONIO: Berak hori egin zuen.

MIREIA: Benetan zabiltza?

 

JUAN ANTONIO: Soldata osoa hartzen zuen hilero, eta berak emandakoarekin joaten nintzen adiskideengana.

MIREIA: Beretzat, zenbat hartzen zuen?

JUAN ANTONIO: Nahi zuena.

 

MIREIA: Adarra jotzeko gogoa? Zuk irabazi izan duzunarekin, edozein lan izan duzula ere, ozta ozta ailegatzen zitzaion amari hila zorrik gabe amaitzeko.

JUAN ANTONIO: Zer gehiago emango nion?

MIREIA: Oso apala zen.

JUAN ANTONIO: Hostia, zure ikasketak ordaintzeko lain ailegatzen zen behintzat.

MIREIA: Berak jende nagusia zaintzen irabazitakoarekin estaltzen zituen nire gastuak .

JUAN ANTONIO: Matrikula salbu.

MIREIA: Eta inoiz lortu nuen bekaren bat salbu. Baina gehiena, berari esker.

JUAN ANTONIO: Asko balio zuen. Beti dirudunen etxeetan egon zen.

MIREIA: Bazekielako nola tratatu aitona-amonak.

JUAN ANTONIO: Noizbait eskupekoak ematen zizkioten.

MIREIA: Inoiz lagundu nion.

JUAN ANTONIO: Euria zenean kotxean joaten nintzen bila.

MIREIA: Ez dut ulertzen ze ikusi zizun ezkontzeko.

JUAN ANTONIO: Planta onekoa nintzen.

MIREIA: Gaztetan izango zen.

JUAN ANTONIO: Etorkizun oparoa eskaintzen nion amari.

MIREIA: Soldadore xume batena.

JUAN ANTONIO: Pisua erosi.

MIREIA: Eta kotxea.

JUAN ANTONIO: Familia sendoa osatu.

MIREIA: Hiruzpalau seme-alaba izan

JUAN ANTONIO: Joder, utzi gai hori.

MIREIA: Neu bakarrik ailegatu nintzen.

JUAN ANTONIO: (Ezeroso) Afaria prestatuko dut, maleta egiten duzun bitartean.

MIREIA: Oraindik seiak dira.

JUAN ANTONIO: Zerbait berezia egingo dizut.

MIREIA: Zaude lasai, eta ikusi telebista.

JUAN ANTONIO: Patata tortilla nafar piperrekin?

MIREIA: Alkandorak plantxatzera noa.

JUAN ANTONIO: Nireak ere bai?

MIREIA: Denak.

JUAN ANTONIO: Amak sekula ez zidan utzi. Gaizki plantxatzen omen nituen.

MIREIA: Bukatutakoan itzuliko naiz.

 

JUAN ANTONIO: (Hormako argazkiari) Lurdes maitea, oraindik ez dit esan zein den praktiketarako kontratatu duen hemengo enpresa, baina ziur asko enpresa ona izango dela. Beharbada garrantzitsu horietakoa. Edozein enpresak ez du filiala Txinan. Hau da marka hau, gure alaba primerako enpresarekin Txinara lanera. Imajinatzen? Sekula pentsatuko genuen guk halakorik? Alaba ekarri arte zu enpresa txiki bateko muntaketa linean ibili zinen. Ni tailer txiki txikietan ibili nintzen soldatzaile eta mekaniko. Biak itxi zirenean ez nuen langabezian egun asko egin, eskolako tailerreko lanpostua azkar lortu nuelako. Ah zelako potra izan nuen, Lurdes! Eta gero eskolan lasai, erretiroa hartu arte. Badakit gibel-handia naizelako tailerretik ez nuela irten, eta beti lehenengo urteko ikasleekin aritu nintzela, baina erreminten erabilera ondo baino hobeto ikasten zuten. Zu harro zeunden nire lanarekin, astero etxera buzoa garbitzera ekarri arren. Eta zure aita, zer esanik ez! Bere alaba Lurdesen senarra ofizio eskolako irakaslea zen! Handik bueltan zetorrenean paseatzen, beti agurtzen ninduen leihotik. Tailerra erakusten nion, eta makina berririk ailegatzen bazen, martxan ipintzen nuen, berak ikusteko.

MIREIA: Hitz egiten?

JUAN ANTONIO: Oroimenekin.

MIREIA: Ze mozoloa zaren. Ama iaz hil zen, sartu buruan.

JUAN ANTONIO: Mesede egiten dit.

MIREIA: Irakurri dituzu zazpi gomendioak?

JUAN ANTONIO: Hostia, gau osoa hori esaten eman behar duzu?

MIREIA: Koronabirusak kutsatutako eta hildako gehienak adineko pertsonak dira!

JUAN ANTONIO: Hirurogeita zazpi ditut oraindik.

MIREIA: Berdin dio. Hortxe zaude, mugan.

JUAN ANTONIO: Ordu asko ematen ditut isilik, bakardadean.

MIREIA: Ospitalizatzeko lehentasuna bizitza itxaropen handiena dutenak dira.

JUAN ANTONIO: Kalitatezkoa ez dakit, baina nire bizi-itxaropena primerakoa da.

MIREIA: Nondik nora?

JUAN ANTONIO: (Flexioak egiten hasten da) Ikusi, ikusi.

 

MIREIA: Egunean lau pastilla hatzen dituzu, diabetesa, tentsioa, digestioa eta zirkulazioa hobetzeko.

JUAN ANTONIO: Burutik behintzat sano nago.

 

MIREIA: Gogoratzen zara amak zer eskatu zidan azken aldiz ospitalean ingresatu genuenean?

JUAN ANTONIO: Niri errietarik ez egiteko.

MIREIA: Zuk pastillok egunero hartzen dituzula ziurtatzeko.

JUAN ANTONIO: Hartzen ditut, zaude lasai.

 

MIREIA: Burutik sano zaudela jakin nahi dut. Gogoratzen zara zer galdetu nizun ospitaletik bueltan?

JUAN ANTONIO: Auskalo.

 

MIREIA: Ea non zeuden hartzen zenituen pastillak. “Berak ipintzen zidan goizero platertxoan gosaltzera nindoala” erantzun zenidan. Ez zenekien non demontre zeuden ere!

JUAN ANTONIO: Bera horrelakoa zen.

MIREIA:Eta zu burutik sano?

JUAN ANTONIO: Beste gauza guztiak neuk egin izan ditut.

MIREIA: Irakurri egizu gomendio horiek. Eta ez egidazu kontra egin!

JUAN ANTONIO: Joder zela jartzen zaren pastilla batzuengatik.

MIREIA: Ea nor joango den gero ospitalera koronabirusarekin kutsatzen bazara.

JUAN ANTONIO: Arrazoia. Handik ez zara ba etorriko behintzat.

MIREIA: Tabernako zure lagunak?

JUAN ANTONIO: Nekez.

MIREIA: Edo sindikatuko kideak?

JUAN ANTONIO: Antzera.

MIREIA: Ba orduan, badakizu. Bihartik aurrera ez nauzu etxean izango laguntzeko.

JUAN ANTONIO: Eta erosketak?


MIREIA: Deitu supermerkatura nire aita zarela esanaz, eta ekarriko dizkizute. Baina erosketak soilik astean behin egin. Bost euro kobratzen dute.

JUAN ANTONIO: Ez dakit lortuko dudan.

MIREIA: Eta jaiki egunero orain arte bezala.

JUAN ANTONIO: Gosarirako ez dut inor zain izango.

MIREIA: Zu gora. Ni etxean banengo bezala.

 

JUAN ANTONIO: Zer axola dizu bederatzietan jaikitzen banaiz. Lo nagoenean ez naiz aspertzen.

MIREIA: Eta gauero whatsappez bideo deia egingo dizut.

JUAN ANTONIO: Hostia, lartxo ez?

MIREIA: Bizarra eginda ez baduzu egunen baten, ahaztu nirekin.

JUAN ANTONIO: Ama berdina zara!

MIREIA: Espero dut niri jaramon gehiago egitea.

JUAN ANTONIO: Berari beti egiten nion.

MIREIA: Hego haizeak jotzen zizunean salbu.

JUAN ANTONIO: Buruarina bihurtzen nintzen.

