jueves, 29 de octubre de 2020


 

Antzerkia: ”IPARRA” 

 

Pertsonaiak

- Joxe Mari Iparragirre koblakaria, hirurogei urte zituela 

- Joxe Zubiria poeta eta gitarra jolea, berrogeita hamazazpi urte

 

Tokia: Goierriko Itsasoko herrian zegoen Zozobarro Txiki ostatua

Garaia: 1881

Eskenatokia:

Zozobarro Txiki ostatuko jantokia izango da. Berez baserri arrunta izan arren, hemeretzigarren mendean herri eta auzo gehienetan zeuden bezalatsu, Goierri aldeko Itsason Zozobarro Txiki taberna ere bazen bertakoentzat, eta baita ostatu hurbiltzen ziren saltzaile eta ibiltari urrientzat.  

Ezkerreko horman, kanpora ematen duen atea ageri da. Ondoko eserlekuan, Joxe Mariren neguko longaina dago, eta leihopean zutik, bere gitarra estimatua. Eskuineko horman, ostatuko barne aldera joateko atea dago.

Agertokiaren erdi aldean mahai pare bat daude, eta ikuslegoarengandik gertuago, beste mahai bat aulkiekin. Mahai gainetan, pitxer eta edalontzi batzuk ageri dira; otzara parea sagarrez eta intxaurrez beteta; baserriko ogia; mahai tresnak, etab.

Antzezlekuaren ikuskera osatzeko, barreneko horman goitik beherainoko gortina ilunak daude, metro erdiko zabalerakoak, errezel veneziar bertikal baten estilora. Gortina ilun horiek pantailaren funtzioa betetzen dute, eta beraietan, testuak girotzeko asmoarekin, argazkiak zein bideoak proiektatuko dira, batzuk era garbian eta beste batzuk difuminatuan. Hamabi proiektagailu dinamikoki nahastuko dira, hiru unitateko lau zutabetan. Hauek konbinatuz, irudi bakarra ager daiteke pantaila osoan, edo irudi ezberdinak. Eta aukera egongo da, baita, soilik beheko proiektagailuak erabiliz hiru dimentsioko efektua sortzeko.

Azkenik, agertokian argiak eta itzalak konbinatuko dira.

Akzioa hasten denean, Iparragirre aurreko mahaian jesarrita dago. Gelditu zaizkigun argazkietan ageri den legez, ilea eta bizarra zuriak ditu, nahiko luzeak, eta duen adinerako, zimurrak franko. Daraman gautxo jantziak erabili samarrak egon arren, garbiak daude. Patxadan, eskumarekin topa egiteko eran duen edalontzia jasoko du, abesten hasten denean.

IPARRA:   Ez ikaratu dagoen artean,

jan eta edan gaur gogotik,

hustutzen bada ekarriko dugu,

berriro lehengo tokitik.

 

Glu, glu, glu, glu,

Glu, glu, glu, glu,

Glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu,

Glu, glu, glu, glu,

Glu, glu, glu, glu,

Glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu,

Azken “Glu, glu, glu…” kantatzerakoan, ikuslegoan ohartzen da. Eta aitzinera, erdira doa. Jendeari begira jarraitzen du.

Zubiria sartzen da eskuineko atetik, eta atzean geratzen da,  isilik.

 

Gure sabela bete behar da,

ahal bada gauza onarekin,

dagoen lekutik eragin bapo,

aupa mutilak gogoz ekin.

 

Glu, glu, glu, glu,

Glu, glu, glu, glu,

Glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu,

Glu, glu, glu, glu,

Glu, glu, glu, glu,

Glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu,

                                                                                                                                                           

Umorea da gauzik onena,

nahigabeak ditu ahaztutzen,

uju ta aja hasi gaitezen,

euskal doinuak kantatzen.

Aurrean, ikuslegoari begira

Zoragarria! Benetan gustatzen zait abesti hau gaurko moduko egunetan. Jakina, duen errepika errazarekin,

 

Glu, glu, glu, glu,

Glu, glu, glu, glu… Estreinako biak soilik abestuko ditu

Agertokiaren barrenean Itsaso herriko baserriak eta zelaiak proiektatzen dira lausotuta.

Iparragirrek burua pantailara bueltatzen du, hitz egiten hasi aurretik. 

  

IPARRA: Edozeinek kanta dezake. Ez al da hola? Nik behintzat, sarritan abesten dut, eta ez dago halakorik afalostean giro alaia sortzeko. Gaur bertan, izan dira hemen barreak eta algarak, elezahar eta esaera ederrak, amaigabeko kantu ekinaldiak… Bikainenetakoa, Zozobarro Txiki honetan izan dugun afaria! Bost egon gara gaurkoan, bi baserritar, mikelete bat, Zubiria eta neu… Bihar lana zutela esanda, nekazariok aspalditxo itzuli badira ere, beste hirurok lasaiago geunden, eta puntuan joan dira ohera mikeletea eta Zubiria… (Edalontzia mahai gainean uztera doala, Zubiria han dagoela ohartzen da.) Hor hengoen?

Zubiria aurrera dator.

ZUBIRIA:…  Ezin dut begirik batu. Zalantzak ditut bion arteko etorkizunari buruz

 

IPARRA: Badakizu zergatik nagoen hain pozik? Hemendik aurrera nirekin batera arituko zarelako jaietan gure abestiekin jendea alaitzen! Aurrerantzean ez naiz bakarrik ibiliko.

 

ZUBIRIA: Arratsaldean ostatura ailegatu naizenean, etxekoandreak egin didan lehen galdera ea nire egonaldia nork ordaindu behar zuen izan da. Zure adiskidea naizela esan diot.

 

IPARRA: Eta berehala logela onenera eraman zaitu.

 

ZUBIRIA: Ez hainbeste. Lekurik ez duela eta, momentuz ganbararekin konformatzeko. 

 

IPARRA: Bihar neu egongo naiz berarekin.

 

ZUBIRIA: Eskaileretan gora gindoazela, zorretan zaudela esan dit.

 

IPARRA: Ondo daki horrek laster ordainduko diodala. Hiru jaialdi hitz emanda ditut dagoeneko hurrengo hilerako, eta biok batera joanda, askoz emanaldi bikainagoak egingo ditugu. Nahi baduzu oraintxe bertan abesti guztien entsegua egingo dugu.

 

ZUBIRIA: (Ateruntz doala) Oraintxe ekarriko ditut partiturak.

 

IPARRA: Badakizue zer gertatzen den?... Ia hirurogeita bat urte eduki arren, bihotz gaztea eta kementsua daukadala oraindik, eta gorputzak dirauen bitartean, aupa mutilak! Gau erdiko kanpai hotsa entzuteke dago eta! (Eskuma bekokian jarrita, paretako erlojuari so egiten dio. Ondo ikusten ez duenez, apur bat hurbiltzen zaio.) Hamarrak eta laurdenak! (Barne bideko atea seinalatuz) Entzun beharko ditugunak, etxekoandrea iratzartzen bada! (Irribarrez) Tira, ez pentsa gero beti berandu arte nabilenik. Koblakaria eta abeslaria naizenez, noizbehinka lagunen bat agertzen da gonbidatzeko borondate onarekin, ondoren zortziko batzuk kantatzearen truke, eta nola ukatu ba! (Apalago) Ez daukat gaztetako ahotsik, normala denez. Orduko eta oraingo bizipoza ere desberdinak izan arren, Joxe Mari zaharrak azkeneraino jarraitzen du gehienetan. Eta gaurkoan benetan nengoen pozik, Zubiria Elizondotik niri laguntzera etorri delako! Aurrerantzean biok elkarrekin arituko gara!

 

ZUBIRIA: (Partiturak esku baten eta gitarra bestean dituela sartzen da, apal) Ordu hauek egokiak iruditzen al zaizkizu entseatzen hasteko?

 

IPARRA: Zeuk esan duzu ezin lo eginda zaudela!

 

ZUBIRIA: (Partiturak mahai gainean utzi, eta gitarra jotzeko eran jesartzen da) Zeinekin hasiko gara?

 

IPARRA: Asko pozten naiz nirekin zaudelako, Zubiria… Uztailean Elizondoko literatura lehiaketara aurkeztea otu zitzaidan, ea ezer lortzeko biderik zegoen edo. Nire lanaren gaia “Jaungoikoa eta sorterria” zen, noski (Irribarrez), eta dotore egiten saiatu banintzen ere, Arrese-Beitiak jaso zuen saria, neu bigarren geldituz. Ohi bezala pobre. Baina izugarri estimatu nuen zurekin topo egitea.

 

ZUBIRIA: Giro paregabea egoten da uztaileko jaietan.

 

IPARRA: Gogozko ahapaldi batzuk idatzi nituen (Urduri xamar) Jaialdietan abesti ezagunenak kantatzen ditudalako, bat-batean ateratzen zaizkit. Baina Elizondokoak ostera, errezitatuak dira. Nahi dituzu entzun?

 

ZUBIRIA: Nekatuta nago, Joxe Mari. Iruñetik etorri naiz goizean goiz jaikita. Ez nago koplatarako.

 

IPARRA: (Adoretsu) Saririk eman ez bazidaten ere, pozik atera nintzen Elizondotik, zurekin elkartu nintzelako. 

 

ZUBIRIA:  Berandu bada ere, hemen nauzu, hitza betez.

