viernes, 30 de octubre de 2020

 

Antzerkia: “GAUEKO ZAINDARIA”


 

Pertsonaiak: 

EDUARDO: Mekaniko mardula, hirurogeita lau urte. 

MIREIA: Eduardoren alaba, 32 urte.

ASIER: Eduardoren semea, 29 urte.

JUAN TOMAS: Mekanikoa, hirurogei urte.        

 

I

 Agertokia Izuratarren familiabakarreko etxetzarraren aurrealde zaharkitua da, hirurogeigarren hamarkadan eraikitakoen tankerakoa, hirietako langile auzoetan ohikoak zirenak. Kalezulotik Eduardo eta Juan Tomas datoz, abesten eta builaka.

EDUARDO: Astea sartu diagu! Topa bat ospatzeko… (Sukaldeko lehiora gerturatzen da, eta eskua bertatik sartuz, ardo botila bat eta bi edalotzi ateratzen ditu. Bete ondoren, adiskideari bat ematen dio, beti bezala). Guregatik!

JUAN TOMAS: Munduan diren gaueko zaindari guztiengatik! (Eskuma topa egiteko eran jaso ondoren, apur bat edaten du, astiro).

EDUARDO: (Botila mahaian uzten du). Larunbata duk asteko egunik bikainena. Geure ohean egin dezakegu lo, eta gainera gauez! Badakik zer esan nahi duen horrek?

JUAN TOMAS: Ezkongabeoi berdin zaiguk.

EDUARDO: Eta niri. Ama aspalditik zegok gaixorik.

JUAN TOMAS: Egunez gauez bezain ongi egiten diat nik lo.

EDUARDO: Ez egidak adarrik jo!

JUAN TOMAS: (Irribarrez). Txantxetan nenbilen.

EDUARDO: Aspaldiko hamaiketako onena egin diaugu. Eta zortzea izan diagu bitarteko sindikala gurekin izan delako. Negoziatzaile trebea duk, eta denaren premian geudek.

JUAN TOMAS: (Diruaren keinua eginaz behatzekin). Guztia ondo amaitzen baduk, zati bat emango zioagu.

EDUARDO: Ez eta pentsatu ere! Hara bestea. Zertarako zegok ba orduan sindikatuan?

JUAN TOMAS: Gehiago saiatuko duk.

EDUARDO: Inoiz eman diate lantegian aparteko soldatarik lana ondo egin dualako? (Juan Tomasek ez dio erantzuten)...

Mireia agertokira dator etxeko atetik, eta bi gizonengana gerturatzen da. Haurdun dago.

MIREIA: (Errespetuz, baina seriotasunez)... Aita... Gaur ere zurrut egitera joan zarete kale-kantoiko tarbernara? 

EDUARDO: Hostia! Ez egidazu errepikatu gauza bera larunbat guztietan!

JUAN TOMAS: Inoizko hamaiketako bikainena egin dugu. Arrautza parea hirugiharrarekin, eta gero ardi-gazta. Dena urteko ardo onarekin. 

MIREIA: Berandu zatozte.

EDUARDO: Amari zerbait gertatu zaio?

MIREIA: Okerrera egin du. Gero eta ahulago dago, eta daukana gutxi izango ez balitz, bainugelan erori egin da, ziurrenik noizen behin ematen dion bertigoagatik.

EDUARDO: Sendagileari deitu diozu?

MIREIA: Ez dagoela zereginik dio, eta adinak dakarren hondatze orokorra dela. Badakit biok adin berekoak zaretela, baina berak zu baino gehiago sufritu zuen erditzeen ondorioengatik. Kandela baten antzera itzaltzen ari da... Denbora gutxi geratzen zaizu. 

EDUARDO: Apur bat lasaituko naiz, eta gero igoko dut berarekin hitz egitera.

MIREIA: Joan zen larunbatean gauza bera esan zenuen. Eta aurrekoan. Eta iragan hilean. Zure hitzek ez dute ezer balio! Amak kontzientzia gal dezake, eta orduan beranduegi izango da (Sarrerako atera hurbiltzen da. Bertatik). Ez noa berriro errepikatzera.

JUAN TOMAS: (Mireiari) Bart gauean ere lapurretak izan dira enpresan. Hamaiketakoan bitarteko sindikalarekin egon gara, arazo larri honetan laguntzeko. Nik eskupeko bat eman nahi nion, baina zure aitak ez.

EDUARDO: Ze arraio! Bere betekizuna hamalau urtetik hona hilero kuotaordaintzen dugunon eskubideak defendatzea da. (Etxea seinalatuz). Gaueko zaindari baten soldatarekin lau pertsona bizi gara hemen.

MIREIA: Alarguntsa-pentsioa dut. Ohituta zaude ama esaldi horrekin kikiltzen, bera ekonomikoki zure menpeko sentiarazteko. Baina ni autonoma izan naiteke nire pentsioarekin. Eta ez naiz zure soldatara lotuta sentitzen. Hobe duzu hiru pertsonaz hitz egitea, eta ni bakean utzi.

JUAN TOMAS: Familia kargarik ez dut, eta neu konponduko naiz bitarteko sindikalarekin. Bion izenean emango diot, noski.

EDUARDO: Nire izenip ez egiozu aipatu. Esan nahi baduzu bion izenean ematen diozula, baina izenik aipatu gabe.

JUAN TOMAS: (Zurrut bat egin ondoren) Lapurretaren susmagarrien artean gaudela uste duzu?

EDUARDO: Ziur. Ez da ustekabea bi gau jarraietan fabrikan kobrea desagertzea. Tona erdi baino gehiago guztira, eta orain duen prezioarekin.

JUAN TOMAS: Baina guk ez diagu lapurtu! Inoiz ez diagu ezer lapurtu.

EDUARDO: Gerentearentzat normala izango duk gu susmagarrien zerrrendan egotea.

JUAN TOMAS: Fabrikan berrogei urtetik gora lan egin ondoren?

MIREIA: Heldu beria duk. Exekutibo gazte hauek ez zekitek ezer enpresari egin diogun ekarpenari buruz. Helburuak betetzea interesatzen zaie, plusak irabazteko eta promozionatzeko.

JUAN TOMAS: Ez diagu inoiz gatazkarik sortu.

EDUARDO: Ez egidak adarrik jo. Norbaitek materiala lapurtu dik. Hori duk errealitate objetiboa. Gure ondradutasunari buruz hik uste duana, esango diat nondik pasako zaion gerenteari.

MIREIA: Jende guztiak daki zuek ez zaretela izan. Ez da ausartuko ezer egiten zuen kaltetarako. Sindikatuko afiliatu guztiek babestuko zaituzte.

EDUARDO: Ez naiz larregi fidatzen. Bakoitza bere kontura doa, eta klase-elkartasunarena, lehen zen.

MIREIA: (Kezkatuta) Galdekatu zaituzte berriro gaur goizean?

EDUARDO: Behin eta berriro esan diet errugabeak garela. Baina kabroi horiek berera doaz.

JUAN TOMAS: (Bizkarrean zaplada bat emanez) Hik bai dakiala gizon bat bezala erantzuten!

EDUARDO: Asteburu honetan berriro fabrikan sartzen badira, frogatuta geatuko da gu ez gaerla izan. (Juan Tomasi). Lapurreta hauek bizitza aldatuko digute. Errondak eta ateetako erlojuetan fitxatzea kenduko dizkigute.

JUAN TOMAS: Ziur negok lapurrek gure gaueroko errutinak zelatatu dizkigutela, eta bazekitela nondik pasatzen ginen bi ordutik behin.

MIREIA: Noizean behin errondak aldatu egin beharko zenuke. Zuen zaintza errutina iragartzea oso erraza zirudien. (Eduardori) Aipatzen duzun bizitza aldaketa horrek, eragingo dio soldatari?

EDUARDO: Ez dut uste. Baina gauero hara eta hona ibili beharko gara, erronda finko barik.

MIREIA: Zuen adinarekin, ez dira ausartuko horrela erabiltzea.

EDUARDO: Ergel batzuk bezala jarraituko dute gu tratatzen, ziur. (Etxeko ate aldera doa) Ama agurtzera noa, baina lapurretena ez diot aipatuko. (Mireia eta Juan Tomasi) Zeuek ere ezer ez aipatzea eskertuko niezueke...

Etxean sartzen da, kalezulotik Asier datorren bitartean.

ASIER:... (Juan Tomasi, banderatxoa erakutsiz). Kaixo, osaba Juan Tomas... (Ukabilak ukitzen dira labur) Auzoko kadeteen partidutik nator. Marrazaina izan naiz, eta delegatuak freskagarri bat ordaindu digu. 

JUAN TOMAS: Hori ondo dago, Asier. Zeure ahaleginagatik irabazi duzu… Ama mimoz zaintzen duzu?

ASIER: Ama mimo handiz zaintzen dut, eta arreba ere ondo zaintzen dut.

MIREIA: Ez isiltzeagatik dio.

ASIER: Aitak gauero errepikatzen dit bera fabrikan dagoen bitartean, neu naizela etxeko gizona, eta guztiaren ardura hartzeko. Guztiaren ardura hartzeko, osaba!

MIREIA: Dendako erosketak ekartzearekin hastea zenuen. Zenbat bider errepikatu behar dizut! Noiz esan dizute futbol partidura joateko? Ziurrenik hasi baino bost minutu lehenago, eta ni hemen etxean bazkaria prestatzen hasteko zain. 

ASIER: (Lurrera begira) Gero joango naiz.

MIREIA: Oraintxe bertan joango zara! Eta bi bidaia egingo dituzu, farmaziara joateko beharra ere badagoelako, amaren botikak erostera. (Erosketako poltsa ematen dio) Esan Anita andereari hurrengo astean joango naizela ordainztera. Gaur ezin dudala, ama zaintzen nagoelako.

JUAN TOMAS: Auzoko mandatari onena zara, Asier. (Mireiaren sabelera begira). Eta laster ilobaren kargu ere egingo zara.

ASIER: Horegatik hartzen ditut beti pastila guztiak. Iloba harro egongo da nitaz.

JUAN TOMAS: Horrela hitz egiten da!… (Hiru txanpon ematen dizkio, eta berahala gordetzen ditu patrikan). Bi igandeko zaldi lasterketarako, eta bat lagunekin egoteko. Ez esan ezer aitari.

ASIER: Oraingoan irabazi egingo dut, osaba.

MIREIA: Ez duzu zertan dirua ematen ibili beharrik.

ASIER: Joan zen astean bi zenbakiaren alde jokatu nuen, eta huts egin nuen. Arraioa!

MIREIA: Beti kale egiten duzu. Eta gainera, izen arraroak dituzten zaldien alde jokatzen duzu beti.

JUAN TOMAS: (Abegikor) Agian egun txarra izan zuen.

Asier Juan Tomasengana hurbitzen da.

ASIER: Egunen baten eramango nauzu hipodromora lasterketak ikustera? Ez naiz inoiz izan.

JUAN TOMAS: (Nahastuta)… Ni ere sekula ez naiz joan… Iganderen baten joango gara, trenean, eta Mireiak ogitarteko batzuk prestatuko dizkigu.

ASIER: Aupa! (Trenean joango balitz bezala) Traka-traka, traka-traka. Trenean joango gara!

JUAN TOMAS: Agian arropa egokia erosi beharko dut hain egun garrantzitsurako. (Mireiari) Zer uste duzu?

MIREIA: Aitak beti esaten du zaldi lasterketak dirudunentzat direla, ez mekaniko baten semearentzat. Ni ere ez naiz inoiz joan.

ASIER: (Juan Tomasi, danborraren makila zaharrak erakutsiz). Bigaren eskukoak dira, baina ondo jotzen dute. Tailerrean utzi dizkidate. (Jotzeko keinua egiten du) Umea jaiotzen denean, oparituko dizkidazu makila berriak?

 MIREIA: Ezta pentsatu ere!... Azken hauteskunde munizipalen ondoren tailer babestuen emakume zuzendari berria pini dute. Eta enplegatuen arteanaisialdi aktiboa suspetu nahi du. Pinturan, eskulanetan, musikan eta kirolean taldeak sortu dituzte.  

JUAN TOMAS: (Asierri) Zenbat balioko zuten makila berriak?

MIREIA: Utz egizu, mesedez. Aski izango dugu umearen negarrekin. Eskulanetako tailerrean sartzeko esan nion, etxerako zerbait baliagarria egiteko. Baina ezer ez. Nahikoa da nik esatea, konratkoa egiteko.

ASIER: (Juan Tomasi). Tailerrean danborrada bat atera nahi dute. Baina ez dakit danbor-jole aukeratuko nauten. Erritmoa eramateko belarri txarra daukadala esaten du arduradunak, eta sukaldari hobeto joango naizela, lapiko handi bat erqmaten.

JUAN TOMAS: Zenbat danbor-jole dira guztira?

ASIER: Berrogeiren bat. Edo agian berrogeita hamar. Oraindik ez dute esan. Baina nik ez dut sukaldari jaon nahi, osaba. Danbor-jole izan nahi dut.

MIREIA: Etxean ez duzu entsaiatuko, pentsatu ere ez! (Sabela ukituz). Umea esnatuko zenuke.

ASIER: (Juan Tomasi, besotik oratuz). Baketa berriak erosiko dizkidazu, osaba? Txanpon gutxi batzuk besterik ez zaizkizu kostako. Igandeko lasterketan irabazten badut, itxuliko dizkizut.

JUAN TOMAS: Zure urtebetetzean oparituko dizkizut.

MIREIA: Jotzera urrun joan beharko zara, danborrik ez bait duzu behar entsaiatzeko. Parkeko harrizko zubi zaharraren ondoan ez diozu inor trabarik egingo.

ASIER: Parkeko harrizko zubi zaharraren ondora joango naiz jotzera.

MIREIA: Ez errepikatu nio diodana! Eta extean zauden bitartean, baketak neuk gordeko ditukt giltzapean. (Erosketako poltsa ematen dio berriro) Enkarguak lehenengoan egiten dituzunean soilik utziko dizkizut...  

Asier kalezulotik doa, eta Eduardo sartzen da. Datorrela ikustean,  Juan Tomas etxera sartzen da.

MIREIA: Lehen amari esan diot gaur egun handia izan zitekeela beretzat. Arratsalde osoa zenuela berarekin egoteko, eta zeuen gauzetaz hitz egiteko.

EDUARDO: Nola ikusten duzu?

MIREIA: Badakizu oso gaixo dagoela, eta zuk bihotza noz zabalduko zain... Sendagileak lasaigari batzuk utzi dizkit, eta mina kentzeko bat eman diot.

EDUARDO: Logale dago.

MIREIA: Eta agero eta ahulago. Jadanik ez du jateko gogorik. Hainbeste gustatzen zaion berakatz sopa prestatu diot, eta ia ez du dastatu.

EDUARDO: Jatea garrantzitsua da. Nire izena aipatu du, baina ez zuen hitz egiteko gogorik, ez eta ni entzuteko ere. Eskutik oratu diot, eta erretiratu egin du berea... (Sabela seinalatuz). Eta zeu, zer moduz zaude?

MIREIA: Badirudi futbolaria izango dela, Joxe bezala. Ostikoak ematen dago etengabe, eta oraindik bi aste falta zaizio... Ama zure zain dago. Buru-argitasun momenturik badauka, gustura entzungo dizu. Ziur nago, hainbatetan esan didalako. Azken aldiz gaur goizean, gosariaren ondoren.

EDUARDO: Ez zenuen zertan gure gauzetan sartu beharrik.

MIREIA: Aste batzuk badaramazu saten larunbat arratsaldeak direla egokienak berarekinhitz egiteko. Erlaxatuen sentitzen zarela orduan.