 

MIREIA: Eskolako tailerrean lanean zenbiltzanean, klaseak emateko aukera izan zenuen, eta ez zinen probetara aurkeztu.

JUAN ANTONIO: Lau ginen. 

MIREIA: Soldata hobea zen.

JUAN ANTONIO: Baina ardura gehiago.

MIREIA: Diru gehiago ekarriko zenuen etxera, amak lana uzteko moduan.

JUAN ANTONIO: Asko gustatzen zitzaion jende nagusia zaintzea.

MIREIA: Bizkarreko minez kexatzen zen.

JUAN ANTONIO: Ni ere bai.

MIREIA: Gezurra! Probetara ez zinen aurkeztu galtzeko beldurragatik.

JUAN ANTONIO: Beste hirurak ni baino gazteagoak ziren.

MIREIA: Zuk zenuen eskarmentu gehien.

JUAN ANTONIO: Etxe honetan, erruduna beti Juan Antonio alproja.

MIREIA: Aurkeztu behintzat. Onartua ez izan arren, ni beti aurkezten nintzen.

JUAN ANTONIO: Porrotak jasotzeko indarra falta izan zait.

MIREIA: Eta nire kontra jartzen zara Kunsharera noalako.

JUAN ANTONIO: Zer espero duzu?

MIREIA: Zu poztea alabaren aukeragatik.

JUAN ANTONIO: Ba al zegoen beka deialdi horretan urrunagoko destinorik?

MIREIA: Hauxe geratu zitzaidan. Azkena.

JUAN ANTONIO: Inork nahi ez zuena.

 

MIREIA: Horixe, inork nahi ez zuena. Baina aurkeztu egin nintzen. (Barneko ate aldera doala) Eta beka lortu nuen, azken aurrekoa, baina zerrendan agertu nintzen.

JUAN ANTONIO: Ikerrek zer esan dizu Txinara zoazelako? 

MIREIA: Ez daki ezer.

JUAN ANTONIO: Mutil jatorra da. Esan egin beharko zenioke.

MIREIA: Horrek galtzen du. Jatorra dela. Eta neska denak gustatzen zaizkiola.

JUAN ANTONIO: Hala ere, deitzeagatik.

 

MIREIA: Zenbat bider esan behar dizut? (Haserre) Lau urtez elkarrekin bizi ondoren, udazkenean banandu ginen! Ia egunero galdetzen didazu beragatik. Udazkenean, ulertzen?  (Atera egiten da)

 

JUAN ANTONIO: (Telebista pizten du, eta garagardo lata zabaldu ondoren besaulkian jesartzen da. Albistegian berriak entzuten dira. Baina laster jaikiko da, argazkiari hitz egitera berriro.) Bihar arratsaldean arrebarengana joango naiz, Mireiaren eskutitza ematera. Niri zerbait gertatuz gero, berak deituko dio. Eta ea igandetan bazkaltzera joan naitekeen galdetuko diot. Zer deritzozu, Lurdes? Ohitura berriak hartu beharko ditut. Bestela, nireak egin du. Kito… Zure alaba berriro haserretu zait. Izan ere, ergel handia naiz. Aurrekoan popatik hartzera bidali ninduen Ikerren izena aipatu ala, eta ez naiz ba gaur berriro hasi? Ze hostia sartzen naiz gazteen gauzetan? Zure aita sartu zen gu bion harremanetan? Esan zigun zer edo zer eskailera buruan harrapatu gintuenean geure gauzetan goxo? Isil isilik eman zuen buelta, irribarre pikaroarekin. Baina ni zera, beti zerbait esan behar. Beti hanka sartu behar! Artaburu galantarekin ezkondu zinen, Lurdes… Gordeta nituen hiru mila euro emango dizkiot, hasierako gastuetarako. Gutxiago nahi zuen. Badakit ez dela asko hain urruti joan behar duenarentzat, baina gurean, larre motzean ibili gara beti. Asper asper eginda nago. Zuk esaten zenidan zerbaitetan hasteko, zaletasunen bat lantzeko. Baina ni, ezertan ere ez. Zero. Eta orain kontuak. Egun osoa potrojorran pasatzen dut. Eta bihartik aurrera, alabari gosaria eta afaria prestatu beharrik ere ez. Zero.

MIREIA: Egongelatik ateratzen naizen bakoitzean, zu hormako argazkiari txapa sartzera.

JUAN ANTONIO: Nori bestela?

MIREIA: Ailegatu naizenean futbola ikusten zeunden.

 

JUAN ANTONIO: Telebistan ez dago ezer. Kirol guztiak geldi daude. Iazko partiduak botatzen dituzte.

 

MIREIA: (Arropa batzuk maletan sartzen hasten da, kontu handiz) Zerbait egongo da zuzenean.

JUAN ANTONIO: Koronabirusa gora eta behera, etengabe.

MIREIA: Lagunekin whatsappez bideoz egon beharko zinateke.

JUAN ANTONIO: Ez dakite. Neuk ere, ozta ozta.

MIREIA: Gaur behitzat ez haserretzen saiatu behar naiz.

JUAN ANTONIO: Badakizu zeinen antza duzun?

MIREIA: Ni baino gehiago zen izaera aldetik.

JUAN ANTONIO: Eta sukaldari paregabea.

MIREIA: Familia txiro baten jaio ez balitz, ikasketak burutuko zituen.

JUAN ANTONIO: Orduan ez zen ni bezalakoarekin konformatuko.

MIREIA: Ez nuen horregatik esaten.

JUAN ANTONIO: Gizagaixoa naiz, badakit.

MIREIA: Joe! Dena txarrera hartzen didazu.

JUAN ANTONIO: Ezkongaietan banituen asmoak, amari gehiago eskaintzako.

MIREIA: Beti matraka berdina.

 

JUAN ANTONIO: Zer kontatuko dizut bada! Hemezortzi egun honez gero berrogeialdian.

MIREIA: Lasai, bai?

JUAN ANTONIO: Ez dut kontu berririk.

MIREIA: Hormara hitz egitea ez dut uste onena denik.

JUAN ANTONIO: Txinara aldentzea bai?

MIREIA: Azken urteetan izan dudan aukera bakarra hauxe da.

JUAN ANTONIO: Eta baietza eman duzu, etxekoekin erreparatu gabe.

MIREIA: Zuk atzera egingo zenuke aitarekin egotearren?

JUAN ANTONIO: Nire aita kalamidadea zen.

 

MIREIA: Zer ari zara pentsatzen? Esaidazu, baztertuta geratu den azken destinoa hartu dudala!

JUAN ANTONIO: Ez dizut halakorik aurpegiratu.

 

MIREIA: Esan ozen, beheko solairukoak entzuteko moduan. Azkeneko geratu den destinoa hartu duzu! Itxaron, balkoiko leihoak zabalduko ditut!

 

JUAN ANTONIO: Ez zaitez petrala izan. (Pasilloko ate aldera doala) Afaria prestatuko dut.

MIREIA: (Barne alderako atera doala) Goizegi da.  

 

JUAN ANTONIO: Futbolik gabe galduta sentitzen naiz. Bi astetik behin lagunekin joaten nintzen, bokata hartuta. Orain… Ez dakit non nagoen. Etxetik atera ezinda. Eta bihartik aurrera zu barik.

MIREIA: Beste zaletasunen bat landu behar zenuen lehenagotik.

 

JUAN ANTONIO: Nork zekien hau? Ezta Bigarren Mundu Gerran ere ez ziren futbol lehiaketak suspenditu.

MIREIA: Ba orain bai. Eta ondo iruditzen zait.

JUAN ANTONIO: Eta ni bezalakoak umezurtz utzi? Ilusio barik?

MIREIA: Egongo dira hamaika zu baino okerrago.

JUAN ANTONIO: Hori ezinezkoa da.

 

MIREIA: Dendariak, tabernariak, autonomoak. Milioiak dira. Ze soldata izango dute hil honetan?   

JUAN ANTONIO: Ados. Futbolagatik ez naiz zure aurrean kexatuko gehiago.

MIREIA: Eta ni lanpostu berri batera noalako ezta. 

JUAN ANTONIO: Supermerkatuan hain pozik zeundela eta.