 

IPARRA: Ez zentozela ikusita, uda amaren baserria zen Txapartegin eman dut, zalantzan, Ameriketara familiarengana bueltatzeko asmotan. Eta zaldun batzuengatik izan ez balitz, jadanik joanda egongo nintzatekeen (Apal) Arazoak konponduko zirela esanda, zerbait gehiago itxoiteko erregutu zidaten. Eta bigarren aldi honetan ere, baietz erantzun nien (Zalantzan) Zentzuak itzultzeko zioen, barneak berriz gelditzeko (Isilunetxoa) Azkenean bihotzari kasu eginaz, beste urtebetean geratzea erabaki nuen (Eskumako eskuaz hiru behatz seinalatuz) Hirugarrenetik ez nintzela pasatuko zin eginda!

 

ZUBIRIA: Kontu interesgarriak dira zureak, baina, abestuko dugu edo zer?

 

IPARRA: Badakizu nire emaztea Anjela eta zortzi seme-alabak Ameriketan jarraitzen dutela, eta azken eskutitzean zera zioen berak, (Minberaturik, eskutitza atera eta irakurtzen hasten da) “Noiz arte, Joxe Mari? Noiz arte egon behar dugu elkartu gabe? Pentsa dezakezu nolako egoeratan aurkitzen garen hemen. Nagusienak, etxeko gosea arintzearren, morrontzan ari dira, ia tripa-trukean. Txikiak aldiz, nirekin nolabait. Aitaz galdetzen didatenean, eta maizegi da, zer erantzun ez dakidala jartzen naute…”

 

ZUBIRIA: (Nekatzen hasita) Lehen ere galdetu dizut. Zein abestirekin hasiko gara?

 

IPARRA: Berdin zait. “Kantari euskalduna”ren partitura ekarri duzu?

 

ZUBIRIA: (Begiratu ondoren) Hemen dago. 

 

IPARRA: Oso gustukoa dut…

 

Pantailan Baztango haraneko argazkiak ikusten dira.

Iparragirre erdira dator, eta Zubiriak akorde batzuk jo eta gero, abesten hasten da.

 

IPARRA: Gitarra zahartxo bat da
niretzat laguna,
honela ibiltzen da
artista euskalduna.
Egun batean pobre
beste batez jauna,
kantari pasatzen dut
nik beti eguna.

Naiz dela Italia
orobat Frantzia,
bietan bilatu dut
anitz malizia.
Ikusten badut ere
nik mundu guztia,
beti maitatuko dut
Euskal Herria.

Jaunak ematen badit
niri osasuna,
izango dut oraindik
andregai bat ona.
Hemen badut frantsesa
interesa duna,
baina nik nahiago dut
hutsik euskalduna.

Agur Euskal Herria
baina ez betiko,

bost edo sei urtetan
ez dut ikusiko.
Jaunari eskatzen diot
grazia emateko,
nire lur maite honetan
hezurrak uzteko.

Orain arte ikusi dudanarekin, “Egun batean pobre, beste batez jauna” kantatu ordez, “Gehientxoenetan pobre, lantzean behin jauna” hobeto datorkiolakotan nago…

 

Gitarra zahartxo bat da

niretzat laguna

honela ibiltzen da

artista euskalduna,

gehientxoenetan pobre

lantzean behin jauna

kantari pasatzen dut

nik beti eguna.

Agertokiko barrenean Uruguaiko bideo bat proiektatzen da era difuminatuan.

 

IPARRA: (Apal) Artista handia naizela diote batzuek. Koblakari buhamea besteek. Arlotea gehienek. Nortzuk ote daude zuzen? Artista baldin banaiz, apartekoa ez behintzat, zahartzaroan hain pobre aurkitzeko. Zortzi umeren aita, buhametzat hartzea berriz… Eta arlote? Euskal Herri guztian milaka pertsonak arretaz entzun didatenean?

 

ZUBIRIA: Agian, denetatik apur bat izango zinen.

 

IPARRA: Edo ameslari bat besterik ez. Zergatik diozu zinen?

 

ZUBIRIA: Joan zen astean Elizondon zeuk esan zenidan aldundiek hilero soldata bat ordainduko zizutela, beraiek antolatutako hainbat emanaldiren truke.

 

IPARRA: Dirua emaztea eta zortzi seme alabak Uruguaitik ekartzeko izango da. Denen bidaiak ordaindu artean, nik ez dut sosik ikusiko.

 

ZUBIRIA: Bertsolariek onartuko dute gure jokaera, diruagatik edonon kantatzearena?

 

IPARRA: (Ganoraz) Ze arraio! Honela bizi izan naiz beti, eta ikuslegoak erantzuten duen bitartean, guregatik segi!

 

ZUBIRIA: Ameriketako kontu gehiago jakitea gustatuko litzaidake.

 

IPARRA: Duela hiru urte itzuli nintzen. Eta udaberrian kezkatan nengoen ostera, familiarengana abiatzeko irrikan. Aurrera edo atzera egin behar nuen. (Pozik) Adiskideak gomendatuta aldundiei diru laguntza eskatu nien. Eta baietza jaso dut, baina hemen nabil, batetik bestera kantatzen bizi irauteko.

 

ZUBIRIA: Abesti bakoitzaren jatorria ezagutzea ere premiazkoa zaidala uste dut, jendeari azalpenak eman ahal izateko.

 

IPARRA: “Kantari euskalduna” abestia Baionan konposatu nuen, Anjela maitearekin Ameriketara joateko noiz itsasoratu zain geundela.

 

ZUBIRIA: Uda partean soilik arituko naiz zurekin, jai eta erromeria gehien dauden garaian.

 

IPARRA: Urte beterako etorriko zinela agindu zenidan!

 

ZUBIRIA: Iruñean kafetegi bateko zerbitzaria naiz, eta logela bat alokatzeko lain behintzat irabazten dut. Ez nago ganbaretan lo egiten ohituta.

 

IPARRA: Zure premia larrian nago, Zubiria!

 

ZUBIRIA: Orain artean bakarrik ibili zara plazetan. Eta garbi dago ez duzula ostatua ordaintzeko lain irabazten.

 

IPARRA: Txapartegin bizi naiz, amaren baserrian. Beraiek eskatu zidaten hara erretiratzeko dirua aurreztu ahal izateko.

 

ZUBIRIA: Hemen zorrak dituzu.

 

IPARRA: (Urduri, esku biak Zubiriaren aurpegiaren parean jarrita) Ados. Elizondon ez nizun ezer esan atzera botako zinen beldurra nuelako. Artrosia dut esku bietako behatzetan! Ulertzen? Kantari euskaldunak ezin du gitarra ganoraz jo artrosiagatik!

 

ZUBIRIA: Horregatik eman zenidan partiturak niri, gezurra estaliz.

 

IPARRA: Ez nizun gezurrik esan!

 

ZUBIRIA: Egia ere ez, ordea.

 

IPARRA: Bigarren gauza bat aitortuko dizut: gor geratzen ari naizen susmoa dut! 

 

ZUBIRIA: Abesteko ez da hori arazoa.

 

IPARRA: Nola ezetz! Zu gitarrarekin akordeak jotzen, eta ni ezin entzunda noiz hasi eta amaitzeko!

 

ZUBIRIA: Buruarekin keinua egingo dizut.

 

IPARRA: Zerorrek abestien letrak ikasi beharko dituzu, niri laguntzeko.

 

ZUBIRIA: Uda partean soilik.

 

IPARRA: Eta aldundiek antolatutako emanaldietan.

 

ZUBIRIA: Hitz emanda dituzun zazpi jaialdietan proba dezakegu, ea nola konpontzen garen. Eta biontzako lain diru lortzen dugun ikusiko dugu

 

IPARRA: Zure premia larrian nago!

 

ZUBIRIA: Beste abesti bat entseatuko dugu. (Paper-zorroa zabalduz) Zein nahi duzu?

 

IPARRA: Berdin zait. Denak ikasi beharko zenuke. “Ezkongaietan” hor duzu?

 

ZUBIRIA: Goizean trenean Zumarragaraino etorri naizenean, abesti guztien letrak irakurri ditut, eta hain justu honena ez zait lar egokia iruditu, emazteez trufatzen zarelako.

 

IPARRA: Hara, gure olerkari sentibera!

 

ZUBIRIA: Nahi duzuna esango didazu, baina nire ama ere emaztea izan zen, eta ez letrak dioen horietakoa, fina eta langilea baizik.

 

IPARRA: Zuk gitarra jo, eta bakarrik abestuko dut. Gaur gaueko bezalako giroetarako, aparteko abestia da jendea barrezka jartzeko. Ez pentsa edozein lekutan abestu izan dudanik. Hain inozotzat naukazu?

 

ZUBIRIA: Ikasiko dut, baina gizakumeak soilik daudenean kantatzeko.

 

Erromeri bateko irudiak proiektatzen dira.

 

Akorde batzuk jo ondoren, Joxe Mariri buruarekin keinua egingo dio hasteko.

 

IPARRA: Ezkongaietan zerbait banintzen
ezkondu eta ezer ez, (bis)
ederzalea banintzen ere
aspertu nintzen ederrez,
nire gustua egin nuen ta
orain bizi naiz dolorez.

Nire andrea, andre ederra zen
ezkondu nintzen orduan, (bis)
mudatuko zen esperantzarik
ere, batere ez nuan,
surik batere baldin badago
maiz dago haren onduan.

Nire andrea goiz jaikitzen da
festara behar denean, (bis)
buruko mina egiten zaio
hasi baino lehen lanean,
zurekin zer gertatu behar zen
nik beldurrikan ez nuan.

 

Difuminatutako Montevideoko hainbat argazki ikusten dira.

 

ZUBIRIA: Anjelak ezagutzen zuen abesti matxista honen letra?