EDUARDO: Beteko dut hitza, zin dagizut... Oraindik eguerdia da.

MIREIA: Egoera honek erabat aspertzen nau, aita. Beti kopla berdinarelin zabiltza... Duela gutxi alargundu nintzen, eta neronek bakarrik daramazkit haurdunaldiaren beherakadak. Dendako lana utzi egin nuen ama zaintzeko. Ezin dut gehiago. Eta zugandik eta Asierrengandik laguntza jaso beharrean egoera hobeto eramateko, trabak besterik ez dizkidazue ipintzen. 

EDUARDO: (Aurreko amantalari begira). Zer da gutun-azal hori? Gaur ailegatu da?

MIREIA: Jatetxe sozialekoek eskertze oharra bidali didate, jadanik ez noalako. Boluntario guztiei bidaltzen die. Faltan botatzen nautela esaten dute... Ilusioa egin dit.

EDUARDO: GKEeetako jatetxeak eta janari banku hostia horiek alde batera utzi behako zenituzke, eta ordaintzen duen lanetan aritui. Amaren sendagaiak erosteko dirua jarri beharrean, progre jarrera hartzen duzu besteen kontura.

MIREIA: (Haserre) Ez egidazu esan zer egin behar dudan hemendik kanpora, mekaniko frustratu nazkagarri hori!

EDUARDO: Ez dizut irain horiek onartzen.

MIREIA: Nirekin sartzen zaren guztietan esango dizkizut.

EDUARDO: Aski da!... Aski da.

MIREIA: Badira egun batzuk etxetik ateratzen ez naizena, ama zaintzearren. Alargun geratzean Joxerekin nituen harremanak moztu egin zitzaizkidan. Orain noizean behin deitu egiten naute, baina gehiago da errukiagatik, plan interesgarri bat proposatzen didatelako baino. Eta aneronen ametsak izan nahi ditut, ulertzen?

EDUARDO: Gure egoera ekonomikoa benetan laria da. Hilaren amaierara ailegatzeko larri ibiltzen garen bitartean, zu hortik zehar zabiltza probetxu bariko ekintzetan.

MIREIA: Badira diruaz gain beste gauza batzuk. Niri satisfakzio handia ematen dit ezer ez dutenei laguntzea.

EDUARDO: Nik beti ekarri dut jornala etxera.

MIREIA: Zeure traumak pasatzen saiatzen zara beti.

EDUARDO: Hamalau urterekin hasi nintzen lanean, eskuzko ofizio bat ikasteko beste aukerarik ez nuela, eta bizitza osoa burruka bat izan da. Beti zintzotasunez.

MIREIA: (Esku biak bularrera eramanaz) Amak esan dit hemen barnean askatu ezin duen korapilo bat duela.

EDUARDO: Joango zaio.

MIREIA: Behin baino gehiagotan erepikatu dit hogeita hamar urte daramazuela elkari bihotza zabaldu barik begietara begira.

EDUARDO:… Egunero hitz egiten dugu.

MIREIA: Errutinako hitzak.

EDUARDO: Hitz egiten dugu. Ez da gutxi.

MIREIA: Etxera soldata ekartzea arlo bat da soilik. Gauza gehiago erantsi behar dira, berotasuna, maitasuna.

EDUARDO: Utz egidazu bakean. Ez zenuke ulertuko.

MIREIA: Tentelatzat hartzen nauzu? Mekaniko zaharrok uste duzue gizonagoak zaretela etxean hoztasunez arituz...  

Juan Tomas sartzen da.

JUAN TOMAS:... (Mireiarengana hurbiltzen da, konplizitatze itxuraz). Badakizu azkena? Bazen etxetresnen saltzaile bat... 

MIREIA: Ez dago txistetarako girorik, osaba... (Sabela ferekatuz) Badirudi mutikoa futbolaria izango dela (Irribarrez) Juan Tomas izena jarriko diogu, zu bezala.

EDUARDO: Hobe litzateke istripuan hil ziren bere aitaren edo osabaren izena jartzea.  

JUAN TOMAS: Benetan ideia bikaina da. 

MIREIA: (Eduardori) Txantxetan nenbilen. Erabakita daukat ze izen jarri, baina ondo datorren itxarongo dut, eta gero esango dizuet. Ama jakinen gainean dago. Ez esateko eskatu nion.

EDUARDO: Badakizu zerk nahigabetzen nauen?

JUAN TOMAS: Josefina hain gaixo egotea, eta ez jabetzea zein mekaniko onak garen gaueko zaindari bezala lanean aritzeko.

MIREIA: Berak ondotxo daki, zuei hainbestetan entzun ondoren. Biok hemen zaudetenean, berbaldiko gai bakarra zuen lana izaten da. Beste guztia bigarren mailakoa da, eta ez du garrantzirik. Lehenengo zuen lanbidea da,  fabrika, matxuratzen diren makinak, eta guzti hori. Amak eta biok ozta-ozta esan dezakegu zeozer.

EDUARDO: (Baloi bat aurreko horman margotutako atera botatzen du). Gure semea zenak sartu egingo zuen.

MIREIA: Ahaztu egizu.

EDUARDO: Gaueko zaindari izateko ez da mekanikoa izan behar. Jubilazioaren aurreko bakardadean gaude.

JUAN TOMAS: Jadanik ez digute bileretara deitzen.  

EDUARDO: Barneko posta soil bat bidaltzen dizute. Eta kito.

JUAN TOMAS: Gau osoan enpresa gure menpe dago. Ateak zaintzen ditugu, makinak eta instalazioak. Labeen tenperatura zaintzen dugu, 1200 gradutik ez jaisteko... (Mireiak jarraitzen du)

MIREIA: Eta hiru ordutik behin saldaren zepa kentzen diozue. Asteroko diskurtso bera da. Gogaikarri batzuk zarete.

EDUARDO: Cuando la electrónica dominó las máquinas, la jodimos.

JUAN TOMAS: (Resignado). Dímelo a mí, que siempre fui tu ayudante.

MIREIA: Lanaz aparte ez dakizue beste ezertaz berba egiten?

EDUARDO: Mutikotan buzo itsas urdina eskatu nien errege magoei. Ordu libretan, automobilen garaje batera joaten nintzen, mekanikoak lana nola egiten zuten ikustera.   

JUAN TOMAS: Zer gehiago galdetu dizu poliziak?

MIREIA: (Eduardori). Jabearekin egon beharko zinateke. Ulergarria da gaurko zuzendari gazteek zuek enpresarentzat egin duzuena kontutan ez hartzea.  Baina jabeak estimatuko du.

EDUARDO: Berak ondo egindako lana baloratzen zuen, eta laguntzat hartzen gintuen... Alzheimerrak garaitu du. Berarekin egon nintzen azken aldian, ezagutu ere ez ninduen egin.

JUAN TOMAS: Poliziari azaldu egin behar diozu jende ondratua garela.

EDUARDO: Bost axola zaie. 

MIREIA: Orainak soilik balio du?

EDUARDO: Beraien arazo bakarra atzoko eta gaurko lapurretak dira.

JUAN TOMAS: Lapurretak, besterik gabe... (Eduardok ez dio erantzuten. Beste ardo ateratzen du, eta edan ondoren). Gehiagoren bila noa...

Juan Tomas etxera doa. Asier dator, eskuan zalditxo bat dakarrela.

MIREIA:... Polizia berriro etorri da, dena usaintzen zuen txakur handi batekin.

EDUARDO: Lapurretagatik etorri dira?

MIREIA: Ez. Txemaren zerbait bilatzen zuten. Bazter guztiak miatu dituzte, ama gaixo dagoela ikusteak ajola gabe.

EDUARDO: Kabroiak!

MIREIA: Txiletik eskutiz berriren bat ailegatu zaigun susmoa zuten. Txakurrarena, bere arropengatik izango zen.

ASIER: Zalditxo guztiak lurrera bota dizkidate, aita. Denak lurrera, arraioa! (Eduardok ez dio jaramonik egiten).

MIREIA: Nire ordenagailuko kopia bat eraman dute. Gaizkile batzuk izango bagina bezala hartzen gaituzte. Inongo errekerimendu juduzialik gabe etortzen dira. Sartu, eta kito. 

EDUARDO: Esan diezu non dagoen?

MIREIA: (Mireia jesarri egiten da, lasai) Dakiguna esan diet, Txilen dabilela. Azken eskutitzak Valparaisoko zigilu-marka zuela. Baina helbide zehatzik ez dugula.

EDUARDO: Ondo eginda. Familiari lagundu behar zaio. Geure artean ez bagara laguntzen, esango didazu nolako etorkizuna dugun.

MIREIA: Ez diet inoiz datu zehatzik eman, ez eta emango ere.

ASIER: Ezta nik ere. Inoiz ez diet daturik emango.

MIREIA: Utz egizu nik esandakoa errepikatzen!

ASIER: Ez dut zuk esandakoa errepikatuko. 

MIREIA: Asier!

ASIER: (Esku biak zabalduz)... Ados.

EDUARDO: Amarekin alaba jatorra zara.

MIREIA: Larregi isiltzen den alaba.

EDUARDO: Ah zelako putasemeak poliziak, txakur batekin etortzeko. Fabrikako lapurretarena ere ez egiozu esan... Sendagileak soilik berri onak emateko eskatu zigun.

MIREIA: Oraina ez zaio ia axola. Bere baitan bilduta dago, eta uste dut ilusioa galdu duela beste gauzekin. Bere eguneroko ohikeria jan, lo eta negar apurt bat egitea da. Eta noizbehinka, guri entzun eta irribarre bat egin.

EDUARDO: Zure anaiaren hilketak akabera eman zion. Sekula ez dut ulertuko zergatik joan ziren lanera hain urrun zure anaia eta zure gizona, hemen soldata ona izanda. Ze bi gizagaixo!

ASIER: Hain urruti joaan ziren futbolean jokatzera diru asko irabazteko.

MIREIA: Hemen hirugarren mailan baino askoz gehiago jasotzen zuten. Gertatu zena ikusi ondoren argi ikusten duzu, baina han pare bat urte egitea nahikoa zen hipoteka ordaintzeko.

ASIER: Eta opari onak ekari behar zizkiguten.

EDUARDO: Begira nola bukatu den dena.

MIREIA: Joxe eta biok ados geunden aldentzearekin. Hemen ez zuen igotzerik, eta ez zuen hilero kobratzen. Oso gogorra da gauero pentsatzea etxetik kaleratua izango zarela, ordaintzen ez baduzu. Eta gehiago, haurdun zaudenean.   

EDUARDO: Mila bider errepikatu nion zure anaiari ez emigratzeko.  

ASIER: Eta defendatzeko gurasoen etxea, defendatzeko.

EDUARDO: Futbol taldeak ze izen zuen?

ASIER: Arabiar izen luze bat da, oso zaila. Ez naiz gogoratzen, aita.

EDUARDO: Egun osoa zaldien izen arraroekin zabilta, eta ez zara gogoratzen anaiaren ekipoaren izena! Ah ze anaia potro handia!... Neuk ere ez dakit zenbaitetan eskatu nion atzerrira ez aldentzeko, hau zela bere etxea, hemen gutxiago irabazi arren gastuak ere txikiagoak izango zirela. Baina ze hostia! Beti egin duzue nik eskatutakoaren aurkakoa.

MIREIA: Badakit, aita. Ez duzu zertan egunero gauza bera errepikatzen aritu beharrik. Anaia eta senarra galtu nituen, eta zu kexu, jaramonik egin ez zizutelako. Zauria etengabe zirikatzen.

EDUARDO: Denborak arrazoia eman dit.

MIREIA: Obsesionatuta zaude horrekin. Mundua ikusteko era bakarra dagoela uste duzu, hain justu zurea. Zuk pentsatzen duzuna dagoela ondo, eta besteok kasu egin behar dizugula gazteagoak garelako. Boker zabiltza, eta guk ere geure bidea egin nahi dugu. Hanka sartzen badugu, behintzat gaure kasaz saiatu garelako izango da.

EDUARDO: Zuk ez dakizu seme bat galtzea zer den. (Etxerantz doala). Amarengana noa.

MIREIA: (Hoztasunez). Ardo usaina duzu, larregikoa.

EDUARDO: Berak ondotxo daki larunbata gure eguna dela.

MIREIA: Zurekin joango naiz...

Eduardo eta Mireia etxean sartzen dira. Juan Tomas dator.

JUAN TOMAS:... Bakarrik?

ASIER: (Zalditxoa erakutsiz) “Azkarrena” zalditxoarekin nago. Goizean poliziak egin duen miaketan, txakurrak lurrea bota du, eta atzeko zangoak apurtu zaizkio. (Ez direla mugitzen erakusten dio).

JUAN TOMAS: Ekarri, ea konpontzen dizkioten. (Manipulatzen hasten da, kontu handiz)... Trebezia eta denbora apur bat besterik ez dira behar. Lasai, ondo geratuko dira eta... Tailerrean, lan asko duzue?

ASIER: Erregular, osaba Juan Tomas, erregular. Kide batzuk beste tailer batzuetara bidali dituzte. Poltsa bakoitzean bost koloretako hogei torloju sartzen jarraitzen dut. Baina lanpostuz aldatu behar naute.

JUAN TOMAS: Kontu txarra. Aitari eta niri ere aldatu egin ziguten, eta beti gertatzen den moduan, aldaketa okerrerako izan zen. Putakeria galanta egin ziguten.  

ASIER: Hemendik aurrera, poltsak kaxatan sartuko ditut, bete arte, eta ondoren itxi egin behar ditut zintza itsasgarriaz. Berrogaita hamar poltsa kaxa bakoitzean. Berrogei torloju kontatzetik, berrogeita hamar poltsa kontatzera. Jauzi handia, ezta osaba?

JUAN TOMAS: Soldata ere igoko dizue.

ASIER: Berdin irabaziko dut, osaba, tailerrean nagoen denboragatik ordaintzen didatelako. Baina badakizu gauza bat, lanpostu berria nahiago dut, leihate ondoan egongo naizaleko.  

JUAN TOMAS: Ze aldaketa kaskarra, berdin irabazi behar baduzu lan gehiago eginda. Beno, behintzat bista hobeagoak izango dituzu.

ASIER: Lehiate ondoan egongo naiz, eta ona dagoenean eguzkia ikusiko dut, osaba. Eta kalearen bestaldean dauden pabiloiak ere ikusiko ditut lehiatetik.

JUAN TOMAS: Ez dira lorategiak edo zuhaitzak ikusten?

ASIER: Eguzkia ikusiko dut ona dagoenean, osaba. Txit pozik nago. Torlojuen lanpostutik ez da eguzkia ikusten. Hormatzarra soilik ikusten da, eta bazkariaren tuperrak uzten ditugun armairuak.

JUAN TOMAS: Jakina, primeran aldaketarekin... Amari eman diozu albistea?

ASIER: Lanean zintzoa izateko esaten dit. Bestela, niri ere beste tailer batera bidaliko nautela.

JUAN TOMAS: Eta ez duzu bidaltzerik nahi, jakina, hemen danborra jotzen duzulako. Zure ama oso pragmatika da. Mekaniko guztien emazteak dira.

ASIER: Lanean zintzo aritu behar naizela dio, bai koloretako torlojuekin bai kaxerkin. Eta baita tailerreko arduradunarekin. Atsegina izateko berarekin.

JUAN TOMAS: Zure etorkizunerako garrantzitsua da. Egunen baten bisitan joango naiz.

ASIER: Baimena eskatuko diot arduradunari. Ama asko poztuko da tailerrera bisitan bazatoz. Aita sekula ez da etorri. Eta ezta zenbait koloretako torloju sartzen ditudan boltsa bakoitzean... (Kalezulora doala) Nire laneko zerbait kontatzen hasten naizenean, isiltzeko eta bakean uzteko eskatzen dit, ofiziorik ez dudalako zuek bezala...