MIREIA: Egia aitortzeko, zurekin pentsatu nuen beka onartu nuenean.

JUAN ANTONIO: Ederra egiten zenidala hain urrun joanda?

MIREIA: Burutik pasatu ere ez.

JUAN ANTONIO: Harro egongo nintzela zurekin?

 

MIREIA: Orain arte etxe honetan inork ez zuen probarik gainditu, ez zuk lanpostuz igotzeko, ez nik unibertsitateko selektibitatea aprobatzeko. Ordua zen norbaitek urrats bat aurrera egitea. 

JUAN ANTONIO: Oso aurrera gainera, hamalau mila kilometro!

MIREIA: Nonbaitetik hasi behar nintzen.

JUAN ANTONIO: Amak ez ikustea egoera hau, horrek ematen dit pena.

MIREIA: Animatu egingo ninduen.

JUAN ANTONIO: Niri berriz, beti alde ezkorra ateratzen zait. Ez daukat fundamenturik.

MIREIA: Bekarako elkarrizketa egin zidatenean, hori pentsatu nuen.

JUAN ANTONIO: Nire aitak alde txar guztiak ikusiko zituela, eta atzera botako zela.

MIREIA: Nola ezagutzen garen.

JUAN ANTONIO: Barkatu  baina, uste nuen Iker nire biloben aita izango zela.

MIREIA: Ba ez.

JUAN ANTONIO: Orain, joan zaitez jakitera. Agian mutil oriental begi okerra.

MIREIA: (Mireia haserretzen hasi da, eta ate aldera doa) Nork daki.

JUAN ANTONIO: Eta bilobatxoak, begi okerrak.

Mireiak alde egiten du, atzera begiratu gabe.

 

JUAN ANTONIO: Gaur ez dizut kontu gehiago kontatuko, Lurdes. Zure alaba gelatik itzultzen den bakoitzean, errieta egiten dit… Bueno, ez da errieta hain zuzen, baizik eta, nola esango nizuke, badirudi beretzat burutik ez nagoela oso sano, zuri hitz egiten dizudalako. Hemezortzi egun daramazkit konfinamenduan. Zer egin dezaket? Telebistan ez dago kirolik zuzenean. Tabernara ezin naiz atera. Eta nire bi zaletasunak mozten badidate, zer egin? Zurekin hitz egin. Irtenbide onena, zalantza barik. Zu pozik entzuten, eta ni pozik geure gauzak kontatzen. Arantxaren kotxe granatearena kontatu dizut gaur? Gure kotxea baino ederragoa zen, eta berriagoa. Jakina, guk alaba txikia genuen, horrek dakarren gastuekin, eta etxeko mailegua ordaintzen, hilero hainbeste. Baina haren kotxea ederra zen, beti garbia, beti edozein lekutara eramateko prest. Berak administrazioko bulegoan egiten zuen lana, eta nik tailerrean. Ez nintzen, nolabait esateko, bere mailako profesionala asteburuetan jatetxe dotoreetara joateko modukoa, baina astegunak hor daude eta gimnasiora joaten zen. Baina behin baino gehiagotan kontatu dizut ez zela gehiagorik egon.

MIREIA: Ikusi duzu inoiz hango boleibol selekzio nazionala?

JUAN ANTONIO: Boleibol? Ez, ez.

MIREIA: Aukera duzunean ikusi. Futbolariak baino askoz ederragoak dira.

JUAN ANTONIO: Hostia! (Ezin sinetsita) Benetan? Egun bakarrerako emozio larregi.

MIREIA: Zenbatgarren garagardoa da?

JUAN ANTONIO: Gorde jenioa lanerako.

MIREIA: Egun osoa edaten ematen baduzu, akabo zureak.

 

JUAN ANTONIO: Zerbait egin beharko dut. Amari ezin diot hitz egin, garagardorik ezin dut edan, telebistan ez dago futbolik, etxetik ezin naiz atera. Zer gomendatzen didazu?

MIREIA: Lagunei deitzea. Goiz eta arratsaldez.

JUAN ANTONIO: Gero deituko diet. Bi berri ditut emateko, ez da gutxi.

MIREIA: Deitu guztiei, banan banan. 

 

JUAN ANTONIO: Koronabirusa sortu zen lekura zoazela lanera esango diet. Baietz erantzun burutik jota nagoela?

 

MIREIA: Kunshanera noa, ez Wuhanera. Apuntatu egingo dizut. (Paper bat hartu eta letra larriz idazten du) KUNSHAN, Shangai ondoan dagoen hiri industriala.

JUAN ANTONIO: Kuxan. Ea ikasten dudan, Kuxan.

 

MIREIA: Eta jakin ezazu Wuhanen jada epidemia kontrolpean dutela. Gu baino azkarragoak dira.

 

JUAN ANTONIO: Txinako agintariei ez diet ezer sinesten.

 

MIREIA: Eta hemengoei? Baietz konfinamendutik zu baino lehenago atera. Eta musukoak salduko dizute gainera.

 

JUAN ANTONIO: Izurritea kontrolpean dutela diote, justu zu hara zoazenean. Dena gezurra.

MIREIA: Enpresakoek baieztatu didate.

JUAN ANTONIO: Zer arraio esango dizute ba!

MIREIA: Eta?

JUAN ANTONIO: Nik ez nukeela barrabilik izango.

 

MIREIA: Azken aurrekoa geratu nintzen probatan, eta aurreko denak beste destino bat aukeratu zuten. Bai? Garbi dugu biok? Berriro errepikatuko dizut?

 

JUAN ANTONIO: Berrogeialdian etxean daudenak egindako bideo barregarri parea bidali didate whatsappez. Saiatu ninteke neu ere?

MIREIA: Benga, mesedez!   

JUAN ANTONIO: Joder, barre egiteko, beste barik.

 

MIREIA: Hobe lagunei deitzea. Eta txisteak kontatzea. Egunean bakoitzari bat. Zenbat elkartzen zineten tabernan? Hamar hamabi?

JUAN ANTONIO: Ez ginen inoiz denok egoten.

MIREIA:  Zenbaiten telefonoa duzu?

JUAN ANTONIO: Hamabost inguru.

MIREIA: Lagunei kontu berriak kontatzeko dituzula esan didazu.

JUAN ANTONIO: Bi ditut. Kuxanera zoazela lehena.

MIREIA: Kunshan, aita. Kunshan.

JUAN ANTONIO: Izen zaila da.

MIREIA: Zela esaten duzu, Manchester United ala Machester United?   

JUAN ANTONIO: Ez da berdina. Manchester United kristo denak ezagutzen du.

MIREIA: Tabernan izango da. Joan supermerkatura eta galdetu.

JUAN ANTONIO: Txisterik ez dakit.

MIREIA: Ba ikasi.

JUAN ANTONIO: Beti izan naiz lagun taldeko motelenetakoa.

MIREIA: Bat behintzat jakingo duzu, deitzen hasteko. Gero besteak jarraituko dute.

JUAN ANTONIO: Fraidearena bakarrik dakit.

MIREIA: Pikanteagoa hobe.

 

JUAN ANTONIO: Joan zen hiritar handiki bat Arantzazuko santutegira, eta jesarrita irakurtzen zegoen fraide adinduari zera esan zion, “Zer, salmoak irakurtzen?” Eta berak ”Hauxe da gurea” Eta besteak, zerbait esatearren “Urteak ere badoaz, eh?” Eta fraideak “Niri denak aldean geratzen zaizkit”.

MIREIA: Joe! Ez gero joan gazteei kontatzera txorakeria hori!

JUAN ANTONIO: Pikanterik ez dakit.

MIREIA: Kunshanetik deitzerakoan gauero bat kontatuko dizut.

JUAN ANTONIO: Beldurrez nago, egoerari aurre egiten jakingo dudan ala ez. 

MIREIA: Iaz ama hil zenean gogorragoa izan zen. Beti prest izango nauzu telefonoan.

 

JUAN ANTONIO: Ez duzu ulertzen beldur hau zelako hostia den. Lau horma hauetatik irten ezinda. Zu egunero joan zara lanera supermerkatura.

 

MIREIA: Izan positiboa, joino! Beti uhin negatiboan zabiltza. Osasuna duzu, apetitua, erretiroa, telebista, garagardoa, ze demontre falta zaizu!