 

IPARRA: Jakina. Montevideon izan genuen tabernan sarritan kantatzen nuen. Eta bezero denak barre algaraka hasten ziren. Aitortuko dizut bitxiena? Edo tristeena, nola hartzen den. Zortzi seme-alabok dakite “Gernikako arbola” abesten, nagusiak oso ondo gainera. Eta badakizu zer gertatzen zaien? Hegoamerikar doinutxo hori ematen dietela hitzei, halako amaiera berezi bat. Entzun duzu nehoiz hegoamerikarrik berbetan?

 

ZUBIRIA: Argentinarrak bereziki. Ez naiz oroitzen Montevideora joandako nafarrik ezagutu dudan. Arrazoia duzu, gure aldean alaiago ahoskatzen dituzte esaldiak.

 

IPARRA: Gureak etxean euskaraz besterik ez zutelako entzuten, agian ez hainbeste, baina badute kutsu hori. Joxe Mari zaharraren seme-alabak… Ulertzen zergatik ekarri nahi ditudan Urretxura?

 

ZUBIRIA: Montevideoko tabernarena argitu behar didazu. Iruñeko. kafe-etxeko nagusiak erretiroa hartu du.

 

IPARRA: Zerorrek hartu beharko zenuke negozioaren ardura. Baduzu emazterik?

 

ZUBIRIA: Bikotea nuen. Dena amaituta dago. Horregatik etorri naiz lanera zuregana.

 

IPARRA: Uruguain hemen baino gutxiago irabaziko zenuen.

ZUBIRIA: Han daramadan bizimoduarekin nekatuta nago, eta ez dut Elizondon bizitzeko asmorik. Nahiago dut zuk egin zenuenari jarraitu, Ameriketara joan etorkizun hobeago baten bila.

IPARRA: Ez zara aholkulari onenari galdetzera joan.

ZUBIRIA: Euskal Herrira itzuli zinenean, Anjelak jarraitu zuen tabernarekin?

 

IPARRA: Montevideora joan aurretik artzain aritu nintzen, eta seme bat izan genuen. Dirurik  izan ez arren, Martin nafar borondatetsuak etxe bat alokatzeko adina utzi zigun, eta taberna bikaina zabaldu genuen bertan. Imajinatzen duzu jarri nion izena?

 

ZUBIRIA: Asmatu baietz! “Gernikako arbola taberna”.

 

IPARRA: Jakina ba! Aurreneko zeregina, noski, horma guztietan arbola santua margotzea izan zen. Laster egin zen ezaguna, eta egun osoa jendez beterik zegoen. (Irribarrez) Egun erdi eta gau erdi esatea egokiago litzateke, ezagun asko nituenez, berandu arte jarraitzen genuelako zortzikoak abesten eta berriketa bizian.

 

ZUBIRIA: (Harrituta) Eta emaztea?

 

IPARRA: Haserretu egiten zitzaidan, hori ez zela taberna aurrera ateratzeko ganora eta. Nik berriz “Zer nahi duzu, emakumea? Bezeroekin ongi moldatzea komeni zaigu”. Berak ez zidan hori sekula ulertu.

 

ZUBIRIA: Urte piloa eman ditut barran lanean, eta barkatu baina, arrazoia bere alde zegoelakoan nago.

 

IPARRA: Ez nintzen bizimodu hartarako aproposa, zerbitzatzea beste edatea gustatzen zitzaidalako. Lanean baino kantatzen aiseago jarduten nuelako.

 

ZUBIRIA: Esperientziak erakutsi didanez, lagun giroan aritzen bazinen, kobratzeko ere komeriak izango zenituen.

 

IPARRA: Ez dut inoiz eduki dirua eskatzeko aurpegirik, are gutxiago adiskideei.

 

ZUBIRIA: Ondorioz, gura zuenak bakarrik ordainduko zuen. Baina ez didazu erantzun. Anjelak jarraitzen du tabernarekin? Bertara pozik joango nintzateke lanera, zure baimenarekin

 

IPARRA: Azkenean, zorrez beterik agertu ginen, eta derrigorrean utzi genuen taberna eder hura. Niregatik izan balitz, beste urte pare bat jarraituko nuen. Amore eman behar, ordea.

 

ZUBIRIA: Argentinara joango naiz. Baditut han ezagunak hasieran lagunduko didatenak.

 

IPARRA: Ondo egingo duzu. Bizimodu erosoagoa eramateko bidea zegoela, eta batzuk hara joateko gomendatzen zidaten. Hala ere, lurralde atsegingarriagoa eta menditsuagoa delako, nahiago nuen Uruguain bizitzea. Tontorren artean ibiliz gero, Euskal Herria hurbilago geneukan bihotzean.

 

ZUBIRIA:  Niri berdin zait. Hemendik aldentzeko asmoa dut uda pasatakoan.

 

IPARRA: (Apal) Taberna itxi ondoren, ez genuen ezertxo, eta ataka larri hartan Santi Arizabalo pasaitar jatorrak lagundu zigun mila ardi utziaz.

 

ZUBIRIA: Adarra jotzen zabiltza? Berriro artzain?

 

IPARRA: Ez egidazu oroitzapen haiek gogorarazi. Ea, hurrengo abesti bat.

 

ZUBIRIA: (Paper zorroan begiratu ondoren, partitura bat ateratzen du) Honen letra poema bat ematen du, asko gustatu zitzaidan. “Zu zara nire izarra”

 

IPARRA: Hori besteren baten abestuko dugu. Ez zait larregi gustatzen erromerietarako.

 

ZUBIRIA: (Beste partitura bat hartzen du) “Trapu zaharrak” bai?

 

IPARRA: Primeran! Madrilen bizi izan nintzenean konposatu nuen. Alaia da, benetan.

 

ZUBIRIA: (Partiturari buelta eman ondoren) Baina hemen bakarrik melodia dago. Harmonia falta da.

 

IPARRA: Akorde pare bat jota nahikoa izango da.

 

ZUBIRIA: Zerbitzaria naiz, ez musikari profesionala.

 

IPARRA: (Haserre) Ezta ni ere! Tabernari eta artzain aritu naiz azken hogei urtetan!

 

ZUBIRIA: Beste abestiak harmonizatuak daude.

 

IPARRA: Badakizu etxean nagoenean zergatik erabiltzen ditudan gautxo arropak? Badakizu zergatik?

 

ZUBIRIA: Artista kutxua hartzeko.

 

IPARRA: Dirurik ez dudalako bestelakorik erosteko! Kaleko arropa bakarra dut, Arabako Aldundiak oparitua bertan omenaldia egin zidatenean! Dirurik ez dut familia hona ekartzeko, eta zer uste duzu, konpositore profesional bati ordaintzen hasiko naizela abestien harmonia egiteagatik!

 

ZUBIRIA: Ez dut sekula harmoniarik idatzi.

 

IPARRA. Julian Gaiarre tenor erronkariarrarekin, mundu osoko opera nagusietan abestu duenarekin zaudela uste duzu?

 

ZUBIRIA: Ados. Akorde pare bat joko ditut.

 

IPARRA: Jaialdietan irabazitakoa erdi bana egingo dugu

 

Berriro irudiak proiektatzen dira, musika partiturenak.

 

Zubiria gitarra jotzen hasiko da, eta buruarekin keinua egin ondoren, Joxe Mari.


IPARRA: Egunez trapu biltzen
gauean dantzan lehertzen
beti umore onean
dugu pasatzen.
Eta goizean goiz
kalera irtenda
lo goxuan daudenak
esnatzen ditut:
Trapu zaharrak!

Atera, atera,
trapuak saltzera,
nik erosten ditut
modu onean.
Arditan prakak
kuartuan albarkak
ta burdin zaharrak
txanponean.

Erosten ditut trapuak
praka zahar urratuak
gona gorri zaharrak
eta atorratxuak.
Jozak zurrumuzki

atabal soinu
dantzan egiteko
betiko erara:
Trapu zaharrak!

Atera, atera...

Eltze elbarrituak
pertza zulorik badu
arrain-parrilik edo
trebera zaharrik.
Inork saltzeko badauzka
librako txanponean
Ramon Batistak
erosten ditu:
Trapu zaharrak!

Atera, atera...

Irudietan Pariseko eta Londreseko margoak ikusten dira.

 

IPARRA: Duela hilabete inguru afari baten ostean errementari batek ea zein zen gaztetako nire lehen oroitzapena galdetu zidan. Gauza txundigarriren bat entzutea espero zuen, eskolan bertsolaririk onena nintzela, etxetik kanpora ihesi nenbilela beti, edo horrelako zerbait. Orduko gauza arruntak, guztiz normalak, etortzen zaizkit gehienetan gogora. Eta galdetu zidanari, sorbaldak jaso eta ez nion ezer erantzun.

 

ZUBIRIA: Berezia zarenik ez didazu ukatuko. Ameriketatik itzulitako gutxi ezagutzen ditut, baina denak dirua eginda etorritakoak dira, indiano aberatsak.

 

IPARRA: Hara joandako gehienak ez dira aberastu, eta hau faltan bota arren, ez dira ausartzen herrian joan bezain txiro agertzen.

 

ZUBIRIA: Horrek ez dizu zuri axola.

 

IPARRA:  (Patrikatik argazki zaharkitu bat atera ondoren, Zubiriari erakusten dio) Anjela eta zortzi seme-alabak. Daukadan familia-argazki bakarra.

 

ZUBIRIA: Zoriontsua zu Joxe Mari, hain familia ederra hazteagatik.

 

IPARRA: Gizajo handi bat, hobe esanda. Beraiek han, ni hemen…

 

ZUBIRIA: Nola izango da gizajoa euskaldun guztien abesti ezagunena den “Gernikako arbola” sortu zuena.