Asier atera egiten da. Eduardo eta Mireia datoz.

EDUARDO: Amak zerbait arraroa ikusi du nire arpegian. Une batez finko begiratu nau.

MIREIA: Ikustean poztu egin da, ziur nago. Iribarretxo bat atera zaio. Sendagileak dio denbora gutxi geratzen zaionez, gozoak izateko berarekin.

EDUARDO: Fabrikako kobre lapurretarena ez zenion esango.

MIREIA: Zaude lasai... Berak eskatzen didana egiten dut soilik. Ez diot bestelako ezer kontatzen. Bere burutik pasatzen ari dena ulertzen saiatzen naiz, pozik uzteko.

EDUARDO: Lapurretaz ohartu garenean, neuk deitu diot kargudunari, polizia ohatarazteko.

JUAN TOMAS: Ordu erdi baino lehen bi patruila ailegatu dira, sirenaren bolumenari dena emanda eta etengabeko argi dirdiratsuekin. Ikaragarria izan da!

MIREIA: Dena den, eta barkatu esateagatik, baina aste betean bi bider jarraian lapurtzea ez da batere arrunta. Arlo guztietan segurtasun maila horerkin bazabiltzate, ah ze enpresa kaskarra

EDUARDO: Hori zioten beraiek.

JUAN TOMAS: Okerrena zera da, ez garela ezertaz ohartu.  

MIREIA: Zuen adinean, eta jazarriak. Izugarria da.

EDUARDO: Ondo izorratu gaituzte! Arrazoia duzu.

JUAN TOMAS: Baina guk ez genuen aukeratu guardak izatea. Eta errondak zehatz bete ditugu.

MIREIA: (Eduardori). Poliziak deklaratzera deitzen zaituenean, labur hitz egin.

EDUARDO: Fabrikan lanean mekaniko gisa jarraitu izan bagenu... Badakizu zerk izorratzen nauen gehien?

JUAN TOMAS: Bakardadeak, hainbeste ordu inorekin berba egin barik egoteak.

EDUARDO: Horrek ere bai. Baina min gehiago ematen dit dakiguna gazteei irakasteko aukerarik ez izatea, guk orduko ofizial industrialekin ikasi genuen bezala. Harrotasun zintzoaz irakasten zizkiguten, trokelen eta engranajeen oinarriak.

JUAN TOMAS: Garai ahaztezinak!

EDUARDO: Oduan ikasi nuen motor baten piezarik txikiena ere premiazkoa dela... (Mireiak jarraitzen du)  

MIREIA: Eta garrantzitsua dela denak ondo muntatzea. Larunbat guztietan berdin. Eta gero etxean, zerbait izorratzen denean, emakumeok konpontzera.

EDUARDO: (Juan Tomasi) Norbaiti irakutsi diozu zure ofizioa?

JUAN TOMAS: Ez naiz du bezain profesional aditua.

EDUARDO: Asko edo gutxi, zerbait irakatsi diozu norbaiti?

JUAN TOMAS: Aukerarik ez dut izan.

EDUARDO: Inoiz ez dut aprendizik izan aldamenean.

MIREIA: Garaiak aldatu egin dira.

EDUARDO: Gure profesionaltasunak bere balioa galdu du... (Eskaileran esertzen da)

JUAN TOMAS: Hori ez da egia.

MIREIA: (Juan Tomasi) Eta Asier? Zurekin ez al da geratu?

JUAN TOMAS: Kalezulotik jaitsi da.

MIREIA: Nora joango ote zen? Beti esaten diot ohartarazteko etxetik aldentzen duenean. 

JUAN TOMAS: Bere bila noa.

MIREIA: Utz ezazu. Baina hurrengoan, galde egiozu ea nora doan.

JUAN TOMAS: Ados... Josefinarekin egotera noa.

MIREIA: Hitz egiozu. Eta animatu.

Juan Tomas etxean sartzen da.

EDUARDO:... Ama okerrragotuz doa.

MIREIA: Itzaltzen ari da.

EDUARDO: Sendagilari deitu beharko diogu.

MIREIA: Goizean goiz egon da. Berriro deitzen badiogu, gauza bera esango du. Bere semea istripuz hil zenetik, borrokatzeko grina galdua duela.

EDUARDO: Zuk deitu. Arratsaldean behintzat etor dadila.

MIREIA: (Patrikatik gutun bat atera, eta eman egiten dio). Istripuaren sententziaren itzulpena bidali didate.

EDUARDO: Irakurri duzu?

MIREIA: Hiru bider.

EDUARDO: Eta zer dio?

MIREIA: Ez zela lan istripua izan.

EDUARDO: Hori da dena?

MIREIA: Sententziak gauza asko esaten du, batuzk ulertu ere egiten ez ditudanak. Baina laburtuz, amaieran lan istripua ez zela izan baieztatzen du. Eta klub arabiarrak eta aseguru etxeak ez dutela inongo kalte-ordainik emango.

EDUARDO: Ah zelako kabroi taldea. Horrelako zerbaiten susmoa nuen... Nola erabakiko du hango epaile batek atzerriko futbolari ezezagunen alde?

MIREIA: Istripua beraien erruz izan zela.

EDUARDO: Eta hostia bat! Bidaiaren zergatia ez zen ba izan klubak antolatutako sustapen ekintza bat?

MIREIA: Autobus bat ipini zuten bidaiarako, sententziak dioenez. Jokalari gehienak bertan joan omen ziren. Eta gutxi batzuk automobiletan, lehenago itzultzeko. Beraiek erabaki zuten, ez antolatzaileek.

EDUARDO: Sententzia ez aipatu inorekin, ez eta hartu ez zuten autobus bat zutela erabilgarri.

MIREIA: Ez arduratu. Bion artean geratuko da.

EDUARDO: Eta epaiketaren gastuak?

MIREIA: Enbaxadara deitu dut. Prozesu-kostuen kargu beraiek egiten direla. Eta gure hemengo klubak ziurrenik omenezko partidu bat antolatuko du, dirua biltzeko.

EDUARDO: Atzerriko lurralde aberats batera beraien borondatez joan ziren, hemen baino gehiago irabazteko, eta azkenean ia porrot egiten dugu geuk gorpuak aberriratzeko... Gure etxea zuretzat izango da osorik. Dugun guztia zuretzat izango da.   

MIREIA: Sententzia berri txarra izan da… Arropa denda bat zabaltzeko asmoa nuen kalte-ordainarekin. Besteentzat lan egiten nekatuta nago. Neu izango nintzen arduraduna, onerako zein txarrerako... Orain beste zer edo zer pentsatu beharko dut.

EDUARDO: Ama bizi den bitartean gurekin jarraitzea eskertuko nizuke.

MIREIA: Geratuko naiz, ez kezkatu. Beragatik geratuko naiz...

Mireia leihoko loreak txukuntzera doa. Juan Tomas dator.

JUAN TOMAS:... Josefina oso makal dago.

MIREIA: Ezagutu zaitu?

JUAN TOMAS: Bai, tarteka. Bueno, bihar igandea denez hainbeste gustatzen zaion sagar tarta ekarriko niola esan diot... Batzuetan sabaira begiratzen zuen, adi-adi. 

MIREIA: Aipatu du zure izena? Ezagutu bazaitu eta zure izena esan, horrek adierazten du ahalmen batzuk ondo dituela. Niri batzuetan Mirentxu deitzen dit. Ez dakit nondik atera duen izen hori. Ezagutu zaitu?

JUAN TOMAS: Baietz uste dut... Argialdi batzuk izan ditu... Eskutik gogor oratzen zidan.

MIREIA: Ezer berezirik?

JUAN TOMAS: Bere semearen heriotzaz hitz egin du. Ez zuen ulertzen zergatik joan den bera baino lehenago. Birritan Jainkoaren izena aipatu du...

EDUARDO: Istripuan galdu genuenetik, bere adimena erdi paralizatuta dago. Etengabe egun hura dauka buruan.

MIREIA: Bera istripuarekin, eta zuek fabrikarekin... Etxe hau leku zaila da seme bat izan eta zoriontasuna arnasteko. Ez dakit nolako etorkizuna eskaini ahalko dioten hemen.

JUAN TOMAS: Josefina badoa, bere sugarra itzaltzen ari da.

MIREIA: (Eduardori) Eta zurekin hitz egin nahi duela uste dut...

JUAN TOMAS: Egizu zeure seme-alabengatik, besterik ez bada.

EDUARDO: Zeure kontuetan sartu.

MIREIA: Emakume borrokalaria izan da, eta pozik dago familia aurrera ateratzeagatik (Eduardori begira). Batzuk hori aitortu ez arren.

JUAN TOMAS: Gero eta bere antz handiagoa duzu. 

EDUARDO: (Mireiari) Lehen igo dudanean, adorea falta izan zait.

MIREIA: Egizu zure biloba berriagatik.

EDUARDO: (Juan Tomasi eskutitza ematen dio). Sententziaren itzulpena. Lan istripua ez zela izan dio, eta kalte-ordainik ez dagokigula. Kabroi aluak!

JUAN TOMAS: (Mireiari). Gure aurezki guztiak har ditzakezu, Asier zaintzen baduzu Josefinarekin egin duzun  bezala.

MIREIA: Ez dut zuen diruen premiarik.

JUAN TOMAS: Beti mantenduko dut hitz hau.

EDUARDO: Amak galdetu dizu Txemaz?

JUAN TOMAS: Ez. Egia esateko, bere gaztaroko oroipenaz aritu da... Eta istripuarekin obsesionatuta dago.

MIREIA: (Animatuz) Igo, eta hitz egiozu zeuk Txemaz. Ziur nago poztu egingo dela. Eta hitz egiozu baita Asierri buruz. Behingoz hitz egiozu bi anaietaz, eta beraien kargu egingo zarela.

EDUARDO: (Ate aldera doala) Ea nondik hasten naizen...

Eduardo etxean sartzen da. Juan Tomasek Mireiari ematen dio eskutitza, eta hau ere barrura doa.  Asier dator.

ASIER:.. Kaixo, osaba. Tailerreko banda musikako partitura bat eman didate. (Ematen diola). Bizitzan lehen aldia da partitura bat dudala.

JUAN TOMAS: Kezkatuta geunden zurekin. Mireiak azpimarratu dit hortik zehar zoazenean esan egin behar diguzula nora den. (Orria alde bietatik begiratuz)… Arraioa! Noiztik dakizu gauza hauek irakurtzen? Honetaz nik, ideia putarik ere ez.

ASIER: Ez dakit ze nota diren, osaba, baina denek dute izena. (Hatzarekin seinalatuz). Nota hauek datozenean gogor eman behar diot danborrari. 

JUAN TOMAS: Eta nota hauek denak batera?

ASIER: Hor danbor-arrada jo behar da, baketa biekin jarraian. Zuzendariak apurka apurka joateko esan dit (Berriro jartzen du hatza partituran). Hemen dago beste bat...

JUAN TOMAS: Beraz… Nota soltea danborra gogoz joteko da.

ASIER: Beste danborrariekin joko dut. Hil honetan notak ondo jotzen ikasi behar dut. Gero danbor-arrada jotzen ikasiko dut. Eta dena horrela. Apurka apurka. 

JUAN TOMAS: (Buruan hazka eginez). Saltsa ederretan sartzen zara zeu bakarrik!

ASIER: Tailerrean frogak egin ziguten, osaba. Nik pinturako taldean sartu nahi nuen, baina ez nuen froga gainditu. 

JUAN TOMAS: Eta eskulanetakoan?

ASIER: Ezta. Gainditu ez genuenok danborradan gaude... Osaba, mesede bat eskatu nahi dizut. Nire urtebetetze egunean zangoak mugitzen dituen zurezko behor bat oparitzea gustatuko litzaidake. Zalditxoekin ipiniko dut.

JUAN TOMAS: Hostia, ah zelako eguna daramagun gaur... Zein koloretakoa?

ASIER: Kolorea berdin zait, baina zangoak mugi dezala.

JUAN TOMAS: Laurak?

ASIER: Noski, noski. Konpontzen zabiltzanak ez ditu mugitzen. Zango finkoak ditu.

JUAN TOMAS: Jakina… Eta behorra den jakiteko? (Ikustera doan moduan makurtuz). Hankartea begiratuko diot?

ASIER: Dendan galdetu. Beraiek badakite.

JUAN TOMAS: Jakina, nola ez…

ASIER: Gainera, behorrak apur bat txikiagoak dira... Galdera bat ere egin nahi nizuke.

JUAN TOMAS: (Eskaileran jezarriz)... Esan, Asier. Belarriak erne ditut.

ASIER: Aitak sekula ez dit zalditxorik oparitzen.

JUAN TOMAS: Lau pertsona bizi zarete bere soldatarekin. Ez du gehiagorako ematen, ahaztu. Berak mantendu eta jazten zaitu, eta nik zalditxoak oparitu. Gaizki iruditzen zaizu horrela?

ASIER: Anaiari diskoak oparitzen zion urtebetetze egunean. Astero ordenatu eta garbitzen ditut.

JUAN TOMAS: Egun osoa Txemarekin alderatuz pasatzen duzu. Utz egizu bakean. Berak ez zidan oparirik eskatzen, eta zuk bai. Desberdinak zarete.

ASIER: Barkatu… Eragozpen bat naiz aitarentzat. Badirudi lotsa sentitzen duela nitaz.

JUAN TOMAS: Mantentzen zaitu. Ez da gutxi.

ASIER: Osaba... Batzuetan ipurdikoak ematen dizkit, asko edaten duenean. Joterakoan, deiadar egiten dit, tontolapiko bat naizela esanaz.

JUAN TOMAS: (Zalditxoa konpontzeari uzten dio, eta finko begiratuz). Ez esan inori, baina nik ere gauza arraroak egiten ditut asko edandakoan. Normalean elkarrekin edaten dugu, badakizu. Eta frustrazioak kanporatzen ditugu.

ASIER: Beti jo izan dit. Txikitatik. Orain gutxiago, negarrik egiten ez dudalako.

JUAN TOMAS: Niri ere aitak jotzen zidan.

ASIER: Eta tontolapiko esaten zizun?

JUAN TOMAS: Beste gauza batzuk… Behin erantzun egin nion. Eta etxetik alde egin nuen hirira etortzeko. Arraioa, ez dakit zergatik kontatzen dizudan! Gertatutakoa inori esan gabe nuen.

ASIER:... Amak sekretu bat kontatu behar didala esan dit. Inoiz ez didate sekreturik kontatu.

JUAN TOMAS: Zortea duzu Josefina zure ama delako. Nirea oso gaztea nintzenean galdu nuen.

ASIER: Urtebetetze egunean kontatuko dit sekretua.

JUAN TOMAS: (Zalditxoa itzultzen dio, konponduta). Opariekin eta sekretuarekin, gauza asko izango dituzu urtebetetzerako.

ASIER: Esango dizut. Egunean bertan.

JUAN TOMAS: Orduan ez da gehiago sekretua izango.

ASIER: (Erantzunak harrituta utzi du)... Esango dizut... jadanik kontatu didala.

Mireia dator. 

MIREIA: (Asierri, sabela igurtziz). Badirudi zure iloba futbolaria izango dela, Joxe bezala. Egun osoan ostikoka dabil.  

ASIER: Nahiago dut zaldizkoa bada, ni lasterketetara eramateko bera ikustera.  

MIREIA: Ba ezetz ematen du.

JUAN TOMAS: Iluso handia egiten dit zu ama izatea eta Josefinak ikustea. Zoriontsu egingo duzu.