JUAN ANTONIO: Segurtasuna neure buruan.

 

MIREIA: Ni ere beldur nago laneko erronka berriagatik.

 

JUAN ANTONIO: Zuk behintzat, erronkak dituzu. Jubilatuok berriz, etxean geldi, etorkizunik gabeko berrogeialdi kabroian.

 

MIREIA: Denbora guztian berdina errepikatzen. (Barneko ate aldera doala) Hirugarren aldia da gauza bera esan didazula. Plomo!

 

JUAN ANTONIO: (Hormara doa patxadan, eta argazkiari musua ematen dio) Zure antza du alabak. Ez nuen uste hasieran, baina hala da, derrigorrez. Entzun diozu? Gure egongelan inoiz ez dira halako hitzik entzun. Jenio bizia du.  Beharbada atzerriko lanerako ondo datorkio, ze auskalo zer gertatuko zaion bihartik aurrera. Hemen berriz, irratia ipintzen duzu, eta koronabirusa gora eta behera. Ez dakit zenbat hildako eta kutsatu egunero, astero, epidemia hasi zenetik. Telebista berdin. Ematen dituzten berri guztiak txarrak dira. Informazioa ematea ondo dago, baina matraka hau! Eta badakizu zer den okerrena? Badirudi jubilatuok dugula guztiaren errua. Gehien geu hiltzen gara, eta ez du axola. Sasoi onean joan zinen beste mundura, Lurdes. Barkatu, barkatu. Nola esan dezaket hori? Zu ez zinen inoiz joan behar. Joatekotan, ni bezalako alproja bat hobe. Barkatu maitea. Ez nuen hori esan gura. Zu beti ahalegindu zinen familia hau aurrera ateratzen, nik tabernan orduak eta orduan ematen nituen bitartean. Zaindu izan dituzun nagusi guztien familiak maite zaituzte oraindik ere. Karitasen zeure laguntza ematen zenuen ia egunero, behartsuendako arropak eta bestelakoak antolatzen biltegian. Han adiskideak zenituen, beti laguntza emateko prest, premia zutenean. Ez ni bezala. Neu zendu behar nintzen, maitea, ez zu. Nola bururatu zait astakeria hori esatea? (Erlojuari begiratzen dio, alaba aspaldian joan delako)

MIREIA: (Bi zapata pare dakar eskuetan) Aiba! Ze nobedade, zu paretari hitz egiten.

JUAN ANTONIO: Kontu zaharrak gogoratzen nenbilen.

MIREIA: Zaharrak gogoratzen, eta lehen esan behar zenidan bi gauzetatik, bat ahaztu.

JUAN ANTONIO: Barkatu. Gero eta fundamentu gutxiago daukat.

 

MIREIA: (Zapatak garbitzen hasten da, maletan sartzeko) Whatsappa bidali dit Kunshaneko lantegian nire buru izango denak. Ongi etorria izango naizela dio. 

JUAN ANTONIO: Ipurdi garbitzaile galanta orduan.

MIREIA: Eta lasai joateko. Gaur zabaldu dutela turistentzat Txinako Harresi Handia.

JUAN ANTONIO: Horrek esan nahiko du egoera normaldu dela.

MIREIA: Lasaiago geratzen zara orain?

JUAN ANTONIO: Ez diet ezer sinesten.

 

MIREIA: Han finkatzen naizenean, hegazkina ordainduk dizut bisitan etortzeko, eta Harresi Handia ikustera joango gara biok.

JUAN ANTONIO: Utzi, utzi. Aurreztu diru hori.

MIREIA: Nik irabazitako dirua izango da.

 

JUAN ANTONIO: Bidaia horiek oso garestiak dira. Imsersorekin aste beterako Benidormera joanda konformatzen naiz. Hegazkina hartu gabe, dena autobusean.

MIREIA: Ezkon bidaian Kanarietara joan zineten.

JUAN ANTONIO: Amak hala nahi zuelako. Gehiago ez naiz hegazkinean ibili.

MIREIA: Lehen amak nahi zuen, eta orain alabak. Ados?

JUAN ANTONIO: Ez.

MIREIA: Eta han ezkonduko banintz, ez zinen nire aitabitxia izango?

JUAN ANTONIO: Hobe duzu hemen ezkontzea, eta zeure lagunak eta familia gonbidatu.

MIREIA: Gorbata berria erosiko zenuela esan zenidan.

JUAN ANTONIO: Hemen izango zela uste nuen.

MIREIA: Aurreiritzi larregi dituzu txinoen aurka.

JUAN ANTONIO: Ez aurreiritzi, ez atzeiritzi. Zero.

 

MIREIA: Hasieran musukoak janzten zirenean, denak gaixoak zirela esaten zenuen. Eta orain, gu zer?

JUAN ANTONIO: Gaur ekarri didazu lehena.

MIREIA: Supermerkatuan lehen egunetik eman zizkiguten.

JUAN ANTONIO: Nahiko da. Arrazoia duzu. Konforme?

MIREIA: Zer ari zinen abesten lehen?

JUAN ANTONIO: Gaztetako gure abestiak.

MIREIA: Benga, abestu bat nire aurrean. 

 

JUAN ANTONIO: Ezin dut. Orduan etorkizun osoa genuen aurrean amak eta biok, proiektuak eta antzerako pentsamenduak genituen. Abesti horiek ez dute niretzat orain balio.

MIREIA: Argazkiari bai, eta niri ez?

JUAN ANTONIO: Behin bakarrik. Eta bukaeran mesedez ez egin barre.

MIREIA: Aginduta.

JUAN ANTONIO: Letrak ahaztuta ditut. Zati apurrekin bakarrik oroitzen naiz.

MIREIA: Aurrera.

JUAN ANTONIO: Bob Dylan, Joan Baez, Xabier Lete, Mikel Laboa eta horrelakoen abestiak ziren (Dylanen “Blowing in the wind” abesten hasten da) La, la, la, la, la, la, la, la, la… erantzuna ene adiskide, erantzuna ene adiskide, erantzuna haizean flotatzen dago… Bob Dylanen “Blowing in the wind” izenekoa da.

 

MIREIA: Badakit. (Txalo egiten dio) Oso polita! Ez nuen uste zuek halako abestiak ezagutzen zenutenik.

JUAN ANTONIO: Beti gaur bezalako trakets eta baldarra izan naizela uste duzu?

MIREIA: Amarengatik egingo zenuen, ziur. Zelako ezustea!

JUAN ANTONIO: Aspaldiko ametsak.

MIREIA: Amets berriak izan behar dituzu.

JUAN ANTONIO: Banituen, baina zapuztu egin ziren.

MIREIA: Benetan?

JUAN ANTONIO: Amak hilzorian zegoenean zera eskatu zidan…

MIREIA: Esan!

JUAN ANTONIO: Lotsatu eta dena egiten naiz.

MIREIA: Aita, mesedez.

JUAN ANTONIO: Bilobak etortzen baziren, berari buruz gauzak kontatzeko.

MIREIA: (Gorrituta) Egia da hori?

JUAN ANTONIO: Ez dut adorerik gezurretan aritzeko.

MIREIA: Ezin dizut ezer agindu.

JUAN ANTONIO: Hara zoazenean.

MIREIA: Kunshan, joe. Ikasi egin behar duzu esaten.

JUAN ANTONIO: Kunshanera zoazenean, sarri bakarrik aurkituko zara, eta…

MIREIA: Eta zer?

JUAN ANTONIO: Txinoren bati baietz erantzungo diozu.

MIREIA: Hain memela naizelakoan zaude?

JUAN ANTONIO: Beldur naiz.

MIREIA: Eta ederra bada, boleibolekoen antzekoa?

JUAN ANTONIO: Zer esango dizut. Nik nire bizitza egina dut.

 

MIREIA: (Zapatak maletan ondo gordez) Hemengo atzerriratu asko daude hango enpresetan lanean. Gehienak gazteak izango dira, ziurrenik.

JUAN ANTONIO: Badira hemengo enpresa gehiago?

MIREIA: Ehundik gora.

JUAN ANTONIO: Benetan?

MIREIA: Gutxienez.