 

IPARRA: Ez al nauzu ikusten zeure begiekin?

 

ZUBIRIA: Xelebrea esango bazenuen, tira, baina gizajo.

 

IPARRA: Zortzi seme-alaben aitari xelebrea dela esan behar diozu?

 

ZUBIRIA: Hemen naukazu, zerbait naizelakoan, familia eta dirurik gabe, Ameriketara joateko prest.

 

IPARRA: Hiru bider itzuli naiz Euskal Herrira, eta guztietan joandako moduan.

 

ZUBIRIA: Hori ez nekien

 

IPARRA: Badira arlote handi bat naizela diotenik.

 

ZUBIRIA: (Paper zorroan begiratu ondoren, beste partitura bat ateratzen du) Hau entseatuko dugu ondoren, “Ameriketatik Urretxuko semea” izenekoa.

 

IPARRA: Indarra faltako zait bukatzeko, hangoekin pentsatzen.

 

ZUBIRIA: Zeuk diozuna.

 

IPARRA: Ene gaztaroko kide gehienak, jaioterritik irten gabe bizi izan dira, apal eta baketsu. Nolako aldea, bizimodu horrena eta nik eramandakoarena. (Eskumarekin seinalatuz) Espainian, Frantzian, Italian, Suitzan, Alemanian, Portugalen, Bretainia Handian, Argentinan eta Uruguain egonda nago, eta aski dela deritzot, ni bezalako euskaldun soil eta eskola gabe batentzat.

 

ZUBIRIA: Nafarroatik atera gabea naiz ni, ordea

 

IPARRA: Aita gozogilea zen, eta mutikoa nintzela familia Urretxutik Madrilera joan ginen, lan gehiago zegoelako bertan. Baina hamalau urterekin hanka egin nuen etxetik, hasi berria zegoen gerran tropa karlistekin bat egiteko. Pentsa, zelako gosearekin ailegatuko nintzen hona!  

 

ZUBIRIA: Ez zitzaidan egokitu zuzenean parte hartzea, baina boluntarioei laguntzen  aritu nintzen.

 

IPARRA: Galdu genuenean atzerrira joatea besterik ez nuen izan, eta hogeita hamaika urterekin Londonen kalean euskaraz abesten nengoela Mazarredo jeneralak harrituta entzun zidan. Bere bitartez pasaporte lortuta,  etxera itzultzeko aukera izan nuen. Orduan ere esku-hutsik.

 

ZUBIRIA: Horretan antzeko patua dugu. Beharbada, poeta guztiona berdina izango da.

 

IPARRA: Abeslaritik gehiago dut, idazten ez naizelako oso trebea. 

 

ZUBIRIA: Nola esan dezakezu hori, dituzun letra dotoreekin.

 

IPARRA: Egokiago litzateke koblakaria esatea.

 

ZUBIRIA: Gustatuko litzaidake zure abestietako poesiaren bat nik asmatutakoa izatea!

 

IPARRA: Anjelari makina bat aldiz esan diot, Karlistada hura suertatuko ez balitz, eraman dudan bizitza bestelakoa izango zela bere aldamenean.

 

ZUBIRIA: (Paper zorroan begira) Nahi duzu “Nire maitearentzat” abestu? 

 

IPARRA: Ez. Hartu lehengoa, Urretxukoa. Beraien oroimenez.

 

Barrenean Urretxuko eta Montebideoko irudiak proiektatzen dira.

 

IPARRA: Billarreal de Urretxu
nire herri maitea
seme bat hemen duzu
amodioz betea.
Nahi baina nola ikusi
hau da lan tristea
zuretzat nahi dut bizia

Urretxu nirea.

Bi mila eta seiehun
legua badira
Montebideotikan
Euskal Herrira.
Naiz esperantzetan
etorri bagara
aurreratasun gabe
urteak joan dira.

Bai, nire adiskideak
behar da pentsatu
zuretzat Amerikak
nola den mudatu.
Inork hemen ezin du
lanikan bilatu
orain datorrenari
behar zaio damutu.

Agur adiskideak
ikusi artean
zuenganatuko naiz
egunen batean.
Esperantzakin bizi
nahi dut bitartean
gero hezurrak utzi
nire lur maitean.

Barrenean Uruguaiko mendietako argazkiak agertzen dira.

IPARRA: Beti nireari begira egon barik, orain zure poesiaren bat entzutea gustatuko litzaidake.

 

ZUBIRIA: Idatziak dira, ez dute musikarik.

 

IPARRA: Berdin dio. Ziur nago ederrak izango direla.

 

ZUBIRIA: Hurrengo batean agian. Gaur zure abestiak entseatu behar ditugu, hurrengo emanaldira prestatuta joateko.

 

IPARRA: (Erdi haserre) Lehen ere esan dizut irabaziak erdi bana joango direla. Errezitaldi batzuk eman ditzakezu abestien tarteetan.

 

ZUBIRIA: Jai giroan poesiak soberan daude. Kontutan izan trikitilariak han arituko direla, eta bertsolariak. Horiekin lehiatu behar gara.

 

IPARRA: Zeurea ipintzea lotsa ematen dizula esan daiteke.

 

ZUBIRIA: Nola diozu hori! Ikusi duzu inoiz jaietan kaleko errezitaldirik? Ordaintzen baldin badigute, Joxe Mari Iparragirre ospetsuak abestiak kantatzen duelako izango da. Jendearentzat ni erabateko ezezaguna naiz! 

 

IPARRA: Arrazoia izan dezakezu. Dena den, zu ni adinako artista zara zeure eremuan, eta nire bizitza gora eta nire abestiak gora gabiltza hau denean. Badirudi ez didazula zeure gauzak kontatu nahi.

 

ZUBIRIA: Erabat goibela delako. Ziurrenik Urretxuko zure gaztetako lagunek izandakoaren parekoa.

 

IPARRA: Ah ze bazkidetza berezia gurea. Zuk nire gorabehera denak ezagutzen dituzun bitartean, nik zurerik batere ez!

 

ZUBIRIA: Elizondon jaioa, Iruñean bizitakoa, eta Ameriketara itxaropen bila joatekotan dagoen poeta. Gutxi al da?

 

IPARRA: Itsas-bidaia ordaintzeko lain baduzu?

 

ZUBIRIA: Hor nonbait.

 

IPARRA: Bioi komeni zaigun proposamen bat: zergatik ez dituzu zeuk antolatzen emanaldiak? Ni baino pertsona antolatuagoa eta egokiagoa zara,  Euskal Herriko jai guztietara eskaintza eramateko. 

 

ZUBIRIA: Alkateekin zuzenean harremanetan jartzea besterik ez da.

 

IPARRA: Deitzen didaten tokietara soilik joaten naiz.

 

ZUBIRIA: Iniziatiba zeurea izan beharko litzateke.

 

IPARRA: Hori uste nuen hasieran, eta badakizu ondorioak? Ez zidatela ostatua besterik ordaintzen! Bazirudien neu eskaintzen nintzelako musu-truk abesteko prest nengoela.

 

ZUBIRIA: Montevideoko tabernan bezalaxe.

 

IPARRA: Abestiak sortzeko eta kantatzeko balioko dut ziur asko, baina diziplina eskatzen duen lan antolatu bat aurrera eramateko, zailtasunak izan ditut beti. Bi aldiz ibili nintzen artzain Uruguain. 

 

ZUBIRIA: Horixe da sekula ulertuko ez dudan gauza. Nola demontre sartu zinen halako lanetan, kale mutikoa izanda.

 

IPARRA: Uruguain nuen lehengusuak artzain lana agindua zidan, eta nire buhame itxurak larregi bete ez arren, bere artaldea nire kargu utziko zuela eta. Hiruzpalau urte eman genituen artzaintzan Anjela eta biok.

 

ZUBIRIA: (Irribarrez) Pariseko lagunek jakingo balute!

 

IPARRA: Ez nintzen artzain izateko jaioa, eta komeriak pasatzen nituen ardiokin: batean galdu, hurrengoan ihes, beti zerbait. Belar gainean lasai etzanda koplak egitea atsegin nuen, eta jakina, ardiak galtzeko ez dago bide hoberik. Esaten zidan bai emazteak, ardura gehiago hartzeko…

 

ZUBIRIA: Gautxo arropa horiengatik izan ez balitz, sinesteko zaila!

 

IPARRA: Gaizki amaitu nuen lehengusuarekin, eta Durañona sendagilearen lurretan bost urte lan egin ondoren, berriro artzain joan nintzen Ubalde zuberotarrak utzitako artaldearekin. Baina nik lehengo lepotik burua! Artzain gibel handia izatea aski ez balitz, bertako eta “matrero”en arteko gerra piztu zen, eta etengabeko eskabideak egiten zizkiguten tropak mantentzeko. Batean hogei ardi, eta hurrengoan berrogei, gaur alde batekoek eta etzi bestekoek, ia artalde barik geratu ginen. Goian zerua, eta behean lurra, berriro.

 

ZUBIRIA: Gure aita arotza zen, eta gaztetan Baztango baso bakartietara egur bila joaten nintzen berarekin.

 

IPARRA: Bikote ederra elkartu gara!

 

ZUBIRIA: (Paper zorrotik partitura bat ateratzen du) Abesti honen titulua “Errukarria” da. Saiatuko?

 

IPARRA: Ilun samarra iruditzen zait. Beste bat hobe.

 

ZUBIRIA: (Beste bat ateratzen du) Eta hau? “Nire maitearentzat”.

 

IPARRA: Egokiagoa afari osterako!