MIREIA: Bi aste geratzen zaizkio. Amak denbora hori irautea espero dut.

ASIER: Gaurtik hasita?

MIREIA: Egin kalkuluak. Hamalau egun, bi aste tailerrean lanean. Ulertzen? Ondoren, bere negarrak jasan beharko dituzu gauetan, eta enkarguak txintik esan gabe egin lehenengo aginduan.

JUAN TOMAS: Amaren gero eta antz handiagoa duzu.

MIREIA: Ez dago alargun, ni bezala.

ASIER: (Juan Tomasi). Sukaldatzen ikasi beharko zuen bere antza edukitzeko, demontre.

MIREIA: Eta zuk zer ikasiko duzu, sudurluze? Egun osoa ematen duzu nahi duzuna egiten zalditxoekin eta igandeko lasterketetako apustuekin. Esan, zer ikasiko duzu zuk?

ASIER: Danborra jotzen.

JUAN TOMAS: (Irribarrez) Ez da gutxi!

ASIER: (Mireiari) Ikusi duzu eman didaten partitura? Nota solteak ondo jotzen ikasi behar, eta nire urtebetetzean osabak baketa berriak erosi behar dizkit.

MIREIA: (Ez dio jaramonik egiten. Juan Tomasi). Amak zu izateko aita pontekoa eskatu zidan.

JUAN TOMAS: Nitaz oroitu zen?

MIREIA: Beti bezala. Zuk beragan duzun beste konfiantza dauka berak zugan. Eta errepikatu egin dit edozer gauzagatik ni faltatuko banintz, zu izango zinela egokiena mutikoa zaintzeko. Ondo ezagutzen zaitu, eta sinesten diot. Esaidazu onatzen duzula, mesedez. (Juan Tomarek buruaz baietz)

JUAN TOMAS: Ohorerik handiena izango da.

ASIER: Kasu horretan nik izena aukeratuko dut.

MIREIA: Ez eta pentsatu ere.

ASIER: Ideiak emando dizkizut. (Eskuak luzatuz). Honelako zerrenda bat dut. Ideiak eman ditzaket.

MIREIA: Liburuzainari galdetzera joango zara, jakina. (Juan Tomasi) Onartzen duzu aita pontekoa izatea?

JUAN TOMAS: (Hulbildu ondoren, musu pare bat ematen dio matrailan). Nire bizi osoa aseko du, Mireia.

ASIER: Zu bere aita pontekoa bazara, aurrerantzean berarekin konpartitu beharko ditut zure opariak.

MIREIA: Begira argi honi. Zeuk ere opariak egingo diozula espero dut.

JUAN TOMAS: (Asierri) Lasai urte batzuetan. Zuri ere ez nizun egiten ume txikia zinenean. (Mireiari). Josefina bezalakoa zara.  

ASIER: Demanda egiten ez duen bitartean. Eta gainera ez daki ipuinik kontatzen.

MIREIA: Berak ere ez daki internetetik zaldien izenak jaisten ingelesez. Eta ez dizu igandeko lasterketak inprimatzen astero.

JUAN TOMAS: (Asierri) Umeari nire herriko istorio politak kontatuko dizkiot.

ASIER: (Mireiari)... Ahaztu baino lehen gauza bat komentatu nahi nizun. Arduradunari berretsi egin behar diot kostako txangora noan ala ez.

MIREIA: Atzo hitz egin genuen, erabaki bat hartu zen, eta gaia amaitutzat eman zen. Tematu egiten bazara ere, ez dut iritziz aldatuko.

ASIER: Mesedez...

MIREIA: Ezta pentsatu ere. Amaren sendagaiak oso garestiak dira. Denerako ez zaigu ailegatzen.

JUAN TOMAS: Lagundu dezaket.

MIREIA: Mesedez, ez eta pentsatu ere. Asier ohituta dago saiatuz gero amarengandik dena lortzen, berak sakrifizio handiak egin beharrean aurkitu arren hilaren amaierara ailegatzeko, aitak mahaian ez igartzeko... Niri sekula ez ninduten txango batera eraman.

JUAN TOMAS: (Asierri)… Goazen. Lagunduko zaitut.

Juan Tomas eta Asier etxera doaz. Eduardo dator.

EDUARDO:... Oso ahul dago.

MIREIA: Ezagutu zaitu?

EDUARDO: Noski ezagutu nauela, hostia! Bere senarra naiz.

MIREIA:… Hitz egin duzue zeuen gauzei buruz? 

EDUARDO: Berak nahi zuenaz. Ni zerbaitetaz hasten nintzenean, azkar mozten zidan, galdetzen hasteko. Lasaitu egin dela uste dut.

MIREIA: Bere hiru semeez hitz egin dizu?

EDUARDO: Txemaren izena aipatu diodanean, azkar moztu du.  

MIREIA: Gaixo dago. Zeu zara aurrea hartu behar duzuna, bihotza zabaldu berari. 

EDUARDO: Beti gauza berari bueltak ematen zabiltza, eta nazkatuta naukazu. Ez badu gai batzuk ukitu, berak ikusiko du.

MIREIA:... Agian zerbait ikasten hasiko naiz. Gure familian eskola agudo uztekoak izan gara. Hottela umeari zerbait desberdina eskaini ahal izango diot.

EDUARDO: Zenbat falta da jaiotzeko?

MIREIA: Bi aste.

EDUARDO: Bi aste berehala pasatzen dira.

MIREIA: Hemen izatea gustatuko litzaidake.

EDUARDO: Gauden egoeran, hobe duzu ospitalera bazoaz. Badut aurrezki batzuk, eta bukatu arte erabili ditzakezu. Nik ez ditut behar.

MIREIA: Baina ama ezingo da ospitalera etorri laguntzera. 

EDUARDO: Hemen ere ezingo du, bere egoera ikusita... Gastuetarako ailegatuko zaigu.

MIREIA: Nahiago dut hemen. Bera kontziente izan dadin amandre egin dela, umea negarrez entzun dezala. Ondo zaintzeko gauza errazenaz galdetuko diot, baliagarria sentiarazteko... Zabal egiozu bihotza, mesedez.

EDUARDO: (Jezarri egiten da). Horretan nabil... (Mireiak matrailan musu bat ematen dio, eta kalezulotik doa, abesti bat entzuten den bitartean).

Juan Tomas eta Asier sartzen dira, honek eskuan zalditxo bat dakarrela.

JUAN TOMAS:... Konponduta dago.

EDUARDO: Artista bat zara. Ditugun eskutzar hauekin, mekanikoen babaz eta ebakiz josita, ez dut ulertzen nola arraioo konpontzen zaren hain pieza txikiekin.

ASIER: (Zalditxoa Eduardori utziz). Begira aita, Azkarrenak atzeko zangoak mugitzen ditu berriro. Egizu proba nola mugitzen dituen ikusteko.

JUAN TOMAS: Gero eta gehiako kostatzen zait konpontzea. Babak eta ebakiaz gain, ikusmenak kale egiten dit tarte motzetan. Ez zaizu gauza bera gertatzen?  

EDUARDO: (Mugikorrak jotzen dio. Bazter batera doa erantzutera). Bai, nor da? (Tartetxo baten ondoren, serio). Berriro polizia zen.

JUAN TOMAS: Zer nahi dute oraingoan? Barrabilak ukitzea beste behin galdeketekin?

EDUARDO: Seiretan komisaldegian aukeztu behar naiz. Lapurreten aztarna berriak dituzte, eta nirekin egiaztatu nahi dituzte.

JUAN TOMAS: Hori da dena?

EDUARDO: Eta birriatn nabarmendu dit zabalik mantentzen dituztela ikerketa lerro guztiak.

ASIER: Ikerketa lerroetako bat zarete?

JUAN TOMAS: Ezin dizkigute susmagarrien artean sartu. Bizitza osoa daramagu bertan lanean!

EDUARDO: Bi hostia axola zaie hori dena.

ASIER: Aita, ni ez naiz sekula izan ikerketa lerro bat!

EDUARDO: Entzun eta isilik egoten den semea baino hobeagorik ez dago. Ulertzen esan nahi dudana? (Asierrek buruarekin baietz adierazten dio. Juan Tomasi). Poliziak derrigorrez protokolo bat bete behar du kasu hauetan, eta berdin zaie aurretik eramaten dutena.

JUAN TOMAS: Berrogei urte daramagu zintzo hilero kotizatzen, eta ziur nago sindikatuak defendatuko gaituela.

EDUARDO: Entzun izan bazenio nolako tonoarekin esan diten polizia harroputz horrek seiretarako komisaldegian agertzeko... Eta ordurako joateko, gehitu dit kabroitzarrak. 9971 agentearengatik galdetzeko.

JUAN TOMAS: Hain harroputza zen?

ASIER: (Urrats bat aurrera emanaz) Zurekin joango naiz, aita. Une txarretan zure aldamenean izango nauzu. Erta gaua komisaldegian eman behar baduzu, bokata bat eta urteko ardo botila bat eramango dizkizut.

JUAN TOMAS: Neu joango naiz. Zu garrantzitsuagoa zara etxean. Gainera, laneko kideak gara, eta gertatutakoaz bera adina arduradun sentitzen naiz.

EDUARDO: Bakarrik hobeto defendatuko naiz.

JUAN TOMAS: Utz egidazu laguntzen eta ez zaitez izan buru gogorra. Horrela polizia alu horiek bakarrik ez zaudela kontutatuko dira.  

EDUARDO: Bakarrik joango naiz, ez zaitez tematu.  

JUAN TOMAS: Ados. Baina irteeran zure zain egongo naiz, eta ondoren alde zaharrera joango gara txikito batzuk hartzera.

EDUARDO: Komisaldegitik denboraz ateratzen banaiz, onartuta.

ASIER: Aita, ahal dut... ahal dut hitz egin?

EDUARDO: Aurrera, Asier.

ASIER: Osabarekin joango naiz zu itxarotera. Eta lehena izango naiz zu besarkatzen komisaldegitik irtetzerakoan, harro nagoelako beti aurpegia ematen duen aitarekin.

EDUARDO: Baina ez zara etorriko gurekin ardoak hartzera. Alde zaharrera ailegatutakoan, etxera itzuliko zara, ama eta Mireia zaintzera.

ASIER: Zeuk diozuna.

EDUARDO: Ez naiz larregi fidatzen ofizial gazte hauekin. Axola zaizkiena dominak eta promozioa dira.

JUAN TOMAS: Eta patrikak betetzea.

ASIER: “Azkarrena” zalditxoa eramango dut. Zortea ekarriko digu.

EDUARDO: Galdeketan eman behar ditudan erantzunak prestatzera noa. Utz egidazue lasai tarte batez...

Eduardo kalezulotik doa. Laster, Mireia dator.

MIREIA:... Zer moduz ama?

ASIER: Lo dago, ama txintxoen moduan, ezpainetan irribarrea duela. Ama txintxoen moduan.

MIREIA: Laster igoko naiz bera ikustera. Kamisoi berria ekarri diot, aldatu ahal izateko.

JUAN TOMAS: (Asierri) Zer zeunden entzuten, hain pozik egoteko?

ASIER: Biharko karreretako izen bat asko gustatzen zait: “Mister”. Gustatzen zaizu, osaba?

JUAN TOMAS: Oso polita da. Ze zenbaki darama?

ASIER: Zazpia.

JUAN TOMAS: Ziur irabazten duela.

MIREIA: Gehiago atera beharko zinen, egun osoa irratia entzuten egon gabe. Larunbatetan tailerreko zure kideak parkera joaten dira, eta zu etxean geratzen zara irratiarekin. Noizean behin liburutegiko neska ahaztu beharko zenuke, eta lagunkoiagoa izan.

ASIER: Bai arreba. Gehiago aterako naiz etxetik, eta parkera joango naiz tailerreko kideekin.

JUAN TOMAS: Nola zen zaldiaren izena?  

ASIER: “Mister”, osaba.

MIREIA: Atzerriko izenak zeuden soilik? Liburutegiko neska horrek larregi aztoratzen zau, eta internetetik izenak jaisteari utzi egoingo diot.  

JUAN TOMAS: Zer arraio esan nahi du?

ASIER: Goizean galdetzera joan naiz. Beti laguntzen didate ingelesezko izenekin, osaba, beti laguntzen didate.  

MIREIA: Baina nahastu ere egiten zaituzte, atseginak izatearren. Obsesionatuta zaude neska horri galdetzera joatearekin, eta egunen baten pikutara bidaliko zaitu. Beste gauza batzuetarako daude. Liburuak eskatzera doazenei erantzuteko daude, ez ahaztzu.

ASIER: Itzulpena “Jauna” dela esan dit.

JUAN TOMAS: Atsegin dut.

MIREIA: (Juan Tomasi). Bihar igandea denez, bazatoz bazkaltzera? Badira jadanik pare bat etorr ez zarela, eta uste dut ama gaixotu zenetik dela, ez zaizulako gustatzen nola sukaldatzen dudan. Berak jartzen zuen erako paella ipiniko dut, badakit gustatzen zaizula eta. (Eskuak elkartuz) Emaidazu frogatzeko aukera bat.

JUAN TOMAS: Zuretzat lan larregi da.

MIREIA: Ama asko poztuko da. Bera ez da mahaian jesarriko, baina nahikoa litzateke bazkaldu ondoren bere gelara joan eta paella bikaina jan duzula esatea. Berak egiten zuen adinakoa. Gogobeteta geratuko zen, gauzak ondo egiten irakatsi didalako. Egizu beragatik, mesedez.

JUAN TOMAS: Atsegin handiz etorriko naiz.

MIREIA: Eta ez ekarri ezer postrerako.

JUAN TOMAS: Ardo gozoa ekarriko dut, Josefinari gustatzen zaiona. Kopa batek ondo egingo dio. Hala, neuk ere igandeari ekarpenen bat egingo diot. (Asierri). Parkeraino lagunduko didazu, animaliak ikustera?

Juan Tomas eta Asier kalezulotik doaz. Laster Eduardo dator, pentsakor.

EDUARDO:... Lehen poliziak deitu dit mugikorrera, eta irakurri ezin dudan mezu bat dagoela ohartu naiz (Urrutitik begiratzen dio mugikorrari, bere ikusmen nekatuagatik) Esaidazu ea zer den.

MIREIA: (Mezua irakurtzen du) Zuen gerentearena da. Lehen lapurretarekin prebentiboki hitzez ohartarazi zizutela dio, baina bigarren lapurreta honekin ofizialki zabalduko dizutela espediente arin bat arduragabekeria profesionalagatik, administrazio kontseilura eramango dutena.

EDUARDO: (Suminduta) Hau da marka! Espediente bat arduragabekeriagatik. Nortzuei eta guri, lanera sekula berandu ailegatu ez garenoi, eta bizi osoan bete izan ditugunean betebehar guztiak.

MIREIA: Zuri eta osaba Juan Tomasi.

EDUARDO: Azkenean kabroi horiek kaleratu egingo gaituzte, ezdeus batzuk izango bagina bezala.

MIREIA: Poliziak aurkitzen badu lapur arruntak izan zirela, ziurrenik espedientea jaso egingo dizute, absolbituta geratuz.

EDUARDO: Hauxe bakarrik falta zitzaigun... Arratsaldeko galdeketarako erantzunak prestatzen aritu naiz.  

MIREIA: Komisaldegira joan aurretik amarekin egotea komeni zaizu, eta familiaren arazoak konpondu.

EDUARDO: Ez dago ezer konpontzeko.

MIREIA: Nola esan dezakezu hori! Beti lehenetsi duzu zure bizitza pertsonala eta profesionala, familiakoarenaren aurretik. Gu betidanik ezken lerroan agon gara. Lehenengo zeu, prestigiodun bitartekari sindikala. Gero jateko lain ematen digun fabrika. Eta amaieran, denbora geratzen zaizunean, familia... Ez duzu amarekin ezer konpontzekorik?