JUAN ANTONIO: Eta atzerriratu gehienak gazteak direla diozu?

 

MIREIA: Hala uste dut. Familia izan duten gehienak itzuli egin dira. Hemen hezi nahi dituzte seme-alabak.

JUAN ANTONIO: Hasieratik esan behar zenidan hori!

MIREIA: Bilobak hemengoak izateko?

JUAN ANTONIO: Bueno, ni ez naiz arrazista gero, eh?

MIREIA: Lehen esan didazu bertakoek begi okerrak dituztela.

JUAN ANTONIO: Hitz egiteko era da, besterik gabe.

 

MIREIA: (Barneko ate aldera doa) Bertako norbaitekin umeak ekarriz gero, begi okerrak?

JUAN ANTONIO: Utz ditzagun kontu horiek.

MIREIA: Utzita (Atera egiten da)

 

JUAN ANTONIO: Zure alaba urduri dabil, Lurdes. Aspaldian ikusi ez dudan bezala. Bikotearekin utzi zuenetik, alde egiteko gogoa besterik ez diot antzematen. Ziur nago, bueno ziur ziur ere ez, baina uste dut Ikerrekin utzi ez balu, supermerkatuko kutxan jarraituko zuela, alai, beti bezala. Eta igandetan, etxera ailegatutakoan, aitari musua emango ziola, ordutik egin ez duena. Nik ez dakit zer den bikotekidearekin apurtzea, gu biok gazte gaztetatik elkarrekin ibili ginelako, baina Mireiak berak esan arren dena gaindituta duela, ez da egia. Hain urrutira joatearen arrazoietako bat hori delakoan nago. Zer uste duzu, Lurdes? Ikerri guztiak gustatzen omen zitzaizkiola, eta ezin zuen hori jasan. Apustu egingo nizuke Kuxanen ez direla hiru hilabete pasako mutil berria aurkitu orduko. Bere buruari erronka hori ipiniko dio, eta esango dio “Zer uste zuen Ikerrek, bera bakarrik zela jatorra? Ez nintzela gai izango bera baino jatorragoa eta ederragoa aurkitzeko?” Hara Chang nire mutil-laguna ze ederra den, eta boleibolean jokatzen du hiriko bigarren taldean. Eskuineko atzelaria da, eta ziurrenik aurten lehen mailara igoko dira”. Imajinatzen duzu egoera Lurdes? Boleiboleko eskuineko atzelaria, eta begi okerra! Nola jo behar didaten adarra tabernako lagunak!

 

MIREIA: (Poltsa bat dakar eskuan, maletan sartzeko) Kezkatzen hasita nago. Ni etxean egonda eten barik argazkiari hitz egiten diozu. Auskalo zer gertatuko den bihartik aurrera.

 

JUAN ANTONIO: Hain handia izan da gaurko ezustekoa, pentsamenduak bideratzen nabil. Amari laguntza eske.

 

MIREIA: Ez esajeratu. Udazkenean esan nizun atzerrira joateko beketara aurkeztu nintzela.

 

JUAN ANTONIO: Atzerrira da gauza bat, baina  haraino! Alemaniara joango bazina, bi asteburutik behin hona etortzeko moduan egongo zinen, bidaia merke horietan.

MIREIA: Horixe nahiko zenuke, nik alkandorak plantxatzeko.

JUAN ANTONIO: Mutilarekin utzi aurretik apuntatu zinen.

MIREIA: Zer axola du horrek.

JUAN ANTONIO: Sarri etorriko zinen itxaropena nuela.

MIREIA: Etxera etortzeko urtean bi bidaia ordaintzen didate.

JUAN ANTONIO: Oraindik ez didazu esan ze enpresatara zoazen.

 

MIREIA: Kanpoko multinazionala da. Hemen bi ekoizpen planta ditu. (Mahaitik enpresako bi eskutitzak hartu eta bat zabaltzen du) Hor daude hemengo et hango lantokien helbideak, eta harremanetarako pertsonak, zerbait pasatuko balitz horiengana jotzeko.

JUAN ANTONIO: Txinakoa soberan daukat.

 

MIREIA: Aurre-jubilatu zinenean ingeles ikasteko esan nizun. Baina zuk zeureari. Etxean telebista ikusten eta tabernan lagunekin garagardoa edaten.

 

JUAN ANTONIO: Alferra naiz hizkuntzetarako. Bueno, ez duk ezer ikasteko balio izan bizitza osoan.

 

MIREIA: Lasai. Zuk hara deitu, eta emango didate deiaren berri. Soilik zure izena esan telefonoa hartzen dizunari.

JUAN ANTONIO: Ez da hobe izango zurea esatea?

 

MIREIA: Konforme. (Beste eskutitza zabaldu gabe ematen dio) Hau izeba Feliri emateko. Bestearen berdina da. Zuri zerbait gertatuta ere, berak deitzeko.

 

JUAN ANTONIO: Tabernara noanean berrogeialdia bukatutakoan, galderak egingo dizkidate.

 

MIREIA: Niri buruz?

 

JUAN ANTONIO: Oraindik ez didazu esan enpresaren izena eta zertara dedikatzen den. Hori ziur galdetuko didatela.

 

MIREIA: B.Z.L. du izena. Oso izen neutroa da, edozein naziotarako balio duena. Eta automobilgintzarako osagaiak egiten ditu.

JUAN ANTONIO: Bolanteak eta horrela. 

MIREIA: Indargetzaileentzako sinterizatutako pieza txikiak 

JUAN ANTONIO: Ze hostia dira horiek?

MIREIA: Kotxeen amortiguadoreentzako piezak. Sinterizatua ekoizpen prozesua da. Piezak mekanizatu beharrik ez dute izaten.

 

JUAN ANTONIO: Nahiko, nahiko. Amortiguadoreentzako piezak. Hori esanda ulertuko didate.

MIREIA: Bestela, galdetu.

JUAN ANTONIO: Piezen izena, badakizu? Hori esaten badiet, zur eta lur geratuko dira.

 

MIREIA: Transmisiorako dira. Ez dakit gehiago. Kontabilitatera noa, ez ikerkuntza laborategira.

JUAN ANTONIO: Teknologia handiko gauzak, ala?

 

MIREIA: Jakina. Bestela ez zuten han planta berria eraikiko, hemengo produkzioaren zati bat deslokalizatuz.

JUAN ANTONIO: Eta ezin zuten piezok hemendik bidali?

 

MIREIA: Bezeroek gertu egotea exijitzen dizute. Ez dute biltegirik nahi, zuk ia egunero zerbitzatzea baizik.

JUAN ANTONIO: Alde horretatik inbidia ematen didazu.


MIREIA: Orain berriz?

JUAN ANTONIO: Nik beti tailer txikietan egin dut lan.

 

MIREIA: Etxetik oinez joaten zinen lanera.

 

JUAN ANTONIO: Soldatzaile ibili nintzenean ez. Industrialderaino lineako autobusean joan beharra nuen.

 

MIREIA: Amak tuperra ipintzen zizun bazkariarekin.

 

JUAN ANTONIO: Ze zoriontsu bizi ginen orduan.

 

MIREIA: Eta beste gauza bat. Joan aurretik testamentua egiteko ordua hartuta dut bihar goizerako.

JUAN ANTONIO: Bale! Duzun adinarekin, testamentua?

MIREIA: Zerbait gertatzen bazait, dena zuri utziko dizut.

JUAN ANTONIO: Ez egidazu horrelakorik esan. Zer gertatuko zaizu bada?

MIREIA: Lasaiago joango naiz.

JUAN ANTONIO: Amak eta biok egin genuen apurra zurea da, badakizu.

MIREIA: Astero esaten didazu gauza bera.

JUAN ANTONIO: Barkatu. Ahaztu egiten zait.

MIREIA: Gordetako binilozko diskoak ditut estiman.

JUAN ANTONIO: Nik ez ditut hil zenetik entzun.

MIREIA: Afaltzeko, patata tortilla jango nuke gustura.

JUAN ANTONIO:  Eginda. Rioja botila bat zabalduko dut despedida moduan.

 

MIREIA: Bihar ordu bietan dator txoferra bila. Aireportuan luze joango zait. Txinarako hegaldiak moztu egin dituztenez, kontrol piloa pasatu beharra omen dago.