Agertokiaren barrenean erromeria baten bideo lausotua proiektatzen da.

 

Zubiriak buruarekin keinua egin ondoren, Iparragirre abesten hasiko da.

 

IPARRA: Ume eder bat ikusi nuen
Donostiako kalean,
hitz erditxo bat hari esan gabe
nola pasatu parean?
Gorputza zuen liraina eta
oinak zebiltzan airean,
politagorik ez dut ikusi
nire begien aurrean.

Aingeru zuri, paregabea,
Euskal Herriko alaba,
usterik gabe zugana beti
nire bihotzak narama.
Ikusi nahian beti hor nabil
nire maitea, hau lana!
Zoraturikan hemen naukazu
beti pentsatzen zugana.

Galai gazteak galdetzen dute,
aingeru hori non hago?
Nire maitea nola deitzen den
ez du inortxok jakingo.
Ez berak ere ez luke nahiko
konfiantza horretan nago,
amodiodun bihotz hoberik
Euskal Herrian ez dago.

Agertokiko barrenean opera bateko argazkiak proiektatzen dira.

 

IPARRA: Oraindik ere gogoan dut bere aurpegia.

Zubiriak gitarra jotzen jarraitzen du, hiruzpalau akorde, Joxe Mariri jaramonik egin gabe.

 

IPARRA: (Harrituta) Ez al dugu ba amaitu?

 

ZUBIRIA: Gitarrarekin akorde batzuk jo ondoren amaitzen da abesti hau (Partitura erakutsiz) Hemen jartzen du. Hasieran eta amaieran buruarekin keinua egingo nizula adostu dugu.

 

IPARRA: Beti bakarrik ibilia naiz, eta aldamenera begiratzeko ohitura falta zait. 

 

ZUBIRIA: Aldaketa txiki bat proposatu behar dizut.

 

IPARRA: Berriro?

 

ZUBIRIA: Hitz bat desegokitzat jotzen dut.

 

IPARRA: (Haserre) “Ezkongaietan” abestia guztiz zen desegokia! Hau ere txarto dago! Ba al dut zerbait ondo eginda!

 

ZUBIRIA: On beharrean nabil.

 

IPARRA: Akatsak bilatzen zara zu trebea!

 

ZUBIRIA: (Zutitu ondoren, gitarra mahai kontran uzten du) Ezin badizut iritzia eman, hobe nago lotara joanda

 

IPARRA: Ea bihar tenple hobeagoarekin zauden.

 

ZUBIRIA: (Ate aldera doala) Goizean Iruñera itzuliko naiz. Aurkitu ezazu gitarra jole soila.   

 

IPARRA: (Atzetik doa) Ez, ez, Zubiria! Ez nazazu utzi bakarrik! Asko estimatzen dut zu poeta ere izatea!

 

ZUBIRIA: Gezurra! Bi proposamen egin dizkizut, eta alferrik!

 

IPARRA: (Makurtuz) Geratu, mesedez! Esan egidazu ze aldaketa proposatzen duzun, eta ontzat emango dut!

 

ZUBIRIA: (Itzuliz) Lehen letra desegokia iruditzen zait. 

 

IPARRA: Berriro matxista?

 

ZUBIRIA: Maitemindutako norbaitek idatzia dela ematen du. Esaldi batzuk aipatzearren, “Gorputza zuen liraina…”, “Zoraturikan hemen naukazu…”, “Nire maitea nola deitzen den…”, eta guztia ildo horretan. Baina nola hasten da abestia? “Ume eder bat ikusi nuen…”. Pederastak garela emango du. Eta ni behintzat, ez naiz.

 

IPARRA: Zer jarriko zenuke?

 

ZUBIRIA: Zortziko handia ondo egituratuta dago, eta lau puntuak politak dira ahapaldi guztietan. Baina hasieratik “ume” bat izan dut buruan, ez gorputza liraina duen neska bat. Eta hor nahaspila. Esango bazenu “Neska eder bat ikusi nuen…”, silaben kopurua mantentzen duzu, eta hasieratik mezua garbia da.    

 

IPARRA: Pentsatu ere ezin dut egin zenbaitetan abestu dudan. Nahaspila sortzen nuela uste duzu?

 

ZUBIRIA: Jende batengan ziur baietz.

 

IPARRA: Atzerritik itzuli nintzenean idatzitakoa da. Hamar urte inguru eman nituen Europan zehar, eta musikaz zein poesiaz dakidan apurra orduan ikasitakoa da.

 

ZUBIRIA: Nola esan dezakezu hori, zure abesti gehienak jende guztiak dakienean!

 

IPARRA: Ziur nago abeslari profesional askok baino baldintza hobeagoak izan nituela musikari bikaina izateko. Baina ez nuen berezkorik, bistan denez. 

 

ZUBIRIA: Ezin daitezke alderatu musika klasikoa eta herrikoa. Eta honetan zu adinakorik, gutxi.

 

IPARRA: Karlistada ondoren Parisera ailegatu ala, zaldun liberal handiki baten jauregian, Rocrejakelin Markesarenean igaro nituen zerbitzari urte zoriontsu batzuk, eta frantsesez trebatu ondoren, Lamartine Chateaubriand eta Lamenais olerkarien liburuak irakurtzeari ekin nion.

 

ZUBIRIA: Sentitzen dut, baina ezezagunak egiten zaizkit.

 

IPARRA: Markesari bidaietan laguntzen nion, eta halaxe adiskidetu nintzen Caroline Duprez sopranoarekin. (Irribarretsu) Nire lehen amodioarekin. Batzuk ez didate sinesten: “Hi Pariseko teatroetan, aristokraziarekin? Hoa piku bila, Iparra”. Eta egia da! Joxe Mari zaharrak akats ugari dauka, baina ez da sekula santan gezurtia izan. Caroline abeslari ospetsua zen, Pariseko artisten munduan estimazio handian zegoen. Behin zortzikoak kantatzen entzun zidanean, borondatez eskaini zidan musika irakasteko. Handik hilabete batzuetara, bere etxean nengoen! Emakume argia, azkarra zen, eta (Kapela kentzera doan moduan) oso panpoxa!

 

ZUBIRIA: Bera sopranoa izanda, zeuk tenore izateko aukera izango zenuen.

 

IPARRA: Carolinen zuzendariak proba guztiak egin zizkidan, baina alferrik. Beste zuzendari batengana eraman ninduen, eta berdin.

 

ZUBIRIA: Saiatu ziren baritonoaren ahotsarekin?

 

IPARRA: ( Haserretzen) Bai. Eta baxuarenarekin!

 

ZUBIRIA: Beste hirugarren batengana joan beharko zinen.

 

IPARRA:  (Ozen) Ez nuen mailarik ematen!

 

ZUBIRIA: Agian Italian probatu bazenu.

 

IPARRA: Ez nuen balio eta kito! Ulertzen? Zeu, poeta profesionala zara!

 

ZUBIRIA: (Baretu asmoz) Dena den, eskola ona izango zen musikaren muina ezagutzeko.

 

IPARRA: Hantxe ikasi nuen gitarra jotzen ere.  Iraultza arte pozik jarraitu arren, errepublikazale eta inperialisten arteko istiluetan, kalean “Marsellesa” abesten nuelako, gizon arriskutsuegitzat hartu ninduten, eta atzerri latzagora jo behar izan nuen, Caroline maitea penaz agurtu ondoren. Suitzan, Alemanian eta Italian ibili nintzen nire gitarrarekin. Florentziako abeslari talde baten amaitu nuen, haiekin kantatzea interesgarria izan zen, tankera berriak ikasi eta ikuslegoaren aurrean agertzeko erraztasuna hartu nuelako.

 

ZUBIRIA: Ni ostera mostradore ostetik atera gabe, eguneroko bezeroei ohiko eskariak betetzen.  Ikaragarrizko inbidia ematen didazu, Joxe Mari.

 

IPARRA: Behin Ingalaterrara joan ginen, eta han lortu zidaten etxera itzultzeko pasaportea. (Atsekabetuta) Anjelari aginduta daukat, itzultzerakoan eramango dudala dena bisitatzera, bidaiarako lain aurreratzen badugu behintzat.

 

ZUBIRIA: (Paper zorrotik beste partitura bat aterata) Abesti honen izena “Zugana Manuela” da. Entseatuko dugu?

 

IPARRA: Ea letrarekin oroitzen naizen.

 

Europako hainbat lurraldetako bideoak proiektatzen dira era difuminatuan.

 

Zubiriak, akorde batzuk jo ondoren, buruarekin hasteko keinua egiten dio.

 

IPARRA: Zugana, Manuela
nuenean pentsatu
uste dut ninduala
deabruak tentatu.
Ikusi bezain ekin

naiz enamoratu
ojala ez bazinen
sekulan agertu.

Amodioz beterik
esperantza gabe,
zergatik egin zinen
bihotz honen jabe.
Zuk esan behar zenuen
hemendikan alde
egiaz ez naiz ni
bizardunen zale.

Barkatu behar dituzu
nire ergelkeriak
zure begira daude
nire bi begiak.
Garbi, garbi esan ditut
nire ustez egiak
zoraturikan nauka
zure aurpegiak.

Gauean ibili naiz
guztizko ametsetan
Donostian nengoela
Andre Marietan.
Eta ikusi nuela
hiri hartako plazan
erdian zebilela
Manuelatxo dantzan.

Tolosako kaleetako eta jauregi nagusietako irudiak proiektatzen dira.

ZUBIRIA: Bigarren ahapaldiaren hasiera izugarri gustatu zait. (Berak errezitatzen du):

Amodioz beterik
esperantza gabe,
zergatik egin zinen
bihotz honen jabe.