EDUARDO: Bere bizitza eraman du.

MIREIA: Egiten utzi diozuna.

EDUARDO: Gauza on asko partekatu ditugu. Zuk gure azken urteak soilik ezagutzen dituzu, baina senar-emaztegaiak ere izan ginen, adin horretako proiektu eta ilusioekin. Zorrotzegi epaitzen nauzu.

MIREIA: Ezkondu ondoren lana utzi zuen, familia aurrera ateratzeko. Eta hortik aurrera egoeraz aprobetxatu  zinen, soldata zeuk ekartzen zenuelako.

EDUARDO: Badakizu hori ez dela horrela.

MIREIA: Bere gauzak kontatu izan dit. Eta gaztetan erromantikoa zinela esan zidan, baina behin ezkondu ondoren hitz gozoak eta mimoak amaitu egin zirela.

EDUARDO: Bizitzak gogortzen zaitu.

MIREIA: Dioenez, aspaldiko urteetan ez zarete parkera joan paseiatzera.

EDUARDO: Gure adinerkorik ez da hara joaten. Ez zaitez ergela izan.

MIREIA: Joan zaitez edozein egunetan, eta begiratu nortzuk dauden eserlekuetan jesarrita, hitz egite, irribarrez. 

EDUARDO: Jubilatuak soilik.

MIREIA:... Inoiz ez duzu Asier zaldi lasterketetara eraman.

EDUARDO: Hara ez doa mekaniko buzodunik.

MIREIA: Oparirik ere ez diozu inoiz egiten.

EDUARDO: Osabak egiten dizkio. Gainera, nire soldatarekin ez da denerako ailegatzen.

MIREIA: Diruarena aitzakia hutsa da.

EDUARDO: Ama jakinen gainean dago.

MIREIA: Nola ez... Betidanik mekanikoak ardoak edatera joaten dira lanetik irtetzerakoan... Eta igandetan?

EDUARDO: Askotan hitzak soberan daude. Berak badaki maite dudala emazte bezala.

MIREIA: Hitzak soberan... Etxean haserretu zaren guztietan, beti deiadar egin diguzu.

EDUARDO: Gero egongo naiz berarekin.

MIREIA: Eta hitz egiozu Txema eta Asierri buruz. Ez geratu soilik, ‘nola zaude?, ‘baduzu minik? esanda.

EDUARDO: Zeure gauzetan sartu.

MIREIA: Hau azken aukera izan daiteke, aita. 

EDUARDO: (Atera doala) Hemezortzi urte bete alaz alde egin zenuen etxetik, atean danbateko formala emanaz, Asier zaintzeko premia handienean geundenean, eta orain aitari bizitza barkatzen zabiltza.

MIREIA: Joan zaitez bere gelara, eta barkamena eskatu.

EDUARDO: Oso bakarrik utzi gintuzun...

Eduardo etxean sartzen da.

ILUNA


II

 Lau aste igaro dira. Larunbat eguerdia da.

Agertokian aldaketa txiki batzuk nabaritzen dira. Esekitokian ume baten arropatxoak zabalduta daude, eta gortinak kolore alaiagoak dituzte.

EDUARDO: (Juan Tomasekin dator kalezulotik. Biek batera abesti herrikoi bati ekin diote)...  

Ardoa edanda mozkortzen naiz

pipa erreta txoratzen naiz

kortejatzian lotsatzen naiz

nola demontre biziko naiz.

MIREIA: (Etxetik dator. Argi dago ama izan dela. Seria)... Aita! Osaba Juan Tomas! Behingoz utz ezazue gizue txolinkeriak kalerako. Umeak oraintxe hartu du lo, eta zuek edanda algaraka zatozte.

EDUARDO: Ez inoiz esan berriro edanda ailegatu garenik!

MIREIA: LArunbat guztietan berdin zatozte. Arduragabe handi batzuk zarete, biok. Ondo dago hamarretakoa tabernan egitea adiskideekin, baina etxera abesten etorri aurretik apur bat itxaron beharko zenute kalean.

JUAN TOMAS: Barkatu eragozpoenak, Mireia.

EDUARDO: Ez genekien umea lo zegoenik. Hurrengoan mugikorretik ohartarazi. (Irribarrez) Guk ezin dugu asmatu.

JUAN TOMAS: (Harro egindakoarekin) Azkenean lortu dugu makina martxan jartzea. Bigarrenean!

MIREIA: Eta horregatik zatoste abesten?

EDUARDO: Enkargatuak gonbidatu gaitu, ardo onduarekin.

JUAN TOMAS: Barkatu.

MIREIA: Ez dago zuena ulertzerik. Makina bat martxan jarri duzuelako pozik abeste duzue. Sinestezina da mekaniko zaharrok zeri ematen diozuen garrantzia ikustea. Bost axola zaizue familia, langabezia, krisialdia... Bizitzako zuen zeregina fabrikako makinak martxan ipintzea, piezak gainezka ekoizteko, eta akziodunak patrikak diruz betetzeko.  

EDUARDO: Zelako mitinak botatzen diguzun. Baina bihar jai da, eta guk lasai edango eta abestuko dugu.

MIREIA: Inoiz ez duzue errespeturik izan besteentzat etxe honetan.

EDUARDO: Barkatzeko esan dizut umea iratzarri badugu. Ez al da nahiko?

MIREIA: Goizean ama koman sartu da. Sendagileak esan dit prozesu itzulezina dela, eta ideiara egiteko. Ez dugu berriro bere ahots berezi hori entzungo, hain berea zena... Baina hori bai, zuek kantatzen etori behar zineten kalezulotik.

JUAN TOMAS: (Lotsatuta) Barkatu, Mireia. Ez genekien ezer.

EDUARDO: Agian gaur fabrikatik zuzenean etorri behar ginen etxera, eta hemen egin hamarretakoa. Hau jakin izan bagenu... Minik izan du?

MIREIA: Ez zait iruditu. Lo geratu da, lasai bere buruarekin. Hitz batzuk xuxurlatu ditu... Bere amari hitz egiten ziola uste izan dut, hartzaroko zerbait oroituko bazuen bezala. Baina ez dakit, oso une hunkigarriaa izan da, eta erori egin naiz. Sentitzen dut.

JUAN TOMAS: (Prestu) Zerbait egin dezakegu?

MIREIA: Fabrikan ohartarazi egin behar diezue berriak egongo direla. Egun pare bat edo hiru emango ditu koman, gehienez, zendu baino lehen.

EDUARDO: Gero deituko diot arduradunari, ez kezkatu. Jada egoeraren jakinaren gainean dago. Amaz esan du zerbait berezirik lo hartu baino lehen?

MIREIA: Ezer ez bereziki... Bere besoekin haurra besarkatu nahi izan du une baten. Ia ez zuen indarrik, baina irribarre egin du... (Atera hurbilduz) Utzi didan azken irudia izan da. Irribarre hori ez zait inoiz ahaztuko.

EDUARDO: Gorde zenezakeen onena.

JUAN TOMAS: Bere biloba besarkatzen...

Mireia etxean sarttzen da. Eduardok ardoa zerbitzatzen du, eta trago bat edaten dute.

EDUARDO: (Triste)... Pena izan da bere aldamenean ez egotea lo hartu duen unean. Aurreikusi egin behar nuen, eta bart lanera joan gabe geratu.

JUAN TOMAS: Badira aurrez ikusi ezin diren egoerak. Inork ez zekien gaur goizean izango zela.

EDUARDO: Eskerrak Mireia haurrarekin zegoela.

JUAN TOMAS: Harro sentituko zen biekin. Eta gehiago besoetan izan badu. Gu bezalako bi zaharren irudia baino politagoa egingo zitzaion. (Topa eginaz) Beregatik.

EDUARDO: Ez gara hemen egon, baina gutxienez makina abiaraztea lortu dugu.

JUAN TOMAS: Gazteek ez zekiten ezta nondik hasi desmuntatzen.

EDUARDO: Uste dute ordenagailuagatik diseinatzen jakitea dela dena. (Bi eskuak altxatuz). Begira esku latz hauek.

JUAN TOMAS: Eta nireak. Lan egiten dakite.

EDUARDO: Konpara itzazu haienekin.

JUAN TOMAS: Inongo babarik ez.

Asier etxetik dator. Danbor zaharra dakar, baketarik gabe.

ASIER: (Burumakur)... Amak lo hartu du... (Eduardorengana hurbiltzen da, besarkatuz). Sendagileak esan duenez  minik ez du jasan.

EDUARDO: Zorte handia izan du Mireia eta zu bere alboan zinetelako.

ASIER: (Malko bat lehortuz) Jada gehiago ez omen da esnatuko. Betiko hartu du lo.

EDUARDO: Egunen baten izan behar zuen... Egunsenti aldera lortu dugu hondatutako makina abiaraztea.

JUAN TOMAS: Pentsa ezazu Asier, arduraduna zoriontzera etorri dela eta hamarretakora gonbidatu gaituela. Onenak garela esan digu.

ASIER: (Irribarrez) Munduko mekanikari onenak zarete. Zorionekoa naiz zuekin izateagatik.

JUAN TOMAS: Seiehun eta berrogeita hamar pieza bota ditu minutuko.

ASIER: Tak, tak, tak... Piezak gelditu gabe botaz! Tak, tak, tak...

JUAN TOMAS: Askoz lasterrako! Tak, tak, tak...

ASIER: (Eduardori). Egunen baten eramango nauzu makina ikustera fabrikara?

EDUARDO:… Osaba Juan Tomasek eramango zaitu tailerrean llibre duzun baten.

JUAN TOMAS: Nahi Baduzu, astelehenean bertan. 

EDUARDO: (Juan Tomasi). Astiro joan. Pieza horiek hiruzpalau astetan jarraian botatzen dituela ziurtatu behar dugu.

ASIER: (Eduardorengana hurbilduz)... Utz iezadazu eskuak usaintzen (Eduardok eskuak zabaltzen ditu. Usaindu ondoren) Banekien, makina-olioa!

EDUARDO: Motorrarena.

ASIER: (Juan Tomasen eskuekin gauza bera egiten du)... Motorraren olioaren usaina gustatzen zait.  

JUAN TOMAS: Zer deabru zaren!

ASIER: Guk tailerrean ez dugu makinarik.

JUAN TOMAS: (Eduardori). Eta gazteek trebetasunik ez dutela diozu?

EDUARDO: Horrekin ez da jaten.

JUAN TOMAS: (Harrituta erantzunarekin)... Dendaraino noa ardoa erostera.

Juan Tomas kalezulotik doa. Mireia etxetik dator.

MIREIA:... Futbol taldetik deitu dute. Hiru domeka barru omenaldi bat egin nahi diote. (Eduardori) Beraien izenean ohorezko sakea egin beharko zenuke. Onartzeko erregutu didate. Gauza apala izango dela. Lore sorta bat emango didate, eta sarreren dirua familia bientzat.

EDUARDO: Zeuk erabakitzen duzuna.

MIREIA: Niri aukeratzen uzten badidazu, diru guztia Joxeren familiari emango diogu... Ez da nire senarra zelako, baina egokiena iruditzen zait.

EDUARDO: Dena beraientzat, futbol taldeak erdi bana erabaki duenean?

MIREIA: Gu baino premia handiagoa dute.

EDUARDO:... Familia honetan nire eritziak ez du balio.

MIREIA: Dena den kantitate txikia izango da, ongintzako partiduetara jende gutxi joaten delako.... Eta berriro gogorarazten dizut bere enpresan enplegu erregulazioan daudela. 

EDUARDO: Zeuk erabaki.

ASIER: Neu ere aterako naiz zelai erdira?

MIREIA: Noski. Hirurok aterako gara, aita, zeu eta ni, Joxeren gurasoekin batera.

ASIER: Danborra eramango dut.

MIREIA: Adarra jotzen ari zara edo ze arraio! Ez etz okurritu ere han jotzea, jendearen aurrean. Zure anaiaren eta Joxeren omenezko partidu bat da, beraiek direla protagonista bakarrak. Gu han ez gara inor, ulertzen?  

ASIER: Ezin badut jo, zerbait esan ditzaeket.

MIREIA: Horixe bakarrik behar genuen!

EDUARDO:...  Eta ama, zela egongo da?

MIREIA: Lotan. Haurra bezala... Maindire berriak atera ditut armairutik, bisitek iritzi ona eraman dezaten. Marta izebak eta amaren lagun pare batek deeiru didate, bere egoeragatik interesa agertuz. Arratsaldean datoz bisitan. Dena pasa arte, eskertuko dizut ardo gutxiago edaten baduzu.

ASIER: (Eduardori). Oraindik ez dit haurra besoetan hartzen utzi.

EDUARDO: Haziko da, ez zaitez kezkatu.

MIREIA: Klubera deituko dut, eta omenaldiko partidura hirurok joango garela esango diet. Eta ados zaudela ohorezko sakea egiteko (Aterantz doala).

EDUARDO: Itxaron, zurekin noa...

Mireia eta Eduardo etxean sartzen dira, Asier jartzen den bitartean. Laster, Juan Tomas dator.

JUAN TOMAS:... Maitasun-gutun bat idazten liburutegiko laguntzaileari?

ASIER: (Burua altxatu gabe). Omenaldiko futbol partidurako da, osaba Juan Tomas. Partidurako.

JUAN TOMAS:... Hitz batzuk esan behar dituzu?

ASIER: Arreba, konbentzitzeko gai banaiz, bai. Baina hura konbentzitzeko gai izatea, hori da arazoa.

JUAN TOMAS: Kostatuko zaizu.

ASIER: (Zutituz) Osaba Juan Tomas, lilema larria dut.

JUAN TOMAS: Amak bere sekretua kontatu dizu?

ASIER: Ez da hori. Baina kontatzen dizut, zuk beti konpontzen dizkidazulako.

JUAN TOMAS: Esan.

ASIER: Bi zaldi gustatzen zaizkit biharko lasterketetarako.

JUAN TOMAS: Zer zenbaki daramate?

ASIER: Lau eta bost.

JUAN TOMAS: Hau da marka! Eta zergatik gustatu zaizkizu bi?

ASIER: Haiek entzutea eta niri gustatzea!

JUAN TOMAS: Ni baino azkarragoa zara.

ASIER: Atzerriko izenak dituzte. Liburutegian itzuli dizkidate.

JUAN TOMAS: Han zor dute dakite ostia.

ASIER: (Eskuekin keinuak eginez). Liburuz eta ordenagailuz beteta dago.

JUAN TOMAS:  Eta ez dago zaldirik izen arruntekin, “Ausarta” edo “Tximista” bezalakoekin?

ASIER: Jakina daudela.

JUAN TOMAS: Orduan... Liburutegira joateagatik da.

ASIER: (Lotsagorrituta). Bai

JUAN TOMAS: Polita da?

ASIER: Oso. Tailerrean lan gutxi zegoen baten, soberatzat jo zuten.

JUAN TOMAS: Amak bazekien?

ASIER: Dena kontatzen nion.

JUAN TOMAS: Eta berak zuri?

ASIER: (Gorantz begiratuz). Gaztaina-koloreko ilea du, motz eta lisoa, osaba. Motz eta lisoa.

JUAN TOMAS: Eta zure lantegitik bidali egin zuten.

ASIER: Langabezian egon zen. Eta orain liburutegian egiten du lan...

Asier kalezulotik doa. Etxetik Mireia dator, haurrarekin. Eta laster Eduardo.

JUAN TOMAS:... Lo dago? 