JUAN ANTONIO: Sartzeko baimena baduzu?

 

MIREIA: Enpresakoek egin dute burokrazia guztia. Asteleheneko koronabirusaren testaren kopia badute.

 

JUAN ANTONIO: Suertea izan duzu supermerkatuko enplegatuoi egin dizuetelako. Etxean gaudenok, hor konpon marianton.

 

MIREIA: Enbaxadako bisa lortu didate. Bertakoak beldur dira atzerritarrak kutsatuko dituztelakoan.

 

JUAN ANTONIO: Zu osasuntsu zaude.

 

MIREIA: Txiripaz noa. Jende gehienak ez du nahi burokrazia paper eta agiri guzti horiek egitea.

JUAN ANTONIO: Joder! Ez da harritzekoa.

MIREIA: Neu ere, enpresan kontratu finkoa izango banu, ez nintzen mugituko.

 

JUAN ANTONIO: Bokata ipiniko dizut aireporturako ala ez? Hango kafetegia itxita egongo da.

MIREIA: Ziur. Lau katu ibiliko gara.

JUAN ANTONIO: Lanerako premian zaudetenok.

MIREIA: Amaren zerbait eramatea nahiko nuke.

 

JUAN ANTONIO: Lehen eraztuna esan didazu, asko gustatzen zitzaion berrogeita hamargarren urtebetetzean biok oparitu geniona.

MIREIA: Benetan uzten didazu eramaten?

JUAN ANTONIO: (Horma-armairura doa, eta kaxa txiki bat dakar) Zeuretzat. Betiko.

MIREIA: Horrela ez naiz bakarrik sentituko.

JUAN ANTONIO: Ea hara ailegatutakoan konfinamendurik ez duzun.


MIREIA: Shangain egon beharko naiz aste bete. Enpresako atzerriratu batek bere apartamenduan gela bat eskaini dit. Arazorik ez.

JUAN ANTONIO: Zuk bai duzula meritua.

 

MIREIA: Ikasten azkarragoa izan banintz gaztetan, ez nintzen behartuta egongo inork nahi ez duena hartzera.

JUAN ANTONIO: Ez egizu hori esan, hostia. Ez egizu horrela hitz egin.

MIREIA: Egia da.

 

JUAN ANTONIO: Nik zer esango dut orduan? Bizitza osoan tirin taran, beti enpresa txikietan, ematen zidaten lanpostuetan... 

 

MIREIA: Ez nuen zu gutxietsi nahi.

 

JUAN ANTONIO: Eguerdian albistegiak esan du oporretan joandako berrehun mila europar daudela kanpoan etorri ezinda.

MIREIA: Eta ni kanpora noa, ezta? Nola da posible?

JUAN ANTONIO: Zeuk ere egiten diozu buruari galdera hori.

 

MIREIA: Beketara apuntatu nintzenean soilik egin nion. Eta berehala aurkitu nuen erantzuna.

JUAN ANTONIO: Zinez?

 

MIREIA: Beka eskatzeko kurrikuluma aurkeztu behar nuen, eta unibertsitateko tituluaren kopia konpultsatua.

JUAN ANTONIO: Zuk ezin zenuena aurkeztu, jakina.

MIREIA:Nire kontabilitate erdi mailako titulua konpultsatu nuen.

JUAN ANTONIO: Eta zerrendan sartu zinen.

MIREIA: Nola egingo diot uko orain halako aukerari?

JUAN ANTONIO: Ez dakit noren antza hartu duzun.

 

MIREIA: Zurea ez, badakit. Inoiz ez zenuen gastatuko hogeita hamar euro hain titulu xumea konpultsatzen.

 

JUAN ANTONIO: Garagardotan gastatuko nukeela, esan nahi duzu.

 

MIREIA: Ez al da horrela?

 

JUAN ANTONIO: Beste maila apalagoan bizi izan naiz beti. Eta gauza berrien aurrean, beldurtia naiz.

 

MIREIA: Nik ere beldurra dut. Shangaira joateko hegazkina betetzeko lain jenderik ez zegoen. Horregatik onartu ninduten. Zer egingo dut, beldurrez etxean geratu? Beldurrez haraino joan nahi ez dudalako, bekari uko egin? Unibertsitateko titulurik ez dudalako, azkeneko beka eman didatela eta beldurrez ezeztatu?  

 

JUAN ANTONIO: Joder! Afaria prestatzera noa.

 

MIREIA: Goizegi da. Tortilla hoztu egingo da. (Barne aldeko atera doala). Maletarekin jarraituko dut.

 

JUAN ANTONIO: (Berriro argazkiari hitz eginez) Gero eta zailagoa egiten zait gauzak ulertzea, Lurdes. Badakizu izaeraz koldarra eta dudatsua naizela, bereziki egoera berrien aurrean. Nondik nora espero nezakeen egun batetik bestera alaba munduko beste puntara joatea? Gu urrutien Kanarietara joan ginen behin, eta Mireia berriz, hostia, hamalau mila kilometroetara. Nondik atera zaio indar hori, beldur falta hori? Hain ondo ulertzen nion supermerkatuko gorabeherak kontatzen zizkidanean afaltzeko orduan. Zer ulertuko diot nik aurrerantzean?Zeri buruz hitz egingo dio arlote honek zure alabari, Lurdes? Zu hemen egongo bazina behintzat. Hizketarako nire aldean ona zinen, beti ateratzen zenituen gai berriak eta interesgarriak. Ni berriz, futbola gora eta futbola behera. Eta laneko penak. Besterik ez. Berrogeialdia bukatzen denean, ez dut jakingo lagunei nola kontatu alaba joan egin dela. (Berandutzen ari delakoan) Mireia! Mireia!

MIREIA: (Harrituta eta presaka dator) Zer edo zer gertatu zaizu? Ez zinen ba eroriko?

JUAN ANTONIO: Ez lasai. Falta zinen eta.

 

MIREIA: Zalantzan nengoen, zein arropa aukeratu hara eramateko. Maletak ezin du hogei kilo baino gehiago izan enbarkatzerakoan.

 

JUAN ANTONIO: Han erostea garesti aterako zaizu?

 

MIREIA: Zer den. Hori da kontua. Egunerokoak hemengo antzera omen daude. Baina enpresara txukun joatea komeni zait.

 

JUAN ANTONIO: Hiru mila euro emango nizula agindu dizut. Gehiago ezin dut, baina hori emanda, zerbaitetan probetxugarria naizela sentituko dut. Zerbait lagundu dizudala.

MIREIA: Erdia.

JUAN ANTONIO: Bi mila.

 

MIREIA: Benetan eskertzen dizut. Laneko soldatarekin ez dut aukera handirik izan aurrezteko.

 

JUAN ANTONIO: Nire pentsioa ez da suziriak botatzekoa, baina zerbait gordetzen dut hilero.

MIREIA: Zertarako?

 

JUAN ANTONIO: Ezkontzen zarenerako. Ikerrekin ezkondu izan bazina, bazkaria bion izenean neuk ordainduko nuela agindu nion amari.

MIREIA: Handik bueltan itzuliko dizut.

JUAN ANTONIO: Ez eta pentsatu ere!

MIREIA: Amari hitza eman zenion.

 

JUAN ANTONIO: Badakizu zer egon naizen pentsatzen? Tabernak, jatetxeak, dendak, eta enpresa txiki eta handi asko itxita daude. Nork erosiko ditu orain kotxe berriak?

MIREIA: Ez dakit, aita. Oraindik burua supermerkatuan dut.

 

JUAN ANTONIO: Baina bekarekin kotxeentzako amortiguadoreak ekoizten dituen enpresara zoaz .

MIREIA: Eta kotxerik saltzen ez bada, ezta?

JUAN ANTONIO: Horixe bada. Zu hain urruti joan, eta baliteke enpresa geldi egotea.

MIREIA: Zu beti bezala baikor. Animoak ematen.

JUAN ANTONIO: Bueno, ez dizut gehiago halakorik esango.

 

MIREIA: Zurekin nago. Baina galdera ez da hori. Zer esango du beka eman diten gobernuak atzera botatzen banaiz? Eta hartu nauen enpresak?

JUAN ANTONIO: Joino. Hori pentsatu barik nuen.