IPARRA: Tira. Zerbaitetan asmatzen dudanean ere.

 

ZUBIRIA: Benetan da borobila.

 

IPARRA: Koblakari eta ameslari! Badakizu zer erantzun zidan azkenean? Ez zitzaizkiola bizardunak gustatzen!

 

ZUBIRIA: Agian beste zerbait esan nahiko zuen. Berarentzat txori ipurtarinegia zinela, habia epel bat egiteko.

 

IPARRA: Ingalaterratik bueltan, oso urte emankorrak izan nituen. Abestiak ia berez sortzen nituen. 

 

ZUBIRIA: Emazteari eskaini al zenion baten bat? 

 

IPARRA: Ez. Bueno, “Agur Euskal Herriari” abestia bere aldamenean sortu nuen. Paper zorroan izango duzu, ziur.   

 

ZUBIRIA: (Begiratu ondoren) Hemen dago. Hasiko gara?

 

IPARRA: Tolosako ostatu baten neskame zebilen, eta berehala maitemindu nintzen Anjelaz. Ohartuko zinen nire bihotzak ez duela hartarako bultzakada handirik behar izaten. Bera ordea, bestelakoa zen, berezia eta zoragarria benetan.

 

ZUBIRIA: Eta bizardunak gustuko zituen, jakina.

 

IPARRA: Nire aldean gaztea zen. Baina nirearen pareko maitasuna sortu zitzaion bihotzean, eta ezkontzea erabaki genuen. Kezkatan jarri ninduen konpromiso horrek, egia esanda, neronen berri banekielako. Eta gogoeta ugari bururatzen zitzaidan, gehienetan erantzunik gabeak.

 

ZUBIRIA: Ez da harritzekoa. Hainbeste urte ibiltari aritu ondoren, izango al zinen gauza ezkontza ostean etxea mantentzeko?

 

IPARRA: Eta etorkizun duin bat eskaintzeko emazteari eta umeei? Ez nuen garbi ikusten.

 

ZUBIRIA: Zuhaitz hazitxoegia, jokabide zaharrak aldatzeko.

 

IPARRA: Eguna joan eta eguna etorri, asmatu ezinik nenbilen.

 

ZUBIRIA: Eta emazteak, zer zioen?

 

IPARRA: Zalantzaz josita zebilen koitadua. Gurasoen beldur ere bazen, eta arrazoi osoz. Ezkontzeko baimen eske heldu zitzaienean, gazteegia zelako ukatu egin zioten. Konponbidea? (Adoretsu) Dena bertan behera utzi, eta Argentinan ezkondu! Hemen beste paper eta onespen beharrik ez genuen izango eta! Ez behingoan baina, halako batean bota nion “Etorriko al zinateke nirekin Ameriketara?” Eta berak “Ameriketara? Gizona, Ordiziako azokara joatea dela uste duzu?

 

ZUBIRIA: Gainera, han bizi ziren euskaldunei “Gernikako arbola”ren mezua eramango zenien, Ameriketan erein txerto berriak! (Gogoz) Eman ta zabal zazu munduan fruitua!

 

IPARRA:  Sarri entzun nuen, makina bat euskaldun urte gutxiren buruan Ameriketan aberastu egin zirela. Besterentzat horrenbesterainoko maukak bazeuden, guretzat zer edo zer izango zela uste nuen. Urte batzuetan lana senper egin, eta zahartzaro lasaia pasatzeko adina diruz bueltatuko ginela.

 

ZUBIRIA: Hortxe ez zenuen asmatu. Gu biok ez gara aberats izateko jaioak,

 

IPARRA: Abestuko dugu  edo zer!

 

ZUBIRIA: “Agur Euskal Herriari” dio tituluak. Non untziratu zineten hara joateko?

 

IPARRA: Horrek ez du garrantzirik.

 

ZUBIRIA: Zera nahi duzu, ni herri guztietako alkateengana joatea kontzertuak lortzeko, baina ezjakinean aritzea! Zuri buruz galdetzen badidate, zer erantzun ez dakidala geratu behar naiz? 

 

IPARRA: Gai pertsonalak dira!

 

ZUBIRIA: Ez jauna! Nondik egin zenion agur Euskal Herriari!

 

IPARRA: Baionatik atera ginen, kasualitatea, Anjela izeneko merkantzia-ontzi baten.

 

ZUBIRIA: Marka da gero hori!

 

IPARRA: Buenos Airesek ez zuen porturik, eta itsasontzia Rio de la Plata ibaiaren erdian ainguratu ondoren, txalupetan hurbildu ginen urertzera. Lehorrean ordea, uste ez genuen ikuskizuna: jende piloa gure zain, eskuak jasota agurtzen. Elkarri entzuteko moduan hurreratu ginenean, txalupan zutituta “Gernikako arbola” abestu nuen, alaitasunez. Hango besarkada, agur eta oihuek ez zuten amaierarik izan! (Eskuak zabalduz, irribarrez eta pozik) Gora Iparragirre! Gora Euskal Herria! Gora "Gernikako arbola"! deiadarka zeuden denak, adoretsu!

ZUBIRIA: Hunkigarria izango zen, benetan.    

IPARRA: Aski duzu horrekin, alkateei erantzuteko?

 

ZUBIRIA: Azken kontu bat.

 

IPARRA: Ez naiz gogoratzen bidaia zenbat kosta zitzaigun!

 

ZUBIRIA: Emazteari buruz da. Ezkongabe joan omen zineten.

 

IPARRA: Patxiku Mendiarekin, Karlistadan nire kapitaina izandakoarekin gelditu ginen aste batzuk. Aurreneko betebeharra ezkontzea izan zen! Xabier Lardizabal apaizak ezkondu gintuen, 1859ko otsailaren 26an, lekukoak Patxiku eta bere emaztea izan zirelarik.

 

ZUBIRIA: Gero han, jendeak eskatuta, tabernetan eta etxeetan kantatzen arituko zinen, jakina.

 

IPARRA:  Ene bizitzako egunik zoragarrienak izan ziren haiek. Hasiko gara?

Berriro Uruguaiko argazkiak proiektatzen dira.

 

Zubiria gitarra jotzen hasten da.

 

IPARRA: Gazte gaztetandikan
herritik kanpora
estranjeri aldean
pasa dut denbora,
herrialde guztietan (bis)
toki onak badira
baina bihotzak dio
zoaz Euskal Herrira.

Lur maitea hemen uztea
da negargarria
hemen gelditzen dira
ama eta herria,
urez noa ikustera (bis)
bai, mundu berria
oraintxe bai naizela
errukigarria.

Agur nire bihotzeko
amatxo maitea
laster etorriko naiz
kontsola zaitea,
Jaungoikoak nahi badu (bis)
ni urez joatea
ama zertarako da
negar egitea.

Irudietan epaitegi bateko areto nagusia ikusten da.

 

IPARRA: Amaitzen joan beharko gara. Bihar ere argituko du eta.

 

ZUBIRIA: (Paper-zorroan begiratu ondoren) Dozenatik gora daude oraindik hemen.

 

IPARRA: Azkena joko dugu, eta ohera.

 

ZUBIRIA: Azken biak, eta “Gernikako arbola” lehen lan egunari bukaera jatorra emateko.

 

IPARRA: Ameriketara joan ginenekoa abestu dugu oraintxe. Baina bada beste abesti bat kanporatua izan nintzenekoa.

 

ZUBIRIA: Karlistada ondorengoak kontatu dizkidazu.

 

IPARRA: Hiru bider utzi behar izan dut Euskal Herria, halabeharrez. Okerrena epaile koldar harena izan zen.

 

ZUBIRIA: Irakurria dut “Nire amak baleki” abestiaren letra. Ederra, sentimendu askokoa. Jendea hunkitzeko modukoa.

 

IPARRA: (Irribarrez) Hala ere izango dute akatsen bat zuretzat.

 

ZUBIRIA: Hurrengoan esango dizut.

IPARRA: Aurrera, beldurrik gabe.

ZUBIRIA: Jesus eta Pilatos sartzen dituzu bigarren ahapaldian.

IPARRA: Harroputz samara naizela uste duzu?

ZUBIRIA: Jende guztiak ulertuko du. Baina egoerak konpara ezinak dira.

IPARRA: Badakizu nola gertatu zen guztia? Zergatik sartzen dudan ama tituluan?

ZUBIRIA: Koplan bertan esaten duzu.

 

IPARRA: Entzun adi. Londonetik bueltan, ahalik eta azkarren abiatu nintzen etxerantz, jakinaren gainean bait nengoen nire aita Joxe Austin bost urte lehenago hila zela, eta hargatik ondasun gehiegirik gabe bakarrik zegoela ama maitagarria. Bene benetan poztu ginen biok elkar besarkatzerakoan: “Hauek al dira eskolatik bueltatzeko orduak? ”Bota zidan irribarrez, hainbeste urtetan ikusi gabeko seme galdua goitik behera miatzen zuen bitartean. Egunetan jardun genuen gure barrenak elkarri husten. Bere alboan jarraituko nuela agindu nion. Eta denboraldi baterako Madrilen gelditu nintzen.

 

ZUBIRIA: “Negar egingo luke, nire amak baleki” esaten duzu. Ez al zenion ezertxo ere kontatu, beraz.

 

IPARRA: Aurretik ere buruhauste dezente emandakoa nintzen. Euskal Herrira itzuli nintzenean, herriz herri aritu nintzen abeslari. Behin eta berriro deitzen zidaten. Hala eta guztiz, ospe eta ohore gehien hartzen nenbilenean, txalo eta goraipamen beroenak jasotzen nituenean, gutxien pentsatzen nuenean, zapla! Zigorra! Non eta, Tolosan!