MIREIA: Bularra hartu berri dago, eta lo hartu du berehala. Oso ona da urdaila betea duenean... (Bi gutun ematen dizkio Eduardori). Goizean ekari dizkidaten bi gutun hauek zuk irakurtzea komeni da. Lehena urjentea eta ziurtatua da. Bestea emailekoa.

EDUARDO: Ez dut adore larregi.

MIREIA: Lehenbailehen irakurri beharko zenituzke. Gauza batzuetarako familia honetako aita eta etxeko arduraduna bazara, onerako eta txarrerako izan beharko da.

EDUARDO: Ez nazazu izorra! Ama koman dago, eta zuk gutunak irakurtzea nahi duzu.

MIREIA: Urjentea poliziaren da, eskaera zuri egiaztatzeko. Bestea Txiletik dator. Txemak diruz larri dabilela dio. Ez du eskatzen espresuki, imajinatzen dut bere izaerak ez diolako, baina zailtasunak ditu lan-baimenik ez duelako.

EDUARDO: Konponduko da. Larre motzean hazita zen, eta ohituta dago.

JUAN TOMAS: (Mireiari) Emaidazu bere bankuko kontua, eta transferentzia bat egingo diot astelehenean. Ez dut familia-kargarik, eta ailegatzen dut.

EDUARDO: Zaude lasai. Nire semea da.

JUAN TOMAS: Eta baita nire semebitxia. Zer arraiotarako eskatu zenidan orduan bere aitapontekoa izateko!

EDUARDO: Gure transferentzia batek zelatan dagoen poliziari pistak emango lizkie.

MIREIA: Nire konfiantzako lagun baten bitartez egingo dut. Ez dago zertan dirua gure kontuetatik bidali.  Emaidazu eskura, eta ailegatuko zaio.

EDUARDO: Amak eta biok uste genuen seme-alabak hazitakoan, ez genukeela estutasunik pasatuko.

JUAN TOMAS: Familiaren adiskidea gauza guztietarako naiz. Ez soilik igandetan paella jatera etortzeko. (Mireiari) Oraintxe bertan noa etxera dirua ekartzera.

EDUARDO: (Etxeko atera doala). Baina lagun horrek soilik jakin dezala.

MIREIA: Nire kontu.

Eduardo etxean sartzen da. Juan Tomas kalezulotik doa. Laster Asier dator.

ASIER:... Zer egiten duzu hemen? Haurra zaintzen egon beharko zinen.

MIREIA: Hartu berria dago. Eta urdaila betea duen guztietan, lo geratzen da.

ASIER: Nire iloba bakarra da. Printze bat bezala zaindu behar dugu. Nire iloba bakarra da.

MIREIA: Ez errepika gauzak, mesedez.

ASIER: (Eskuekin Ados-zeinua egiten dio) Ama faltako denean, gehiago lagunduko dizut.

MIREIA: Egun gutxi batzuen kontua da. Eta astelehenean tailerreko arduradunari gauzak nola dauden esan behar dizkiozu. Uste dut ordaindutako hiru eguneko baimena dagokizula, zuzeneko senide baten heriotzagatik.

ASIER: Aurrerantzean tailerreko soldata zuri ekarriko dizut.

MIREIA: Gorde ezazu zeuk.

ASIER: Zuri emango dizut, amarekin egiten nuen bezala, arraioa!

MIREIA: (Seria) Ba ez da horrela izango! Eta ez iezadazu oihurik egin!... Aurrezki-libreta bat aterako dugu zure izeneani bankuan, zure etorkizunerako, eta han geratuko da zu premian egon arte.

ASIER: Ez dut inorentzat karga bat izan nahi.

MIREIA: Inoiz falta banaiz, aurrezki batzuk izango dituzu. Ulertzen duzu? Amarekin hitz eginda nengoen, eta oso ondo iruditu zitzaion.

ASIER:… Baina zuk gauza bat hitzematea nahi dut. Hatzak gurutzatzea eta gauza bat hitzematea.

MIREIA: (Ustekabean harrapatuta) Horrek oso itxura serioa du.

ASIER: Berriro ezkontzen bazara eta bazoaz, eraman nazazu zurekin.

MIREIA: Ez dago nire mendean soilik. Nire bikote berria ados egon beharko zen. Ez dakit eguna iritsiko den, baina ezin dut honela hipotekatu nire bikotearen etorkizuna.

ASIER: Hitzeman egidazu, mesedez.

MIREIA: Hemen gera zaitezke aitarekin. Hau zure etxea da, eta bere soldatarekin soberan iritsiko da biok duintasunez bizi izateko. Gainera, bera zure beharrean egongo da nagusitzen doalako, eta zu hurbil izatea komeniko zaio.

ASIER: Sekula ez dit zalditxorik oparitu, ez txanponik eman. Soilik ostikadak ipurdian, tontolapiko deitzen didan bitartean.

MIREIA: Etxetik noanean, hobeto tratatuko zaitu.

ASIER: Fabrika ikustera ere ez nau inoiz eraman.

MIREIA: (Ironiaz). Horretan ez duzu ezer galtzen.

ASIER: Ez nazazu hemen utz ama hiltzen denean. Ez ditut ostikada gehiago jaso nahi.

MIREIA:... Aginduta.

Eduardo dator, eta laster Juan Tomas.

JUAN TOMAS: (Mugikorra itzaliz) Berri onak! 9971 agentea zen. Lapurrak harrapatu dituztela, furgoneta baten material guztia zeramatzatela.

EDUARDO: (Pozik) Arraio puta! Hau da asteko berririk onena da. (Bi ardo zerbitzatzen ditu) Ospatu egin behar dugu.

JUAN TOMAS: Komisaldegira joan behar zara lauretan, salaketari buruzko zerbait sinatzera. Baina deitzeko aldez aurretik.

EDUARDO: Dei dezala... Agente gazte horiek marikoi batzuk dira. Gu baino gehiagoko sentitzen dira.

MIREIA: Joan egin beharko zinateke, buelta gehiago eman barik.

JUAN TOMAS: Onena litzateke.

EDUARDO: Popatik hartzera joan dadila.

MIREIA: (Juan Tomasi) Esaiozu gaixorik dagoela, eta bere izenean joango naizela, alaba naizelako. Salaketan bere izenean sinatuko dut.

JUAN TOMAS: Gizon zoriontsua zara, arazoak konpontzen dizkizun alabarekin.

EDUARDO: Hobe zaude isilik.

MIREIA: Agure samindu bat zara. Lapurrak atxilotu dituzte, arazoetan laguntzeko familia bat duzu, eta lanpostu finko bat. Zer demontre gehiago behar duzu?

JUAN TOMÁS: Poliziaren ondoren, pertsonaleko zuzendariak daitu dit. Arduragabe profesionalaren espedientea geratu egin omen du. Baina astelehenean bere bulegoan ikusi nahi gaitu. Aurrejubilatzeko eskatuko digu.

EDUARDO: Bota egin nahi gaituzte. Behingoz alde egitea.

MIREIA: Ziurrenik irabazten aterako zara.

JUAN TOMAS: Guk ez dakit, baina beraiek, ziur.

EDUARDO: Mekaniko onenak gara.

MIREIA: Ahaztu hori. Iragana da.

JUAN TOMAS: Gure ordez bi gazte kontratatuko dituzte, erdia ordaintzen.

EDUARDO: Alzheimerras baino lehen, ugazaba gurekin etortzen zen ardoak edatera, eta geure gauzak kontatzen genion.

MIREIA: Larunbatero historia berdina errepikatzen duzue.

JUAN TOMAS: Gure bizitza da, fabrika eta mekanika...

Juan Tomas kalezulotik doa.

MIREIA:... (Haurrari begira). Iratzarri egin da.

EDUARDO: Zure antza dauka

MIREIA: Joxeren begiak ditu, beltzak eta handiak...

EDUARDO: Handiago egiten denean besoetan hartuko dut.

MIREIA: (Seria) Goizean bankuan izan naiz.

EDUARDO: Txilera dirua bidaltzen?

MIREIA: Haurraren izenean dagoen aurrezki–libreta baten sartu dut Joxerekin nuen pisuaren salmentan lortutakoa. Hemezortzi urte beta arte, inoirk ezingo du ukitu. Amari agindu nion, eta gaur bete dut.

EDUARDO: Joder, aurretik komentatzea ez legoke gaizki!

MIREIA: Langabeziko subsidioarekin ez zait ailegatzen hipoteka ordaintzeko. Saldu egin behar nuen, bankuak derrigorrean etxegabetu aurretik.

EDUARDO: Etxe honetan, gai garrantzitsuen berri izaten azken ergela naiz.

MIREIA: Zerbait gertatzen bazait, umea babestuta egongo da.

EDUARDO: Hipotekaren hasierako ordainketetan lagundu nizun.

MIREIA: Biok lagundu zeniguten.

EDUARDO: Hori esan nahi nuen. Zure gurasook lagundu genuela ordainketetan, ahal genuen neurrian. Zure herentziaren aurrerapen bat izan zen, baina zerbait lagundu genuen.

MIREIA: Doilor bat zara. Nahi duzu amari dagokion erdiarekin zatiarekin geratzea, eta zurea itzultzea?  

EDUARDO: Ez dizut hori esan. Baina aldez aurretik ohartarazi behar zenidan.

MIREIA: Egia esateko, ideia berea izan zen.

EDUARDO: Ez zidan ezer aipatu.

MIREIA: Konfiantza edukitzea ala ez. Ikusten denez nigan bazuen, eta nik berarengan.

EDUARDO: (Minduta) Emakumen artean errazagoa da.

MIREIA: Hori ez da egia. Ondotxo dakizu zergatik ez zen zutaz fidatzen. Gainera, bizitzak irakatsi zion dirua ondo gobernatzen eta zati bat gordetzen.

EDUARDO: Langileen emazte guztiak egiten dute.

MIREIA: Ama berezia zen... (Atera doala) Bazatoz ikustera?

Biak sartzen dira. 

Kalezulotik Juan Tomas eta Asier datoz.

JUAN TOMAS:... Erabaki duzu bi zaldien artean?

ASIER: “Beautiful”ekin geratu naiz.

JUAN TOMAS: Zenbait urtekoa da?

ASIER: Ez dakit.

JUAN TOMAS: Berdin dio. Ondo erabakita dago. Izen polita du.

ASIER: Egia esateko, patua izan da.

JUAN TOMAS: Nola?

ASIER: Egunkarian begiratu dut, ea zeinek irabazi duen lasterketa gehiagotan.

JUAN TOMAS: Eta “Beautiful” izan da, askogatik.

ASIER: Sekula ez du irabazi... Galtzaile bat da. Baina igandean irabaziko egingo du.   

JUAN TOMAS: Joder, galtzaile petoa da, ni bezalakoa! Gora oraindik inoiz lasterketarik irabazi ez duten zaldiak!

ASIER: Nahi duzu txanpon bat apustu nirekin? Irabazten badu, asko ordainduko dute.

JUAN TOMAS: Noski apustu egingo dudala. Baina behingoz izan dadila... (Txanpon bat ematen dio).

ASIER: Osaba, bion artean, mesede bat eskatzea gustatuko litzaidake.

JUAN TOMAS: Esan.

ASIER: Besarkada bat ematen utziko?

JUAN TOMAS: Niri?

ASIER: Amak egunero besarkatzen ninduen. Eta goizero orraztu egiten zidan, lanera joan aurretik. Mireiari eskatu diot, baina popatik hartzera bidali nau, horretarako nagusiegia naizela esanda.

JUAN TOMAS: Ez dakit zer esango duen zure aitak, badator eta maitale batzuen moduan besarkatuta ikusten bagaitu.

ASIER: Entzungo diogu gerturatzen, ez kezkatu. Utz egidazu besarkada bat ematen, osaba, berak ikusten ez gaituenean.

JUAN TOMAS: Ados.

ASIER: (Gerturatu eta besarkada bat ematen dio)... Horrela ez naiz bakarrik sentitzen.

JUAN TOMAS: Ni bakartasunera ohituta nago.

ASIER: Baina zu ezberdina zara. Fabrika baten egiten duzu lan, eta nik ezinduentzako tailer babestu baten.

JUAN TOMAS: Ez egidazu adarrik jo. Zer da desberdina? Biok zikintzen dugu buzoa egunero, eta buruzagiak ditugu etengabe agintzen.

ASIER: Beti nire aldamenean egongo zinela agindu zidan amak.

JUAN TOMAS: Ez zaitez horregatik kezkatu. Bere borondatea beteko dut... Baina orraztu, pentsatu ere ez!

ASIER: (Pozik) Besarkadarekin nahikoa dut...

Asier etxera doa. Laster Mireia dator.

JUAN TOMAS:... Josefinaren gero eta antz handiagoa duzu. Bere xarma eta itxura dituzu.

MIREIA: Ezkontzako argazkiak ikusita, gaztetan ni baino lirainagoa zen.

JUAN TOMAS: Ez dut gaizki ulertua izatea, baina denoi gustatzen zitzaigun.

MIREIA: Esanda dauka.

JUAN TOMAS: Inoiz hitz egin zizun nitaz? 

MIREIA: Sarri.

JUAN TOMAS: Nitaz soilik?

MIREIA: Asier eta zuri buruz hitz egiten zuen. Ordu asko eman ditu bakarrik etxean, garbitzen, otorduak prestatzen, arropa garbitu eta plantxatzen, norbaitekin barrena husteko aukera barik. Azken aste hauetan bere gauza asko kontatu dit, nire benetako ama ezagutu dut...

JUAN TOMAS: Nire bizitzak ez zuen zentzurik izango zuen familia barik.

MIREIA: Horregatik deitzen dizugu osaba.

JUAN TOMAS: Zure anaia nagusiari neuk oparitu nion futboleko lehen kamiseta.

MIREIA: Denok oroitzen gara jarri zuen poz aurpegiaz paketea zabaldu zuenean. Ziur nago inoiz jaso zuen oparirik maitatuena izan zela.

JUAN TOMAS: Eta bere lehen partida profesionalean ere han nengoen, harro egoeraz.

MIREIA: Denok geunden harro berarekin.

JUAN TOMAS: Eta zure senar Joxerekin.

MIREIA: Ez diogu buelta gehiago emango. Zoriontsu bizi ziren istripua izan ate, eta kito. Orain, haurrari eskaini behar diot daukadan guztia.

JUAN TOMAS: Atzerrira ez joateko esana nion.

MIREIA: Bere lana zen. Ikasketak ez zitzaizkoin gustatzen, fabrikara zuekin joatea ere ez. Beti defendatu nuen.

JUAN TOMAS: Hemen geratu balitz...

MIREIA: (Moztuz) Aski da. (Ate aldera doala) Amarengana noa...

Mireia etxean sartzen da, eta Eduardo dator.

EDUARDO: (Ardoa zerbitzatzen du biontzat)... Garbi dago ondo eramaten zarela Mireiarekin.

JUAN TOMAS: Gero eta Josefinaren antz gehiago dauka.

EDUARDO: Ez dut ulertzen zer arraiogatik ez zinen ezkondu.

JUAN TOMAS: Nire gaztaroa herrian ez zen beti erraza izan.

EDUARDO: Sekulakoa zara. Baserri giroko etorkinen ohiko konplexuak dituzu.

JUAN TOMAS: Ez zaitez berriro hasi.

EDUARDO: Onenak zaretela pentsatuz ailegatzen zarte hirira.

JUAN TOMAS: Mesedez, ez adarrik jo.

EDUARDO: Non hasi zinen beroa jaten?

JUAN TOMAS: Langilea, etorkina eta ezkongabea naiz! Zerbait txarra da?

EDUARDO: Konplexuz beteta zaudela.

JUAN TOMAS: (Eduardorengana hurbilduz) Popatik hartzera joan zaitez! Hau soilik zure etxean ardoz lepo zaudenean esaten didazu. 