MIREIA: Zuk epidemiagatik jadanik ezetza emanda izango zenuelako.

JUAN ANTONIO: Bai zera. Hasieratik esango nien Txinara ez nindoala.

 

MIREIA: Konturatzen zara Estatu Batuetan askoz jende gehiago kutsatu dela? Hara joango zinen?

JUAN ANTONIO: Ez, ez. Ni Europan, trenez joateko moduko leku batera.

MIREIA:  Eta gero kexatu, jubilatuok pairatzen duzuela egoera okerrena.

JUAN ANTONIO: Zer jango dut aurrerantzean zu barik?

 

MIREIA: Supermerkatuan etxerako eskaerak jasotzen dituen Maitegatik galdetu beti. Zu ondo tratatzeko eskatu diot.

JUAN ANTONIO: Maite. Ondo da.

MIREIA: Eta ondo jateaz gain, jarraitu egunero ordu bete ibiltzen.

JUAN ANTONIO: Besterik, nagusi?

 

MIREIA: Ezin zara kexatu. Egongo dira hamaika hemen inguruan eta beste nazioetan gu baino baldintza okerragoetan. Horrek ematen dit kezka, ez zure eta nire egoerak.

 

JUAN ANTONIO: Joder noraino joan zaren orain.

 

MIREIA: Aspalditik naiz GKE bateko kide. Ez nabil ezer asmatzen. Zeu ere zerbaitetan konprometitu beharko zinateke gizartean.

 

JUAN ANTONIO: Gaztetan saltsa guztietan geunden sartuta. Mundua aldatu nahi genuen. Pentsa.

MIREIA: Pankartak eginaz.

JUAN ANTONIO: Gaizki dago hori?

MIREIA: Ez da laguntza zuzena.

 

JUAN ANTONIO: Eskolagabeak ginen. Guk ez genuen publikoaren aurrean hitz egiteko balio. Baina bai panfleto bat ganoraz idazteko. Bakoitzak jakin behar du zertarako balio duen eta zertarako ez.

 

MIREIA: Gure lanak berriz eragin zuzena du gizartean, egunerokoan.

 

JUAN ANTONIO: Animo. Zuk gure lekukoa hartu zenuen, zeure erara. Gazteak hartuko dute zurea. Txinan ere egongo dira behartsuak.

MIREIA: Ziur baietz.

JUAN ANTONIO: Eta miliodun piloa.

MIREIA: Baita, asko.

 

JUAN ANTONIO: Gero eta miliodun gehiago daude leku guztietan, eta gu eta zu tonto lanean.

MIREIA: Baina ze demontre esaten didazu!

 

JUAN ANTONIO: Zuk segi horrela. Nik tabernan konponduko dut gizartea lagunekin, garagardo baten bueltan

MIREIA: Eta hurrengo egunean berdin.

JUAN ANTONIO: Potrojorran, hantxe geldi.

MIREIA: Ilusio gehiago behar da.

JUAN ANTONIO: Aitona-amonak egiteko ilusioa genuen lehen.

 

MIREIA: (Buelta eman eta barneko ate aldeko bidea hartzen du) Ezin ditugu gai batzuk bakean utzi, nire azken egunean!

JUAN ANTONIO: Txoriburua naiz. Ez dut gehiago aipatuko.

MIREIA: (Atetik) Azken arropen bila noa. Eta utzi bakean hormako argazkia.

 

JUAN ANTONIO: Ni baino gehiago zara. (Mireiak alde egiten du) Ez da zaila… (Dagoen lekutik, hormako argazkiari zuzenduta, bakarrizketan hasiko da) Lurdes maitea. Badakit inoiz ez nizula maitea eta halako hitz gozorik esaten, ezkondu berritan ez ezik. Baina sentimenduak adierazteko sarri nahiko izaten da begirada edo irribarrea. Bueno, hori diote adituek. Ez dakit zer gertatuko den etxe honetan. Zure premia handiena genuenean joan zinen. Badakit zeure gogoz kontra izan zela, ondotxo dakit. Kantzerra denon etsaia da. Eta patuak erabaki zuen ni baino lehenago joatea. Bihar Mireia badoa Txinara. Ondo dago esatea bakoitzak bere bizitza egin behar duela. Baina aldapa gora, jasangaitza egingo zait. Ez dakit gai izango naizen egoerari aurre egiteko. Ahula naizela esan didazu beti. Eta egia izango da, urduri nago eta. Zer egingo zenuke nire lekuan egongo bazina? Asmatuko zenuke zerbait, bai horixe. Zuk nire aldean sen ona zenuen. Ez zinen txoriburua. Zure izaera izan banu, lanpostuari gogo gehiagorekin helduko nion, zegoenarekin konformatu gabe. Ezkon bidaiakoak izan ziren nire bizitzako egunik zoriontsuenak. Zeuk aukeratu zenuen Kanariar Uhartera joatea, eta guztiz asmatu zenuen. Egia esan, harrez gero ez genuen aparteko bidaiarik egiterik izan, ez gastatzearren. Baina ezkon bidaia, gauetan sarri oroitzen naiz.

Mireia sartzen da, astiro.

 

MIREIA: Lehen esan didazu albistegietan berri ezkorrak, txarrak besterik ez dituztela ematen.

JUAN ANTONIO: Koronabirusa gora eta behera beti.

 

MIREIA: Zergatik ez duzu pelikularik ikusten? Edo National Geographikeko dokumentalak?

JUAN ANTONIO: Loak hartzen nau.

MIREIA: Hori garagardoagatik da.

 

JUAN ANTONIO: (Katez aldatzen du, futbola ikusteko) Irabazi genuen kopako finala ikusiko dut berriro. (Atzera begiratzen du baina alabak alde egin du. Mahaitxo gainean oinak jarri, eta lasai edaten du garagardoa)

 

MIREIA: (Alkandorak eta prakak dakar eskuetan) Neguko txamarra eta jertsea jantzita eramango ditut, bero pasatu arren. (Kontu handiz hasten da maletan sartzen) Betiko partidua?

JUAN ANTONIO: Bai, gureak irabazi zutena.

 

MIREIA: Hara ailegatutakoan Shangaiko ekipoaren berri emango dizut. Ziur ona izango dela.

JUAN ANTONIO: Orain zuretzat hango dena ona izango da.

 

MIREIA: Esan didatenez, munduko hogei banku handienen artean, gehienak txinatarrak dira.

JUAN ANTONIO: Futbolaz ari ginen, ez nazazu nahastu.

MIREIA: Dirua badago, jokalari onenak bertara joatea nahiko dute.

JUAN ANTONIO: Konparatu egingo duzu Europako taldeen historiarekin.

MIREIA: Zu eta zure pankartak, zaharkituta zaudete.

 

JUAN ANTONIO: Eta zu eta zure GKEa berriz, inozo galantak. Gobernuari lan zikina dohainik egiten diezuenak.

MIREIA: Txinako futbolaz ari ginen.

JUAN ANTONIO: Bankuak sartu dituzu erdian.

MIREIA: Tabernan hain zirikatzailea zara?

JUAN ANTONIO: Ezeroso nago. Zoazelako edo.

MIREIA: Ni ere bai.

 

JUAN ANTONIO: Desberdina da. Zuk bizitza proiektu bat duzu bihartik aurrera… Nik bakardadea.

MIREIA: Koadrila hor egongo da beti.

JUAN ANTONIO: Ordu gutxirako. Baina eguna luzea da.

MIREIA: Zer egingo dut? Etxean geratu, zuri lagun egiten?

JUAN ANTONIO: Joder, ez dut hori esan.

MIREIA: Zure karga nire bizkar gainera botatzen zabiltza.

JUAN ANTONIO: Astapotroa naizelako. Barkatu Mireia, ohituko naiz.

 

MIREIA: Beldurtu egin nauzu.

JUAN ANTONIO: Joan lasai. Eta deitu egunero. Hori izango da nire bizipozik gogokoena.

MIREIA: Hemengo eguerdian deituko dizut, hango gauean.

 

JUAN ANTONIO: (Patrikatik bi intsignia ateratzen ditu, kontu handiz) Badakit ez duela eraztunaren balio emozionalik, baina ez dut fundamentuzko beste ezer zuri emateko.