ZUBIRIA: Eskerrak Anjela bertan zenuela laguntzeko.

 

IPARRA: Oraindik ez ginen ezagutzen. Hogeita lau ordu kartzelan eduki ondoren, fiskal nazkagarriaren aurrera eraman ninduten bere arrazoiak entzutera! Jendea asaldatzen nenbilela, mundu guztia berotu nahi nuela, agintarienganako gorrotoa eta errespetu-eza zabaltzen niharduela (Haserre) Nik al dakit zenbat salaketa entzun behar izan nuen ergel haren ahotik? Madrilen ez ezik, bertan, probintzian ere bazirela nire aurka zihardutenak, eta itzalean usteltzea ez baldin banuen gura, atzerrirako bidea har nezala.

ZUBIRIA: Eskerrak, atzerri hitzaren adierazpen garratza ikasia zenuela aurretik.

 

IPARRA: Zeharo lur jota utzi ninduen albiste txar horrek! Saminduta, begiak lausoturik alde egin nuen hurrengo goizean.

ZUBIRIA: Parisera berriro. Oraingoan behintzat, hizkuntza bazenekien.

 

IPARRA: Ez nuen errepikatu nahi. Portugalera erbesteratu nintzen. Pare bat urte eman nituen han.

 

ZUBIRIA: Eta sendatu ezinezko zauri hura oroitzeko asmatu zenituen hiru koplak.

IPARRA: Asko sufrituko nuen umildura harekin!

 

ZUBIRIA: Ez dut aditzen nola beste euskaldun batek egin zezakeen koldarkeria hori; ezin diot azalpenik aurkitu.

 

IPARRA: Hemen jende xeheak zintzoki estimatzen ninduelako, aspalditxoan polito nenbilen, eta (Irribarrez) noski, poltsikoak igartzen zuen. Baina nuen ogibide bakarra kantatzea zenez, atzerrian ez nuen zer eginik horrekin. (Apal) Hamaika egun gorri pasatu nituen, edozein lekutan lo egiten, gose antzean sarri, bakardadean gehienetan.

 

ZUBIRIA: Horixe izan beharko litzateke abestiaren kutsua: apaltasuna, atsekabea, samindura. Elizondon entzun nizunean ostera, haserre zeundela zirudien, fiskalaren aurrean abesten zenuela.

 

IPARRA: Arraioa! Zurekin asmatzea ezinezkoa da!

 

ZUBIRIA: Antzezlarien itxurarekin bota kopla bakoitza. Abesti bakoitza bere giroan kokatu.

 

IPARRA: Uste dut alferrik zabiltzala agure honi halakoak eskatzen.

 

Barrenean urruneko mendien irudi berriak proiektatzen dira.

 

Zubiriak akorde batzuk joko ditu, buruarekin keinua egin aurretik.

 

IPARRA: Zibilak esan naute
biziro egoki
Tolosan beha dela
gauza erabaki.
Giltzapean sartu naute
poliki poliki
negar egingo luke
nire amak baleki.

Jesus tribunalean
zutenean sartu
ez zion Pilatosek
kulparik bilatu.
Niri ere aurkitu ez arren
ez didate barkatu
zergatik ez dituzte
eskuak garbitu.

Kartzelatik atera
fiskalaren etxera
abisatu zidaten
joateko berehala.
Ez etortzeko gehiago

probintzia honetara
orduan hartu nuen
Santander aldera.

Barrenean itsasontzi bateko irudiak agertzen dira.

 

IPARRA: Zein dugu orain?

 

ZUBIRIA: (Paper zorrotik partitura bat atera ondoren, irakurtzen) “Nire etorrera lur maitera” izenekoa.

 

IPARRA: Utzi begirada bat ematen. Ez dakit letra osoaz oroitzen naizen (Partitura hartzen du)  Hiru urte Zubiria! Hiru urte familia han utzi nuenetik. Ez diot inori halako zori negargarririk opa.

 

ZUBIRIA: Aldundiek hilero diru laguntza emango dizutela aginduta dute. Laster etorriko zaizkizu.

 

IPARRA: Urriaren 20an lehorreratu nintzenean, berehalaxe hartu nuen Goierrirako bidea. Hemengo mendiak, ibaiak, baserriak begiztatzean, barnean sentitzen nuen kabitu ezinezko poz hura azaltzearren asmatu nuen abesti hori.

 

ZUBIRIA: Berriz zure sorterrian zehar kantatzeko aukera zenuen!

 

IPARRA: Lehen egunetako harrera, beroa izan zen. Adiskide eta ezagun zaharrak nonahi agertu zitzaizkidan. Baina negu partean festa gehiegi ez daudelako, diruz larri antzean nenbilen. Neronek hori pentsatuta eduki arren, irabazten nuenarekin ez zegoen aurreratzerik andra-semeak Ameriketatik ekartzeko.

 

ZUBIRIA: Egoera larria, benetan.

 

IPARRA: Anjela maiteaz goibelduta, gauero begiratzen nuen, ohean etzanda. Sei mutilen eta bi nesken izenak bizpahiru aldiz errepikatzen nituen, ez ahazteko.

 

ZUBIRIA: Gure zorioneko herri hau ez da lehengoa, Ameriketara joan zinenekoa. Gauza batzuk berriztatuta daude.

 

IPARRA: Udaberrian konturatu nintzen. Jaiak eta erromeriak ugaltzen hasi zirenean, berriro hasi nintzen kanten bidez sos batzuk eskuratzeko asmotan. (Isilunea. Etsiturik) Ilusioak eta usteak bai baina, usteak erdi ustel.

 

ZUBIRIA: Elizondon gertatu zen gauza bera, Joxe Mari. Gazteek ileak urdindutako, ahotsa kraskatzen ari zaion agurea aspaldiko abesti ezagunak kantatzen baino, nahiago dute erromeria eta dantza.

 

IPARRA: Laster konturatu nintzen horretaz. Neure buruari zera galdetzen nion Berriro Ameriketara joan behar ote diat? Familia ekartzeko adina dirurik ez bazegok, bukatu dituk hemengo kontuok (Itsaso aldea seinalatuz) Itzuli egingo nauk”.

 

ZUBIRIA: Jaietan abestea aldundien soldataren osagarria izan behar da. Zure zortzikoek Euskal Herria goratzen badute, laguntza maila horretatik heltzea bidezkoa da. Eta orain arte egindako abestiak eta egingo dituzun berrien jabetza, beraiei eman, arlo horretako euskal kulturaren onurarako.

 

IPARRA: Ez dakit abesti berriak egiteko gai izango naizen, behatz artrosiko hauekin.

 

ZUBIRIA: Gitarraren ardura utzi niri. Zuk abestiak asmatu, eta nik partiturak osatuko ditut.

 

IPARRA: Elizondon zurekin topo egin aurretik, motelduta, abailduta nengoen. Ameriketako azken hilabeteetan ere askotan galdetzen nion neure buruari: “Zer egin?” Sasoi txarrean helduko ginen Uruguaira? Edo beste nazioren baten han baino errazagoa ote zen?

 

ZUBIRIA: Ez dakit zergatik zigortzen duzun hainbeste zeure burua.

 

IPARRA: Zer egin behar nuen orduan?

ZUBIRIA: Ez zinela aberastuko garbi dago. Zure Amerikak eginda zeuden

 

IPARRA: Hainbeste aldiz kantatu diot Euskal Herriari, hainbeste kopla eskaini, ezin nituen hezurrak Amerikan utzi! Hango etorkizuna ikusita zegoelako, Anjelak ere etortzea gura zuen. Gainera, seme-alabek kezkaz betetzen gintuzten. Nahiz eta etxean oraindik euskaraz mintzatu, urte gutxiren buruan euskal arrasto gehienak galduko zituztela pentsatzen genuen.

 

ZUBIRIA: Zu ez zara hara joandako jendea bezalakoa, bizi-beharrak eraginda joan ziren horietakoa. Bizar luzeekin eta gitarrarekin helduko zinen, koblakari, eta ez besteen moduan, langile. Hemen behar duzu zuk, Euskal Herrian dago zure lekua.

 

IPARRA: (Alaituz) Konfiantzaz betetzen naute zure hitzak. Hemeretzi urte utzi nituen atzean, eta batere dirurik lortu ez arren, familia bikaina nuen nire deiaren zain sorterrira itzultzeko. Garai hartako kopla batekin gogoratzen naiz (Errezitatzen hasiko da, sentibera)

Itsaso aldera begira

zabal zabalik begiak

oh, Jaun maitea, ze urrin dauden

Euskal Herriko mendiak.

 

ZUBIRIA: Ederra! Musika jarriko diogu bihar! Letra bakarra da, ala jarraipenik badu?

 

IPARRA: Bakarra.

 

ZUBIRIA: Dirurik ez bazenu, nola lortu zenuen bidaiarako txartela?

 

IPARRA: Uruguain eta Argentinan nituen adiskideei laguntza eskatu nien, eta gogo onez eman zidaten ahal zutenek. Diru gehiago ateratzeko, Buenos Airesen jaialdi bat antolatu zen, eta hantxe abestu nuen azken aldiz. (Minberaturik) Negarrari eutsi ezinik agurtu genuen elkar. Bi mila pesotik gora batu nituen. Eta bidaia ordaindu ondoren, emazteari utzi nion beste dena. Hala ere, azken orduan ez zuen umeekin bakarrik gelditu nahi, eta honelakoa izan zen nire agurra: “Lasai zaitez emakumea, ez da luzarorako izango eta. Hemendik hilabete batzuetara Urretxun ikusiko gara, eta ez gaitu inork eta ezerk bananduko.”