EDUARDO: Ahuntzak zaintzen besterik ez zenekien. Eskertu egin beharko zenidake mekanika irakasteaz.

JUAN TOMAS: Banintzen ofizial industriala hirira etorri aurretik.

EDUARDO: Nekazaritzako traktoreena.

JUAN TOMAS: Hankapetik pasatzen zait diozuna.

EDUARDO: Eta beti txakurra aldamenean, ahuntzak ihes ez egiteko.

JUAN TOMAS: (Gerturatuz) Egunen baten harrituta utziko zaitut!

EDUARDO: (Ironiaz) Benetan?

JUAN TOMAS: (Urruntzen den bitartean) Nire ohoreagatik...

Juan Tomas kalezulotik doa. Mireia satzen da.

EDUARDO:... Nola dago ama? Berdin jarraitzen du?

MIREIA: Asko kezkatzen zau?

EDUARDO: (Ez zuen galdera hori espero)... Jakina.

MIREIA: Bizitza osoa berarekin, eta inoiz ez zenion jaramonik egiten. Baina orain koman sartu denean, badirudi buruan ez duzula beste ezer beraren osasuna baizik. Ez dakit benetako interesa den, edo geratu zaizun kontzientzia txarra nahiko zaindu ez arren disfrutatu ahal zuenean... Beste emakume batekin umea izan zenuenean amak utzi ez zintuen arrazoi bakarra, ekonomikoki zure menpe zegoelako izan zen.

EDUARDO: Begoña ez zen “beste emakume bat”! Ez erabili tonu hori berarekin!

MIREIA: Zu etxetik kanpo Begoñarekin zeundenean, ama ixilik egon zen.

EDUARDO: Berdin maite nion. Inoiz ez nion gezurrik esan. Berak bazekien Begoñarena.

MIREIA: Ez dukat zertan sinetsi.

EDUARDO: Egia da.

MIREIA: Hitz egin zenuten gaiaz?

EDUARDO: Bera jakinen gainean zegoen.

MIREIA: Baina esan zenion inoiz, aurpegira begiratuz?

EDUARDO:... Ez.

MIREIA: Begoña hil zenean Txemaren erditzean, amak berea izango balitz bezala hartu zuen. Niri eman zidan maitasun bera eman zion. Eskertu zenion inoiz? Haurra gauetan esnatzen zenean, eta bere aurpegian zure desleialtasuna ikusten zuenean, zer uste duzu egiten zuela? Uste duzu zaintzeari uzten ziola bere aitak beste batekin traizionatu zuelako? Ba ez. Beti zaindu zuen berea izango balitz bezala.

EDUARDO:... Nire erara eskertu nion.

MIREIA: Gezurra galanta! Burugogor trauskila izan zara beti, “eskerrik asko” bezalako hitz errazak esaten ez ziona. Begira zenbat urte ditudan, eta ez dizut inoiz entzun amari hori esaten. Zu zinen etxera soldata ekartzen zuen nagusia, eta ez zenion inori eskerrrak eman behar.

EDUARDO: Mendekua hartu zuela ere ez nion sekula aurpegiratu!

MIREIA: Beste garai batzuk ziren, baina dibortziatu egin behar zen. Haurragatik ez zuen egin, eta Begoñaren memoriagatik.

EDUARDO:... Asier ez da nire semea. 

MIREIA: Badakit.

EDUARDO: Ez da nirea.

MIREIA: Amak ekarri izan nahi zuen, eta kito.

EDUARDO: Ni mintzearren egin zuen.

MIREIA: Ez zara inor bera epaitzeko.

EDUARDO: Bere senarra naiz, arraioa!

MIREIA: Jende guztiak zekien Begoñak eta zuk harremanak zenituztela!

EDUARDO: Oso diskretuak ziren.

MIREIA: Amari asko kostatzen zitzaion paseatzera edo erosketak egitera kalera irtetzea. Jendeak begiratu egiten zion, edo berak ikusten zuenean beste bi emakume hitz egiten zeudela, beragatik ari zirela uste zuen. Beti ere amorantea zenuelako bere bizkarrean. 

EDUARDO: Ez da egia.

MIREIA: (Ahotsa altxatuz). Bai da cierto! Lotsatuta sentitzen zen. Oso ondo dakit, berak kontatzen zidalako. Langile baten emaztea, hilaren amaierara ailegatzeko zailtasun ekonomikoak zituena, isilik egon behar zen etxean bere senarra beste batekin joan arren. Sekula ez zenion ezer kontatzen.

EDUARDO: Ez sartu horretan!

MIREIA: Familiaren partaidea naiz. Eskubide osoa dut!...

Juan Tomas dator kalezulotik.

EDUARDO: (Juan Tomasi)… Ados zaude nirekin, gaizki egin nuela baratzea ugazabari saltzerakoan?

JUAN TOMAS: Ez dakit. Berak fabrika handiagotu nahi zuen. Eta hori onuragarria zitzaigun.

EDUARDO: Sekula ez nion saldu behar.

MIREIA: Hobe da buelta gehiago ez ematea.

EDUARDO: Gurasoengandik jaso nuen hazienda hobetzerik izan ez badut ere, gutxienez mantendu egin behar nuen.

MIREIA: Zure adiskideak diotenez, tabernan pertsona alaia zara. (Kalezuloko sarrera seinalatuz). Marra hori gurutzatzen duzu, eta hemen bi gai besterik ez dituzu, fabrika eta mekaniko zaharraren urguilua.

JUAN TOMAS: Hitz egiten dugu baita...

MIREIA: (Azkar mozten dio) Zertaz! Esaidazu, zertaz!

EDUARDO: Gure seme-alabei buruz hitz egiten dugu.

MIREIA: Soilik falta direnei buruz! Asier eta ni ez gara existitzen. 

EDUARDO: Ez dizut onartzen hori aurpegiratzea! Lursailak saldu banituen, zuentzat lana lortzeko izan zen.

MIREIA: Ez dizut ezer sinesten. Lursailak saldu bazenituen, fabrikako ugazabak eskatu zizulako izan zen, eta ukatzeko adorerik izan ez zenuelako. Beti berdin izan zen. Etxean gurekin gogorraren planta hartzen duzu, baina bere langilerik eskurakoiena zinen.

EDUARDO: Arrazoi bakarra izan zen!

MIREIA: Agian galdetu zenien seme-alabei ea zer iruditzen zitzaien? Niri behintzat, ziur ezetz.

EDUARDO: Duela hogeita hamar urte izan zen. Nori galdetu behar nion? Haur batzuei? Eta barkatu esateagatik, baina zu eta Asier jaio barik zeundeten. Ugazabak presioa egin zidan, egia da, baina diruaz gain zuentzat lana eskaini zidan etorkizunerako.

JUAN TOMAS: Edozein gurasok egingo zuen.

EDUARDO: Hostia, ez zaitez honetan sartu!

MIREIA: Ez zara gai izan zure semeek ofizioan jarraitzea zurekin. Zure ingurunetik alde egin dute, zurearekin zerikusirik ez zueten gauzetara.

EDUARDO: Gertatu dena ikusi ondoren hitz egiten duzu!

JUAN TOMAS: Mireia dioena egia da. Ugazabak zerbait eskatu zizunean, beti baietza eman zenion. 

EDUARDO: Bera gurekin ibiltzen zen, langileekin. Baietz erantzuten banion, bere eskaerak bidezkoak zirelako zen, ez zalantzarik izan.

MIREIA: Gurekin gogorrarena egiten zara. Itxura besterik ez da.

EDUARDO: Ez dizut onartzen hori esatea!

MIREIA: Utz egidazu bakean!

EDUARDO: Pikutara zeu zoaz, esker txarreko hori!

JUAN TOMAS: (Eduardori) Lasaitu gaitezen, mesedez. Horrela ez goaz inora.

EDUARDO: Nire etxean nago!

JUAN TOMAS: (Mireiari) Gaur ez da nire eguna, sentitzen dut. Banoa, berak bidali baino lehen...

MIREIA: Gera zaitez, mesedez! Ordua du jende guztiaren iritziak entzuten ikasteko, ez soilik nagusienak. Jakin dezala besteek zer pentsatzen duten, berak irudikatu gabe. Gera zaitez, mesedez, eta hitz egin ezazu askatasun osoz nire aurrean.

EDUARDO: Ongi... Beste zerbait?

MIREIA: Beti izan zinen erraza eta men egitekoa ugazabarekin.

JUAN TOMAS: Sindikatukoek ez zuten begi onez ikusten zu ehizara berarekin joatea.

EDUARDO: Txakur onak nituelako eramaten ninduen.

JUAN TOMAS: Probetxuengatik joaten zinela diote. Ehizakiak ateratzen zenion zure txakurrekin, gerturatzean berak tiro egiteko. Inoiz ez zenion ehizakirik lehiatzen.

EDUARDO: Ehizatzen ere ez dakiten lau sindikalisten inbidia puta da hori!

MIREIA: Ugazabak ehiza lagun zu aukeratzerakoan, ohoratua eta era berean beste langileek baina zertxobait gehiago sentitzen zinen.

EDUARDO: Hilero ordaindu dut nire kuota sindikala!

JUAN TOMAS: Barkatu esatearren, baina sekula ez zaituzte hartu bat gehiago bezala. Beti zinen ugazabaren ipurdi garbitzailea, ehizakiak aurrean ipintzen zeniona eta fabrikako konfidentziak kontatzen ziona.

MIREIA: Langile askorentzat kasta soziala galdutako pertsona zinen. Irten eta galdetu egiezu adiskideei konfiantzan. Inor ez zen esatera ausartzen beldur zirelako ugazabarengana joango zinenako.

EDUARDO: Inoiz ez dut beste langile bati buruz ezer txarrik esan.

MIREIA: Ez da arrunta ugazabak halako konfiantza izatea langile batekin.

EDUARDO: Berriro diotsut soilik ehizara joateko zela. (Juan Tomasi)... Zergatik ez didazu inoiz esan kideek komentario horiek egiten zituztela?

JUAN TOMAS: Ez zenidan aukerarik eman...

Eduardo kalezulotik doa. Asier etxetik dator.

ASIER:... Osaba Juan Tomas, nire antza du.

JUAN TOMAS: Nork?

MIREIA: Haurragatik dio.

ASIER: Nire iloba da. Baduela nire antza. Esaidazu baietz.

MIREIA: (Juan Tomasi) Beti horrekin dabil... Hatu duzu besoetan?

JUAN TOMAS: Ez, ez… Barkatu baina ez. Bi aste besterik ez ditu. Jausi egingo zait.

ASIER: Nik liburutegira eramango dut.

MIREIA: Ez eta pentsatu ere!

JUAN TOMAS: Itzultzaileari erakustera?

ASIER: (Harroputz) Osaba naizela jadanik esan diot.

MIREIA: Zeure gauzak soilik kontatu. Ama koman dagoela ere esan dio. Eta laster omenaldiko futboleko partidua dugula. Entzundako dena konatzen du han, lorotxo bat bezala.

ASIER:... Iloba nirea da, ez zurea.

MIREIA: Baina ez duzu liburutegira eramango.

ASIER: Hobe hara eramatea zuk ezagutzen duzun salerosketa kantalera baino.

MIREIA: Ez egidazu errepikatu aitak dioena! Argudiorik ez duenean, beti ateratzen du salerosketaren gaia.

ASIER: Kantal hori ondo ezaguten duzula esaten du.

JUAN TOMAS: Duela urte asko izan zen.

ASIER: (Juan Tomasi) Gaur jai bezpera da.

JUAN TOMAS: Hartu hiru txanponak.

ASIER: Badakit beti eskean nabilela, baina, aurrerantzen izan daitezke lau, osaba?

MIREIA: Zer dela eta eskatzen diozu bat gehiago? Astero ematen dizugu etxean ogitarterako eta autobus-bonurako.

ASIER: Apustuetan bi gastatzen ditut, eta bat adiskideekin.

MIREIA: Eta laugarrena, ilobari opariak erosteko aurreztu behar duzu?

ASIER: (Gorriturik)... Liburutegiko lagunari izozki batera gonbidatzeko da.

JUAN TOMAS: (Beste txanpon bat aterata). Tori. Aurrerantzean lau izango dira. Eta esaiozu egunen baten bisitan joango garela biok liburutegira.

ASIER: (Danborrarekin kalezulora doala) Parkera nora entseatzera, haurrari trabarik ez egiteko.

JUAN TOMAS: Zurekin noa, Asier. Eta alde zaharrera joateko ordu arte egongo gara bertan…

Asier eta JUan Tomas badoaz. Laster Eduardo dator.

EDUARDO:... Lehen aipatu duguna Begoña eta Txemari buruz, ez nuen Juan Tomasen aurrean jarraitu nahi.

MIREIA: Jarraitu zer? Ama zure emaztea izanik, beste emakume batekin seme bat izan zenuela?

EDUARDO: Berriro diotsut horrela ez hitz egiteko Begoñari buruz!

MIREIA: Amak eta nik ez genuen ezagutu, eta sekula ez zenuen aipatu bere izena.

EDUARDO: Hutsegite bat izan zen, onartzen dut.

MIREIA: Badaki Txemak nor izan zen bere benetako ama?

EDUARDO: Ikasketak utzi zenituenean eta etxetik alde, ez zizaizun asko axola.

MIREIA: Ezin zen zurekin bizi. Inoiz ez diguzu ulertu gazteoi, eta bizitza jasanezina bihurtzen zen zure arau zorrotzekin. Seme-alaba eredugariak izan behar ginen, guretzat zeu soldata barregarria ekartzen zuen porrot egindako mekaniko bat zinen bitartean. 

EDUARDO: Ez naiz porrot egindako bat!

MIREIA: Eta baita samindua. Hanka egin nuen etxe honetako giroa gogaikarria zelako. 

EDUARDO: Diru faltan zeundenean soilik itzultzen zinen.

MIREIA: Gezurra Amarekin egotera etortzen nintzen. Berak maite ninduen. Eta egia da diru apur bat ematen zidala itzultzen nintzen bakoitzean, bai zuk ematen ez zenidalako.

EDUARDO: Hobe inoiz itzuli ez bazina. Txema anaiari salerosketako bidea erakutsi zenion.  

MIREIA: Txemak egindako ezer ezin didazu leporatu. Debekatu egiten dizut.

EDUARDO: Zuk ezin didazu ezer debekatu. Amak eta biok seme-alaben gauza asko jasan dugu isilean, guztion onerako. Zure gauzak ere gorde ditugu.

MIREIA: Denok egiten dugu.

EDUARDO: Galdetu zenion amari zergatik gaixotu zen?

MIREIA: Zerbait genetikoa zela esan zidan.

EDUARDO: Inoiz ez zenion poztasunik ematen.

MIREIA: Maitasun guztiarekin zaindu nuen.

EDUARDO: Soilik alargundu zinenetik. (Atera doala) Ez aurretik.

MIREIA: Gaixotasunean bere aldamenean izan nintzen.

EDUARDO: Berandu zen...

Eduardo etxean sartzen da. Juan Tomas eta Asier kalezulotik datoz.

MIREIA:... Ilusioa egiten dit etxe honetako bi ondo konpontzen direla ikuste, alai eta irribarrez. Ondo ibili zarete?

ASIER: Primeran. (Eskuak erakutsiz) Eskuetan babak atera arte jo dut.

JUAN TOMAS: Danbor-arrada ere entsaiatu du, baketa biekin.

ASIER: Danbor-arrada ere bai.

MIREIA: Gauzak ez errepikatzeko!

ASIER: Barkatu.