MIREIA: Futbol taldeko bi intsignia!


JUAN ANTONIO: Oso garrantzitsuak dira niretzat.

MIREIA: Eta zergatik bi?

 

JUAN ANTONIO: Hau zure gelan uzteko, bazterrean nahi baduzu, baina hantxe, zure aitaren presentzia.

MIREIA: Jope, ze erromantikoa. Eta bestea?

 

JUAN ANTONIO: Hango lehen mailako futbol taldeko jarraitzaileren bati trukean emateko.

MIREIA: Hau emango diot, eta berak hango taldekoa.

JUAN ANTONIO: Intsignia bildumarako.

 

MIREIA: Logelan dagoen oporretako argazki handia (Seinalatuz) horman ipini beharko zenuke, zuenaren aldamenean.

 

JUAN ANTONIO: Bihar bertan. Nire bizitzako emakumeak alboan zaudetela. Ze azkarra zaren.

MIREIA: Ez dakit ba.

 

JUAN ANTONIO: (Mahaiko tiraderatik gutun-azala ateratzen du) Azkenean bi mila eta bostehun euro sartu dizkizut. Gorde ondo maletan.

MIREIA: Ez dut nahi! Bi mila esan didazu lehen.

 

JUAN ANTONIO: Ez nekielako ze enpresetan egin behar zenuen lan. Besterik ez, baina eskarmentua badaukat, eta Txinan kotxeen salmenta jaisten bada, normala litzatekeena, zure enpresarenak ere jaitsiko dira, eta langileen ehuneko bat soberan geratuko da. Zeintzuk uste duzu joango direla kalera lehenengo?

MIREIA: Aldi bateko kontratudunak.

JUAN ANTONIO: Bai zera! Ebentualak bigarren. Lehenengo bekadunak.

MIREIA: Konpromisoa dute gobernuarekin.

JUAN ANTONIO: Lehenengo bekadunak. Egin kasu.

MIREIA: Mandarinez hitz egiten ikasi beharko dut. Kalean ez galtzeko lain behintzat.

JUAN ANTONIO: Baina ez al zenidan esan ingelesarekin nahiko zela?

MIREIA: Izebari zu bazkaltzera gonbidatzea igandetan eskatuko diot.  

JUAN ANTONIO: Ez duzu nigan konfiantza larregirik.

MIREIA: Eta poltsa eraman, asteroko plantxatzeko alkandorekin.

JUAN ANTONIO: Besterik, nagusi?

MIREIA: Postrea zeuk eraman beti. Eta garagardoa.

JUAN ANTONIO: Hori ez zegoen esan beharrik.

MIREIA: Azken arropen bila noa, maleta egiten bukatu eta lo lasai egiteko. (Alde egiten du)

 

JUAN ANTONIO: (Hormako argazkiari) Ez dakit ondo azaltzen, Lurdes, baina alargun geratu nintzeneko antzerako sentsazioak ditut. Zu betiko joan zinen, eta ez dakit Mireia itzuliko den. Oso sentsazio berezia da. Nire bizitzari zerbait kenduko balioke bezala. Txikiago sentitzen naiz. Urteen poderioz eraikitako bizimoldea, familia, dena galdu, eta bakardadean geratu, bizitzako azken sasoirako galtzaile sentimenduarekin. Bihartik aurrera, zertaz egon naiteke pozik etxe honetan? Zu maite izanagatik eta ahal izan nuen guztietan senarra izateagatik, tabernako gorabeheren gainetik? Alaba maitatzeagatik, hamalau mila kilometrotara joan arren, eta itzuliko den jakin ez arren? Eta etxetik kanpo, guk genituen ametsak mundua hobetzeko, zertan geratu diren? Esango didazu ezkor nagoela gaur, alaiago egon izan naizela, eta aurrera begiratzeko. Baina ez dakit horrela den. Beti aurrera begiratzen, eta ezertarako. Hutsune handia sentitzen dut.

MIREIA: Argazkiari penak kontatzen berriro? 

JUAN ANTONIO: Eta pozak.

 

MIREIA: (Zekarren arropak maletan sartzen ditu, eta kostata baina ixtea lortzen du) Benetan?

JUAN ANTONIO: Ganoragabea izango naiz.

 

MIREIA: Etxean nagoenean, edo neurriak hartzen aritzen zara, edo zure betiko matrakarekin.

JUAN ANTONIO: Ez da egia.

MIREIA: Futbol partida irabazten duzuenean aldatzen da diskurtsoa.

 

JUAN ANTONIO: Amari sarri kontatzen diot zorioneko nagoela. Alaba langilea eta ondratua, etxeko hipoteka osoa ordainduta, geure kotxea, erretiroa bizitzeko lain.

MIREIA: Kuadrilla jatorra.

JUAN ANTONIO: Hori ez diot zerrendan sartzen.

 

MIREIA: Oraingoa ez omen da azken konfinamendua. Klima aldaketak gehiago ekarriko ditu.

JUAN ANTONIO: Hurrengoak ez nau harrapatuko. Zaharregia naiz.

MIREIA: Afalduko dugu?

JUAN ANTONIO: Nire bizitzako parte garrantzitsua zen. Zu bezala.

MIREIA: Ez gaitezen hasi. Hobe momentu onak gogoratzea, eta positiboki.

JUAN ANTONIO: Zuk erraza duzu. Ni hutsik sentitzen naiz.

MIREIA: Semea izan bazenu, alabaren ordez.

JUAN ANTONIO: Ez egidazu berriro halakorik esan.

MIREIA: Normalagoa irudituko zitzaizun mutila Txinara joatea.

 

JUAN ANTONIO: Momentu honetan berdin zait. Hori baino konfiantza gehiago daukat zurekin.

 

MIREIA: Bankuko kontua zabalik utzi dut. Ez dago diru asko, baina transferentziak egiteko premian agertzen banaiz, baliagarria izango zait.

JUAN ANTONIO: Hasieran hilero zertxobait sartu dezaket. Zeu han asentatu arte.

MIREIA: Esango dizut.

JUAN ANTONIO: Baduzu inorekin zorrik?

MIREIA: Ez. Norbait etxera badator kopla horrekin, ez eman dirurik.

 

JUAN ANTONIO: Bihar nola agurtuko gara? Ukondoarekin? Musu parea? Besarkada? Musua eta besarkada?

MIREIA: Ukondoarekin.

JUAN ANTONIO: Bebarruan ala espaloian?

MIREIA: Badakizu  zer agindu nion amari ospitalean, hiltzear zegoela?

JUAN ANTONIO: Bere eredua jarraituko zenuela.

MIREIA: Maleta prest dago. Afalduko dugu?

JUAN ANTONIO: Ardorik onena zabalduko dut zure izenean.

 

MIREIA: (Ukondoarekin agurtuta eskertzen dio) Eskertzen dizut. (Biak doaz sukalde aldera, baina Mireia geratu egiten da.) Oraintxe noa. (Hormako argazkiari begira, hitz egiten hasten da, aitak egiten duen antzera). Oroitzen zara ama, ospitalean gaixorik zeundenean nola agintzen nizun, soldata ona lortzen nuenean emakume jator bat kontratatuko nuela, zu goxo goxo zaintzeko?... Bueno, beharbada gauzak hobeto egin izan banitu, soldata ona lehenago lortuko nuen, zu bizi zinela. Eta eman zenidan guztia… Guztia ezinezkoa zen, baina eman zenidan asko itzuli egiteko gai izango nintzen. Sentitzen dut oraingo Kunshaneko aukera hau hain berandu etorri izana, eta zuri zor nizun maitasun guztiaren zatitxo bat besterik ez bazen ere, ezin itzultzea. Badakit esango zenidala zurekin inolako zorrik ez nuela, zure alaba nintzelako. Baina nire barnean, esker ona behintzat erakutsi nahi nizun, egin zenuen guztiagatik. Aitak ez dakit larregi merezi duen, baina zu izango bazina bezala egingo diot orain berari, Zure izenean…

Mireia, apal, sukalde aldera doa.

 

SINOPSIAK ANTZERKIA: “Hizkuntzalaria” Luis Villasante Euskaltzainburu aren " Historia de la literatura vasca " (1979) liburua...