 

ZUBIRIA: Ea ba, denbora gutxi barru denok elkartzen zareten Urretxun, bizi berri bat hasteko.

IPARRA: Nekatuta nago. Abestuko dugu azkena?

Agertokiaren barrenean Iparraldeko mendiak eta baserriak proiektatzen dira lausotuta.

 

Zubiriak gitarra jotzen hasten da,eta  buruarekin keinua egiten dio.

 

IPARRA: Hara non diren, mendi maiteak
hara non diren zelaiak
baserri eder zuri zuriak
iturri eta ibaiak.
Hendaian nago zoraturikan
zabal zabalik begiak
hara Euskal Herri, lur hoberikan

ez da Europa guztian.

Oh, Euskal Herri eder maitea
hara hemen zure semea
bere lurrari muin egitera
beste gabe etorria.
Zuregatikan emango nuke
pozik, bai nire bizia
beti zuretzat hil arteraino
gorputz ta arima guztia.

Agur bai agur Donostiako
nire anaia maitiak,
Bilbaotikan izango dira
aita zaharraren berriak.
Eta gainera hitz neurtuetan
garbi esanez egiak,
Hegoamerikan zer pasatzen den
jakin dezaten herriak.

Pantailan Gasteizeko argazkiak ikusten dira.

 

IPARRA: Aski izan da gaurko, Zubiria. Goazen, bihar ere argituko du eta.

ZUBIRIA: Azkenerako utzi dugun “Gernikako arbola” falta zaigu. Ondo irizten bazaizu, bigarren ahotsa egingo dut. Armonia prestatzen aritu naiz aste osoan.

IPARRA: Ondo da. Dena den, aurreko “Nire etorrera lur maitera” abestia gaur egun idatziko banu, Gasteiz sartuko nuke aurrenen. Beste aipamenak kendu gabe, baina Gasteiz goraipatuz. Bertan soilik egin didate omenaldi bat.

 

ZUBIRIA: Beste inon ez, hain ongi etorria izan ondoren?

 

IPARRA: Gautxo jantziekin apur bat lotsagarri nengoela, eta arropa berriak erosi zizkidaten. Hotelik ederreneko areto nagusian egindako ekitaldian, Fermin Herran jaunak egin zuen hitzaldia. Dotorea benetan!

 

ZUBIRIA: “Gernikako arbola”k ere oso letra erakargarria du. Jende guztia identifikatzen da bere edukiarekin.

 

IPARRA: Erbestetik bueltan, Madrilera ama bisitatzera joan nintzenean idatzi nuen.

 

ZUBIRIA: Abesti gehienak garai horretakoak dituzu. Tenore izatea ez zenuen lortuko, baina musika egiten bai ordea.

 

IPARRA: Nire ustez letrak du garrantzi gehiago. Hori esan izan didate behintzat. Eta letrak, mutikotan, hamalau urterekin karlistadara joateko etxetik alde egin nuenekoa gogoratzen dit. Karlistada piztu ez balitz, beharbada aitaren laguntzaile izango nintzen. Nagusitutakoan gozogile, bera bezala.

 

ZUBIRIA: Intuizioz egin zenuen alde? Ala bazenekien zer ziren jokoan zeuden antzinako foruak eta legeak?

 

IPARRA: Ideiarik ere ez. Gerora ikasi nuen.

 

ZUBIRIA: Zerorrek ikasi eta ondoren Euskal Herri osoari irakatsi.

 

IPARRA: Zumalakarregiren tropekin soldadu hasi nintzen, Gipuzkoako batailoian lehenengo eta Iturritzarenean ondoren. Baina nik eskatu gabe Don Karlos-en alabardari izateko hautatu ninduten, eta han trebatu nintzen.

 

ZUBIRIA: Hemeretzi urterekin berriz, Parisera, jauntxoekin bizitzera.

 

IPARRA: Hango himnoa “Marsellesa” abesten dezente ondo nekien. Ezagutzen duzu?

 

ZUBIRIA: Bai, baina ez da batere poetikoa. Gerrako himnoa dirudi. Bertan heriotza, odola, armak, eta antzeko hitzak dute esangura garrantzitsuena.

 

IPARRA: Guretzat ez du balio. Euskaldunok gerra guztiak galdu ditugu. Bakean eta anaitasunean gorde ditugu betidanik geure lege eta foruak.

 

ZUBIRIA: Eta hainbeste maite dugun hizkuntza zaharra. Abestiaren oihartzuna herri guztietako zoko ezkutuenetaraino ailegatu bada, letra sarkorrak eta ikasterrazak egin zenituelako da. Hor meritu ikaragarria duzu. Egongo al da Euskal Herri osoan jendeak buruz dakien abesti ezagunagorik? 

 

IPARRA: (Apal) Ez naiz neure lana goraipatzen hasiko. Gainera, garbi dago ez dudala etekin askorik lortu. Ikusten nauzu, arropa zahar hauekin eta zorrez josita.

 

ZUBIRIA: Hamabi ahapaldiak dira dotoreak, bereziki errepikakoa. Bertan errimatzen duten lau hitzak dira ekinaldi guztiko ezaugarriak: bedeinkatua, maitatua, fruitua eta santua. Maila paregabea!

 

IPARRA: Ea ba. Abestu dezagun. Nekatuta nago honez gero, eta hemendik baserriraino ordu laurdeneko ibilaldia dut.

 

ZUBIRIA: Azken galdera bat. Non jo zenuen lehen aldiz?

 

IPARRA: Atzerritik bueltan Madrilen amarekin nengoenean, “San Luis” tabernara joaten nintzen beste euskaldun batzuekin egotera, giro ederrean. Juan Mari Altuna durangarra zen piano jolea, eta berari abestu nion aurrenengoz bertso-sail berria: “Neuk lagunduko diat pianoz” esan zidan, eta hurrengo gauean aurkeztu genuen “Gernikako arbola” jendaurrean Altunak eta biok. (Alai) Hura izan zen zoramena! “Biba foruak! Gora Euskal Herria!”. Jendea oihuka eta txaloka! Behin eta berriro errepikatzeko eskatzen ziguten. Ugazabak pozik kontratatu ninduen gauero kantatzeko.

 

ZUBIRIA: Gaur egun ezin duzu jaialdirik amaitu “Gernikako arbola” ospetsua abestu gabe. Aski da zure izena aipatzea, zortziko horrekin gogoratzeko. Edo alderantziz.

 

IPARRA: Hasieratik izan zuen arrakasta. Hilabete batzuk egin nituen han kantari, eta aurreratutako txanponak amari utzi ondoren, Euskal Herrira itzuli nintzen.

 

ZUBIRIA: Jendea zain izango zenuen, jakina!

 

IPARRA: Hiru ezagunenak joko ditugu.

 

ZUBIRIA: Behingoz denak hobe.

 

IPARRA: Berandu da  Hiru bakarrik. (Mahaira gerturatu ondoren, zurrut egiten du.) Baina ganoraz eta ozen! Emanaldi guztietan amaierarako uzten dut, eta bihotzez abesten dut. Ahalik eta sentimendu gehien jarriz hitz bakoitzean.

 

ZUBIRIA: Bigarren ahotsa egingo dizut. Sekula ez naiz adoretsuegia izan.

 

IPARRA: Ikasi egiten da. (Gogoz) Letraren mezua ikusleei helarazi behar diegu, baikor, muineraino. (Aurrera dator) Eman ta zabal zazu! 

Agertokiko barrenean Gernikako arbola proiektatzen da difuminatuta.

 

Zubiriak akorde batzuk jo ondoren, biak hasten dira abesten,kementsu.

 

IPARRA:Gernikako arbola
da bedeinkatua
euskaldunen artean
guztiz maitatua.
Eman ta zabal zazu (b)
munduan fruitua
adoratzen zaitugu
arbola santua.

Mila urte inguru da
esaten dutela
Jainkoak jarri zuela
Gernikako arbola.
Zaude bada zutikan (b)
orain da denbora
eroritzen bazara
arras galdu gara.

Ez zara eroriko
arbola maitea
baldin portatzen bada
Bizkaiko Juntea.
Laurok hartuko dugu (b)
zurekin partea
bakean bizi dadin
euskaldun jendea.

Zortzikoa bukatzerakoan, Iparragirrek eskuina Zubiriaren bizkar gainean ipintzen du, eta astiro aldentzen dira sukaldeko atetik. Berehala” Off ahotsa” hasiko da. Argiak moteldu egingo dira, baina erabat itzali gabe.

Goierriko eta Urretxuko  irudi difuminatuak proiektatzen dira.

 

Off ahotsa:… Afari honetatik aste batzuetara hil zen Joxe Mari Iparragirre, biriketako baten ondorioz, Zozobarro Txiki ostatuan bertan.

 

Baserritar pare bat eta ostatuko etxekoandrea izan ziren lekukoak, azken arnasa bota zuenean. Zubiria izan zen gorpuari Urretxuraino lagundu zion adiskide bakarra.

 

Aldean zeraman ondasun apurrak Anjelari utzi zizkion. Gitarra zaharra, ordea, Zubiriari.

 

Emaztea eta seme-alabak, behartsu jarraitu zuten Ameriketan.

 

Musika hasten den eran, argiak moteltzen doaz, erabat itzali arte.

 

 ILUNA

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

SINOPSIAK ANTZERKIA: “Hizkuntzalaria” Luis Villasante Euskaltzainburu aren " Historia de la literatura vasca " (1979) liburua...