JUAN TOMAS: Parkean egon gara, zubi zaharraren ondoan. Eta freskagarri bat hartu dugu, Asierrek jotzen zuen bitartean. Tailerreko bere gauzak kontatu dit, eta liburutegikoak. 

MIREIA: Pozten naiz... Dena den, galdera bat egin nahi nizuke.

JUAN TOMAS: Esan.

MIREIA: Aitarekin eztabaizatzen egon naiz. Beno, berriro eztabaidatu dut berarekin gaur.

ASIER: Aitaren aurka?

JUAN TOMAS: Batzuetan neu ere aritzen naiz.

MIREIA: (Asierri) Mesedez joan dendara eta ekarri fardel poltsa bat haurrarentzako, tamaina txikiena.

ASIER: Dendara bidaltzen didazu zeuek biok bakarrik uztearren, eta horrela sekreturen bat kontatu osabari. Zeuek bakarrik uztearren.

MIREIA: Poltsa urdin kolorekoa da. Txanpon batzuk sobratuko zaizkizu, eta bueltan ekarri.

ASIER: Gero joango naiz.

MIREIA: Joan oraintxe bertan, burugogor hori! Ez dut garbi hitz egiten, ala zer!

ASIER: Oso garbi hitz egiten duzu. Banoa, demontre. (Juan Tomasi) Osaba, sekreturen bat kontatu nahi dizu ni jabetu gabe..

JUAN TOMAS: Lasai. Ondo hitz egiten dit beti zutaz. Joan zaitez enkargua egitera, esan dizun bezala...

Asier kalezulotik doa, marmarka.

MIREIA:... Amak esan zidanez, aita ez da Asierren aita biologikoa.

JUAN TOMAS: Josefina oso emakume zentzuduna da.

MIREIA: Ez duzu ezer gehiagorik esateko?

JUAN TOMAS:... Gauza asko. Baina berak esan dizun guztiarekin, ados nago.

MIREIA: Bere aita biologikoa zara?

JUAN TOMAS: (Apal)... Horrela da.

MIREIA: Eta zergatik ez zenidan esan orain arte?

JUAN TOMAS:... Ez dakit ni izan behar nintzen lehena esaten... Dena kontatu zizun? 

MIREIA: Atzo, sendagilea ailegatu aurretik. Esan zidan zain egon zela kontatzeko ni ere ama bilakatu arte, hobeto ulertu niolakoan. 

JUAN TOMAS: Eduardok ez dit oraindik barkatu.

MIREIA: Berak inoiz ez zion esan nor zer Asierren aita biologikoa.

JUAN TOMAS: Baina hasieratik izan zituen nire susmoak.

MIREIA: Agian barnetik onartzen zuen.

JUAN TOMAS:... Nire aldetik nahi duzu jakin beste zeozer, berak kontatu ez zizuna? 

MIREIA: Bere... Bere egoeraz aprobetxatu egin zinen, aitak Begoñarekin haurra izan zuenean?

JUAN TOMAS: Inoiz! (Bere eskuina bularrean ipiniz, bihotz ondoan). Zin egiten dizut inoiz ez nintzela Josefinaz aprobetxatu. Ez zitzaidan burutik pasatu ere egin.

MIREIA: Orduan...

JUAN TOMAS: Bere iniziatiba izan zen.

MIREIA: Agian itsualdia izan zuen jeloskortasunagatik.

JUAN TOMAS: Agian amodioa egin genuen lehen aldian bai.

MIREIA: (Irribarrez)... Esan nahi duzu, bere amorantea zinela?

JUAN TOMAS: Soilik Begoñarena gertatu zenetik eta haurdun geratu arte. Zure aitak denbora asko ematen zuen etxetik kanpo, eta bera ez zen beldur gu ohean aurkituta ere. 

MIREIA: Bere amorantea izan zinen soilik haurdun geratu arte.

JUAN TOMAS: Inoiz gehiago ez. Beste pare bat aldiz gehiago etorri nintzen adostutako orduetan, baina meriendatzeko zerbait eskaintzera mugatu zen bera. Agudo ulertu nion.

MIREIA: Txema jaio zenetik, amak ez zuen ezer jakin nahi izan aitarekin.

JUAN TOMAS: Susmo hori nuen.

MIREIA: Ziur nago horretaz. Han bukatu zen bere bizitza sentimentala, eta asko pozten naiz zu izatea hain oroimen atsegina utzi ziona. Oso pozik zegoen zurekin hain une zoriontsuak pasatu izanarekin.

JUAN TOMAS: (Apal)... Bera izan zen nire emakume bakarra... Badago esan ez dizudan zerbait.

MIREIA: Ez pasa une txarrik nirekin.

JUAN TOMAS: Herritik hirira etortzearen arrazoi nagusiak, ez zuen zerikusirik mekanikarekin edo emakukeekin.

MIREIA: Badakit.

JUAN TOMAS: Nork esan zizun?

MIREIA: Amak ez zuen adierazten, baina hasieratik antzeman zuen zure joera sexuala.

JUAN TOMAS: Hirian inork ez zaitu seinalatzen.

MIREIA: Eskerrik asko zoriontsua egin zenuelako.

JUAN TOMAS: Beharbada, inoiz gonbidatu egin beharko nuen.   

MIREIA: Orain konturatzen zara? Langileen emazteentzat, egunak luzeak dira.

JUAN TOMAS: Gonbidatu, bere iniziatiba eskertzeko.

MIREIA: (Konplizitate irribarre batekin). Egin egin behar zenuen.

JUAN TOMAS: Eduardorengana dudan estimazioak geldiarazten ninduen.

MIREIA: Momentu onak geratzen zaizkizu.

JUAN TOMAS: Horiekin, bihotza beteta daukat.

MIREIA: (Atera doala)... Eskutik oratuko diot eta, koman egon arren, zutaz hitz egingo diot, eta zuen historia kontatu didazula. Bere burmuinean argi izpiren bat baldin badago oraindik, ziur nago gustatuko zaiola eta irribarre bat oparituko didala. (Atetik)... Osaba, bakarrik esan nahi nizun, oso harro nagoela zurekin...

Etxean sartzen da. Eduardo dator.

EDUARDO: (Serio, Juan Tomasengana hurbilduz)... Mireiarekin gurutzatu naiz.

JUAN TOMAS: Berba egin dugu...

EDUARDO: Jakin al daiteke gehiago? Txilen dagoen gure semeari buruz hitz egin duzue? Asierri buruz, agian?

JUAN TOMAS: Bereziki Josefinaz.

EDUARDO: Amari buruz?

JUAN TOMAS: Josefinaz.

EDUARDO: Beti gustatu izan zaizu!

JUAN TOMAS: Oso ederra izan da. Zorte handia izan zenuen.

EDUARDO: Doilor bat zara! Zeuretzako nahi zenuen!

JUAN TOMAS: Baina errespetatu egin zaituztet. Gure adiskidetasunagatik.

EDUARDO: Hostia, ze memeloa izan naizen!

JUAN TOMAS: Sinets egidazu.

EDUARDO: Ni Begoñarekin nengoenean, zu hona etortzen zine larrutan egitera!

JUAN TOMAS: Hori ez da egia!

EDUARDO: (Amorratuta, gerturatuz) Ez zenuen buruan beste ezer berarekin larrutan egitea baino! Esaidazu kanpoan nintzen guztietan berarekin egotera etortzen zinela!

JUAN TOMAS: Bere ohoreagatik esango dizut hori ez dela egia. Lagun egitera etortzen nintzen, geure gauzetaz hitz egitera, eta berak desioa zuenean, amodioa egiten zuen nirekin, amodioa egiten genuen. Inoiz ez nuen iniziatiba hartu, ez eta larrutan egin zuk diozun eran.

EDUARDO: (Gehiago gerturatuz). Nire lagunik onena emaztearekin egotearren bakarrik izan zara, berarekin oheratzeko, berarekin semeak izateko! Hipokrita! Marikoi!

JUAN TOMAS: Ez dizut marikoi esaten onartzen!

EDUARDO: Marikoi nazkagarri puta bat zara, entzuten!

Eduardok sorbaldetatik oratzen du Juan Tomas eta asaldatuta, jira bat eman eta urdailetik oratzen dio gogor atzetik beso biekin, borrokalariak egiten duten bezalaxe.

Juan Tomas bere indar guztiekin defendatu arren, Eduardok alde abtera eta bestera astintzen du, lurretik jasoz.   

Agerikoa da Eduardo indartsuagoa dela Juan Tomas baino, eta erraz botatzen du lurrera. Makurtuz, lurrean mantentzen du belaunarekin.

JUAN TOMAS:… Amore ematen dut! Amore ematen dut!

Tentsiozko une batzuen ondoren, Eduardo zakarki askatzen du. Arnasestuka jari dira biak, eta Juan Tomas belaunikatu egingo da, nekatuta eta lur jota.

JUAN TOMAS:... Zorionak... Berriro irabazi nauzu... Beste behin, garbi geratu da nor den indartsuena, eta nor ahulena...

EDUARDO: (Lasaituz doa)... Esaidazu ez zinela amaren amorantea izan.

JUAN TOMAS: Ez nintzen bere amorantzea izan ematen diozun mespretxuzko zentzu horretan.

EDUARDO: Eta gainera beragaz maiteminduta zeundela.

JUAN TOMAS: Ez nintzen bakarra.

EDUARDO: Esan noiz hasi zinen niri adarrak jartzen.

JUAN TOMAS: Nik beste ondo dakizu zer gertautu zen Begoñarekin haurra izan zenuenean.

EDUARDO: (Berriro berotzen da) Noski dakidala hori guztia! Harrez gero ez zidan inoiz bere ohea partekatzen utzi!

JUAN TOMAS: Ederra izateaz gain, oso zentzuduna zen.

EDUARDO: (Paparretik oratuz). Zu zara Asierren aita! 

JUAN TOMAS: Astinduko didazu, beste burruka baten irabazi… Aurrera, jo egidazu! Nahi duzuna egin. Bain ez duzu lurrera botako Josefinaren eta nire ohorea.

EDUARDO: Ohorea? Kabroi handiena zara. Nork irakatsi zizun ohorea aipatzen, adiskide onenaren emazteaekin haur bat duzunean?

JUAN TOMAS: Bere iniziatiba izan zen.

EDUARDO: Gezurra! Momentuaz baliatu zinen! 

JUAN TOMAS: Josefinaren ohoreagatik, berak nahi zuena egin nuen, berak nahi zuenean.

EDUARDO: (Berriro haserretuz) Kabroi bat zara!

JUAN TOMAS: Sinetsi ala ez, berak hartu zuen iniziatiba (Jaiki egiten da, lasai). Eta oso momentu zoriontsuak izan ziren, bai beretzat eta bai niretzat. Benetako emakumea izan da, eta ondratuta sentitzen naiz eskatu zidalako.

EDUARDO: (Jarri egiten da)... Bebetako emakumea... 

JUAN TOMAS: Eta zu zorteduna, bere senarra izateagatik...

Mireia etxetik dator, haurra dakarrela. Asier kalezulotik sartzen da.

MIREIA:... Badoakigu. Sendagileak dioenez ordu batzuk iraungo ditu, pultsua gero eta ahulagoa duelako.

EDUARDO: Eztabaidan aritu gara.

JUAN TOMAS: (Mireiari). Burruka egin dugu. Eta berriro irabazi nau. Txoriburu bat izango banintz bezala bota nau lurrera. (Kalezulora doala). Alde agitea izango da onena.

MIREIA: Gera zaitez, mesedez (Eduardori) Ziklo bat amaitzera doa, aita. Ez dakit ohartzen zaren. Beste era batera pentsatzen hasi beharko gara denok.

ASIER: Aitak eta osabak munduko mekanikari onenak bezala pentsatzen jarraituko dute!

MIREIA: Bi asteko hauarra dut. Aitona zara. Ama koman dago.

EDUARDO: (Juan Tomasi) Dena kakaztu dut berriro.

JUAN TOMAS: Hemen ez daukat zer eginik. Banoa... (Mireiari) Etorriko naiz bisitan.

EDUARDO: Barkatu Juan Tomas, egoera batzuetan burua galtzen dut.

MIREIA: Nik etxe honetan jarraitzea nahi baduzu, kontrolatu egin beharko zara.

EDUARDO: Saiatuko naiz, baina ez dizut ezer agintzen.

MIREIA: (Inprimitutako orri bat ematen dio) Txemak bere argazki bat bidali dit Txiletik.

EDUARDO: (Argazkiari begira) Ilea moztu du... Zerbait berezirik esaten du?

MIREIA: Ohikoa.

JUAN TOMAS: Astelehenean fabrikan eskaini dizkiguten aurre-jubilazioa onartzera joango naiz... Herrira itzultzera noa.

MIREIA: Ihes egitea ez da irtenbiderik onena, osaba. Hemen bada maite zaituen jendea, eta zure premian dagoena.

ASIER: (Juan Tomasi) Zurekin eramango nauzu? Horrela danborra nahi beste jo ahal izango dut. Eramango nauzu?

JUAN TOMAS: (Mireia seinalatuz) Haurrarekin lagundu behar diozu.

ASIER: Badago tokirik beraiek ere joateko?

JUAN TOMAS: Han ez dago zuk lana egiteko moduko babestutako tailerrik.

ASIER: Baserritar egingo naiz, eta ahuntzak zainduko ditut! Eta benetako zaldi bat izango dut!

MIREIA: Aita... Zerbait ikasi nahi dut.

EDUARDO: Hain justu orain?

MIREIA: Haurra bere amaz harro egotea nahiko nuke.

JUAN TOMAS: Matrikula ordainduko dizut.

MIREIA: Astelehenean dendara joango naiz baja ematera

EDUARDO:... Haurra zainduko dut kanpoan zauden bitartean. (Apal). Emaidazu aukera bat.

JUAN TOMAS: Zer ikasi behar duzu?

MIREIA: Ez dakit. Erizaintzako laguntzailea, ziurrenik.

ASIER: (Matrailan musu bat ematen dio) Primeran! Erizaintzako laguntzailerik onena izango zara.

MIREIA: Zer dakizu zuk horretaz?

ASIER: Neuk dakit gehien. Ama nola zaindu duzun ikusi dudalako.

EDUARDO: Sekula ez dizut eskertu behar adina.

ASIER: Nik gauero eskertzen diot, bi musu emanaz.  

JUAN TOMAS: Josefina harro zegoen bere alabarekin.

MIREIA:... Soilik gaixotu zenetik zegoen harro nitaz, baina horrekin nahiko zait. 

EDUARDO: (Juan Tomasi) Ahaztu ditzakegu gauza batzuk, bion aldetik?... Geratu afaltzera.

MIREIA: Antxoak ipiniko ditut, zure gustura. 

JUAN TOMAS: (Kalezulotik) Ni izan naiz kolpeak jaso dituena... 

EDUARDO: Seme, zer izen zuen biharko lasterketako zaldiak?

ASIER: (Harrituta) Izena?

EDUARDO: Biharko zaldiarena.

ASIER: “Beautiful” da, aita. Hiru zenbakia darama.

EDUARDO: Bihar hipodromora joango gara, eta hiru zenbakiduna animatuko dugu.

MIREIA: (Pozik) Denok joango gara elkarrekin...

Eduardok eskua Asierren sorbaldan ipinitzen du, eta etxean sartzen dira.

Mireia atzetik doa, baina atean geratzen da. Buelta eman eta Juan Tomasi begiratzen dio. Hau geldi dago, kalezuloaren hasieran.

Juan Tomasek azken begirada bat botatzen dio Mireiari, eta badoa.

 

ILUNA


No hay comentarios:

Publicar un comentario

SINOPSIAK ANTZERKIA: “Hizkuntzalaria” Luis Villasante Euskaltzainburu aren " Historia de la literatura vasca " (1979) liburua...